Txiki-txikitatik argi izan dut medikua izan nahi nuela. Gure etxean, osaba Jabier medikua zen, eta nik miretsi egiten nuen nola bizi zuen bere lana. Pediatra zen, ospitalean ere aritzen zen, baina niri gustatzen zitzaidana zen etxean egiten zuen lana. Oso gertuko tratua zuen gaixoekin, oso hurbilekoa, eta huraxe izan zen niretzat eredu.
Hala, medikuntza ikasten hasi nintzen, eta txundituta geratu nintzen genetikarekin. Karreran oso gutxi ikasi genuen arlo hori; artean ez zegoen oso garatuta. Baina osabak ere, aurreko belaunaldikoa zen arren, interes handia zuen genetikan. Garai hartan hasi ginen jaio aurretiko diagnostikorako proba genetikoak egiten, Down sindromea zutenekin zer gertatzen ote zen aztertzen… Geroztik, 40 urte hauetan, gezurra dirudi zer jauzi ikaragarria egin duen genetikak. Nik ez dut sekula praktikatu puntako medikuntza hori, genoma editatzeko dauden teknika horiek eta abar. Baina izugarrizkoa iruditzen zait ekarri duen aurrerapena. Oraingo txerto hauekin ere, sinestezina da zer lortu duten!
Esan bezala, osabarengandik jaso nuen gaixoei hurbileko tratua emateko gogoa, eta, horrekin batera, beti saiatu izan naiz gauzak ahalik eta ondoen azaltzen; ez bakarrik gaixoei, baita ingurukoei ere. Egin kontu: nik ezagutu dut medikuei berorika hitz egitea. Mediku haiek aginduak ematen zituzten, baina nik, eta nik bezala nire inguruko beste batzuek, beste era bateko harremana izan nahi genuen. Gaixoaren ondoan egon nahi izan dugu, ez haren gainetik. Eta hor beti sartzen da euskara tartean.
Hasieran, agian ez zegoen hainbeste jende euskaraz ondo hitz egiteko medikuntza-gaiez, baina irratian hasi nintzenean —sekulako ausardiarekin, beste bi lagunekin batera—, ikusi nuen bazegoela horretarako prest zegoen jendea. Orduan, nik erakundeen aldetik laguntza handiagoa espero nuen, eta izan da oso deseinganu handia ikustea nola ez duten aldeko ezer egin. Alderantziz, oztopoak baino ez dituzte jarri. Ikusi besterik ez dago nola aurreratu duen hizkuntzak beste arlo batzuetan, eta zer gutxi medikuntzan. Pentsa, oraindik ezin dira unibertsitateko ikasketak osorik euskaraz egin.
Osasun-administrazioan euskara aurrera eramateko ahaleginean, Iñigo Jaka Arrizabalaga Gurutzetako ospitaleko zuzendariaren bultzada aipatu behar dut. Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea sortu genuen, guztiz boluntarioa, eta ordutik lanean ibili gara beste talde batzuekin batera, tartean Elhuyar, eta ez dugu lortu nahi genuenaren erdia ere. Bakarrik eskatzen dugu euskarak eduki dezala behar eta merezi duen lekua: Hegoaldean gaztelaniaren maila eta Iparraldean frantsesarena. Horren lekuko izan nahiko nuke, baina ez naiz oso baikorra.
Elhuyarrek garatutako teknologia