Baztangaren konkista

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

Baztangaren konkista
2009/07/01 | Etxebeste Aduriz, Egoitz | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Manu Ortega)

Kingscote-ko zelaietan (Gloucestershire, Ingalaterra), 1784ko irailaren 2an, globo hura zerutik jaisten ikusi zutenek ez zuten berehalakoan ahaztuko irudi hura. "Hain zeuden beldurturik segalariak, ederki kosta zitzaien hurbiltzea" jaso zuen Gloucester Journal -ek. Ez da harritzekoa; ezin esan garai haietan globo aerostatikoak oso ezagunak zirenik. Lehenengoa bi urte lehenago aireratu zuten Frantzian, eta segalariak beldurtu zituen hura Ingalaterrako lehenengoetakoa izango zen. Berkeley-tik abiatu zen, 16 bat kilometrora, Edward Jenner-en eskutik.

Ez zen kontu horietan aditua Jenner. Baina esperimentatzeko eta ikertzeko dohain handiak zituen, eta, globoekin lehenengo probak egiten ari ziren garai hartan, berak ere ezin gelditu bere probatxoa egin gabe. Globoak aireratzea baino askoz gehiago egingo zuen Jennerrek; baina, arlo pertsonalean bada ere, izan zuen bere garrantzia esperimentu hark. Anthony Kingscote-n lurretan bukatu zuen hegaldia hidrogenoz betetako globoak. Eta han ezagutu zuen Jenerrek Kingscoten hiru alabetako bat, Catherine. Handik 4 urtera ezkondu ziren.

Jenner medikua zen ofizioz. 14 urterekin hasi zen zirujau batekin aprendiz, eta 21 urterekin Londresera joan zen John Hunter garai hartako zirujau ospetsuenarekin trebatzera. Berehala bihurtu zen Hunterren begietako ikasle, eta baita bizitza osorako adiskide ere.

Ofizioaz gain, afizioak ere elkartu zituen bi lagunak. Jennerrek txikitatik izan zuen zaletasuna naturarekin zerikusia zuen guztiarekiko, eta, bereziki animaliekiko. Hunterri eta biei jakin-min handia pizten zien jakiteak nola geldi ote zezaketen euren bizia landare eta animalia batzuek neguan zehar. Hala, Hunterrek bultzatuta, trikuen gorputz-tenperaturak ikertzen aritu zen Jenner. Eta hibernatzen zeuden trikuen urdailean janaria jarri ere egin zuen, digeritzen zuten ikusteko.

Hegaztien migrazioak ere ikertu zituen Jennerrek. Eta baita kuku jaioberrien portaera lehenengoz behatu ere. Kukuak beste espezieko txorien habiatan jartzen du bere arrautza. Ostalariaren berezko arrautzak desagertu egiten dira, eta kuku ama jotzen zen horren errudun. Jennerrek ikusi zuen kuku jaioberria zela beste arrautzak edo txitak habiatik behera bultzatzen zituena; eta, lan horretarako, kuku-txitek bizkarrean sakonune bat zutela ere ikusi zuen, arrautzak maneiatzen laguntzen ziena, eta 12 egunen buruan desagertzen zena.

Londresen zegoela, Cook kapitainaren bigarren espedizioan naturalista gisa joateko postu bat ere eskaini zioten. Baina, zorionez, Berkeleyra itzultzea erabaki zuen, medikuntzan aritzeko.

Garai hartan, baztanga heriotza ugari eragiten ari zen Europa osoan. Gaitzari aurre egiteko modu bakarra Lady Mary Wortley Montagu-k Turkian ikusi eta Ingalaterrara ekarri zuena zen: baztanga ahulxeago bat izan zutenen zornea injektatzea. Hortik bizirik ateratzen zirenek ez zuten gehiago baztangarik harrapatzen. Baina hori ez zen beti gertatzen.

Jennerri ere eman zioten tratamendu hori txikitan. Izugarri sufritu zuen, eta ez zuen inoiz ahaztuko esperientzia hura. Berak ere erabili zuen teknika hura bere gaixoak baztangatik babesteko. Baina beste kontu bat zerabilen aspalditik buruan. Entzuna zuen behietatik kutsatuta behi-baztanga harrapatzen zutenek ez zutela sekula baztangarik harrapatzen. Eta kalean zebilen zurrumurru hari kasu egin zion Jennerrek.

Behi-baztanga baztanga arruntaren aldaera bat da, behien errapeei eragiten diena. Behiak jezten zituzten emakumeak, batzuetan, behi-baztangarekin kutsatzen ziren, eta egun batzuetako ondoeza eta pikor batzuk eragiten zizkien, baina ezer larririk ez. Eta emakume haiek immunizaturik gelditzen ziren baztanga arruntarekiko.

1796ko maiatzean, Sarah Nelmes Jennerrengana joan zen, besoan atera zitzaion legen batekin kezkatuta. Medikuaren ustez ez zen baztanga; behi-baztanga diagnostikatu zuen. Sarahk berretsi egin zuen diagnostikoa: bere Blossom behiak behi-baztanga izan berri zuen. Hura zen Jennerren aukera. Behi-baztanga oraindik baztangarik izan ez zuen norbaiti sartu behar zion.

James Phipps aukeratu zuen, bere lorazainaren zortzi urteko semea. Mutikoaren besoan zauri batzuk egin, eta Sarahren legenetik ateratako materiala sartu zion. Egun gutxira gaixotu egin zen: behi-baztanga zuen. Orain, azken froga falta zen. Baztanga arruntaren birusa sartu zion mutikoari, eta, espero bezala, ez zen gaixotu. Ez aldi hartan, eta ezta birusa sartu zion hurrengo guztietan ere.

Phipss-en atzetik, beste hainbat umerekin egin zuen proba. Tartean, baita bere 5 urteko semearekin ere. 1798an argitaratu zuen behi-baztangak baztanga arruntetik babesteko balio zuela frogatzen zuen lana. Hura izan zen txerto bati buruzko lehen lan zientifikoa. Eta, horregatik, immunologiaren aitatzat hartzen da gaur egun Edward Jenner. Ordutik, txertoari vaccine esaten zaio ingelesez, eta vacuna gaztelaniaz (latinezko vacca tik).

Baina teknikaren arrakasta ez zen berehala etorri. Behietatik zetorren materiala gorputzean txertatzeak beldurra eragiten zuen, txertoa hartzen zutenak nolabait "behituko" ote ziren beldurra. Laster agertu ziren behi-burudun gizakien marrazkiak ere. Eta erlijioaren aldetik ere arazo bat zen gizakia baino maila baxuagoko izakien substantziak odolean sartzea.

Hala ere, aurrera egin zuen Jennerrek, eta munduan zehar bere materiala banatzeari ekin zion. Aurkariak aurkari, zabalduz joan zen teknikaren erabilera, eta, azkenean, erabateko aitortza eta ospea lortu zituen Jennerrek. Napoleonek ere bere tropak txertatzeko agindua eman zuen. Eta, Jennerrek, preso ingeles batzuk askatzeko eskatuz idatzi zionean, honela esan omen zuen: "A, Jenner, ezin diot ezer ukatu hari".

1801ean, txertoaren zabalkundeari buruz idatzi zuenean, honela amaitu zuen: "...baztanga, gizakiaren aurkako zigorrik ikaragarriena, erabat ezabatzeak izan behar du ekintza hauen azken emaitza". 180 urte behar izan ziren Jennerren iragarpena betetzeko; baina erabat ezabatu den lehenengo gaixotasuna izan da baztanga. 1980an, formalki adierazi zuen Munduko Osasun Erakundeak: "Hil da baztanga!"

Etxebeste Aduriz, Egoitz
2
255
2009
7
039
Historia; Medikuntza; Osasuna
Istorioak
56
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila