Arantza Diaz de Illaraza EHUko informatika-irakaslea eta IXA taldeko ikertzailea

“Esaten edo idazten duguna ordenagailuen bidez ulertzen saiatzea oso helburu handinahia da”

Galarraga Aiestara, Ana

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Irakaslea izateaz gain, ikertzaile ere bada Arantza Diaz de Illarraza, eta, dituen egiteko guztien artean, ez zaio erraza izan tarte bat topatzea Elhuyarren galderei erantzuteko. Hala ere, ez dio gonbidapenari uko egin, eta bere oroitzapenen eta itxaropenen berri eman digu.
esaten-edo-idazten-duguna-ordenagailuen-bidez-uler
Arg. Nekane Aramendia/CC BY SA
Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Lanean hasi nintzenean, adimen artifizialaren arloa pil-pilean zegoen. John MacCarthy ikertzaileak sortu zuen adimen artifizial terminoa, 1958. urtean. Adimen artifizialeko aplikazioen artean, sistema adituak ditugu, gai baten inguruan adituak direla simulatzen duten programak. Roboten mundua ere aski ezaguna da arlo honetan: robotak mundua manipula dezaketen agente fisikoak dira; mundu fisikoa manipulatzeko gai den programa bat izateaz gain, robotek ikusmen gaitasuna ere badute.

Niri interes gehien piztu zidana ahozko zein testu bidezko hizkuntzaren ulermenaren azpi-arloa izan zen; hitz gutxitan esateko, konputagailuaren bidez hizkuntza arrunta ulertzea da azpi-arlo horren helburua. Nola adierazi ordenagailuari hizkuntzak dituen berezitasunak? Nola adierazi informazio fonologikoa, morfologikoa, sintaktikoa, semantikoa eta pragmatikoa? Eta honek beste galdera batera eramaten gaitu: nola adierazten dugun gizakiok informazio linguistikoa gure burmuinean. Ordenagailuen bidez esaten duguna edo idazten duguna ulertzen saiatzea oso helburu handinahia da, eta, gainera, ez da erabat lortuko, baina pauso txikiak eman daitezke oso lagungarriak izango direnak gure eguneroko jardueretan, lanekoetan zein aisialdikoetan.

Hizkuntzaren ulermenaren arloko aplikazioen adibide ohikoak dira, besteak beste, itzulpen automatikoa, galdera/erantzun sistemak, informazio-erauzketa eta informazio-bilaketarako sistemak, laburpen automatikoa eta irakaskuntzarako laguntzak.

Sortu zenetik, ikertzaile asko ibili dira lanean adimen artifizialaren inguruan, eta zenbait aro ezagutu ditu arlo honek: hasierako euforiatik (1952tik 1969ra), eta ezagutzan oinarritutako sistemen garapenetatik pasatuz (1969-1979), 1990eko hamarkadan gauzak aldatzen hasi ziren, eta ikasketa automatikoko, sare neuronaletako eta probabilitate teknikekin lotutako teoria ezagunak hartu ziren oinarri gisa. Datu errealetatik ereduak ateratzea eta, gainera, neurri errealeko aplikazioak garatzea dute helburu teoria horiek.

Gaur egun beste arlo batzuetan erabiltzen diren informazioaedo ezagutza adierazteko lengoaiak, programazio logikoa eta funtzionala, diseinurako teknikak eta abar adimen artifizialetik hartuak dira.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke, zure ibilbidean zehar?

Euskararen teknologia etorkizunean izango diren premietarako behar bezala garatua izatea ikusi nahiko nuke. Hau da, hizkuntzaz baliatuta, eta zehazki euskaraz, makinekiko komunikazioa errazten dela eta horrek gure eguneroko jardueran laguntzen digula, horren lekuko izan nahi nuke.

Arantza Diaz de Illaraza
Arantza Diaz de Illarraza Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle osoa da; hain zuzen, EHUn irakasle osoa izan den lehen emakumea da bera. Informatika Fakultatean lan egiten du 1981etik, Lengoaia eta Sistema Informatikoak sailean, eta, hizkuntzaren prozesamenduan aritzen den IXA ikerketa-taldearen sortzaileetako bat izateaz gain, taldeko ikertzaile nagusietako bat ere bada.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila