New Yorkera dezenteko dirutzarekin iritsi bazen ere, zortea ez zuen aldeko izan Meuccik. Hainbat ezbehar eta iruzur tarteko, diruak ihes egin zion. Eta 1874an ez zuen berritzerik izan hiru urte lehenago eskatutako bere teletrofonoaren patente-eskaria --patentea bera baino askoz ere merkeagoa--. Handik bi urtera, sumina sentitu zuen, gazte eskoziar batek patentatutako asmakizunaren berri izan zuenean. Alexander Graham Bell zen gazte hura; telefonoa patentatu zuen.
Habanan hasi zen Meucciren teletrofonoaren historia. Etorkinak ziren han Antonio Meucci eta Ester Mochi senar-emazteak; 1835ean, egoera politikoak bultzatuta, Florentzia betiko atzean utzita etorriak.
Florentzian, hainbat antzokitan lan egin zuen, eskenatokiko teknikari gisa; eta, Habanara iritsi zenean ere, Gran Teatro de Tacón antzokian hasi zen lanean.
Baina ez zen antzokira mugatzen Meucciren lana. Asmatzaile eta esperimentatzaile sutsua zen. Habanan egindako urteetan, ura arazteko sistema bat asmatu zuen, eta baita galvanoplastia-teknika berri bat ere. Eta "elektromedikuntza" ikertzen ere aritu zen. Antzokiaren atzealdean laborategi bat muntatu, eta pultsu elektrikoen sendatzeko ahalmena ikertzen hasi zen. Pultsuen potentzia eta iraupena zehazki kontrolatzean zegoen arte haren sekretua. Meucciren ustez, pultsu txiki eta motz-motzak emanez, mina eta zenbait gaixotasun trata zitezkeen. Eta, areago, ehunen eta hezurren birsortzean ere lagundu zezakeen teknika hark. Meucciren zerbitzuak laster egin ziren famatu Habanan.
1849an, ezusteko bat izan zuen Meuccik. Migrainak jotako gaixo bat joan zitzaion sendabide bila. Meuccik aulkian eserarazi eta kobrezko elektrodo bat jarri zion ahoan, hortzen artean, eta besteari eskuarekin eusteko esan. Pultsu elektrikoak ondoko gelatik ematen zituen; eta gela hartara joan eta tratamenduarekin hasi zenean, oihu egin zuen gaixoak. Meucci zur eta lur gelditu zen: oihu hura kabletik etorri zen!
Berehala ekin zion fenomeno hura ikertzeari. "Konturatu nintzen --kontatu zuen urte batzuk geroago-- lortu nuela hitza transmititzea bateria batzuei lotutako hari eroale baten bidez; eta, berehala, telegrafo parlante izena eman nion."
Hurrengo urtean, antzokiko kontratua ez zioten berritu, eta Estatu Batuetara joatea erabaki zuten senar-emazteek. Han, ospe handia hartua zuen Samuel F. B. Morsek, bere asmakizunari esker, eta Meuccik ere bere aurkikuntza garatzeko eta ustiatzeko asmoa zuen.
Staten Island-en (New Yorken) jarri ziren bizitzen. Zituen ondasun guztiak gastatu zituen etxea erosten eta kandela-fabrika bat martxan jartzen. Kandelek ez zioten diru askorik eman, baina bai bizitzeko eta bere esperimentuekin aurrera egiteko lain. Hurrengo urteetan buru-belarri aritu zen etxe ondoko tailerrean telegrafo parlante hura hobetu nahian. Eta, 1854 inguruan, tailerretik etxeko logelara zioan prototipo bat instalatu zuen, artritis erreumatoidearen eraginez ohean elbarri zegoen emaztearekin komunikatu ahal izateko.
Honela deskribatu zuen Meuccik berak: "Asmakizunaren funtsa diafragma bibratzaile bat eta espiralean dagoen hari baten bidez elektrizatutako magneto bat dira. Hitzaren soinuak bibratzean, diafragmak, bibrazio bakoitzean, magnetoaren korrontean eragiten du, eta elektrizitatearen etenaldi oso azkar batzuk sortzen ditu, diafragmaren bibrazioen modukoak. Korronte-aldaketa horiek, hariaren beste muturrera iristean, bibrazio analogoak eragiten dizkiote diafragma hartzaileari, eta hark hitza erreproduzitzen du".
Teletrofono deitu zion asmakizun hari. Baina hobetu beharra zegoen, hitzak ez ziren ongi ulertzen eta. Beraz, lanean jarraitu zuen. Hurrengo urteetan 30 bat prototipo sortu zituen.
Parafinazko kandelak ere asmatu zituen, eta 1860an munduko lehenengo parafinazko kandelen fabrika jarri zuen martxan. Baina zordun batzuen iruzurrek porrotera eraman zuten fabrika; eta Meucci ondasunik gabe gelditu zen. Hurrengo urtean enkantean atera zuten bere etxea. Zorionez, etxea erosi zuenak errentarik ordaindu gabe bertan jarraitzen utzi zion.
Meuccik ez zuen etsi teletrofonoarekin. Eta 1971ko abenduan Telettrofono Company sortu zuen, beste hiru italiarrekin batera. Baina ibilbide motza izan zuen konpainiak. Patentea eskatzeko garaia iritsi zenean, Meuccik 20 dolar baino ez zituen lortu, konpainiako bazkide batek emanak. Patentea ordaintzeko 250 dolar behar ziren, eta horren ordez, 10 dolar kostatzen zen patente-eskaria egin zuen, 1971ko abenduaren 28an.
Patente-eskaria eskuan, Wester Union Telegraph Co.-ko lehendakariorde Mr. Edward B. Grant-engana joan zen Meucci, eta teletrofonoaren diseinuak eman zizkion, elkarrekin aurrera egin ote zezaketen ikusteko. Bi urtez luzamenduak eta aitzakiak baino ez zituen entzun Meuccik. Eta, azkenean, Meuccik utzitako material guztia galdu egin zela erantzun zion Grantek.
1976an Bellek telefonoa patentatu zuenean, haren aurkako borroka judizial sutsua hasi zuen Meuccik. Epaiketa haietako batean argitara atera zen Bellek ezkutuko akordio bat zuela Wester Union Telegraph Co.-rekin Bellen irabazien % 20 emateko. 1887an, beste epaiketa batean, Bell iruzurragatik kondenatu eta Meucciri arrazoia eman bazitzaion ere, ez zuen askotarako balio izan. Izan ere, Meuccik eskubide guztiak galduak zituen 1774az geroztik (patente-eskaria berritu ez zuenetik). 1889an, Meucciren heriotzarekin itxi zen kasua, eta Bellen inperioak aurrera egin zuen.
P. S.: 2002an, Estatu Batuetako Kongresuak ofizialki onartu zuen Antonio Meucci izan zela lehena telefonoa asmatzen. Ebazpenean, hainbat arrazoi ematen dira horretarako. Besteak beste aipatzen da Bellek Meucciren diseinuak galdu ziren laborategi berean lan egin zuela, eta esaten da Meuccik 10 dolarreko patente-eskaria ordaintzerik izan balu Bellek ezingo zukeela patentea eskuratu.