Bilboko hiriak eta haren inguruko lurraldeak beti izan dute harreman berezia beren itsasadarrarekin. Industrializazioa baino lehen, herrien arteko komunikazio-bide naturala zen itsasadarra. Geroago, hiriaren erabateko garapen ekonomikoa ekarri zuen burdinaren garraiobide bihurtu zen. Baliabideen sorburu bukaezina zirudien itsasadarrak. Baina gizakiok, errespetu gutxiz, ohiko modura, ordain eskasa eman genion trukean. Aberastasuna eman zigun ingurunea babestu eta zaindu beharrean, zikindu eta hondatu besterik ez genuen egin, aberats-bidean sortutako soberakinak han eta hemen zabalduz, inolako kontrolik gabe, eta bizkaitarrontzat betidanik altxorra izan zena hiltzeko zorian utzi.
Gaixo baten moduan, gehiegikerien ondorioak jasan zituen itsasadarrak; hots, kutsatzaileen gehiegizko kontzentrazioek eragiten duten dardara etengabea eta oxigeno-eskasiaren ondoriozko bizitzaren pultsuaren ahultasuna, besteak beste. Zorionez, diagnosia ez zen beranduegi heldu eta martxan jarritako tratamenduak espero zitekeen eragina izan zuen gaixoarengan; haren aurpegia, pixkana-pixkana, kolorea berreskuratzen hasi zen. Gure gaixoa, alabaina, sendatzeko prozesuan dago oraindik, egunetik egunera bere itxura hobetuz doalarik.
2005ean hasi eta 2010. urtera bitartean, puntual hurbildu gara hiru hilean behin gaixoarengana, medikuak odola eta gernua jasotzen dituen moduan, gu ur- eta sedimentu-laginak hartzera, bertan osasunari hain kalte larria eragiten dioten traza mailako metal eta metaloideen kontzentrazioak neurtuz.
Nerbioi-Ibaizabal itsasadarra Bizkaiko Golkoaren hego-ekialdean dago kokatuta. Ibaizabal eta Nerbioi ibaiak Basaurin batzen dira, eta elkarketa horretatik eraturiko uharka itsasadar bihurtzen da. Beste lau errekaren urak hartzen ditu: Kadagua eta Galindo ezkerraldetik, Asua eta Gobela eskuinaldetik.
Itsasadarrak 3,5 km-ko zabalera eta 30 m-ko sakonera duen Abra izeneko badian isurtzen ditu bere urak. Itsasadarraren ibai-arroak 1.700 km 2 -ko azalera du, batez besteko fluxua 30 m 3 ·s -1 -koa da, eta hondoan urtero pilatzen den sedimentuaren kantitatea 14.000 tonatik 1.000.000 tonara bitartean dago.
Milioi bat biztanleren eragin zuzena jasaten du; hau da, Bizkaiko biztanleriaren % 87 eta Euskal Herriaren % 29. Itsasadarrak, bere osotasunean, super-portu baten modura funtzionatzen du gaur egun, horrekin loturiko presio guztiak pairatuz.
XIV. mendean, Bilbok hiri-titulua eskuratu zuen garaian, itsasadarraren bi aldeetan nekazaritza eta abeltzaintza ziren bizibide ohikoak.
XIX. mendean hasi zen hiriaren benetako aldaketa. Itsasadarraren ezkerraldeko mendiak burdinaz aberatsak zirela aprobetxatuz, Bilbok garapen izugarria izan zuen, hurbil zeuden meategien ustiapenaren ondorioz. Horrek nabarmenki lagundu zuen itsas merkataritza eta portuko jarduera sustatzen, eta siderurgia indarrez sortu zen. Esan daiteke garai hartan Bizkaian erabat finkatu zela meatzaritzan, burdingintzan eta ontzioletan oinarritutako industria. Garapen-zurrunbilo hartan, Bilboko eta inguruko herrien garapena bultzatuko zuen komunikazio-bide bilakatu zen Nerbioi-Ibaizabal itsasadarra.
Urrezko urte hauetan itsasadarraren osasunak nabarmen egin zuen okerrera. Lehen aldiz, tratamenduan jarri zuten gaixoa: 1900. urtean saneamendu-sistema aitzindaria jarri zen martxan. Hirian sortutako hondakin-urak, itsasadarrera bota beharrean, Punta Galeatik 15 km-ra isurtzen ziren zuzenean, ponpaketa-sistema baten bidez. Sendabelarra erretiratu zitzaion itsasadarrari, alabaina, Deustuko kanala eraikitzeko lanak hasi zirenean. Hortik aurrera, beraz, pozoia zuzen-zuzenean, odol-zainetara zuzendu zen berriro. Ondorioz, XX. mendearen bigarren erdialdean, Bilboko itsasadarra Europako kutsatuenetarikoen artean zegoen.
1979. urtean, Bilboko Itsasadarraren Saneamendurako Egitasmo Orokorra diseinatu zen. Egitasmoaren helburuen artean, populazioaren ur-hornikuntza ziurtatzeaz gain, itsasadarraren alde guztietan bizitza berreskuratzea eta isuri industrialen kantitatea nabarmen murriztea zeuden. Bilboko garrantzitsuena den Galindoko araztegia da egitasmo horren ardatz nagusia.
Urte askotako kontrol gutxiko ustiapen industrialaren aztarna, alabaina, itsasadarrean geratu da. Beste edozein itsasadarretan gertatzen den bezala, Nerbioi-Ibaizabal itsasadarreko sedimentuak garai horren lekuko dira.
Izan ere, kutsatzaileen azken biltegia, itsasadarretan, beheko eta erdiko aldeko sedimentua da, han pilatzen baitira, geruzaz geruza, urteetan zehar isuritako kutsatzaileak. Kasurik hoberenean, kutsatzaileak sedimentuan biltegiratzen dira, espezie kimiko egonkorrak eratuz. Baina, itsasadarreko unean uneko ezaugarri fisiko-kimikoen arabera edo bat-bateko gertakizun naturalen (euri-erauntsien) edo ez-naturalen (industria-isurkinen, dragatze-lanen, eta abarren) ondorioz, pilatutako kutsatzaileak birmobiliza daitezke bioeskuragarri bihurtuz eta giza osasunerako arazo larri bilakatuz. Horregatik du garrantzia itsasadarretako sedimentuek duten kutsatzaileen (eta konkretuki metalen) kontzentrazioaren jarraipena egiteak.
Aipatutako guztia kontuan izanda, Nerbioi-Ibaizabal itsasadarrean kutsadura metalikoaren bilakaera aztertzea erabaki zuen gure ikerketa-taldeak, eta, horretarako, 2005ean hasi zuen zaintzarako monitorizazio-saio bat. Zortzi laginketa-puntu aukeratu ziren. Horietako lau ibaiadar nagusien arroan daude (Kadagua, Asua, Galindo eta Gobela); beste bat, bokalean (Arriluze); eta beste bi, azkenik, ibaiaren uharka nagusian, Alde Zaharrean eta Zorrotzan. Azkeneko puntua, Udondo, kai erdi-itxi batean dago. Zortzi puntuetan, hiru hilean behin, ura (gainazalean eta hondoan, itsasgoran eta itsasbeheran) eta gainazaleko sedimentua (0-2 cm) bildu ditugu. Kutsaduraren bilakaera espaziala hobeto ezagutzeko asmoz, bi makrolaginketa ere egin ditugu, 2009. eta 2010. urteetan, sedimentua itsasadarreko 49 puntutan hartuz.
Pultsua hartu, tentsioa neurtu eta sukarra ote duen begiratu diogu itsasadarrari. Gaixoaren osasun-egoera orokorraren diagnostikoa egiteko momentua heldu da.
Lortutako emaitzetan oinarrituz, segurtasunez esan daiteke giza iturriko kutsadura historikoaren aztarna nabaria dela sedimentuetan oraindik ere, neurtutako kontzentrazioak inguru hartarako definituriko balio naturalak baino nabarmen altuagoak baitira. Metal gehienen banaketa espaziala ikusita, gainera, sedimentuetako kutsadura historikoa lekuan lekukoa dela esan daiteke.
Gaur egun, Gobela eta Galindo ibaien inguruko eta hainbat dartsenatako (Axpe, Udondo eta Deustu) sedimentuetan pilatzen dira bereziki metalik toxikoenak. Kutsadura-maila handiko aldeak badira oraindik, batez ere itsasadarraren erdiko partean. Asuako ibaiadarraren eta Lamiakoko kaiaren arteko zona (Deustuko kanalaren barneko partearekin batera) eta itsasadarraren kanpoaldeko zona (Abra badiako ingurua) identifikatu ditugu kutsadura maila handiagoko inguruak bezala.
Aztertutako sei urteetan zehar, ikusi dugu uretan handituz doala metal astunen kontzentrazioa. Joera hori nabarmenagoa da itsasgoran eta hondoan pilatutako laginetan, hots, mareen eraginez itsasadarraren ahotik sartzen den uretan. Baliteke, beraz, Abra inguruko jardueraren batek (edo batzuek) metalen lekuan lekuko iturri bezala jokatzea, itsasgora bakoitzean kutsadura itsasadarrean zehar barreiatuz.
Honi lotuta, badago uretako eduki metalikoan eragina izan lezakeen lekuan lekuko beste kutsadura-iturri bat: sedimentua bera, hain zuzen ere. Ikusi da konpartimentu horren eduki metalikoa gutxituz doala denboran zehar, batez ere kontzentrazio metaliko altua dagoen puntuetan (itsasadarraren erdiko partean, hots, Udondoko dartsenan, eta Gobela eta Galindo ibaiadarretan). Itsasadarreko eduki metaliko baxuko puntuetan bilduriko sedimentuetan (itsasadarraren barreneko puntuetan), berriz, zenbait metalen kontzentrazioak denborarekin handitzeko joera erakusten dute. Horretan oinarrituz, sedimentuetako kutsadura metalikoa geografikoki birbanatzen ari delako susmoa du gure ikerketa-taldeak. Baina, teoria hori guztiz baztertu gabe, sedimentuek galtzen dutena nolabait uretan pilatzen joateak ematen du probableena.
Orain arte aipatutako kutsadura-iturriaz gain (Abratik datorren hondoko ur gazia eta sedimentua bera), lekuan lekuko beste kutsadura-iturri posibleak ere identifikatu ditugu. Ibaiadar guztietan ekarpen aipagarria sumatu arren, Galindoko ibaiadarrarena da, alde handiarekin, garrantzitsuena, batez ere zinkari eta nikelari (eta seguru asko kobaltoari) dagokienez. Galindoko puntuan bildutako sedimentuen emaitzek ere egiaztatzen dute Galindoko araztegia kutsadura-iturri dela.
Lekuan lekuko kutsaduraz gain, badaude itsasadarrean zehaztu gabeko kutsadura-iturriak ere. Itsasadar osoan zehar barreiatzen den kutsadura da hau, puntu guztietan antzeko efektua daukana. Jatorri desberdinak izan ditzake. Besteak beste: 1) jalkin atmosferiko lehorra edo hezea (industriek eta abarrek atmosferara askatzen duten kutsadura metalikoaren ondorio) eta 2) hiri-isurkinak, errepideetan zein hirietan bertan garai euritsuetan eratzen diren ur-masa txikiak. Lan honetan egindako neurketek ez dute aukerarik ematen zehaztugabeko iturrien bidez itsasadarrera heltzen den traza mailako elementuen kantitatea kalkulatzeko, baina pentsa daiteke haien ekarpena garrantzitsua dela, E-PRTR-ko (European Pollutant Release and Transfer Register, http://prtr.ec.europa.eu/Home.aspx) atmosferarako isurketen datu-basean dagoen informazioak adierazten duenez.
Orokorki, esan daiteke Nerbioi-Ibaizabal itsasadarrak, oraindik jatorri antropogenikoko konposatu kimikoen presentzia nabaria izan arren, kutsadura metalikoari dagokionez hobera egin duela. Izan ere, itsasadarreko gune asko berreskuratu dira jarduera ludikoetarako (arrantzarako eta kirolerako, besteak beste). Hala ere, ez dugu lokartu behar, eta tratamenduarekin aurrera jarraitu behar dugu, gure gaixoa erabat sendatu arte. Ondorengo belaunaldiek eskertuko digute.
Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak