Lehenengo Klinikara joan baino, askok nahiago zuen kalean erditu. Vienako Ospitale Nagusiko Obstetrizia Zerbitzuak bi klinika zituen. Asteko egunaren arabera, batean edo bestean txandaka hartzen zituzten erditzera joaten ziren emakumeak. Lehenengo Klinika egokitzen zitzaienean, bat baino gehiago belauniko erreguka hasten zen bigarrenera eraman zezaten. Izan ere, oso fama txarra zuen Lehenengo Klinikak: zabalduta zegoen hara iristen ziren emakume asko ez zirela bizirik ateratzen.
XIX. mendearen erdialdea zen, eta sukar puerperala gogor jotzen ari zen ospitaleetako erditze-geletan. Garaiko medikuentzat ohiko gaitza zen, eta ez zegoen ezer egiterik haren aurka.
Baina Ignaz Semmelweis mediku hungariarra kezkatuta zegoen gaitz hark eragiten zituen heriotzekin. 1846an kontratatu zuten Semmelweis Lehenengo Klinikaren arduradun izateko. Eta gaitza ikertzeari ekin zion. Haren kezka handitu baino ez zen egin bi kliniken azken sei urteetako datuak konparatu zituenean: Lehenengo Klinikako heriotza tasa % 10ekoa zen, eta, Bigarren Klinikakoa berriz % 3koa. Kalean zabalduta zegoen ustea ez zen hutsala.
Eta, harriturik, Semmelweis konturatu zen kalean erditzen zutenen artean ere heriotza-tasa askoz txikiagoa zela. "Niretzat, logikoena zatekeen kalean erditzen zutenen heriotza-tasa gutxienez klinikakoa adinakoa izatea", idatzi zuen.
Erabat atsekabetuta, bi kliniken arteko desberdintasunak zein izan zitezkeen aztertzen hasi zen: klima bera zen, teknika berak erabiltzen zituzten, erlijio-praktikak ere berdinak... Bi kliniken arteko desberdintasun bakarra bertan lan egiten zuen jendea zen: Lehenengo Klinikan medikuntza-ikasleak eta irakasleak arduratzen ziren erditzeez, eta, Bigarren Klinikan, berriz, emaginak.
Baina Semmelweissek ez zuen heriotza-tasen arteko aldea azaltzeko arrazoirik ikusten horretan. Harik eta 1847an bere lagun Kolletschka doktorearen ustekabeko heriotza gertatu zen arte. Gorpu baten autopsia bat egiten ari zirela, ikasle baten eskalpeloarekin zauri bat egin zuen, eta zauri hartatik zabaldutako infekzioaren ondorioz, septizemiaz (odoleko infekzio orokorra) hil zen.
Lagunaren autopsiaren emaitzak aztertu zituen Semmelweisek, eta, bat-batean, argi ikusi zuen: "Guztiz lur jota [lagunaren heriotzagatik], kasua aztertu nuen obsesioz eta hunkiduraz, halako batean pentsamendu bat burutik pasatu zitzaidan arte; berehala argi ikusi nuen sukar puerperala eta Kolletschka doktorearen heriotza bat eta bera zirela, bilakaera patologiko bera baitzuten. Beraz, Kolletschka doktorearen kasuan... infekzioa... hilotz-partikulen inokulaziotik etorri bazen, sukar puerperalak iturri beretik sortu behar zuen".
Hain zuzen ere, Lehenengo Klinikan ohikoa zen ikasleek aurreko egunean hildako emakumeen gorpuekin praktikak egitea goizez, eta, arratsaldez, erditze-geletan zeuden emakumeei azterketak egitea oraindik "eskuetan hilotz-usaina zutela". Bigarren Klinikan, berriz, emaginek ez zuten gorpuen disekziorik egiten. Hala, Semmelweisek ondorioztatu zuen "disekzioetan zikindutako ikasleen eta doktoreen hatzek eta eskuek hilotzen pozoi hilgarri hura eramaten zutela emakumeen sexu-organoetara".
Hartu beharreko neurria erraza zen: eskuak garbitzea. Semmelweisek bazekien xaboia ez zela nahikoa hilotz-usain hura kentzeko, eta kaltzio hipokloritoa aukeratu zuen. Erditze-gelen sarreran arraskak jarri zituen, eta baita honela zioten kartelak ere: "Erditze-gelara azterketak egitera sartzen den edozein ikasle edo doktorek gogotik garbitu behar ditu eskuak kaltzio hipokloritozko soluzioarekin... Azterketa batetik bestera, eskuak xaboi eta urez garbitu behar dira".
Arrakasta nabarmena izan zen. Neurriak hartu aurretik, 1847ko apirilean, % 18koa izan zen heriotza-tasa, eta, maiatzaren erdialdera neurriak hartuta, ekainean % 2,2koa, uztailean % 1,2koa eta abuztuan % 1,9koa.
Baina, hala ere, mediku gehienek ez zuten onartu Semmelweisen aurkikuntza. Iraingarria zen medikuek eskuak garbitu behar izatea. Doktoreen mailako pertsonen eskuak heriotza eragiteko bezain zikin egon zitezkeenik pentsatzea ere... Semmelweisek isekak eta barreak baino ez zituen jaso.
1849an kontratua berritzeko garaia iritsi zenean, ez zioten berritu. Hurrengo urtean, konferentzia batean aurkeztu zituen bere ondorioak, baina han ere atzera bota zizkioten. Suminduta Budapestera alde egin zuen, lagunei ere agur esan gabe. Han, St. Rochus Ospitalean, ordaindu gabeko postu bat eman zioten. Eta, han ere, erakutsi zuen berak proposatutako neurriak hartuta sukar puerperala ia desagertzea lortzen zela. Baina medikuen komunitatea ez zegoen prest horrelakorik onartzeko, eta entzungor egiten jarraitzen zuten.
Gutun irekiak idazten hasi zen: "Hiltzaile deitzen diet sukar puerperala saihesteko proposatu ditudan neurrien kontra dauden guztiei! (...) Nire ustez, hiltzailetzat baino ezin dira hartu. Eta bihotza bere lekuan duen edonork nik bezala pentsatuko du! Ez dago erditze-gelak itxi beharrik deitoratzen ditugun ezbeharrak amaitzeko; tokologoak bota behar dira, haiek baitira benetako epidemia".
Semmelweisek okerrera egin zuen. Depresioak jo zuen, elkarrizketa guztiak sukar puerperalera desbideratzen zituen, buruko arazoak izaten hasi zen, gero eta oldarkorragoa zen... Azkenean, psikiatriko batean sartu zuten. Engainatuta eraman zuten, eta zertan ari ziren konturatu zenean ihes egiten saiatu zen; zaindariek gogor jo zuten. Bi asteren buruan hil zen, 1865eko abuztuaren 13an, 47 urterekin. Zauri bat gangrenak joa zuen, eta autopsiak argitu zuen heriotzaren kausa: septizemia.
Hamalau urte geroago, 1879ko martxoaren 11n, Parisko Medikuntza Akademiaren biltzar batean, mediku bat erditze-geletako epidemiaren ustezko kausei buruz ari zen. "Horietako ezerk ez du eragiten epidemia", moztu zion 60 bat urteko gizon batek, bere aulkitik. "Erizainak eta medikuak dira mikrobioak emakume infektatuetatik osasuntsuetara pasatzen dituztenak!". Mikrobio haiek sekula aurkituko ez zirela erantzun zion hizlariak. Orduan, gizona zutitu, arbelera joan, eta borobil batzuk marraztu zituen bata bestearen segidan, kate bat osatuz. "Hona hemen, ze itxura duten!". Streptococcus bakterioen marrazki bat zen. Louis Pasteur zen gizon hura.