Ume kimikari baten oroitzapenak

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Ume kimikari baten oroitzapenak
2010/02/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: -)

Oliver Sacks medikua eta Roald Hoffmann kimikaria lagun minak dira. Egun batean, Hoffmannek, 1981eko Kimikako Nobel saridunak, taula periodiko berezi bat oparitu zion Sacksi, elementu guztien argazkiak zituen taula bat. Eta, taularekin batera, metalezko barra oso astun bat bidali zion. Barra lurrera erori zen, eta lurraren kontra jotzean egin zuen soinuarengatik eta eskuan hartzean nabaritu zuenarengatik, Sacksek azkar ezagutu zuen metal hura: tungstenoa (Elhuyar anaiek wolframio deitu zioten metal hura bera).

Metal hark haurtzaroko oroitzapenak astindu zizkion Sacksi, eta liburu bat idatzi zuen. Sacks, txikitan, metalen zalea zen, eta tungstenozko bonbillak egiten zituen osaba bat zuen. Osaba Tungsteno deitzen zioten. Hark irakatsi zizkion kimikaren sekretuak.

Abiapuntu horretatik hasita, zientziarekin lotutako oroitzapenak kontatzen ditu Oliver Sacksek liburu honetan. Gainera, familiaren historia ere kontatzen digu.

Londresen jaioa da, baina familia, jatorrian, Lituaniakoa du. Sei urte zituela hasi zen Bigarren Mundu Gerra, eta, judutarrak zirenez, beldurra sartu zitzaien. Oliver eta anaia bat umeen barnetegi batera eraman zituzten, Ingalaterraren erdialdera, Londresko bonbardaketetatik urruti. Barnetegiko egonaldia amesgaiztoa izan zen; gosearen eta diziplinaren gunea zen. Oliver gaztearentzat zientzia eta jakin-mina izan ziren ihesbide psikologiko bakarrak.

Gerra bukatu, eta barnetegi hartatik atera zuten. Baina bizia ez zen asko erraztu. Gerraren osteko garaiei aurre egin behar izan zien. Etxe inguruko botikan lortzen zituen produktuei esker, kimikarekiko zaletasunari eutsi zion Sacksek. Laborategi amateur bat egin zuen, eta esperimentu asko egin zituen. Kimika bertatik bertara ikasi zuen.

Liburu honetan bildutako oroitzapenak gerra ondorengo urte batzuetaraino iristen dira. Oliver Sacks ez zen kimikari egin. Familiaren tradizioak bultzatuta, medikuntza ikasi zuen, eta neurologoa da. Eta idazlea. Hain zuzen ere, liburuengatik bihurtu da ospetsu medikuntzaren mundutik kanpo ere.

El Tío Tungsteno
Oliver Sacks
Anagrama
220 x 140 mm
ISBN: 84-339-6139-4
Jatorrizko izenburua: Uncle Tungsten
Roa Zubia, Guillermo
2
261
2010
2
028
Bibliografia; Kimika
Liburutegia
60

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.