Onddoak, biofilmak eta giza gaixotasunak

Álvarez Busca, Lucía

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Gizakiak mikosiak pairatzen ditu batzuetan --onddoek eragindako infekzioak--, ezkabia eta igerilekuetan hartzen diren onddoak, adibidez. Mikosi horiek eragozpen txikiak edo estetika-arazoak besterik ez dituzte sortzen, eta erraz trata daitezke modu eraginkorrean. Mikosi larriak ere badira, ordea, immunodeprimituta dauden gaixoetan sortzen direnak eta arazo mediko larriak edo heriotza eragin dezaketenak (kandidiasia eta aspergilosia, adibidez). Horiek ikertzen dihardu EHUko ikertzaile-talde batek.
Onddoak, biofilmak eta giza gaixotasunak
2008/12/01 | Álvarez Busca, Lucía | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Candida onddoaren immunofluoreszentzia, ezkerrean, eta biofilma.
G. Quindós
Medikuntza-mikologiak onddoen eta gizakiaren arteko elkarrekintza ikertzen du. Guillermo Quindósek zuzentzen duen Medikuntza-Mikologiako ikerketa-taldeak onddoek eragindako infekzio larriak ikertzen ditu, kandidiasi eta aspergilosi inbaditzaileak, esaterako. Hain zuzen, infekzio horien diagnosia egiteko erremintak eta tratamendu eraginkorrak lantzen dituzte. Izan ere, gaur egun zaila da infekzio horien diagnosia egitea, erreminta egokirik ez dagoelako eta ez delako ongi ezagutzen zer faktore erabiltzen dituzten onddoek mina eragiteko.

Ospitaleetan dauden gaixoetan, kontaktuaren eta medikuntza-materialaren bidez gerta daitezke onddo-infekzioak --kateterren, orratzen eta abarren bidez--, edo onddoak aireztatze-hodietatik hedatuta -- Aspergillus -aren kasuan, adibidez--.

Onddoen biofilmak

Mikroorganismoak hainbat gainazaletan populazioak osatuz bizi dira. Populazio-mota horiei biofilm deritze. Ikerketa-talde honen helburu nagusia da biofilmak ikertzea, medikuntzan zenbateko garrantzia duten aztertzea eta horiek suntsitzeko bideak aurkitzea. Biofilmak medikuntza-tresnerian itsasten dira, protesi eta kateterretan, adibidez. Horregatik, Candida onddoaren biofilmak zenbait materialetara nola itsasten diren ere ikertzen dute.

Biofilmak mikroorganismo-taldeak dira, eta batzuk onddoz osatuta daude. Irudi argi bat izateko, kupula batek estaltzen duen hiri bat irudikatu behar da: onddoak hiriko biztanleak lirateke, makromolekula jakin batzuek --karbohidratoak, proteinak, etab.-- kupula osatuko lukete, eta horien artean geratzen diren bide edo hutsuneek errepide-funtzioa lukete --hortik igarotzen dira fluidoak--. Hiri horietan, onddoak bakarrik, onddoak eta bakterioak --oso ohikoak dira ahoan-- edo hainbat onddo-espezie bizi daitezke (azken kasu hori oso gutxitan gertatzen da).

Biofilmak ikertzean ikusi dute onddoz eta bakterioz osatutako biofilmetan bi mikroorganismoek elkarri laguntzeko joera dutela. Zenbait motatako biofilmak farmakoen bidez tratatu dituzte, eta onddo-espezie bakarrez osatuta daudenean farmakoa eraginkorragoa dela ikusi dute. Baina onddoak bakterioa lagun duenean, farmakoa ez da horren eraginkorra. Une honetan ez dago argi onddoaren eta bakterioaren elkarrekintzaren ondorioz hesiren bat sortzen den, prozesu horretan laguntzen duen substantziarik badagoen edo farmakoek eraginkortasuna galtzea eragiten duen egoerarik izaten den.

Onddoen kontrako farmakoak

Biofilmak kateterretan eta protesietan itsatsita egon daitezke, eta, hortaz, onddo-infekzioak eragin ditzakete immunodeprimitutako gaixoetan.
Artxibokoa
Biofilmak suntsitzeko farmako egokienak ere ikertzen ditu Medikuntza-Mikologiako taldeak. Horretarako, mila onddo inguruko bilduma batean hainbat onddoren kontrako farmakoak probatzen dituzte. Alde batetik, likido-esekiduran dauden onddo isolatuetan aplikatzen dituzte --era klasikoan--, eta, bestetik, biofilmetan. Ikerketan ikusi dute ekinokandina familiako farmakoak (anidulafungina, kaspofungina eta mikafungina) direla eraginkorrenak biofilmei eraso egiteko. Bestalde, ikusi dutenez, azolen familiako farmakoak (borikonazola, esaterako) ez dira oso eraginkorrak biofilmak suntsitzeko, ez baitute osatuta dagoen biofilmean eraginik; aitzitik, eraginkorrak dira prebentzio-tratamenduetan.

Hala eta guztiz ere, gaixoaren egoeraren araberakoa da kasu bakoitzean erabili beharreko farmakoa. Ikerketa honekin, bakoitzaren alde onak eta txarrak aztertu ahal izateko nahikoa datu eta kasu bakoitzean onddoen kontrako botika egokiena aukeratzeko erremintak jarri nahi dizkiete eskura medikuntzako profesionalei.

Laburpena:
Medikuntza-mikologiako taldeak mikosi larriak ikertzen ditu (kandidiasia eta aspergilosia). Beren lana mikosien garapenean eta biofilmen ikerketan oinarritzen dute; material desberdinetan nola itsasten diren aztertzen dute, eta suntsitzeko dauden farmakoen eraginkortasuna probatzen dute.
Zuzendaria:
Guillermo Quindós.
Lantaldea:
Elena Eraso, María Villar, Cristina Marcos eta Ilargi Miranda.
Saila:
Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia.
Fakultatea:
Medikuntza eta Odontologia.
Finantziazioa:
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saila eta Medikuntza-Ikerketarako Fondoa (FIS).
Web gunea:
http://www.ehu.es/GuillermoQuindos/
Ezkerretik eskuinera, Cristina Marcos, Elena Eraso eta Guillermo Quindós. Argazkian falta dira María Villar eta Ilargi Miranda.
(Argazkia: L. Álvarez)
Álvarez Busca, Lucía
2
248
2008
12
037
Unibertsitateak; Medikuntza
Jakintza hedatuz
56
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila