Kolesterolaren aurkako botikaren bila

Andonegi Beristain, Garazi

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Gasteizko Farmazia Fakultatean dietaren osagaiek gizentasunean duten eragina ikertzen aritu dira urtetan. Ikerketa-lerro horren barnean, azido linoleiko konjokatua aztertzen ari dira orain.

Hain zuzen ere, kolesterolean eta gizentasunean zer ondorio dituen jakin nahi dute. Ustez dituen onurak frogatzen badira, elikagaietan gehigarri gisa erabiltzea litzateke azken helburua, bitaminekin eta beste konposatu askorekin egiten den antzera.

Kolesterolaren metabolismoa

Ikerketa honetarako, hamsterrak aukeratu dituzte ikertzaileek eredu esperimental gisa. Izan ere, laborategiko karraskarien artean, hamsterra da kolesterolaren metabolismoan gizakiekin antz gehien duen animalia.

Azido linoleiko konjokatuak kolesterola gutxitzeko ustez dituen onurak frogatzen badira, elikagaietan gehigarri gisa erabiltzea litzateke azken helburua.

Azterketetan, hiru hamster-talderekin lan egin dute ikertzaileek. Lehenengo taldearen dietan azido linoleikoa gehitu dute, eta beste bi taldeen dietetan, berriz, azido linoleiko konjokatua. Talde bakoitzari azido linoleiko konjokatuaren isomero (mota) desberdin bat eman diete.

Izan ere, ikerketaren gakoa azido linoleiko konjokatuek azido linoleiko normalarekin alderatuz abantailarik ba ote duten jakitean datza. Hamsterren lehenengo taldea, beraz, kontrol edo erreferentzia gisa erabiltzen da.

Ikerketetan ikusi denaren arabera, isomeroetako batek ez du inolako eraginik kolesterolaren gainean, baina besteak bai. Bigarren isomeroak, nabarmen gutxitzen du kolesterol-maila odolean eta, gainera, kolesterol txar gisa ezagutzen dena soilik murrizten du. Kolesterol onari ez dio eragiten.

Baina, bigarren isomero hori hartuta, kolesterol-maila gutxitzeaz gain, hamsterren gibela pixka bat handitu egin zela konturatu ziren ikertzaileak. Hori dela eta, azido linoleiko konjokatuaren isomero horrek gibelean toxikotasunik eragiten zuen edo ez ikusteko azterketa biokimiko eta histologikoak egin zituen taldeak. Ez zuten inolako kalterik aurkitu.

Gizakia, antzekoa baina ezberdina

Gizakietan egindako ikerketetan, ordea, ondorioak ez dira hain garbiak. Hori zergatik gertatzen den argitzeko esan daiteke gizakiekin egindako saiakeretan aldakortasun handia izan dela. Izan ere, sexuari, pertsonen egoera metabolikoari (gizenak, argalak...), gehigarriaren dosiari, tratamenduaren iraupenari eta dietaren ezaugarriei dagokienez alde handiak egon dira.

Horregatik, azido linoleiko konjokatuaren mekanismoen eta eraginen inguruan oinarrizko ikerketa egiten jarraitu nahiko lukete ikertzaileek, baina gizakietan azterketak egingo lituzkeen talde batekin elkarlanean. Horrela, elikagai egokienak aukeratu eta osagai hori ondo administratu ahal izateko ikerketak egin ahalko lirateke, eta, aldi berean, epe luzera osagai horrek gizakiaren organismoan eragin ditzakeen kalteak aztertu.

  • Proiektuaren izenburua
    Azido linoleiko konjokatuaren bi isomeroren eragina kolesterolaren eta triglizeridoen gibeleko metabolismoan.
  • Helburua
    Azido linoleiko konjokatuaren bi isomero ugarienek kolesterolaren eta triglizeridoen metabolismoan duten eragina aztertzea, gizentasun- eta hiperkolesterolemia-kasuetan aplikatzeko aukerarik dagoen ala ez jakiteko.
  • Zuzendaria
    M P. Portillo Baquedano.
  • Lan-taldea
    M T. Macarulla, A. Fernandez-Quintela, V. Rodriguez-Rivera, E. Simon, V. Navarro eta A. Zabala.
  • Saila
    Farmazia, Elikadura, Teknologia eta Animalia Ekoizpena (Elikadura eta Bromatologia).
  • Fakultatea
    Farmazia Fakultatea.
  • Finantziazioa
    MCyT, Eusko Jaurlaritza eta EHU.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila