Zientzia, hosto baten bizitzatik ikusita

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

zientzia-hosto-baten-bizitzatik-ikusita

Landare baten hostoak, bizidun baten zati txiki batek alegia, zientziaz hausnartzeko aukera ematen du. Estatu Batuetako Duke Unibertsitateko Steven Vogel biologoak horixe proposatzen du liburu honen bitartez. Hostoa zientziaren eredu bihurtzen da liburuan. Alegia, nahiz eta izenburua Hosto baten bizitza izan, ez da hostoen (edo landareen) biologiari buruzko liburu bat.

Eguneroko bizimoduaren elementua da hostoa jendearentzat, edo, gutxienez, elementu arrunta eta ezaguna. Baina nolatan du duen itxura? Eta zergatik jokatzen du jokatzen duen modura? Hostoak, gure inguruan dugun beste edozein organismok bezala, elkarrekintza bat du "mundu fisikoarekin". Elkarrekintza horren ondorioa da hostoa. Horrela azaltzen du Vogelek liburuaren planteamendua hitzaurrean.

Hostoak argia bilatzen du. Gasak garraiatzen ditu. Ura xurgatzen eta iragazten du. Airearekin trukatzen ditu substantziak. Tenperatura kontrolatzen du. Azaleko garbitasuna zaintzen du. Izoztea saihesten du. Zurruntasunari eusten dio. Ekaitzetan bizirik irauten du. Eta beste jarduera asko ere egiten ditu. Horietako bakoitzari eskaintzen dio Vogelek kapitulu bat.

Kapituluaren gaiaren fisika aurkezten du, eta hostoarekin zerikusia duten ezaugarriak zehazten ditu. Argiari buruzko kapituluan, esate baterako, "argi-motei" buruz hitz egiten du (alegia, espektro elektromagnetikoa aurkezten du), eta gero fotosintesiari eta hostoak islatzen edo baztertzen duen argiari buruz hitz egiten du. Gauzak azaltzeko garaian, Vogelek oreka bat bilatzen du gaian profanoak direnen eta fisikarien ohiko planteamenduen artean. Eta noizean behin esperimentuak proposatzen ditu nork bere etxean egin ahal izateko.

Horregatik, batzuek, zientziaz irakurtzeko ez ezik, zientzia irakasteko ere egokitzat hartzen dute Vogelen liburua.

The Life of a Leaf
Steven Vogel
University of Chicago Press, 2012
229 x 151 mm
ISBN: 978-0226859392
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila