Bizaldikoa, auto bat nekazarientzat

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Bizaldikoa, auto bat nekazarientzat
2010/12/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Guillermo Roa)

Citröen 2CV autoaren lehen modeloak 8 zaldi-potentzia zituen. Gaizki-ulertu baten ondorioz, ordea, 2 zaldi-potentzia zituen ustea errotu zen herri-tradizioan, eta horrek eman zion autoari kaleko jendeak aspalditik erabiltzen duen izena. Frantsesez, deux chevaux ; gaztelaniaz, dos caballos ; eta, euskaraz, bizaldikoa esaten diote.

Baina 2CV izenak ez zuen adierazten potentzia, baizik eta bi zilindroko motorra zuela, V-forman jarrita. Guztira, 375 cc. Motore txikia da gaurko estandarretatik begiratuta, baina, garai hari begiratuz gero, Citröenek erabat asmatu zuen. Motor horrek oso kontsumo txikia zuen, eta auto egokia zen herritarrentzat.

Bizaldikoa diseinatu zen garaian, 1930eko hamarkadan, Frantzia gehienbat nekazari-herri bat zen. Horregatik, Pierre Boulanger Citröen enpresako zuzendari nagusiak haientzako moduko auto bat diseinatzeko eskatu zien ingeniariei. Agindua oso argia izan zen; funtzionatzeko ezinbesteko osagaiak izan behar zituen autoak, besterik ez. "Lau gurpil aterki baten azpian", esan zuen. Eta, horrez gain, baldintza sinple batzuk bete behar zituen: alde batetik, bi lagun txapeldunentzako tokia izan beharko zuen; bestetik, 50 kiloko zama eramateko gauza izan behar zuen; eta, gainera, arrautzez betetako kaxa bat garraiatu behar zuen laborantza-eremu batean, arrautzak puskatu gabe. 1936an sortu zuten lehen prototipoak, 8 zaldi-potentziako modelo hark, baldintza horiek guztiak betetzen zituen. Arrautzak garraiatzearen proba bera ere filmatuta dago.

Eta ez zen hori bakarrik. Nahitaez auto merkea izan behar zuen, esan bezala, nekazariek erosi ahal izateko. Horretarako, diseinuak minimoetara jo zuen. Esate baterako, aurreko argi bakarra zuen, Frantzian ez baitzuten legez eskatzen bi argi izatea. Eta aluminiozko karrozeria zuen, oso metal merkea. Arazoa zen aluminioa ez dela oso material gogorra; horregatik, Citröenek uzkurtu egin zuen aurrealdeko txapa, eta gogortasuna handitu zuen, autoa asko garestitu gabe.

Bigarren Mundu Gerra

Bizaldikoa ez zen garai hartan merkaturatu; Parisko autoen azokan aurkeztu nahi zuten 1939an. Baina, urte hartan, Citröenek prototipoak fabrikatu bitartean, Hitler Polonian sartu zen. Irailaren 3an, Frantziak eta Ingalaterrak gerra deklaratu zioten Alemaniari, eta azoka bertan behera utzi zuten frantsesek.

Bizaldikoak, nekazarien lanerako hain aproposa zen ingeniaritza-lan hark, alemaniarren eskuetan bukatuko ote zuen beldur ziren Citröenekoak. Ordurako, 250 ale eginda zituen, eta Boulangerrek denak suntsitzea erabaki zuen, ale bakar bat izan ezik (lau ale, iturri batzuen arabera). Auto hura desmuntatu, eta piezak granja batean ezkutatu zituzten, gerra bukatu arte.

Gerra bukatu eta Frantziak normaltasuna berreskuratu arte, urte batzuk igaro ziren. Citröenekoek berriz osatu zuten bizaldikoa, eta egokitzapen batzuk egin zizkioten. Adibidez, urik gabeko hozte-sistema bat jarri zioten motorrari. Urik behar ez duen motor batek ezin du ur-faltarengatik matxurarik izan. Bestetik, aluminiozko txaparen ordez altzairua jarri zioten modelo berriari.

1948ko Parisko azokan aurkeztu zuen Citröenek auto berria. Eta kronikek diotenez, bizaldikoa ikuste hutsak barrea eragin zien kritiko askori. Kazetari amerikar batek, adibidez, galdetu zuen prezioan lata-irekigailu bat sartuta ote zegoen.

Nolanahi ere, ingeniaritzaren arrakasta ez dago kritikarien eskuetan. Gerra osteko modeloa 9 zaldi-potentziako autoa zen, bost litro baino gutxiago kontsumitzen zuen 100 kilometroan, orduko 65 kilometroko abiadura hartzen zuen, eta esekidura-sistema harrigarria zuen, autoa ez iraultzeko modukoa. Gainera, auto amerikar estandarrak baino hiru aldiz merkeagoa zen. Herriarentzat diseinatutako autoa zen, eta herriak erantzun egin zuen. Salmentak ikaragarriak izan ziren. 1950ean, bizaldiko bat erosteko, sei urteko itxaron-zerrenda zegoen.

Eboluzio teknologikoaren arbasoa

Denborarekin, modelo berriak egin zituzten, garaian garaiko egoerari eta teknologiari egokitzeko edo ibilgailu berriak sortzeko (furgonetak, adibidez). Garapen horren ondorioz, bizaldiko eboluzionatuak sortu ziren, eta, une batetik aurrera, bizaldikoa baino harago dauden ibilgailuak ere bai. Azkenean, bizaldikoa beste auto askoren arbaso ebolutiboa izan zen: H furgoneta (1951), Sahara (1958, 4x4 auto bat), Ami 6 (1961), Diane 6 (1967) eta Mehari (1969).

Bizidunen espezieen eboluzioarekin konpara daiteke; Citröenen "zuhatitz genealogikoko" jatorrizko abiapuntua bizaldikoa izango litzateke. Baina alde handi bat dago: bizaldikoak berak bere ondorengo guztiak baino gehiago iraun zuela, bai produkzioan, baita merkatuan ere. Ondorengoak arrakasta handiko autoak izan ziren, baina oso azkar desagertu ziren, jatorrizkoarekin alderatuta.

Denborarekin, Citröenek bizaldikoa fabrikatzeari ere utzi zion. 1990ean fabrikatu zuen azkenekoa. Guztira, 3.800.000 ale saldu zituen. Zalantzarik gabe, nekazarien autoa gakoa izan zen Europako mekanizazioan. Ez zen bakarra izan; filosofia eta emaitza bera izan zuen Volkswagen Sedan, kakalardoa , autoaren sorrerak. Hitlerrek berak eskatu zuen herriarentzako auto bat diseinatzeko ( Volkswagen hitzak herriaren autoa esan nahi du), eta, gerran, auto militar moduan erabili zuen kakalardoa. Gerora, Europari modernizatzen lagundu zion, bizaldikoarekin batera.

Roa Zubia, Guillermo
2
270
2010
12
026
Ingeniaritza; Garraioak; Industria
Gogoetan
56
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila