Elurra da mendiko glaziarrek behar duten osagai nagusia, urtetik urtera pilatu, izotza eratu, grabitateari jarraiki deformatzen hasi eta mugitzen has daitezen. Gainera, latitude ertain eta tropikaletako glaziarretan izotzaren tenperatura urtze-puntutik gertu egon ohi denez, ur-isuriak izotz-masa lubrifikatu eta irristatzea areagotzen du. Horra glaziarrak.
Hala ere, mendikate edo ingurune polar bakoitzaren kokapenaren eta ezaugarri klimatikoen arabera, glaziar-mota ezberdinak bereiz daitezke; denek, ordea, bi ezaugarri nagusi betetzen dituzte: goi-eremuan elurra pilatzen da eta glaziarrak masa irabazten du, eta behe-eremuan, berriz, izotza urtu egiten da eta goialdean irabazi denari galerak eragiten zaizkio. Oinarrizko ekuazio horri masa-balantzea edo glaziarraren balantzea deitzen diogu, eta glaziar bakoitzak duen “osasunaren” adierazle nagusia da (1. irudia).
Baldintza klimatikoak aproposak badira, glaziar batek neguan irabazten duen elur guztiaren zati bat ez da urtzen uda-sasoian, eta, hala, glaziarra loditu eta hedatu egiten da. Aldiz, baldintza klimatikoak aldatzen badira, hots, klima berotzen baldin bada, glaziarraren gainaldeko urtzea azalera osora hedatzen da eta glaziarra egoera berrira doitzen ahalegintzen da. Kasu horretan, litekeena da glaziarrak bizirauteko arazoak izatea.
Gaur egun, Europan hegoaldeen dagoen glaziar-multzo handiena Pirinioetan dago, eta muga klimatiko batean daudenez, are azkarrago ari dira suntsitzen. Mendikatearen termometro aldakorrak balira bezala, ingurumenean gertatzen diren gorabeherekiko oso sentikorrak dira goi-mendiko elementu geografiko nabarmen horiek. Horrez gain, eskala geologikoan atzera eginda, azken milaka urteetan Pirinioak zizelkatzeaz gainera, egun ikus dezakegun paisaia landuaren erantzule ere badira (beste prozesu askorekin batera, jakina). Beraz, Pirinioetako goi-mendiaren ikur dira, aipatutako balio naturalak emateaz gain, goi-eremuko ekosistemetan ere eragiten dutelako, eta mendikatearen ondarean eta historian balio kultural bat ere sortzen dutelako. Esango genuke mendizaleontzat goi-mendiaren sinbolo sentimentala ere badirela.
Gaur egungo 21 glaziarrak Pirinioetako mendikatearen mazizorik garaienetako zirkuetan daude zokoratuta (2. irudia). Mendebalderen dagoena Las Neouseko glaziartxoa da, gero eta gehiago txikitzen ari da, eta Balaitouseko mazizoan dago; ekialderen dagoena, berriz, Mont Valier mendiaren (Ariege, Frantzia) ipar-ekialdeko hegalean dirauen d’Arcouzan glaziartxo txikia da. Glaziarrik handiena, bestalde, Anetoko glaziarra da oraindik ere, 50 hektareakoa, baina ez du zerikusirik joan den mendeko mendizaleek mendikatearen gailur nagusira iristeko jarraitzen zuten glaziar-azalerarekin eta orduan zeukan lodierarekin.
Pirinioetako glaziarren atzera-egitea eta dinamika-galera bat dator gaur egun glaziarrik ez duten beste mendikate batzuetan aztertu den eraldaketa progresiboarekin (Europako tontorretan eta Apeninoetan, adibidez). XVI. eta XIX. mendeen artean gertatutako mundu mailako periodo klimatiko erlatiboki hotzagoa izan zen Izotz Aro Txikia, zeinetan glaziarrek lodiera eta azalera irabazi zuten, eta altueran ere beherantz hedatu ziren. 1850etik, orduko azalera horren % 90 galdu da Pirinioetan (3. irudia), eta, gutxienez, 33 glaziar desagertu edo murriztu dira, izotz-hormagune bihurtzeraino.
Azken hamarkadetan, gainera, Pirinioetako glaziarren atzera-egitea nabarmena izan da, batez ere 80ko hamarkadaz geroztik; izan ere, 39 glaziar egotetik, gaur egun 21 besterik ez dira gelditzen. Jakina denez, industria-aurreko garaitik 1 °C igo da Lurreko batez besteko tenperatura; gizakiaren eraginez areagotu den beroketa klimatiko hori, gainera, anplifikatuagoa da goi-mendiko zonalde gehienetan, eta Pirinioak, beraz, horren adibide ere badira.
Hala, eta IPE-CSICeko lankide eta ikertzaileekin elkarlanean, 2020ko uda amaieran (urte hidrologikoaren hasieran) egindako landa-lanetan, droneak eta laser-argia erabiltzen duen sistema (lurreko laser-eskanerra) erabili genituen gaur egun gelditzen diren azken glaziarren erliebe-ereduak osatzeko. Hogeita bat glaziarretatik hamasei drone bidez aztertu genituen, eta Monte Perdidoko glaziarra, berriz, eskanerraren laguntzarekin (IPE-CSICeko lagunek halaxe egiten dute 2011tik). Teknika berritzaile horiek erabilita, mendikate mailako ikuspegi zabala izatea lortu dugu lehen aldiz, eta, horrela, 2011tik 2020rako aldiari dagokionez, zenbaki zehatzak jarri dizkiegu Pirinioetako azken glaziarren azalera- eta lodiera-aldaketei.
Maiz gertatzen zaigu landa-lanean gabiltzala esandakoan zientzialari zorotzat hartzea jendeak. Eguraldia kontra izanik helikopteroz hegan egitea ezinezkoa baldin bada, Pinetako balkoira 30 kg-ko eskanerra bizkar gainean igo beharrean izan gara behin baino gehiagotan, edota Anetoko glaziarraren izotz-lodiera aztertzen ari garelarik, galtza motzetan eta zapatilatan datorrenak ez ulertzea zergatik garraiatu behar ote dugun dragoi-itxura duen georradar pisutsu bat… Hala ere, denborarekin ohartu gara goi-mendian landa-lana egiteko moduak ere baduela aurretiazko mendi-esperientziaren oinarri handi bat. Hots, gaur egun “estilo alpinoa” edo arina den hori ere aplikatzen dugu gure irteeretan, eta, aldi berean, sentimenduz beteriko bidaia batean ere barneratzen gara. Lagun gutxiko sokada gara, soilik behar-beharrezko duguna hartzen dugu bizkarrean, eta glaziar batetik bestera ahalik eta modu eraginkorrenean mugitzen gara, betiere gure eta taldearen segurtasuna bermatuta.
Hala, eskaner pisutsuak erabiltzeaz gain, eta teknologia berritzaileek ahalbidetzen diguten heinean, gero eta GPS eta gailu arinagoak (droneak) erabiltzen hasi gara. Lehen, mazizo edo glaziar bakoitza egun batzuetako irteera izaten zen; gaur egun, glaziar bat baino gehiago azter ditzakegu egun berean, eta mazizo batetik bestera bizi-bizi mugitu.
EHUko sokadaren helburua izan zen glaziarrik txiki eta zokoratuenak ere drone txikiarekin aztertzea, eta haren hegaldiak ahalbidetzeko, 3.000 metroko mendi eta gailurreria bat baino gehiago igo behar izan genituen: hala, jardunaldi luze eta neketsuak izan genituen Gabietous-Taillonen, Seil de la Baque-Portillonen, Posetsen… Mazizo batetik bestera trantsizio azkarrak egin genituen, eta, tartean, izarrez beteriko bibak-gau eder askoak disfrutatzeko aukera ere izan genuen. Gainera, IPE-CSICeko lankideei glaziar handienetara ere lagundu genien; hegal finkoko dronearen hegaldiei irrati-seinalea emateko, beste hainbat gailurreriatan ere ibili behar izan ginen gora eta behera: Aneto-Maladetan, Posetsen eta Infiernosen, esaterako. Irailaren erditik aurrera erori ziren lehen elurrak glaziarretan, eta, orduan, Monte Perdidoko eta Ossoueko (Vignemale) glaziarretako elur berria neurtzea izan zen gakoetako bat, egindako analisiak ahalik eta fidagarrienak izan zitezen.
Azken neurketek erakusten digutenez, Pirinioetako glaziarren azalera 297 hektareakoa (ha) zen 2011n; 2020an, aldiz, 232 ha besterik ez da gelditzen, hau da, 65 ha galdu dira bederatzi urtean. Atzera-egite agerikoena glaziarrik handienetan gertatu da, Ossouen (Vignemale), Aneton eta Maladetan, eta horrek adierazten du horiek baldintza klimatikoekiko sentikorragoak direla. Aldiz, topografiak nabarmen baldintzatzen dituen glaziar txiki eta zokoratuenak egonkorrago mantendu dira, baina horiek ere galerak izan dituzte. Azken horien artean larrien daudenak Barrancseko, La Pauleko eta Portilloneko glaziartxoak dira, non zatitzearen eta dinamika-gabeziaren zantzuak gero eta nabariagoak baitira.
Izotz-lodierari dagokionez, 2011tik 2020ra, Pirinioetako glaziarrak batez beste 7,3 metro mehetu dira. Eta glaziarrek erantzun ezberdinak izan dituzte (4. irudia). Aldaketa handienak batezbestekoa baino dezente handiagoak dira (10-12 metro artean); Seil de la Baqueko eta Anetoko glaziarretakoak, esaterako. Badakigu Anetoko glaziarra, Pirinioetako glaziar handiena, bitan zatitzear dela eta zatiketak kalteak areagotu besterik ez dituela egingo etorkizuneko urtze-prozesuan. Txikienak direnak eta zokoratuen daudenak, berriz, gutxiago mehetu dira (3-5 metro artean). Orotara, azken bederatzi urteetan Pirinioetako glaziarrek galdu duten izotz-kantitatea ur-balioetan jarriko bagenu, esan genezake 20 miloi tona ur galdu direla azken hamarkadan.
Munduko mendiko glaziar gehienak ari dira klima-aldaketaren ondorioak jasaten, eta Pirinioak ez dira salbuespena. Egindako ikerketetan oinarrituta egiaztatu dugu Pirinioetako glaziarren pilatze-eremuak gero eta txikiagoak direla, eta, kasu gehienetan, gainera, esan genezake pilatzerik ere ez dagoela. Hots, uda-sasoian, negu-sasoian irabazten duten elur guztia urtu ez ezik, lehendik zegoen izotza ere galdu egiten dute, eta, ondorioz, glaziarrak mehetu eta azalera galtzen dute (4. irudia). Pirinioetako glaziarrek egungo baldintza klimatikoetan iraun ezingo duten sintoma esanguratsua da hori. Beraz, egungo atzera-egite eta mehetze-abiadurek horrela jarraitzen badute (eta hala dirudi), datozen 20 urteetan mendikateko glaziarrak erabat galtzeko zorian daude.
Ondorioz, Pirinioetako elementu geografiko eta geologiko paregabe bat desagertzear da datozen hamarkadetan, eta dagoeneko gure begiekin ikus eta uler dezakegu. Lurraren goi-mendietako ezaugarri diren izotz-masa iraunkor eta mugikorren agurra oraintxe ari da gertatzen, baina glaziar horiek desagertzea ez da ingurumen-katastrofe bat izango, jada ur gutxi gordetzen baitute beren baitan. Hala ere, gure ondorengoek ezingo dute etxetik hain gertu dugun paisaia paregabe hori ezagutu. Munduko beste hainbat tokitan gertatzen ari denaren pregoilari ere badira Pirinioetako glaziarrak; klima-aldaketaren aurrean mendiko glaziarrek duten zaurgarritasuna agerian dago, eta egun Pirinioetan gertatzen ari den bezala, beste mendikate batzuetako glaziarrak ere egon daitezke galbidean etorkizunean.
Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak
Elhuyarrek garatutako teknologia