Pubis-zorriak, gizakiaren aspaldiko parasito lotsagarriak

Macho Aizpurua, Mikele

Basurtuko Ospitaleko Mikrobiologia Klinikoko mediku egoiliarra

Gizakiaren aspaldiko “lagunak” dira pubis-zorriak, eta, mundu osoan aurki ditzakegun arren, lotsarazten gaituen gaitza da. Harreman sexualen bidez transmititzen den bizkarroi hori diagnostikatzeak, ordea, aukera ematen du ondorio larriagoak eragin ditzaketen sexu-transmisiozko beste gaixotasun batzuk baztertzeko.
pubis-zorriak-gizakiaren-aspaldiko-parasito-lotsag
Zorrien eta ugaztunen eboluzioa konparatzen dituen kladograma. Irudia: Reed, BMC Biology 2007 5:7.

Pthirus pubis deritzon zorri-espezie bat da pubis-zorria, eta gizakion genitalen inguruko ileetan bizi da. Horrez gain, gizakiak beste bi zorri-mota izan ditzake bizkarroi gisa: bata, buru-zorria (Pediculus humanus capitis) da, arrunta eta ezaguna eskola-umeen artean; bestea, berriz, gorputz-zorria (Pediculus humanus corporis), aurrekoa baino urriagoa, baina osasunerako arriskutsuagoa, infekzio larriak eragin ditzake eta.

Pubis-zorriaren maiztasuna aipaturiko bi zorri-espeziena baino askoz baxuagoa da, baina, adituen ustez, helduen % 2k paira dezake infekzio hori. Sexu-harremanen bidez transmititu ohi da bizkarroi hori, klamidiosia, gonokozia, herpes genitala, sifilia, B hepatitisa eta hiesa bezala. Beraz, gizarte-maila guztietan topa dezakegun gaitza da pubis-zorriena.

Aspaldidanik bizi dira gizakiokin intsektu horiek, eta baliteke elkarrekin eboluzionatu izana. Hala ere, bada gizakiaren eta zorrien arteko berezitasun nabari bat: zorriek ostalari espezifikoak dituzte, hau da, zorri-espezie bakoitzak ugaztun jakin bat baino ez du kaltetzen; gizakiok, berriz, hiru zorri-espezie ere izan ditzakegu.

Bitxikeria hori eta pubis-zorriaren jatorria parasitoaren eta gizakia zein hominidoen gene batzuei erreparatuta ikertu zituzten, orain dela urte batzuk, bitxikeria hori eta pubis-zorriaren jatorria. Ikerketa horri esker jakin zen noiz gertatu zen espezieen banaketa ebolutiboa. Badirudi orain dela hiru milioi urte, gutxi asko, gorilaren zorriak gure arbaso hori hartu zuela ostalari gisa, eta harekin eboluzionatu zuela gaur egungo pubis-zorria izatera heldu arte.

Adituen ustez, harreman estua izan genuen elkarrekin gorilek eta gizakiok garai hartan. Gure harrapakin bihurtu ziren tximinoak; haien larrua erabiltzen genuen berotzeko, eta esparru berak partekatzen genituen. Gertaera haiek erraztu egin zuten gorilaren zorriak gure espeziera egin zuen “saltoa”.

a) Buru-zorria (Pediculus humanus capitis); b) Bartza, ileari itsatsita; c) Pubis-zorria (Pthirus pubis). Arg. Weiss, Journal of Biology 2009 8:20

Banpiro txikien gisa

Buruko eta gorputzeko zorriak baino zertxobait laburragoak izan ohi dira pubis-zorriak, eta kolore gardena edo zurixka izaten dute. Intsektu orok lez, antena- eta begi-pare bana dituzte. Aho-aparatua, berriz, zeharo konplexua dute, azala ziztatu eta odola xurgatzeko hainbat ziriz osatua. Gako sendoko hiru hanka-pare ditu zorriak. Funtsezkoak dira gako horiek ileari ondo heltzeko. Intsektu hori berezitasunetako bat ileei helduta egotea denez, zailtasunak izaten dituzte azalaren gainetik ibiltzeko; bestalde, arkakusoek ez bezala, ezin dute saltorik egin.

Kontaktu fisiko estua behar du pubis-zorriaren transmisioak; sexu-harremanak, hain zuzen ere. Aditu batzuen ustez, pubis-zorriena da sexu-transmisiozko infekziorik kutsagarriena.

Pubis-zorri heldu emeak bartzak itsasten ditu ileetan, zementu gisako gai itsaskor batekin.

Milimetro bat luze izaten dira bartzak, eta begi hutsez ikusten dira. Ganbera-antzeko egitura bat dute mutur batean, haren barnean dagoen enbrioiari airea eta hezetasuna hel dakizkion. Handik aste batera jaiotzen dira ninfa gazteak; bi asteren buruan, berriz, hiru muda igaro eta pubis-zorri heldu bilakatzen dira ninfak. Hilabete irauten du bizirik emeak, eta 30-50 arrautza erruten ditu tarte horretan. Bizirik irauteko, gure gorputzeko azala ziztatu eta odola xurgatzen dute, egunean bost bat aldiz (odol mililitro bat eguneko, guztira).

Odol-xurgapen bakoitzean, substantzia narritagarriak isurtzen ditu zorriak odolera; hori dela eta, azkura bizia eragiten du. Horrez gain, ohikoa izaten da parasitoa dagoen azalean kolore moreko orban txikiak agertzea. Kasu batzuetan, intsektuak bestelako ile-eremu batzuetan ere aurki daitezke, gizonezkoen sabel edo bularraldeko ileetan, bizarrean… bai eta betile eta bekainetan ere. Bizkarroi hori duen helduren batekin kontaktuan egon den haur batek, esaterako, begietako ileetan izan ditzake pubis-zorriak. Halakorik egotea adingabeen aurkako sexu-gehiegikeriaren seinale izan daiteke. Gai serioa izan daiteke pubis-zorriena, beraz.

Pubis-zorrien bizi-zikloa. Irudia: Purdue Entomology, Catherine A. Hill and John F. MacDonald.

Aurkikuntza paregabea

Betidanik gure artean izan ditugun bizkarroi horiek ez dute eragiten aparteko ondorio larririk osasunean, aipaturikoez gain. Hala ere, lotsa, axolagabekeria, beldurra eta ezjakintasuna dira nagusi gizartean, oraindik ere, intsektu horiez mintzatzean; hori dela eta, gaitz hori jasaten duten gehienak lotsatu egiten dira eta, askotan, ez dira medikuarenera joaten. Tratamendu ezegokiek, berriz, berrinfekzioak eragiten dizkiete gaixoari eta haren sexu-bikotekideari.

Pubis-zorriak eta bartzak pubis inguruko ileetan. Arg. The Primary Care Dermatology Society. Dr Tim Cunliffe

Pubis-zorrien aurkako tratamendua erraza izan ohi da, eta, gaixoa ez ezik, haren sexu-bikotekidea ere tratatu behar da, nahitaez. Orrazi berezi edo matxarda batzuen bidez zorri helduak eta bartzak ileetatik askatu behar dira, buru-zorriekin egiten den bezalaxe. Horrez gain, komeni da intsektuak hiltzeko lozio pedikulizida bat igurztea infekzioaren eraginpeko azal-eremuetan. Astebete edo iragan ostean, lozioa berriz aplikatzea gomendatzen dute espezialistek, arrautzetatik jaiotako ninfa berriak hiltzeko. Azkenik, egokiro garbitu behar dira gaixoarekin kontaktuan egon diren jantzi, maindire eta eskuoihalak, berriro infekziorik ez agertzeko.

Ikerketa batzuen arabera, pubis-zorriak pairatzen dituztenen % 30-40 inguruk bestelako sexu-transmisiozko gaixotasun batzuk ere izaten dituzte, hiesa ere barne dela. Eta hor dago pubis-zorrien koska, alegia. Parasito horiek atzeman eta medikuarenean gaitz hori diagnostikatzeak aukera ematen du bestelako sexu-transmisiozko gaixotasun batzuk baztertzeko, azterketa fisiko sakonago bat eginez eta proba mikrobiologikoak egiteko zenbait lagin hartuz.

Izan ere, hiesak dakartzan ondorio larri eta hilgarriak ezagunak dira gizartean. Gaur egun, ordea, beldurra galdu diogu hiesari, hari aurre egiteko erabiltzen diren medikamentu berriei esker. Hori dela eta, transmisioa ekiditeko neurriak gero eta gutxiago erabiltzen dira, eta bestelako sexu-transmisiozko gaixotasun batzuk areagotzea ekarri du horrek. Eta ez dira, ez, huskeria. Klamidiosiak zein gonokoziak, esaterako, askotan ez dute sintoma klinikorik izaten, baina antzutasuna eragin dezakete; B eta C hepatitisak, berriz, infekzio kroniko bilaka daitezke, eta gibeleko arazo larriak eragin.

Sexu-transmisiozko gaixotasunak. Irudia: Osakidetzako Hiesa eta Sexu Transmisioko Infekzioak Prebenitzeko Plana.

Aspalditik da ezaguna aipaturiko infekzio horiek gizartean duten inpaktua, argitaratu egiten baitira gaitz horiei buruzko datu epidemiologikoak. Pubis-zorriek populazioan zenbateko eragina duten, ordea, ez da inon jasotzen, sexu-transmisiozko gaixotasuna den arren; epidemiologoek eta medikuok “itsu” jarraitzen dugu arazo horren aurrean. Hori dela eta, gizartean “normal” eta “ikusgarri” izan dadin, nahitaez deklaratu beharreko gaixotasuna izan behar luke pubis-zorrienak.

Horrez gain, sexu-transmisiozko gaixotasunak prebenitzeko egiten diren kanpaina eta iragarkietan pubis-zorrien infekzioa aipatzea lagungarri litzateke gaitz hori pairatzen dutenak beldurrik eta lotsarik gabe joan daitezen medikuarenera.

Beraz, bestelako sexu-transmisiozko gaixotasun larriago batzuk garaiz atzeman, egoki tratatu eta aurrerantzean ekiditeko neurriak hartzeko aukera egokia izan daiteke pubis-zorrien detekzioa, pazienteari lotsa ematen edo gizartea horretaz gutxi arduratzen bada ere.

Bibliografia

VVarela et al.: “Phthirus pubis in a sexually transmitted diseases unit: a study of 14 years”. Sex Transm Dis. 2003 Apr; 30(4):292-6.
Pérez-Arellano et al.: “Tratamiento de las enfermedades parasitarias (II): Helmintosis y Ectoparasitosis”. Sistema Nacional de Salud. 31. liburukia, 2 zenbakia/2007.
Reed et al.: “Pair of lice lost or parasites regained: the evolutionary history of anthropoid primate lice”. BMC Biology 2007 5:7.
Weiss: “Apes, lice and prehistory”. Journal of Biology 2009, 8:20.
Zúñiga Carrasco et al.: “Pediculosis: Una ectoparasitosis emergente en México”. Enf Inf Ped aldizkaria, XXIV. Liburukia, 94. zenbakia.
Alarcón Hernández et al.: “Pediculosis pubis, presentación de un caso”. Cent Dermatol Pascua aldizkaria, 10. liburukia, 3. Zenbakia, 2001eko iraila-abendua.
Boletín terapéutico andaluz. Pediculosis: Tratamiento. 2002, 18. liburukia, 3. zenbakia.
Purdue Entomology, Catherine A. Hill eta John F. MacDonald, arduradunak; eta S. Charlesworth, marrazkilaria.
The Primary Care Dermatology Society. Tim Cunliffe doktorea. http://www.pcds.org.uk/.

Idatzi zuk zeuk Gai librean atalean

Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila