Irrati-telemetria: okil gibelnabarren sekretuak erakutsi dituen iraultza

“Trrrrrrrr. Trrrrrrrrr”. Egun-argitzea, Nafarroako oihan trinko batean. Laino artean, okil gibelnabarra ari da pago-adar batean “danborra joz” bere lurraldea hori dela aldarrikatzen. Bat-batean, hegan abiatu, eta basoak irentsi du. Nora joan ote da? Auskalo!

irrati-telemetria-okil-gibelnabarren-sekretuak-era
Ezkerrean, okil gibelnabar arra; eskuinean, emea. ARG.: Migel Mari Elosegi, Diego Villanua, David Campion.

Orain arte, espezie honen mugimenduei buruz, ia dena zen galdera, behaketa hutsez arrunt zaila baita okilaren nondik norakoak ezagutzea. Gauzak, ordea, guztiz aldatu dira irrati-telemetriazko GPSaren teknologia garatu denetik.

Baso helduetako biztanle berezia

Okil gibelnabarra baso helduak behar dituen hegaztia da, egurra zulatzen duten intsektuen larbak baitira haren elikagai-iturri nagusietako bat. Munduan, banaketa oso zabala du, baina, Europa hegoaldean, populazio bakanduetan bizi da. Gaur egun, adituak eztabaidatzen ari dira ea Pirinioen eta Mediterraneo aldeko “lilfordi” okil gibelnabarren subespeziea espezie bilakatu ote den edo ez. Nolanahi dela ere, gurean, desagertzeko arriskuan dago espezie hori, eta, hortaz, garrantzi handia du espeziea kontserbatzeak.

Munduan barrena baso-mota desberdinetan bizi bada ere, Pirinioetan pagadi helduetan bizi da okil gibelnabarra. Menpekotasun horrek, ordea, badu bere koska: handitu ahala basoei mozteko garaia iristen zaie, eta basoen ustiatzeak arriskuan jar dezake espeziea. Baso-lan desegokien ondorioz, tamalez, galdutako okil gibelnabarren lurralde batzuk ezagutzen direnez, ezinbestekoa da ustiapenak espeziearen kontserbazioarekin uztartzeko kudeaketa egokia ezartzea.

Goian, okil gibelnabarrentzat egokia ez den habitata; behean, habitat egokia. ARG.: Migel Mari Elosegi, Diego Villanua, David Campion.

Behar adina ezagutzen ez den espeziea

Pirinioetako hego-isurialdeko okil gibelnabarren populazioaren % 99 Nafarroan dago, gaur egun bikote bakarra ezagutzen baita Aragoin (Zuriza inguruan, hain zuzen ere) eta alerik ez hortik kanpo. Horregatik, Nafarroak berebiziko ardura du espezie honen kontserbazioan.

Espeziea behar bezala kudeatu ahal izateko, ordea, ezinbestekoa da beraren behar ekologikoak zeintzuk diren ezagutzea. Suediako eta Norvegiako bibliografiaren arabera 50-100 hektareako lurraldea erabiltzen zuela ikusita, Nafarroan antzekoa izanen zela pentsatu zuten espeziea kudeatzen zuten teknikariek. Askotan, ordea, alde handia dago liburuetatik errealitatera, eta bertan ikertzea komeni zela ikusi zen.

Duela gutxira arte, okilak bizi diren lurraldeen ezaugarriak ezagutzeko, lehenik, okil-habiak aurkitu eta haien ingurua aztertzen zen, zuhaitzen lodiera, altuera, hildako egur-kantitatea eta beste aldagai batzuk neurtuz. Horretan oinarrituta, okilak Nafarroako baso zaharrenetan, zuhaitz handi eta lodienetako lekuetan eta hildako egur asko zegoen eremuetan bizi zirela ondorioztatu zen; alegia, oso gutxi ukitutako baso zaharretan.

Basoen bilakaera eta basogintzaren garrantzia

Ezkerrean eta eskuinean, GPS-igorgailua jarri zaien okilak. ARG.: Migel Mari Elosegi, Diego Villanua, David Campion.

Nafarroako baso gehienak asko ustiatu izan dira historian zehar, egurra eta ikatza lortzeko, eta, ondorioz, okil gibelnabarra eremu zabaletatik desagerrarazi eta oso arraro bilakatu da. Gaur egun, ordea, garai batean ustiapen gogorra jasan zuten baso asko zabaltzen ari dira. Mendeetako presioa arindu eta aziendak gutxitu direnean, basoak galdutako eremu zabalak berreskuratu ditu, okilaren eta beste makina bat espezieren mesedetan.

Aldi berean, basoak baliabide berriztagarri garrantzitsuak dira oso. Egurra, ura, CO2-a eta bioaniztasun handia pilatzen dute, garrantzi handiko diru-iturri dira baso-jabeentzat, eta, gaur egungo behar energetikoen eta larrialdi klimatikoaren testuinguruan, ezinbestekoa da haiek behar bezala zaintzea. Okil gibelnabarren kontserbazioaren gakoa baso-kudeaketa denez, bereziki interesgarria da okil gibelnabarrek zer habitat erabiltzen duten eta zer mugimendu egiten dituzten ezagutzea. Nola egin daiteke, ordea, hori? Lehen behaketa zuzenez egiten zenari teknologia modernoen erabilera gehitu zaio gaur. Irrati-telemetria da, zalantzarik gabe, iraultza ekarri duen sistema.

Irrati-telemetria okilen berri izateko

Nafarroako Administrazioa, Pirinioetako beste lurralde batzuekin batera, Europako Poctefa deialdi batera aurkeztu zen, eta HABIOS proiektua sortu zen, FEDER funtsekin, 2016an, Pirinioetako hegazti bioadierazleak kontserbatzeko helburuarekin. Nafarroako ingurumen-teknikarien helburu garrantzitsuena zen proiektuan okil gibelnabarrei buruz ikastea, haien kontserbazioa basogintza produktiboarekin uztartu ahal izateko.

Ezkerrean, GPS-igorgailua duen okila; goian, satelitea; eta behean, hargailua hartuta datuak biltzera joandako teknikaria. Irudia: Migel Mari Elosegi, Diego Villanua, David Campion.

Proiektua abiatu zenean, ez zegoen okil gibelnabarrei GPS-igorgailuak jartzeko aukera teknikorik, astunegiak baitziren haientzat. Okil horrek 100 gramoko pisua du eta, zuhurtziaz, hegaztien pisuaren % 4 gaindituko ez duen gailua jar dakieke. Ingalaterrako enpresa bat, ordea, gero eta igorgailu txikiagoak egiten hasi zen, eta 3,4 gramokoak egitea lortu zuen. Zenbait hobekuntza egin ondoren, igorgailuek, GPS bidezko 300 bat lokalizazio zehatz jaso ditzakete, eta, hargailu berezi bati esker, hegaztia berriz harrapatu beharrik izan gabe berreskura daitezke datu horiek.

Lehen oztopoa izan zen okilak markatzeko harrapatzea. Ipar Amerikan saguzarrak harrapatzeko erabiltzen duten sare-sistema erabili zen. Makil eta txirrika batzuen bidez sareak altxa, leku egokian jarri eta, ordu askoren buruan, 21 okil gibelnabar harrapatu, eta munduan aurrenekoz lortu zen GPS teknologia bidez haiei jarraipena egitea. Handik aurrera eskuratutako informazioak hankaz gora bota zituen aurreiritzi asko.

Emaitza harrigarriak

Irrati-telemetriari esker, Lurraren inguruan bueltaka dabiltzan sateliteek (tresnak, gutxienez, lau sateliteren informazioa jaso behar du) triangulatu eta, algoritmo matematiko konplexuen bidez, markatutako okila non den zehaztu dezakete, 5 eta 25 metro bitarteko errorearekin. Hegaztiaren kokapena egunean hirutan zehazten da, eta bizkarrean daraman gordailu batean biltzen dira datuak. Ondoren, datu horiek jasotzeko aski da hargailua hartuta hegaztiarengandik kilometro batera hurbiltzea, hegaztia gehiago gogaitu gabe. GPSa baliatuz okil gibelnabarrei zenbait hilabetez jarraipena egin ondoren, argitzen hasi dira orain arte ezezagunak ziren zenbait gauza.

Irrati-telemetriarekin, puntuz betetako mapak lortzen dira, alegia, okila zer leku zehatzetan egon den adierazten duten puntu guztiak. Aurreneko ezustekoa izan da ikustea zer azalera handia erabiltzen duten, bibliografian aurkitzen diren lurraldeak baino askoz ere azalera handiagokoak baitira. Nafarroan aztertutako lurraldeen batez besteko azalera 225 hektareakoa da, eta bakarren bat 500 hektareara ere iristen da! Horri esker jakin dugu teknikariek uste baino okil-lurralde gutxiago daudela. Izan ere, ikasi ahal izan da okil-bikote bakarraren lurraldea dela datuak jaso aurretik bi lurralde desberdintzat jotzen ziren kasu batzuk.

Goian, okil gibelnabarren lurralde bat, ar eta emeen mugimenduak bereizita; behean, erabiltzen dituzten lurraldeen azaleren datuak, sexuen arabera. Batezbestekoa, 225,56 hektareakoa da. Irudia: Migel Mari Elosegi, Diego Villanua, David Campion.

Bestalde, arrak gehiago mugitzen dira emeak baino, eta habiak gehienetan ez daude lurraldeen erdian. Hortaz, ordura arte egindako habitat-neurketak ez ziren oso zuzenak, okilek batzuetan erabiltzen ez zituzten eremuetan egin zirelako, eta ez zirelako batere aztertu maiz erabiltzen dituzten beste batzuk.

Lurralde zabal horietan, okilek askoz ere gehiago erabiltzen dituzte leku batzuk besteak baino. Hori aztertzeko, zenbait ibilbide egin dira lurraldean barrena, puntu asko eta puntu gutxi (okilek asko eta gutxi erabilitakoak) bildu dituzten lekuak alderatzeko. Okilek askoz ere gehiago erabili dituzte zuhaitz hilak dauden lekuak, zuhaitz hilik ez dutenak baino, haietan bazka ugari aurkitzen dutelako.

Ikusi denez, eta jakina zen bezala, tantaidi bikainak erabiltzen dituzte, baina baita oso bestelako eremuak ere: lur gutxi duten lekuetako baso kaskarrak, anduitik berritutako basoak, lepatutako zuhaitz motzak eta abar. Pagadiak dira okilen habitat nagusia, baina hariztietan, alertzedietan, hurriztietan eta abarretan ere ibiltzen dira. Hildako aski egur baldin badu, okila bertara egokitu daiteke. Azkenik, elkarren ondoan dauden lurraldeak aztertuta, baieztatu ahal izan da ugaltzeko tenorean okilak ez direla ia sartzen ondoko okilen lurraldera.

Emaitza horiek ezagututa, kudeaketa egokitzeari ekin zitzaion eta, gaur egun, berraztertzen ari dira pagadiak ustiatzeko azken urteetan erabili diren jarraibideak.

Okil gibelnabarren bost lurralde biltzen dituen irudia. Ugaltzeko tenorean, lurraldeek ez dute elkar zapaltzen. Irudia: Migel Mari Elosegi, Diego Villanua, David Campion.

Kontserbazioa eta baso-kudeaketa uztartzea helburu

Irrati-telemetriak okil gibelnabarrari buruzko ikuspegia aldarazi du. Ez da, hasieran pentsatu zen bezala, baso helduetako txoko bikainetara mugatzen den espezie bat, baizik eta lurralde ikaragarri zabala erabiltzen du. Espeziea baso ustiatuetan bizi daiteke, noski, baina kudeaketa egokia ezarrita.

Nafarroako basogintza klasikoan, pagadia baso erregular modura (adin bereko zuhaitzez osatua) kudeatzen zen. Normalean, zuhaitz menderatuak ziren bakanketetan kentzen lehenak, eta, sinplifikatutako egitura horretan, hildako egur gutxi gelditzen zen oso. Gainera, 100 bat urtera iritsitakoan, azken bakanketen ondoren, basoa oihanberritu eta zuhaitz zahar guztiak mozten ziren, urte luzez okilen habitat izandakoa desagerraraziz.

Azken urteotan hori aldatzen hasia zen zenbait lekutan, konplexutasun handiagoa duen baso irregularra bultzatuz. Dena den, irrati-telemetriak erakutsi du basoa azalera handiagotan kudeatu behar dela, okilen lurraldea askoz ere zabalagoa delako. Halaber, zuhaitz-espezie guztiak (ez bakarrik pagoak) hartu behar dira kontuan, espezie horrentzat bazka-iturri eta habitata ere badirelako. Kudeatzeko modu horren lehen probak egiten hasita daude, baina, jakina, denbora beharko da baso-lanen ondorioak behar bezala ezagutzeko.

Horretan gabiltzan bitartean, teknologiak hobetzen jarraitzen du. Etorkizunean irrati-telemetriazko tresna txikiagoak eta iraupen luzeagokoak izanen dira, eta, jakina, askoz ere gehiago ikasi ahal izanen da basoko espezieei buruz. Informazio horri guztiari esker, basoko bioaniztasuna kontserbatu ahal izateko tresna hobeak sortuko dira, eta, azken finean, basogintza jasangarriagoa bultzatu ahal izanen da.

Okil gibelnabarren kontserbazioaren gakoa basogintzan dago. Horregatik, berraztertzen ari dira pagadiak ustiatzeko jarraibideak. ARG.: Migel Mari Elosegi, Diego Villanua, David Campion.

Bibliografia

1. Fernández, C., Azkona, P & Llorente, L. 1994. Corología y caracterización del hábitat del pico dorsiblanco (Dendrocopos leucotos lilfordi) en el pirineo occidental español. Ardeola 4(12); 135-140.
2. Garmendia, A., Cárcamo, S. y Schwendtner, O. (2006) Forest management considerations for conservation of Black Woodpecker Dryocopus martius and White-backed Woodpecker Dendrocopos leucotos populations in Quinto Real (Spanish Western Pyrenees). Biodiversity and Conservation15: 1399–1415.
3. Grangé, J. L. 2015. Breeding biology of the Lilfordi Woodpecker Dendrocopos leucotos lilfordi in the western Pyrenees (SW France). Denisia; Vol 36 serie; 164; 99-111.

Eskertza: Mila esker Nafarroako Ingurumeneko Departamenduari, GAN-NIK taldeari eta Nafarroako Basozaingoari.

CAF-Elhuyar sarietara aurkeztutako lana.

Idatzi zuk zeuk Gai librean atalean

Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.