Jacinto Iturbe Barrenetxea Kimikaria

“Guztiaren teoriaren sorreraren lekukoa izatea gustatuko litzaidake”

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Jacinto Iturbe Barrenetxeak (Bilbo, 1951) jaso du 2023ko CAF-Elhuyar Merezimendu Saria, zientziaren dibulgazioan eta eus­­­kararen normalizazioan egindako lanarengatik. Izan ere, Bilboko Uniber­tsitatean (gero Euskal Herriko Unibertsi­tatea bilakatuko zena) Kimika ikasi zuen, eta 1974. urtean euskaraz idatzitako lehen tesina aurkeztu zuen. Kimikako euskarazko testuliburuak sortu zituen, eta aitzindarietako bat izan zen kimikako testuliburuak idazten eta ikasgaiak eus­­­­karaz ematen. Euskaltzaindiak eus­kaltzain urgazle izendatu zuen 2006an. Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultatean irakasle izan da zenbait urtez, baina gaur egun erretiroa hartuta dago. Pozik eta eskertuta jaso du saria, eta gogo onez erantzun die galderei.
 

guztiaren-teoriaren-sorreraren-lekukoa-izatea-gust
Arg. Iñigo Ibañez/Elhuyar

Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

1979an hasita, bi urteko egonaldia egin nuen Ameriketako Estatu Batuetan.

Kimika-ikasketak bukatuta, ia bost urte neramatzan EHUko Zientzia Fakultatean lanean, eta, arrazoi ugari direla eta, urte haietan —1970eko hamar­kada— ikerketak ez zeukan unibertsitate batean eduki beharko zukeen lekua. Horregatik, aukera izan nuenean, puntako ikerketa-zentro batera joa­teko aukera etorri zitzaidanean, hara joan nintzen, AEBko Oak Ridge laborategira.

Mundu berria zen, alde guztietatik: lana antolatzeko modua, bitarteko teknikoak eta humanoak, ideiak garatzeko eztabaidak... dena zen desberdina. Aurretik liburuetan edo aldizkarietan baino ikusten ez nituen teknikak han zeuden, errealak ziren, eta nire zain zeuden. Saiatu nintzen ahalik eta gehiena ikasten eta neureganatzen.

Atera nuen ondorioa zera izan zen: Euskal Herrian zientziaren eta teknologiaren arloetan ikerketa egin nahi bada, beharrezkoa da puntako ikerketa egiten den tokietara joatea eta nola egiten den ikastea —xurgatzea—. Zorionez, denborarekin, ikusi da nola gero eta jende gehiago joaten den erbesteko zentroetara, nola sendotu diren beste ikastegi eta ikertegi batzuekiko harremanak, nola ugaritu diren kolaborazioak... Azken urteotan, Euskal Herrian, ikerketa-zentroak sortu dira, unibertsitate publikoak ikerketa-gune bilakatu dira, eta ikusten da nola etortzen diren beste zentro batzuetatik ikustera eta ikastera ikerketa hemen nola egiten den.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke?

Bada, zientziaren egoera ikusita, nahiko nuke mekanika kuantikoa eta erlatibitatea bateratuko lituzkeen Guztiaren teoriaren sorreraren leku­koa izatea. Zeren eta funtsezkoak izan baitira bai batak eta bai besteak eman dituzten natu­ra­ren ezagumenduak eta teknologiaren aurrera­men­durako oinarriak, gaur eguneko egoera zientifikoa gauzatzeko. Eta Guztiaren teoriarekin ezagutza zabalagoa eta sakonagoa izango da, duda barik.

Teoria hori etorri datorren artean, konformatu egin beharko dut gaur egunean ikusten ditudanekin: azeleragailuak eta partikula berriak, genetika eta CRISPR-cas9 edizioa, propietate desiratuak dituzten substantzien sintesia, adimen artifizialaren edo ordenagailu kuantikoen ahalmen aurre­san­gaitzak, etorkizun diren korapilatze kuantikoaren aplikazioak...

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila