Piccard-en balentriak (II): ...eta olatu guztien azpitik

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

Piccard-en balentriak (II): ...eta olatu guztien azpitik
2010/12/01 | Etxebeste Aduriz, Egoitz | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Manu Ortega)

"Bazoazte beherantz. Kubierta urpean da. Dorre-erdia urpean da. Desagertu da. Telefono-kablea deskonektatzera goaz". Komunikazioa eten egin zen, eta, pixkanaka, iluntasunean sartu ziren. Animalia fosforeszenteak ikusi zituzten. 900 m. Beherantz jarraitzen zuten. Azkarregi, agian. Lasta pixka bat bota zezaketen, baina ez zuten denborarik galtzeko. Baretasun hartan imajinatzea zaila bazen ere, goian zakar zebiltzan olatuak, eta iragarpenak zioen okerrera egingo zuela. 2.000 m. Une zirraragarriak ziren Aguste Piccard-entzat: bazekien inor izan gabeko uretan sartzen ari zela. 1931n Kipfer-ekin estratosferara igo zeneko sentimenduak etorri zitzaizkion. Baina hortxe bukatzen zen konparaketa: oraingoan ez zegoen eguzkirik, ez ilargirik, ez izarrik; iluntasuna baino ez. Eta ez zuen Kipfer ondoan, Jackes semea baizik.

1953ko irailaren azken eguna zen. Italiako Ponza uhartetik hegoaldera, beraiek diseinatutako Trieste batiskafoan zihoazen Piccard aita-semeak. 2.500 m. Lasta pixka bat bota zuten, abiadura moteltzeko. 3.000 m. Hondotik oso hurbil behar zuten; orain bai, lasta gehiago bota beharra zegoen. Kolpe txiki bat nabaritu zuten: hondoan zeuden. 3.167m. Inoiz ez zen inor hain behean izan (hobeto esanda, inor ez zen hain behetik bueltatu).

Lasta guztia bota zuten, gorantz abiatzeko. Baina ez ziren mugitzen. Hondoko lokatzak eusten zion batiskafoari. Urduri jarri ziren. Baina, halako batean, gorantz egin zuten. Gero eta azkarrago. Animalia fosforeszenteak agertu ziren. Lehen argi-izpiak. Gero eta argiago. Eta, azkenik, olatuen astindua. Meteorologoek arrazoi zuten: itsasoa gaiztoago zegoen.

Berriz ere markak hausten Piccard. Globoz estratosferara igotzean marka guztiak hautsi zituen gizon bera, gauza bera egiten ari zen urpean, 20 urte beranduago. Baina Piccard-en helburua ez zen markak haustea, ikerketarako bide berriak irekitzea baizik; ordura arte behatu ezin zena behatzeko moduak aurkitzea.

Eta itsasoaren sakonean murgiltzea aspaldiko ametsa zuen. Zurich-eko Eskola Politeknikoan ikasle zela, Carl Chun zoologoaren liburu batekin txundituta gelditu zen. Valdivia espedizio ozeanografikoaren kontakizuna zen. Espedizio hartan sareak oso sakonera handietara botatzen zituzten. Gauez igotzen zituztenetan, animalia fosforeszenteak agertzen ziren; eta berehala itzaltzen ziren. Animalia haiei behar bezala behatzeko modu bakarra bizi ziren lekura joatea zen. "Posible izan behar du --pentsatu zuen Piccardek-- urari sartzen utziko ez dion kabina bat egitea, urpeko presioa jasango duena, haren leihoetatik mundu berri hori miretsi ahal izateko". Kabina hori desplazatuko zuen ura baino astunagoa izango zela kalkulatu zuen, eta, beraz, ura baino arinagoa zen substantziaren batez betetako ontziren batetik zintzilikatu beharko zuen. Globoaren kasuan bezalaxe, hain juxtu. Halaxe jaio zen batiskafoaren lehen ideia.

Ikaslea ingeniari bihurtu zen, eta fisikari gero. Eta "globo" batean itsas hondoa esploratzearen ideia ez zitzaion burutik kendu. Baina estratosfera etorri zen lehenago.

Izpi kosmikoak ikertzeko estratosferako presio txikiari aurre egin behar ziola konturatu zenean, pentsatu zuen: "nire urpeko kabinan dago soluzioa". Hala, "mundu guztiak pentsatzen duenaren kontra --idatziko zuen-- batiskafoak eraman ninduen estratosferara".

Estratosfera konkistatu ondoren, jatorrizko ideiara bueltatu zen Piccard. Globo estratosferikoa urpeko globo bihurtu nahi zuen. Horretarako, Belgikako Fonds National de la Recherche Scientifique erakundeari eskatu zion finantzazioa. Erakunde horri esker egin zuen globo estratosferikoa ere. Hain zuzen, FNRS izena eman zion globoari.

Erakunde belgikarrak baiezkoa eman zion beste behin. 1937rako diseinatuta zeukan batiskafo deitu zion urpeko globoa. Eraikitzen ere hasi ziren, baina II. Mundu Gerrak etena ekarri zuen. 1945ean hasi ziren berriz lanean, eta FNRS-2 sortu zuten. Funtsean altzairuzko kabina esferiko bat zen, gainean flotazio-tanga handi bat zuena. Tanga gasolinaz beteko zen (ura baino arinagoa), eta, hondoratu ahal izateko, flotazio-tanga zeharkatzen zuten altzairuzko bi zilindro zituen, burdinazko granailaz beteak. Lasta horri esker hondoratuko zen batiskafoa, eta burdinazko granaila askatutakoan, gora igoko zen. Globo bat bezalaxe.

1948an egin zituzten lehenengo probak Cabo Verden. Gauzak ez ziren guztiz ongi joan, eta, gainera, itsaso txarrak kalte handiak eragin zizkion FNRS-2 ri.

Hala ere, Frantziako Armada konturatu zen batiskafo haren balioaz, eta proiektua erosi zioten belgikarrei. Batiskafo berria egingo zuten: FNRS-3 . Piccard aholkulari hartu zuten, Toulon-en. Baina zientzialaria ez zen ongi moldatu postu hartan. Askatasun gutxi zuen, eta gauzak ez ziren berak nahi bezala egiten.

1952ko udaberrian eskaintza tentagarriago bat izan zuen. Aguste eta Jackes aita-semeei beste batiskafo bat egitea proposatu zieten Triestetik. Italiarren eskaintza onartu, eta Trieste batiskafoa sortu zuten. Harekin egin zuten 3.167 metroko marka aita-semeek, 1953an. Baina gutxi iraungo zuen markak; hurrengo urtean frantsesak 4.000 metrora jaitsi baitziren FNRS-3 arekin. Auguste urte hartan erretiratu zen, 70 urterekin. Lau urte beranduago Estatu Batuetako armadak Trieste erosi zuen, eta Piccard semea kontratatu.

1960ko urtarrilaren 23an Jackes Piccard eta Donald Walsh tenientea Marianetako fosaren punturik sakonenaren gainean zeuden. Itsasoa zakar. 8:00ean balantzaka zebilen batiskafora sartu ziren. Tangan 85.000 l gasolina.

16 tona burdina kargatu, eta hondoratzen hasi zen Trieste . 200 m. Iluntasuna. 2.000 m. Jertseak jantzi zituzten. Orduak aurrera. 9.500 m. Eztanda batek astindu zuen kabina! Okerrenaren zain, uzkurtu egin ziren bi gizonak. Beraiek ez zekiten, baina sarrerako tuneleko leiho bat zen zartatu zena. Adierazle guztiak ongi zeudela ikusita, aurrera egitea erabaki zuten.

Abiatu zirenetik 4 ordu eta 48 minutura, hondora iritsi ziren. 10.916 m. Zentimetro karratu bakoitzeko tona bat ur baino gehiago, barrura sartu nahian. 20 minutuz egon ziren han, hainbat neurketa eta behaketa egiten. Eta Piccard-ek mihi-arrain baten antzeko zerbait ikusi zuen. Ozeanoaren sakonenean ere baziren bizidunak!

16:56an atera ziren azalera. Inoiz ez zen inor hain behean izan. Inoiz ez da inor hain behean izan.

Etxebeste Aduriz, Egoitz
2
270
2010
12
027
Historia; Biografiak; Ozeanografia; Fisika
Istorioak
58
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila