Zientzia-dibulgazioaren sariak

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

Otsailaren ezohiko 29. egun horretan banatu ziren XIV. CAF-Elhuyar sariak, Elhuyar Fundazioaren Usurbilgo egoitzan. Aurten, bi urtetik behin egin ohi denez, dibulgazio-artikuluak saritzeaz gain, liburu bat idazteko proiektu bati beka bat eman diote. Eta, bide batez, duela bi urteko beka irabazi zuen liburuaren aurkezpena ere egin zen ekitaldian.
Zientzia-dibulgazioaren sariak
2008/04/01 | Etxebeste Aduriz, Egoitz | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Poly Fotografos)

Idaztea gustuko duen eta zientzia-gaiak interesatzen zaizkion edonori egiten diote gonbita urtero CAF enpresak eta Elhuyar Fundazioak dibulgazio-artikuluak edo liburuak euskaraz idazteko eta sariketa honetan parte hartzeko. Aurten, medikuntza nagusi izan da aurkeztu diren artikuluen eta liburu-proiektuen artean. Izan ere, lanen erdiak gai horri buruzkoak izan dira. Baina beste gai asko ere jorratu dituzte gainerako lanetan. Epaimahaiaren hitzetan, "lan gehienetan, maila ona edo oso ona ikusi da".

Artikuluak

Dibulgazio-artikuluetan irabazlea Aitor Urbieta Artetxe debarra izan da, "Etxetresnek nahiago dute jazza jotzea sinfonia jotzea baino" lanarekin. Egileak ingurune adimendunen munduan murgilarazten gaitu, eguneroko bizitzan etxe adimendun batek zer abantaila ekarriko lizkigukeen azalduz. Izan ere, elkarren artean koordinatuta eta batzuk besteekin komunikatuta, gure eguneroko nahiak eta beharrak era automatikoan beteko lituzkete, ez lukete zuzendaririk beharko, eta, jazzlarien gisa, egoeraren arabera inprobisatuko lukete, erantzun on bat emateko. Epaimahaiaren esanean, "artikulu biribil honetan, egileak amets horren atarian gaudela erakusten digu, era sinple batez eta, aldi berean, sakontasun osoz".

Jazz doinuak ez leudeke gaizki bigarren saridunak erakusten digun paisaia ezkutua musikatzeko. "Ilargiaren alde ezkutua" lanarekin irabazi du Jon Azkarraga Aretxabala fisikariak bigarren saria. Ilargiaren eta Lurraren arteko harremanaren ezaugarriak eta berezitasunak aurkituko ditugu artikulu honetan, eta, besteak beste, ilargiaren alde bat zergatik dagoen beti ezkutuan ikusiko dugu. Zientzialarientzat oraindik ezkutuan dagoen ilargiaren jatorriari buruz ere hitz egiten du egileak. "Ilargiaren eta Lurraren arteko lege fisikoak erraz adierazten ditu" nabarmendu zuen epaimahaiak eta "ongi uztartzen ditu zientzia-ezagutzak eta amandre eder horrek gizakioi sorrarazten digun amets-gogoa".

Begoña Arratek bere liburua aurkeztu zuen.
Poly Fotografos

Eta ilargira ez, errekan behera joan da hirugarren saria, Lide Aristegi Urkia biologoaren eskuetara. "Egur hila, erreka bizia" izeneko artikuluan, erreketako egur hilak duen garrantzi ekologikoaz hitz egiten digu Aristegik. Izan ere, epaimahaiak azaldu zuen bezala "egur hilaren inguruan, bizia loratzen da". Lan hau erraz irakurtzeko modukoa dela ere argi utzi zuen epaimahaiak: "harriduraren ildotik, arrapalada batean irakurriko dugu, idazkera zehatz eta egokia baitu".

Azkenik, 25 urtetik beherako gazteentzako sari berezia Xabier Artaetxebarria Artieda donostiarrak irabazi zuen "Ordenagailu bidezko diagnosia: ordenagailuak mediku?" lanarekin. Epaimahaiaren esanean, "artikulu honetan, idazleak, oso era egokian, gertu dagoen etorkizun zirraragarri batera eramaten gaitu".

Liburuak

Dibulgazio-liburuaren saria Javier Navarro Los Arcos iruindarrak irabazi du Fisika eta Metafisika proiektuarekin. Historian zehar zientzialariek eraiki dituzten galderak eta erantzunak josi nahi ditu Navarrok, ekintza pertsonalen balioa erakutsiz, eta muga psikologiko, sozial eta historikoak kontuan hartuz; eta, metafisikaren hari jarraitua azaldu, Babiloniatik Einsteinenganaino, Aristotelesengandik elektroietaraino eta hutsaren ideiatik infinituraino.

Aitor Urbieta, saria eskuetan, eta hiru epaimahaikiderekin: Koldo Nuñez, Mikel Alvarez eta Joseba Etxebarria. Epaimahaikideetako bi ez dira ageri argazkian, Cristina Alberdi eta Enrique Ortega.
Poly Fotografos

Hutsean gelditu ez dena duela bi urteko beka irabazi zuen Begoña Arrate Larrañagaren Biziaren sarea ehuntzen proiektua izan da. Jada ikusi du argia, izenburu bereko liburu bihurturik, eta ekitaldian aurkeztu zuen Arratek berak. Idazlearen iritziz, eta zenbait zientzialariren postulatuei so eginez, XXI. mendea sareen mendea izango da, eta natura sareen zientziaren bidez aztertzeak aurrerapauso nabarmenak ematea ahalbidetuko dio gizakiari. Horrenbestez, liburuaren helburuak dira ideia horren inguruko eztabaida filosofiko-zientifikoak zertan dautzan azaltzea eta irakurleei biziaren sarea nolakoa den imajinatzen laguntzea.

Etxebeste Aduriz, Egoitz
3
241
2008
4
033
Sariak; Elhuyarren berriak
Dosierra
02
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila