Herschel anai-arrebak, musikatik izarretara

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

herschel-anai-arrebak-musikatik-izarretara
Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Hemeretzi urterekin eta sosik gabe iritsi zen Ingalaterrara. 1757a zen, frantsesek Hanover hartuta zuten, eta handik ihesi alde egin zuen. Wilhelm Herschel musikaria zen, bere aita eta ia familia osoa bezala. Txeloa, oboea eta klabezina jotzen zituen, eta konposatu ere egiten zuen. Musika-eskolak emanez eta orkestratan joz egin zuen aurrera Ingalaterran.

Carolinerentzat kolpe gogorra izan zen anaiak alde egitea. Zazpi urte zituen orduan, eta anaia miretsi egiten zuen. Eta hura kanpoan egon zen urteetan, miresmena handitu baino ez zen egin. Ingalaterran, Wilhelm William bihurtu zen, eta, iritsi eta hamar urtera, Bath hiriko kontzertuen arduraduna, organu-jotzailea eta koruko zuzendaria zen.

Bitartean, Hanoverren, Caroline ez zen etxeko zerbitzaria baino askoz gehiago. Bost urterekin baztanga izan zuen, eta hamaikarekin tifusa; gaixotasunen eraginez txiki gelditu zen --ez zen metro eta erdira iristen--, eta aurpegia markaz beteta utzi zion baztangak. Aitak behin esan zion bezala "ez ederra, ez eta aberatsa ere" ez zenez, ezin zuen ezkontzeko itxaropenik izan, eta bere guraso edadetuak zaintzearekin konformatu beharko zuen.

William kezkatuta zegoen arrebaren egoerarekin, eta Ingalaterran berarekin bizitzera gonbidatu zuen. 1772an iritsi zen Caroline Bathera. Anaiak kantu-eskolak eman zizkion, eta haren kontzertuetan abeslari bakarlari gisa jarri zuen. Abeslari bikaina zen Caroline, eta arrakasta handia izan zuen.

Baina ez zion musika bakarrik irakatsi Williamek arrebari. Izan ere, jakin-min handiko pertsona zen William, eta denbora librean makina bat liburu irentsiz ikasten zituen matematika, optika, astronomia... Gosarietan arrebari kontatzen zizkion aurreko gauean liburuetatik ikasitakoak. Eta interes handiz jarraitzen zituen hark anaiaren lezioak.

Astronomia bereziki gustuko zuen Williamek. Orduak pasatzen zituen izarrei begira, zerua aztertzen, eta Ilargiarekin txoratuta zegoen. Han biziko litzatekeela esan ohi zuen. Musika-ikasleek kontatzen zuten nola ilunabar askotan eskola eten eta kanpora ateratzen zituen ikasleak, Ilargia ikusteko.

Williamek teleskopio bat behar zuen. Baina ordaindu zitzakeenen kalitatea oso eskasa zen, eta frustrazioa baino ez zuen lortzen. Azkenean, berak egitea erabaki zuen.

Teleskopio-egile trebea bihurtu zen William, eta laguntzaile bikaina izan zuen Caroline, hura ere iaioa baitzen leiarrak leuntzen eta teleskopioak muntatzen. Beti ondoan zuen. "Behin ahora eman behar izan nion janaria --idatzi zuen Carolinek gerora--; bi metroko ispilu bat bukatzen ari zen, eta hamasei orduz ez zituen eskuak haren gainetik kendu". Eta anaia teleskopioan jarrita zegoenean ere, hark deskribatutako guztia berak apuntatzen zuen.

Ilargian mendiak eta basoak ikusi zituen Williamek. Astronomoek ongi zekiten ordurako, ordea, ilargiak ez zuela atmosferarik, eta hori ezinezkoa zela. Baina William konbentzituta zegoen bizidunak bazirela Ilargian, eta baita beste planeta eta izarretan ere. Ez zen oso hasiera ona izan.

Baina askoz gehiago egin zuten herscheldarrek. Esaterako, izar-pareak behatu zituzten. Ustez, Lurretik begiratuta lerrokatuta zeudelako ikusten ziren elkarren ondoan izar haiek. Williamek zeruko izar-pare guztiak behatzeari ekin zion. 800 bat pare aurkitu zituen, eta 25 urtez izar haien mugimenduaren jarraipena eginda, frogatu zuen, izatez, fisikoki elkarren ondoan zeuden izarrak zirela, eta elkarren inguruan biraka ari zirela.

1781ean, etxeko lorategitik bere teleskopio batekin izar-pareak behatzen ari zela, atentzioa eman zion disko-itxurako objektu batek. Kometa bat zela pentsatu zuen hasieran. Baina jarraipena egin zion, eta haren mugimendua nolakoa zen ikusi zuen. Eguzki-sistemako planeta bat zen!

Bat-batean munduko astronomo ospetsuena bilakatu zen. Milaka urtean inork ez zuen planeta bat aurkitu. Georgium sidus deitu nahi izan zion planetari (Georgeren izarra, George III.a Ingalaterrako erregearen omenez). Baina Europan ez zuten hori onartu, eta, denbora batez, Herschel deitu zitzaion. Azkenerako, ordea, izen mitologikoekin jarraitzea erabaki zen: Urano jarri zioten.

Urte hartan bertan, Royal Societyko kide egin zuten, eta, hurrengo urtean, George III.ak Erregearen Astronomo izendatu zuen, eta soldata jarri zion. Hala, musika utzi, eta astronomian aritu ziren herscheldarrak bete-betean, handik aurrera.

Arrebari teleskopio bat eman zion Williamek, hark ere bere behaketak egin zitzan. Baina Carolinek ez zuen nahi adina denbora aurkitzen horretarako. Williamen proiektuekin bazuen nahikoa lan. Behaketetan laguntzeaz gain, behatutakotik emaitzak ateratzeko beharrezkoak ziren kalkulu luzeak ere berak egiten zituen.

Hala ere,1786an kometa bat aurkitu zuen, eta berria azkar zabaldu zen: "Emakume batek aurkitzen duen lehen kometa". Williamen laguntzaile izateagatik erregeak soldatatxo bat jartzea lortu zuten 1787an.

Hurrengo urtean, alargun aberats batekin ezkondu zen William. Carolinek ez zuen oso ongi hartu aldaketa. Ez zuen gogoko Williamen emaztea. Gerora, ordea, iritzia aldatu zuen. Eta, gainera, William emaztearekin zegoenetik, denbora gehiago zuen bere behaketak egiteko. Beste zazpi kometa aurkitu zituen, eta baita hainbat izar eta nebulosa ere.

Williamek teleskopioak egiten ere jarraitu zuen. Munduko onenak ziren. Eta munduko handiena ere egin zuen; 12 m luzekoa. 1789ko abuztuan, teleskopio harekin egin zuen lehen behaketan, Saturnoren ilargi berri bat aurkitu zuen: Mimas. Eta hilabete batera bestea: Enceladus.

Lehenago aurkituak zituen Uranoren lehen bi ilargi ere, Titania eta Oberon. Horrez gain, izar aldakorrak behatzen lehena izan zen, eta asteroide izena berak asmatu zuen. Arrebaren laguntzarekin, 90.000 izar eta 2.500 nebulosa katalogatu zituen. Eta nebulosak izarrez osatuta daudela iragarri zuen; izarrez, eta, agian, baita gurea bezalako beste galaxiez ere. Herscheldarren teleskopioei eta lanari esker, izugarri handitu zen unibertsoa. Eta eguzki-sistema talde txiki-txiki bat baino ez zen unibertso erraldoian.

Uranok Eguzkiari buelta bat emateko behar duen denbora iraun zuen Williamen bizitzak: 84 urterekin hil zen, 1822an. Caroline Hanoverrera bueltatu zen, baina ez zuen astronomia utzi. Besteak beste, Williamen aurkikuntzak berresten jarraitu zuen, eta nebulosen katalogoa argitaratu zuen. 1828an, Royal Astronomical Societyk urrezko domina eman zion lan horrengatik. Eta 1835ean, bera eta Mary Somerville elkarte horretako ohorezko kide egin zituzten. Izendapen hori lortu zuten lehen emakumeak izan ziren.

--> John Herschel, aitaren lekukoa hartuta

--> William J. Herschelen hatz-markak


Erantzunak

1

Jatsu Argarate 2012/07/05

frogatxo bat

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.