Lewis Carroll idazle britainiarrak ez du gomendiorik behar. Haren bi lan ospetsuenak, Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian eta Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena , oso liburu ezagunak dira, eta matematikaren esparruarekin duten loturaz asko idatzi da. Alice Liddell umearentzat (eta haren ahizpentzat) asmatutako ipuinak dira, baina ez dira ipuin arruntak; oso surrealistak dira, eta logikan oinarrituak.
Bi liburuak irakurtze hutsarekin nekez harrapatzen da idazleak eman zion esanahi osoa. Matematikako erreferentzia asko dituzte, literaturakoak, garaiko kulturarenak eta, kasu batzuetan, Liddell familiarenak; interpretazio psikologiko asko ere aurkitu (edo bilatu) izan zaizkie testuei, haietako batzuk kontrajarriak, eta zalantzan dago zenbateraino diren zuzenak interpretazio horiek. Baina psikologia ahaztuta ere, zaila da testuak gordetzen duen guztia harrapatzea, eta horregatik idatzi zuen Martin Gardner dibulgatzaile ospetsuak The Annotated Alice liburua, Carrollen liburuen azalpen eta argibideak emateko.
The Annotated Alice Carrollen bi liburu ospetsuen argitalpen berezi bat da. Bi testuak osorik daude, eta Gardnerren ekarpenak alboan erakutsitako glosak dira. Emaitza oso argitalpen gomendagarria da: erreferentziazko bi liburu, dibulgatzaile handi batek aztertuta.
Eta badira beste liburu interesgarri asko Aliceren munduarekin zerikusia dutenak. Esate baterako, Robert Wilson matematikariak Lewis Carroll in Numberland idatzi zuen. Lewis Carrollen biografia bat da, haren matematikako joko eta buru-hausgarrien zaletasunean oinarrituta. Carroll oso pertsonaia interesgarria izan zen. Benetako izena Charles Lutwidge Dodgson zuen; gizon ilun samarra zen izaerari dagokionez (pederasta izatetik gertu zegoen, batzuen arabera), baina istorioen asmatzaile izugarri argia ere bai. Wilsonek haren bizitza eta garai hartako gizartea aztertzen ditu liburu horretan. Eta Carrollen mundu matematikoaren gida-liburu ona da.
Eta ezin da Aliceren mundua utzi dibulgazioan izan duen eragina aipatu gabe; Carrollen idazkeraren eta logikaren arteko lotura inspirazio handia izan baita. Adibide gomendagarri bat Alice in Quantumland liburua da, Robert Gilmore idazlearena. Liburu horretan, Alice atomo bat baino txikiagoa den mundu miresgarri batera doa; Gilmorek mekanika kuantikoaren dibulgazioa egiten du Carrollen estiloa imitatuz.