Lurra duela 4.600 milioi urte inguru sortu zen, eta gutxi gorabehera 1.000 milioi urte geroagokoak dira lehenengo izaki bizidunen fosilak. Garai hartako bizi-kondizioek ez dute zerikusirik egungo kondizioekin. Eguzki-sistemaren hastapenetan, helioa eta hidrogenoa ziren gas nagusiak. Lurra eratzen ari zen, eta borborka zegoen. Bero-bero zegoen, eta azala egin eta desegin egiten zen, urtuta. Bestalde, ez zuen masa handirik, eta grabitate-indar ahulak ezin zituen gasak inguruan atxiki. Eguzki-haizeak gasak eramaten zituen, eta, haizea baretu zen arte, Lurrak ez zuen aukerarik izan atmosfera batez inguratzeko.
Antza denez, milioika urtean ez zen giro izan Lurrean. Denborarekin, ordea, lehenengo atmosfera sortu, euria egiten hasi eta ozeanoak sortzen hasi ziren. Ozeanoek atmosferaren gasen proportzioa aldarazi zuten. Karbono dioxido asko xurgatu zuten, eta beste asko lurrazalera pasatu zen, arroketara. Horren ondorioz, karbono dioxidoaren kontzentrazioa txikitu egin zen atmosferan, eta horrek tenperatura jaitsarazi zuela uste dute zientzialariek.
Orduko atmosferan ez zegoen oxigeno askerik. Oxigenoa sortu sortzen zen, ura disoziatuta edo sumendiek askatuta adibidez, baina berehala erreakzionatzen zuen beste elementuekin. Esaterako, oxigeno ugari desagertzen zen arroketako burdinarekin erreakzionatuta. Nolanahi ere, ikertzaileek ez dakite zehatz-mehatz zein zen orduko atmosferaren konposizioa, dauden aztarna ahulak kontrajarriak baitira batzuetan. Atmosferaren konposizioa jakitea, ordea, ezinbestekoa da bizia nola sortu zen argitzeko. Urteak beharko dituzte galdera horri erantzuteko; aitzitik, badakite biziak nola eraldatu duen planeta.
"Zalantzarik gabe, Lurraren geologia bera ez litzateke izango gaur egun dena biziagatik ez balitz. Eta, alderantziz, planetan garatu den bizia ez litzateke den bezalakoa Lurraren ezaugarri astronomikoengatik eta geologikoengatik ez balitz" dio Koldo Nuñez Betelu geologian doktoreak.
Lehen bizidunak sortu zirenean, iraultza iritsi zen. Haiek ez zuten oxigenorik behar bizitzeko. Hala ere, bizidun haietako batzuei zor zaie atmosferan oxigenoa metatzen joan izana. Hain zuzen, fotosintesia egiten zuten organismoak agertzearekin eta hedatzearekin batera, hautsi egin zen ordura arte gasek atmosferan zuten oreka.
Zianobakterioak dira organismo iraultzaile haiek. Kontinenteen itsasbazterretan sortu ziren, duela ia 4.000 milioi urte. Ez ziren lehen bizidunak, baina kontua da zianobakterioek fotosintesia egiteko gaitasuna zutela. Hau da, Eguzkiaren energiaz baliatuta eta karbono dioxidotik eta uretatik abiatuta, gluzidoak ekoizten zituzten, eta oxigenoa jariatzen zuten hondakin gisa. Hala, duela 2.500-3.000 milioi bat urte, egoera aldatu egin zen. Izan ere, oxigenoa hilgarria zen beste bakterioentzat, baina zianobakterioek gustuko zuten; hortaz, erraz hedatu ziren. Haiei esker, pixkanaka oxigeno-kontzentrazioa handituz joan zen atmosferan, eta, azkenean, gaur egungoaren parekoa izatera iritsi zen: % 21, hain zuzen ere.
Antzinako izaki askorentzat oxigenoa pozoitsua bazen ere, gaur egun bizidun gehienok behar dugu oxigenoa bizitzeko. Haren menpekoa dugu bizitza. Animaliek oxigenoa arnasten dute eta karbono dioxidoa kanporatzen dute; landareek, hori ez ezik, karbono dioxidoa arnastu eta oxigenoa isuri ere egiten dute. Beraz, landareek, oro har, biak egiten dituzte, fotosintesia eta arnasketa. Azken batez, atmosferaren eta bizidun guztien artean gertatzen den elkarrekintza garrantzitsuenetako bat, bizidunentzat bederen, arnasketa da.
Aldi berean, bizitzarako babesa sortzen du atmosferan. Ozono-geruza, alegia. Atmosferan metatzen den oxigenoaren eta izpi ultramoreen arteko elkarrekintzaz sortzen da, eta ezinbestekoa da Lurrean bizia garatzeko. Izan ere, izpi ultramoreak xurgatzeko gaitasuna du. Izpi ultramore horiek etengabe atmosfera zeharkatuko balute, DNAn kalte larria eragingo lukete eta proteinak desnaturalizatuko lituzkete, besteak beste, eta, hortaz, ez litzateke posible bizirik Lurrean. "Azken batez, fotosintesia dugu Eguzkiaren energia digeritzeko bide nagusia. Izan ere, biziak energia behar du irauteko, eta duen iturri indartsuena eta garrantzitsuena Eguzkia da" gehitu du Nuñez Beteluk. Gainera, ozono-geruza eratu arte, bizia itsasoan soilik zen posible. Hortaz, ozono-geruzaren eraketak bide eman zion biziari alde lehorrak poliki-poliki kolonizatzeko.
Atmosferaren konposizioan ez ezik, Lurraren azalean ere izan dute eragina izaki bizidunek. Esaterako, koralek, errudistek eta haien antzeko beste izaki batzuek karbono dioxidoa finkatu dute, eta, hala, kareharriak eta antzeko arrokak eman dituzte, eta mendiak eta itsas plataformak sortu... Hortxe daude, besteak beste, Aizkorri, Anboto, Gorbeia, Ernio, Izarraitz eta Euskal Herriko beste hainbat mendi, Kretazeoaren erdialdean gure itsasoetan paisaia tropikalak agintzen zuela erakusten duten lekukoak. Itsas hondoak sakonera txikikoak izateaz gain klimatologia samurra eta uren kalitatea oso ona zirenez, koralak ugaltzeko txoko ekologiko egokia garatu zen. Biotopo haiek Gipuzkoako ekialdetik Kantabriar mendikateraino lerrotu ziren.
Pixkanaka, arrezife izugarriak eraikitzen joan ziren Lurreko eskualde askotan, eta kareharri-metaketa itzelak sortu ziren. Eraikuntza-prozesu hura izugarri handia izan zen (eta jarraitzen du izaten), eta eragina izan zuen lurrazaleko plaken dinamikan. Izan ere, Nuñez Beteluren esanean, plaken marruskadurak lotura zuzena du plaken osaerarekin eta haien gainean dauden arrokekin.
Hortaz, lurrazala osatzen duten plakek era batera edo bestera jokatzen dute, zuzenean edo zeharka, biziaren eraginez, besteak beste izakiek eraikitzen baitituzte arrezifeak. Pentsatzekoa da gaur egun arrezifeetan gertatzen ari denak nolabaiteko eragina izango duela. "Horrekin ez dut esan nahi orain gertatzen ari diren suntsipenek Lurraren plaken tektonikaren dinamika laster batean aldatuko dutenik, baina bai guztia lotuta dagoela" azpimarratzen du Nuñez Betelu geologoak. "Hortaz, bide luzea eginda, Lurrean bizi garenon familia eta planeta bera lotuta gaude, aspaldi Gaia hipotesiak proposatu zuen bezala".
Azken finean, biziaren garapenak aldarazi zituen itsasoen, atmosferaren eta arroken konposizio kimikoak. Biziari esker garatu da Lurraren atmosfera, eta horrek babestu egin du planeta. Bizirik gabe, oxigenoa suntsituz joango zen poliki-poliki, eta atmosfera berotuz eta aldatuz, bestelako planetetan gertatu den legez.
Dena den, zientzialariak ez dira iraganaz bakarrik arduratzen. Orain gertatzen ari diren aldaketak ere gertutik aztertzen ari dira, batez ere sumatzen dutelako etorkizunean eragina izan dezaketela. Izan ere, azken mendean karbono dioxido ugari isurtzen ari gara airera; horren ondorioz, gas horren kontzentrazioa handitu egin da lurrazaletik gertuen dagoen atmosferaren geruzan. Aldi berean, badirudi azken milurtekoko tenperatura-igoerarik nabarmenena gertatu dela XX. mendean lurrazalean.
Tenperaturak alde batera utzita, badaude Lurra berotu dela adierazten duten beste arrasto batzuk ere: poloetako izotz-geruzak eta mendiko glaziarrek atzera egin dute, oro har, eta ozeanoak berotu egin dira. Zergatik gertatu dira aldaketa horiek guztiak? Gizakien jarduerak badu zerikusirik? Ez du ematen erantzun garbirik dagoenik; ikertzaileen artean, behintzat, ez dago erabateko adostasunik.
Lurra geologikoki garatzen zen bitartean, azalean ere garrantzi handiko beste fenomeno bat agertzen ari zen: eboluzio biologikoa, hau da, izaki bizidunen garapena. Zalantzarik gabe, biziak bere ingurune propioa eraiki du ordutik, eta eraikitzen dihardu gaur egun ere. Lurra sortu zen unetik, planetak etengabe aldatzen jarraitzen du, eta ez dago aurreikusterik hemendik milioika urtera nolakoa izango den. Biziak edo bizidunek orain arteko martxan jarraituz gero, batek daki.