Egurra modu askotara irits daiteke ubidera: elurte eta haizeteetan, ertzetako malden higaduraren ondorioz edota ihartutako zuhaitzak erorita. Prozesuotako bakoitzaren garrantzia kokapen eta ibar-baso motaren araberakoa da; adibidez, erreka-malkarretan luiziek egur asko sartzen dute; ordokikoetan, meandroen migrazioek. Behin egurra uretara erortzen denean, bertan atxikita gera daiteke, edo ibaiak beherantz garraia dezake. Erreka txikietan maiz egur-presa egonkorrak sortzen dituzte enborrek; handietan, berriz, pila mugikorragoak.
Egurrak ibilguaren itxura moldatzen du, putzu eta ur-jauziak eratuz. Putzuok estaldura eta babesa ematen diete arrain eta ornogabeei, eta ura eta sedimentuak geldiarazten dituzte. Ur geldoan metatzen diren txintxarretan erruten dute amuarrainek. Sedimentuez gain, orbela metatzen dute, bazka-sarearen energia- iturri garrantzitsua.
Ura, materia organikoa eta sedimentuak atxikitzen ditu : Egurra ibilguko egitura atxikitzaileena da, materia organikoaren % 75 egurrean metatzen baita, hots, errekak urtean zehar jasoko duen bazka gehiena. Egurrak oztopoak jartzen dizkio urari, abiadura moteldu eta atxikipen-gaitasuna emendatuz. Uholdeetan urak duen indarraren ondorioz, jaki eta sedimentu ugari garraiatzen dira, eta egurraren funtzioa ezinbestekoa da une horretan.
Ubidea eta ertzak egonkortzen ditu : Sedimentuaren garraioan duen eraginarengatik, egurrak ibilgua egonkortzen du; errekaren 'bizkarrezurra' dela esan daiteke. Egurraren presentziak ubide zein ertzetako higadura saihesten du erreka txiki nahiz handietan.
Habitat garrantzitsuak eskaintzen ditu : Enbor handiek uholde eta harraparietatik babesten dituzte arrainak, eta itzala, bazka, errute- eta hazte-lekuak sortzen dituzte. Arrain helduen migrazioan laguntzen dute, atsedenerako ur bareak eratuz. Lehorte gogorretan, putzu sakonek babeslekua eskaintzen diete arrainei.
Janaria eskaintzen du : Hainbat bakterio, onddo eta mikroorganismo egur hiletan hazten dira. Ornogabe Janaria eskaintzen du : Hainbat bakterio, onddo eta mikroorganismo egur hiletan hazten dira. Ornogabe espezie batzuek egurra jaten dute.
Ornogabeen bizi-zikloak mantentzen ditu : Hainbat ornogabe-espezieren bizi-zikloa hertsiki lotua dago egurrari. Larbak uretan eta helduak lehorrean bizi direnez, uretatik kanporatzen laguntzen die.
Babesleku garrantzitsua da : Talde guztietako uretako animalia gehienek (ornogabe, arrain, anfibio, hegazti zein ugaztun) egur-presak erabiltzen dituzte babesleku eta behatoki gisa. Uholde-garaian, ornogabeak legar artean edota enborren atzean babesten dira.
Uraren kalitatea hobetzen du : Egurrak errekaren atxikipen-gaitasuna emendatzen du, eta materia denbora gehiago mantentzen du errekan geldirik. Horrela, errekako bizidunek elikagai gisa erabiltzen dute, eta erreka arazten dute. Bestalde, egur-presek uraren oxigenazioan laguntzen dute.
Uharteak eratzea erregulatzen du : Ibai handietan egurra ez da presak eratzeko gai, baina, enborren inguruan gelditzen diren sedimentuei esker, uharteak eratzen dira.
Nahiz eta egurrak erreketan garrantzi ekologiko handia izan, oraindik ere erauzi egiten da ibilguetatik, hainbat arrazoi direla medio. Esate baterako, hainbat tokitan egurrek zubiak itxi ditzake, eta uholdeetan kalteak sortu. Baina irtenbidea ez da beti egurra erauztea, diseinu egokiko zubiek ez baitute kalterik jasaten. Kasu batzuetan, arrainei pasabidea errazteko ezabatu izan dira egur-presak, kontuan hartu gabe presa horiexek direla arrainen babesleku egokienak, eta, gainera, gutxitan direla arrainen migraziorako oztopo. Arrazoi estetikoengatik ere, erreka 'garbi' mantentzeko, maiz kentzen dira egur-egitura guztiak, horrek errekari dakarkion kalte ekologikoa ahaztuta.
Ikusi dugunez, egur hila oso garrantzitsua da ibaien kalitate ekologikorako. Gure gizartean, ordea, jende gutxi jabetzen da horretaz. Interesgarria da ikustea nola aldatzen den egur hilaren pertzepzioa leku batetik bestera, horrek nabarmen eragin baitezake errekak leheneratzeko garaian.
Adibidez, duela urte batzuk, 10 herrialdetan inkesta bat egin zieten unibertsitate-ikasleei. Egur ugariko eta egurrik gabeko erreken argazkiak erakutsi, eta iritzia eskatu zieten. Herrialde gehienetan, ikasleek askoz nahiago zituzten egurrik gabeko errekak, naturalagoak, politagoak eta ziurragoak iruditzen baitzitzaizkien. Kontrakoa pentsatzen zuten Oregongo (AEB), Alemaniako eta Suediakoek, nonbait baso ugariko lekuak, eta errekak leheneratzen hasiak direnak. Egurraren pertzepzioa gizartearen garapen soziokulturalarekin erlazionatuta dago, beraz.
Gizarteak ez dira, noski, homogeneoak. Polonian inkesta berbera egin zieten geografiako, biologiako eta ur-ingeniaritzako ikasleei. Geografiako zein biologiako ikasleek, azken urteetakoek bereziki, erreketako egur hila estimatzen zuten; ingeniariek berriz ez, oso arriskutsutzat jotzen baitzuten. Bada zer ikasia horrelako ikerketetatik, gizarteak ingurumenean duen eragin okerra gutxituko badugu.
Azken urteetan, gero eta nabarmenago geratu da egur hilak zeregin garrantzitsua duela erreketan. Baina, aldi berean, agerikoa da munduko erreka eta ibai gehienetan egur gutxi dagoela, mendeetan zehar erauzi egin baita ibilguetatik. Beraz, han-hemenka hainbat leheneratze-proiektu egin dira, errekan egur hila sartu dutenak. Noski, kontua ez da erreketara egurra itsu-itsuan botatzea. Ondo aztertu behar da zergatik dagoen egur gutxi ibilguan, zer onura ekologiko ekar ditzakeen kasu bakoitzean, eta, noski, zer kalte ekonomiko edo sozial sor daitezkeen. Garbi izan behar da helburua: arrainen populazioa haztea, higadura gutxitzea, eta atxikimendua emendatzea. Helburu hori betetzeko zer urrats eta zer epetan eman behar diren aztertzea ezinbestekoa da.
Hona hemen erreka edo ibaiari egurra itzuli dioten leheneratze-proiektuen adibide batzuk:
- Estatu Batuetan, bereziki mendebaldeko estatuetan, egurraren rola onartua dute, eta ibilgutik ateratzea debekatua dago. Gainera, enborrak uretara sartzen dira, arrainak ugaritzeko.
- Ingalaterrako New Forest zohikaztegiz estalitako goi-ordoki bat da. Duela 150 urte errekak zuzendu eta dragatu egin zituzten, eta horrek arriskuan jarri zuen zohikaztegia. Gaur egun, ibilguetan egurra bota dute, sedimentuak meta ditzan eta lurpeko uren maila igo dadin, hezeguneak leheneratze aldera.
Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek urteak daramatzate egurrak erreketan betetzen duen funtzioa ikertzen. Emaitzek erakusten dute gure erreketako egur-kantitatea eskasa dela gizakiaren jardueren ondorioz (ubideen garbiketa, ibar-basoaren aldaketak), eta, ondorioz, ubide askoren konplexutasun eta atxikimendua urria dela. 1995-1998 bitartean egindako proiektu batean, egurra atera zen erreka batzuetako ubideetatik. Ondorioek erakutsi zuten egurrak garrantzia zuela sedimentuen higaduraren kontrolean, materia organikoaren pilaketan eta putzuen eraketan.
Gaur egun, Europa mailan onespena jaso duen ikerketa zientifiko bat burutzen ari dira. Europako Batasunak LIFE izeneko proiektuak ematen ditu, tokian tokiko erakundeekin batera ingurumen-politika komunitarioa bultzatzeko. 2005eko deialdian, 182 proiektu aurkeztu zituzten, eta 54 onartu. Horien artean, seigarren gelditu zen LIFE Aiako Harria. Gipuzkoako Aldundiak eta Aiako Harria parke naturaleko udalek bultzatutako proiektuaren helburuak dira, besteak beste, erreken eta bertan bizi diren espezieen kontserbazio-egoera hobetzea.
Aiako Harria parke naturala balio naturalistiko handiko aldea da, eta hango errekak eta ibaiak Euskal Herriko onentsuenetakoak dira. Parkearen barruan, Añarbeko urtegia dago, gipuzkoarren erdiei kalitate goreneko ura ematen diena. Dena ez da, ordea, ona inguru horretan, eta ikerketek bi arazo aurkitu dituzte Añarbera doazen erreketan. Alde batetik, errekako espezieen populazioak ez daude oso egoera onean, ez arrainak, ez eta mehatxatutako ur-satorrak edo bisoi europarrak ere. Susmoa dute ibai-habitata ez dagoela behar bezain ondo. Bestalde, Añarbeko urtegira sedimentu eta orbel pila handiak sartzen dira, urtero tona asko, eta horrek kalte egin diezaioke uraren kalitateari epe luzera.
Bi arazo horiek konpondu nahian, LIFE proiektuaren barnean, egurra sartuko da urtegira doazen hainbat errekatan. Horrela, atxikimendu-gaitasuna eta materia organikoaren pilaketa emendatzea espero dute, habitat-dibertsitatea eta, era berean, organismoen (alga, ornogabe, arrain) biomasa eta dibertsitatea handituz. Ekosistemaren maila funtzionalean, elikagaien atxikimendu-gaitasuna nahiz materia organikoaren erabileraren efizientzia handiagoak izango dira, eta errekaren metabolismoa aktiboagoa.
Aukeratutako erreka-zatietan egurra sartuko da, erreka naturaletan aurki daitekeen egur-kantitatea lortu arte. Egurra sartu baino urtebete lehenago eta ondoren, hainbat aldagairen aldaketak determinatuko dira: ubidearen morfologia, granulometria, sedimentuaren kantitatea eta banaketa, atxikimendu hidraulikoa, elikagaien eta orbelaren atxikimendua, metabolismoa, orbelaren deskonposaketa eta perifiton, makroornogabe eta arrainen ugaritasuna eta komunitateak. Dagoeneko egin da hasierako jarraipena, eta, orain, egurra sartzea da hurrengo pausoa.
Proiektu honen bidez, ubidearen konplexutasuna eta, batez ere, erreketan egurrak duen garrantzia ezagutuko da, bai eta biotan eta ekosistemaren funtzionamenduan zer eragin duen ere. Horrela, gerorako ekintza posibleetarako informazio garrantzitsua eskuratuko da. Proiektuan, Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak ari dira lanean, udal batzuetako, Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko teknikarien laguntzarekin. Proiektu honen bitartez, beraz, erreka basatiagoak berreskuratzeko teknikak aztertu nahi dira, uren kalitatea bermatu, eta Aiako Harria parke naturalak duen balioa handitu, bertako zein kanpoko bisitarien gozamenerako.
Milesker Arturo Elosegiri eta Joserra Diezi, egurren arteko pasabidea erakusteagatik eta Leire Ruizi, bidea nirekin egiteagatik. Eta, nola ez ba, Igor Aristegiri, azken bultzada emateagatik.