Hiriak, lurraren jabe

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

"Gaur egungo Tanzaniako Laetoli herrian, duela hiru milioi urte baino gehiago, beren oinatzak utzi zituzten harean gaurko gizakiaren bi arbasok (...) Seguru asko ehunka edo beharbada milaka pertsonaz osatutako talde baten partaide ziren, eta garatu gabeko tresnak zituzten. Hainbat kasualitate direla medio, haien oinatzek iraun egin dute, eta, horri esker, gaur oinatzok ikusteko eta miresteko aukera dugu. Gaur egun, gizateriaren oinatzak agerikoak dira. Giza jarduerak planetaren leku eta ekosistema guztiei eragin die (...)"
Hiriak, lurraren jabe
2005/11/01 | Galarraga Aiestaran, Ana | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(Argazkia: Artxibokoa)
Horrela hasten da Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 2001ean kaleratu zuen populazioaren egoerari buruzko txostena. Lerro horiek nahikoak dira jabetzeko gizakiak ingurumenean duen eragina lehen baino askoz ere handiagoa dela gaur egun.

Gizakiaren eragina erabat nabarmena da, eta espaziotik ere garbi ikusten da. NBEk adibide deigarrienak biltzen dituen liburua argitaratu du aurten. Liburuan, elkarren ondoan azaltzen dira duela hamarkada batzuetako satelite bidezko argazkiak eta oraingoak, eta, horietan, nabarmen azaltzen da azkenaldian aldaketak inoiz baino handiagoak eta azkarragoak izan direla.

Aldaketetako batzuk naturak berak sortuak dira: tsunamiek, sumendiek, lurrikarek eta halakoek indar handia dute, eta gai dira eremu zabalak eraldatzeko. Beste kasu batzuetan ez dago garbi zein den aldaketaren kausa eta zenbaterainokoa den gizakiaren eragina. Adibidez, glaziar askok atzera egin dute, eta, batzuek uste badute ere prozesu naturala dela, beste batzuen iritziz giza jardueraren ondorio da.

Boliviako Tierras Bajaseko nekazariek oihana soiltzean sortzen den aldaketa nabari da argazkian.
NASA

Nolanahi ere, ezin da ukatu aldaketa asko gizakiak eragin dituela. Gizakiak soildu ditu Hego Amerikako oihanak, nekazaritzako lurrak izateko, eta gizakiak bihurtu ditu negutegi erraldoi 20.000 hektarea lur Almerian, Espainiaren hegoaldean. Toki horietako irudiak benetan adierazgarriak dira.

Beste leku eta era askotako adibideak ere badaude, nekazaritza-jarduerak ez ezik hirigintzak ere sortzen baititu aldaketak. Esate baterako, oso kezkagarria iruditzen zaie NBEkoei Miamiren bilakaera. Izan ere, hiria mendebalderantz hedatzen ari dela eta, Evergladesen ekosistema arriskuan jartzen ari da. Evergladesek UNESCOren babesa du, munduko hezegune handienetakoa da eta oso ekosistema aberatsa du. Hiria haraino iritsiz gero, kalteak izugarriak izango lirateke.

Hirien hazkundea, geldiezina

Hiri handiak non dauden erakusten dute gaueko argiek. Hemendik urte batzuetara, orain ilunpetan ikusten diren eremuak argiz beteta egongo dira.
NASA
Horixe da espaziotik nabarmentzen den beste ezaugarrietako bat: populazioa izugarri hazi da, baina ez denean berdin, hazkundea beste inon baino nabarmenagoa baita hirietan. Hain zuzen ere, munduko populazioa ez da sekula hazi orain adinako abiaduran, eta, horrez gain, landa-eremuak utzi eta hirietan biltzeko joera dago. Ondorioz, hirietako populazioa batezbestekoa baino azkarrago ari da hazten. Datua adierazgarria da: herrialde garatuetan, populazio-hazkundearen % 90 hirietan ari da gertatzen.

Atzera begiratuz gero, are esanguratsuagoak dira datuak. Izan ere, 1800ean populazioaren % 2 bakarrik bizi zen hirietan. 1950ean, berriz, % 30 ziren hiritarrak, eta 2000n, % 47. NBEren arabera, egunean 180.000 lagun gehiago daude hirietan, han jaio direlako edo hara joan direlako bizitzera. Hortaz, 2030. urterako populazioaren % 60 hirietan biziko dela kalkulatzen dute.

Gainera, herrialde pobreetan haziko dira gehien hiriak. Han, 1.900 milioi lagun biltzen ziren hirietan 2000. urtean, eta 2030erako 3.900 milioi izatea espero dute. Aldiz, herrialde garatuetan motelagoa izango da hazkundea: 900 milioitik mila milioikoa izatera pasatuko da.

Afrikako biztanleria landatarra da gehienbat, baina han haziko dira gehien hiriak hurrengo urteetan.
MEC

Gaur egun, herrialde garatuetako populazioaren hiru laurden hiritartuta dago. 2030erako, % 84koa izango da proportzio hori. Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan ere biztanleen hiru laurdenak hiritarrak dira, baina kontuan izan behar da 1960an populazioaren erdia bakarrik bizi zela hirietan. Eta, hala ere, han baino azkarrago ari da areagotzen hiritar-kopurua Afrikan.

Afrikako biztanleria landatarra da gehienbat; populazioaren heren bat baino gehixeago besterik ez zuten hartzen hiriek 2000. urtean. Baina hazkunde-tasa beste inon baino handiagoa da, % 4,97koa hain zuzen; beraz, izugarri ari dira hazten hiritar-kopurua eta hiriak kontinente hartan. Gero, Afrikaren ondotik, Asia dator. Bi kontinente horietan dago populazio-hazkunde handiena, eta hor ari dira hazten gehien hiriak.

Etxean berdintsu

Hiriak hain azkar hazteak desorekak sortzen ditu gizartean.
MEC
Euskal Herrian ere baserritik hirirako immigrazio handia egon da, eta joera horrek iraun egiten du gaur egun. Hala, landa-eremuak biztanleak galtzen ari dira, eta nekazaritza-lur soil bihurtzen ari dira. Horietan hazten dira hiritarrek behar dituzten elikagaietako batzuk, baina, gero eta gehiago, kanpotik ekartzen dira janariak. Ondorioz, lehen baino nekazari eta abeltzain gutxiago daude, eta askok nahiago dute, ziurtasunik gabeko eta irabazi gutxiko lan hori utzita, hirira joan beste bizimodu baten bila. Zerbitzuak ere hirietan zentralizatuta daudenez, ez da harritzekoa hirirako joera izatea.

Lurraldetik lurraldera aldea dago, hala ere. Esate baterako, azken hamarkadetan Zuberoa eta Nafarroa Beherea biztanleak galtzen ari badira ere, Lapurdin populazioa hazten ari da. Hain juxtu, kostaldean ari da biltzen jendea batez ere. Bestalde, azkenaldian Zuberoa eta Nafarroa Beherea jendea jasotzen hasi diren arren, kasu askotan bigarren etxebizitza egiteko da, gizarte-arloko hainbat adituk salatzen dutenez. Haien ustez, horrek areagotu egiten du desoreka.

Nafarroan eta Araban ere populazioa kontzentratzen ari da. Iruñea eta Tutera dira hazten ari diren nukleoak Nafarroan; Araban, berriz, Gasteizek biltzen du populazioaren gehiengoa, eta beste edozein gune baino azkarrago ari da hazten. Nukleo horietatik gertu dauden herriak ere ari dira hazten, baina asko lo-hiri bilakatzen ari dira.

Orografiak erabat baldintzatzen du Euskal Herriko hirien urbanizazioa.
D. Solabarrieta

Orain bertan eztabaida handia dago Nafarroako Gendulainen egin nahi dituzten etxeen gainean. Iruñetik hamar kilometrora dago Gendulain, eta, dirudienez, hamabost urtean 15.000 etxebizitza eraikitzeko asmoa du eskualdeko eraikuntza-enpresa gehienak biltzen dituen elkarteak. Hori hala balitz, Nafarroako bigarren hiria bihurtuko litzateke.

Gipuzkoan eta Bizkaian, berriz, oso bestelakoa da egoera. Bi lurralde horietan zaila da horrelakorik gertatzea, beste era batera baitaude urbanizatuta. Bien populazio-dentsitatea Europako Batasuneko batezbestekoaren gainetik dago (Europako Batasuneko batezbestekoa 80 biztanle/km 2 da, Bizkaian 506 biztanle daude km 2 -ko, eta Gipuzkoan 340). Euskal Herriko hiri handienak ere bi lurralde horietan daude; beste lurraldeetan ez dago 100.000 biztanletik gorako hiririk, aitzitik, Gipuzkoan bat dago, eta Bizkaian hiru.

Euskal Herriko lurraldeen artean dauden aldeak XIX-XX. mendeetan gertatu zen industria-garapenaren ondorioz sortu dira. Horretaz gain, orografiak ere erabat baldintzatu du urbanizazioa, eta haranetik haranera ere badaude diferentziak. Nolanahi ere, ikuspegi orokor batetik, beste edozein herrialde garaturen joera berbera du Euskal Herriak, alde on eta txar guzti-guztiekin.

6.555.000.000 kontsumitzaile
Kalkuluen arabera, sei mila milioi eta erdi lagun baino gehiago ditu munduak, eta pasatzen den segundo bakoitzeko handitu egiten da kopuru hori. Pertsona horiek denek natur baliabideak erabiltzen dituzte, baina denek ez dituzte neurri berean ustiatzen eta kontsumitzen.
(Argazkia: MEC)
Izan ere, kontsumitzen dutenari erreparatuta, amildegi sakona dago herrialde garatuen eta garatze-bidean daudenen artean. Munduan egiten den kontsumo pribatuaren % 86 herrialde aberatsenetan egiten da, nahiz eta haietan populazioaren % 20 besterik ez den bizi. Beste muturrean, populazio pobreenaren % 20k kontsumitzen den guztiaren % 1,3rekin bakarrik moldatu beharra dauka.
Beste era batera esanda, edozein herrialde pobretako 30-50 umek bizi osoan gastatzen duten baino gehiago kontsumitzen du herrialde garatu batean jaiotako haur bakar batek.
Megahiriak
1950ean, bi hirik besterik ez zuten 10 milioi biztanle baino gehiago, New Yorkek eta Tokiok, alegia. 2015erako, baina, hogeita bi hirik izango dituzte 10 milioi lagunetik gora. Hogeita bi horietatik hemeretzi garatze-bidean dauden herrialdeetan egongo dira.
(Argazkia: Artxibokoa)
Hamar milioi biztanlera iristen ez diren beste hiri handi asko daude munduan. 2000. urtean, hogeita bi hirik 5-10 milioi lagun zituzten; laurehun eta bik zituzten 1-5 milioi, eta laurehun eta hamairuk 0,5-1 milioi lagun.
Galarraga Aiestaran, Ana
3
214
2005
11
029
Ingurumena
Dosierra
2
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila