CIA, Bin Laden eta txertoekiko mesfidantza

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

cia-bin-laden-eta-txertoekiko-mesfidantza
Arg. Manu Ortega Santos/CC BY-NC-ND

2011ko maiatzaren 2an, Abbottabad hiriaren kanpoaldean (Pakistan), eliteko dozenaka soldadu estatubatuar hormigoizko harresiz inguratutako egoitza batean sartu ziren. Hantxe akabatu zuten Osama Bin Laden, Al-Qaedaren burua. Bi aste lehenago, Shakil Afridi medikuak harresi hartako atea jo zuen, B hepatitisaren aurkako kanpaina bat zela eta, etxe hartako haurrak txertatzera zihoala esanez.

Txertaketa-kanpaina hura AEBko CIA inteligentzia-agentziakoek antolatu zuten. Aurreko udan, Al-­Qaedaren mezulari bati, Abu Ahmad al-Kuwaiti-­ri, jarraitu zioten etxe hartaraino. Satelite bidez eta inguruko etxe batetik zelatan aritu ziren. Eta susmoa zuten Bin Laden etxe hartan ezkutatuta zegoela. Baina, operazio arriskutsu bat abian jarri aurretik, beste frogaren bat behar zuten. 

Orduan bururatu zitzaien txertaketa-kanpainarena. Egoitza hartan Bin Ladenen haurren bat ote zegoen jakitea zen helburua. Horretarako, txertoak jartzeko erabiliko zituzten xiringen bidez DNA-laginak hartuko zituzten. Eta lagin horiek aurreko urtean Bostonen hil zen Bin Ladenen arrebaren DNArekin konparatuta jakingo zuten etxe hartan Bin Ladenen ondorengorik ba ote zegoen.

Shakil Afridi mediku pakistandarrarekin harremanetan jarri ziren CIAko agenteak, eta haren bidez jarri zuten martxan txertaketa-kanpaina. Hiri osoan posterrak jarri zituzten, eta auzo txiroenetik hasi ziren txertoak jartzen. Bin Laden ezkutatzen zen etxera iritsi zirenean, ez dago batere argi zer gertatu zen, baina, iturri gehienen arabera, badirudi operazioak porrot egin zuela, eta ez zutela laginik lortu. 

Inoiz ez da argitu Afridik zenbateraino zekien operazio haren benetako helburua zein zen. Eta bada hori guztia estalki bat izan zioela dioenik ere; alegia, Afridi eta txertaketa-kanpainarena prestatu zutela benetan Bin Ladenenganaino iristea lortu zuen beste mediku sator bat babesteko. 

Nolanahi izan zela ere, gauza bat badago argi: operazio hark eragina izan zuela Pakistango gizartean; eta urte askoan, gainera.

Saeed Shah kazetari pakistandarrak 2011ko uztailean The Guardian-en eman zuen argitara CIAk txertaketa-kanpaina faltsu bat erabili zuela Bin Laden harrapatzeko. Eta horrek hauspotu egin zituen txertoen aurkako teoriak eta mesfidantzak. Lehenagotik ere bazuten talibanek “mendebaldeko medikamentu” horien aurkako jarrera. Baina operazio horren berria zabaldu zenetik, txertaketa-kanpaina guztiak CIAren jarduerekin eta espia amerikarrekin lotzen hasi ziren. 

Ustezko espia horien aurkako atentatuak ere ohikoak izan dira geroztik. 2012 eta 2014 bitartean, txertaketa-kanpaina horietan lanean ari ziren 60 pertsona hil zituzten. 2024ko urtarrilean ere, 44 milioi haur txertatzeko kanpainaren lehen egunean, kanpaina babesten ari ziren 5 polizia hil zituen bonba batek.

CIAren operazio hark hautsak harrotu zituen nazioartean ere. Eta AEBn bertan, 2013ko urtarrilean, Osasun Publikoko 12 fakultatetako dekanoek gutun bat bidali zioten Obamari, txertaketa-­kanpaina bat, osasun publikorako hain garrantzitsua den kontu bat, horrela erabili izana gaitzetsiz. Gutun horri erantzunez, 2014ko maiatzean, AEBko Gobernuak agindu zuen CIAk ez zuela gehiago txertaketa-­kanpainarik erabiliko bere operazioetarako.

CIAren kanpaina ez da Pakistanen txertaketekin egon diren arazoen arrazoi bakarra, lehenagotik ere bai baitzegoen txertoen aurkako jarrera. Baina, zalantzarik gabe, horrek indartu egin zuen jarrera hori. Izan ere, bat-batean benetako ebidentziak zituzten esateko txertoen atzean espia amerikarrak zeudela.

Arg. Manu Ortega Santos/CC BY-NC-ND

Eta horrek eragina izan zuen hainbat gaixotasunekiko immunizazio-tasen jaitsieran. Halaxe frogatu zuen 2021ean Journal of the European Economic Association aldizkarian argitaratutako ikerketa-lan batek. Ikerketa horretan aztertu zuten 2010 eta 2012 bitartean jaiotako 18.795 haur pakistandarrek difteriaren, tetanosaren, polioaren, kukutxeztularen eta elgorriaren aurkako txertoak jaso zituzten edo ez. Eta ikusi zuten talibanen aldeko jarrera indartsua zen eremuetan txertaketa-tasa % 23-39 gehiago jaitsi zela, jarrera ahula zutenetan baino.

Gainera, ikusi zuten txertatze-tasa gehiago txikitu zela nesketan. Horren arrazoia oso zabalduta zegoen zurrumurru bat izan zitekeen: txertoak emakume musulmanak antzutzeko Mendebaldearen estrategia bat zirela.

Txertatze-tasak zer eragin izan zuen ere aztertu zuten, eta ikusi zuten talibanen aldeko eremuetan 1,66 aldiz polio-kasu gehiago zeudela.

Hain zuzen ere, bereziki aipagarria da polio-kasuek ordutik aurrera izan duten gorakada. Mendearen hasieran, ia mundu osoan bezala, Pakistanen ere desagertzeko puntuan egon zen polioaren birusa; baina, 2012tik aurrera, gero eta kasu gehiago agertzen hasi ziren. 2014an jo zuen goia, 346 kasurekin.

Pakistango Gobernuak ahaleginak egin ditu txertoen aurkako jarrera aldatzeko eta polioa desagerrarazteko. Esaterako, 2015ean Gobernuak baieztatu zuen polioaren aurkako txertoa ez zela haram (islamak ez duela debekatzen), eta ez zuela haurrak antzutzen dituen hormonarik. Hala ere, txertoekiko mesfidantzak eta zurrumurruek jarraitu egin dute. 

Gaur egun, polioaren birus basatia desagertuta dago mundu osoan, bi herrialdetan izan ezik. Biak bata bestearen ondoan daude: Afganistan eta Pakistan dira.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila