Euskal Herriko lurrek duten aberastasuna inguru ugari eta ezberdinei zor badiete, adierazgarririk onenetarikoa Larra litzake.
Lur karstiko (formazio geologiko) honek, bere barnean duen bizia ikaragarria da, eta gure herriko eskualderik garrantzitsuena izan daiteke zabalera eta gordetasunari so eginez.
Topografiak edo lurraren formak, itxura kaotiko eta liluragarriak ditu ia urratu gabeko lur-sail txiki honetan, eta irudimen handiegirik gabe, orain dela 5.000 urteko paisajeen gogortasuna eta xarma nabari ditzakegu.
Larrako zabaluneak duen itxura hautsia, lur karstikoan egoteak ematen dio. Lur garai hauetan arrisku ugari nabari badaiteke ere, lehenik mendi hauen edertasuna goraipatu behar dugu, bere handitasuna eta garrantzia orekatzen ikasteko.
Lur karstikoen berezitasunak eta moldaketak aipatzea derrigorrezkoa da, Larran duen joko bereziagatik. Eta lehenik, harriak buztin lehorraren itxura duela aipatu behar da, zartatu eta zuloz beteriko lurra delarik. Bertan eroritako urek ez dute nora husturik eta zuzenean lurrazpira jotzen dute. Lur karstiko hauek, iragazkorrak direnez, ez dugu bertan erreka iraunkorrik aurkituko eta ur-jauzi handien ondoren baino ez dira lur gainetik barreiatuko.
Goimendi hauetan kararria oinarri duen formazio geologikoa badago ere, alde batera uztekoak ez dira bertan jaioleku duten pinu beltzak. Europan pinu beltzez estaliriko lur karstiko zabalena dela esan da. Hemen hazitutako pinu beltzak, 350 urte baino gehiago eduki dezake, mota honen heldutasuna nabari agertzen delarik. Cebollera mendikatean adibidez (Sorian eta Errioxan) 600 urte inguruko pinu beltzak aurkituko ditugu. Mozteko adina berandu heltzen zaie, 120-150 urte igarota botatzen direlarik; eta kontu handiz egin ere. Zuhaitz berezi hau, harri biluzian bizitzeko gai da, landare primario bihurtuz. Pinu hauek oso indartsuak dira eta tximista, haize eta ekaitzetan tinko segituko dute lurrari atxikita. Larrara joanez gero, pinu hauek osatzen duten superbizitze-koadroa ikustea paregabea da.
Hartzen duten lurraldea handia da, Eskilzarra, Arlas, Budogia hirukia gutxi gora-behera muga direlarik.
Zeru, pinu eta kararri horien azpian begiratuz, lurpeko leize mugagabeak daude, argitxoa buruan daramaten espeleologoei paregabeko barrunbeak eskaintzen dizkietelarik.
Larrako eskualdea munduko garrantzitsuenetakoa da, bertan dauden leize eta simak direla medio. Geologikoki beraz, oso lurralde interesgarria da eta geologoentzat kontutan hartzeko lurraldea, dudarik gabe.
Lur basati honek ez du gizakiaren eraginik jasan; ez era nabarmenean behintzat. Bertatik noizbehinka zuhaitzak atera baziren ere, Larrako leku garaienetara ez ziren heldu, zailtasun handiak zeudelako.
Ekaitzen zurrumurruak etengabeak dira urtesasoi batzuetan eta elurrak negu luzea ezartzen du urteko. Metro karratuko 2.000 mm-tik gorako prezipitazioak izaten dira eskualde osoan, baina 3.000 mm-ra ere iritsi daitezke eskualde garaienetan. Elur edo euri moduan eroritako prezipitazio hauei urruntasuna, altuera eta erliebe hautsia batzen badiogu, erraz ulertuko dugu Larrak antzinako itxura nola gorde duen.
Pinu beltza zuhaitz-mota bereizgarriena izanik, beste batzuk ere bertan jaiotzen dira landarediari ugaritasun berezia emanez. Pagoak eta izeiak, paga izeidia sortuko dute. Paga izeidi honek, pinu beltzarekin bat egiten du eskualde zabal batean, Eskilzarra-Zanpori-Lapazarra hirukia gutxi gora-behera muga direlarik. Izei edo pinurik gabeko pagadirik ia bertan ez dugu aurkituko eta pinu beltzeko pinudiak ekialdeko lur garaietan baino ez ditugu aurkituko beste zuhaitzekin nahastu gabe.
Larrako basoa Pirinio mendikatean mendebaldeen aurkituko dugun goimendi-eskualdea dugu. Klimaren aldetik ere, oso berezia da. Mediterranioko eta Kantauriko isurialdeetako klimen berezitasunak ditu bere baitan.
Ezaugarri guzti hauei esker, bertako fauna oso aberatsa da. Izan ere, bertan meditarraniar isurialdeko eta kantauriar isurialdeko animaliak izanik, landare-mota bitxiak aurkituko ditugu, mikroklima egoki eta bereziak osatuz.
Landareen munduan “endemiko” hitz zientifikoa duten motak badira, (landare edo animalia bakanak edo oso ekosistema berezi bati loturikoak). Animalien baitan ere, endemikotzat har daitezkeen batzuk badaude. Hala nola lagopodo zuria (Lagopus mutus), basoilarra (Tetrao urogallus) eta hartza (Ursus arctos).
Kobazuloetan eta idaztietan utzitako aztarnei esker dakigunez, Euskal Herriko leku guztietan bizi izan zen hartza, baina beti bezala, gizakiaren eragina areagotuz joan zen heinean, hartza urruntzen hasi zen, ekialdeko lurralde hau azken babesleku bihurtu zen arte.
Gauez ibili eta ezkutatzeko joera duenez, oso zaila da zenbat dauden zehatz jakitea. 1950. urtean 70 zeudela uste zen, baina 1986. urtean 20 buru besterik ez zeuden. Gaur egun, zazpi urte geroago, Pirinio osoan hamar hartz egongo direla uste da. Hala eta guztiz ere, bikote baten arrastoak Larran somatu izan dira.
Azken urte hauetan kolpe latza eman zaio hartzari. Aurreko urte hauetan natur turismoak eta ekologismoaren antza eduki nahi izan duen korronte honek, errepide berri, lasaigune eta kanpinak barra-barra irekitzera eraman gaitu, hartzen azken ezkutaleku hauetaraino sartuz. Jendeak ez die hartzen azken kokaleku hauei begirunerik eta zakarrak nonnahi botatzen ditu. Hartza, oso animalia zuhur eta batipat minberakorra denez, oihu edo hots ozenek izutu egin dezakete kilometrotara dagoen eskualdera joanez.
Hartzen etorkizuna beltza da benetan. Ehiztari, baserritar, pozoi eta abar beren kontra egonik, gaur egungo hartzek nahikoa lan badute bizirik irauten.
Baina faunarekin segituz, ondo orekaturiko ekosisteman ager daitezkeen beste animalia asko daude. Ugaztunen artean oreina (Cervus elaphus), orkatza (Capreolus capreolus), basakatua (Felix silvestris), sarrioa (Rupicabra rupicabra) eta basurdea (Sus scrofa) ditugu bereizgarri.
Hegaztien artean, basoilarra (Tetrao urogallus) eta lagopodo zuria (Lagopus nivalis) alde batera utzita, beste ezpezie interesgarri asko aurkituko ditugu; zapelatz liztorjalea (Pernis apivorus), belatz gorria (Falco tinnunculus) eta arrano beltza (Aguila chruysaëtos). Bere handitasuna erakutsi nahian ugatza ikusteko aukera izango dugu.
Enborretan bizi direnetakoak, okil berdea (Picus viridis), okil beltza (Dryocopus martius) eta okil gibelnabarra (Dendrocopos leucotos) ditugu kabia egiten.
Ugaztunen artean, aspaldi bizi izan zen animalia batek, lurra berriro ere ustiatzeari ekin dio. Musarra (Marmota marmota) ugaldu da, frantses-estatuan eginiko birpopulaketa batzuei esker.
Zorionez, Larra osoa erreserba bihurtu zuten, bere erdigunean “erreserba integral” bat ezarriz. Erreserba integralean babesa erabatekoa baldin bada ere, erreserba naturalean animali motaren bat kontrola daiteke.
Baina lurralde hau ekologikoki babestea ideia bati esker ez da gertatu, eta bere antzinako distira gorde badu, ustiapen ezagatik eta urruntasunagatik izan da; egurra eramatea, esate baterako, oso gaitza zelako.
Babes-ideia hauek, orain dela urte gutxiko moda eta beharrak dira, eta gure artean ez zegoenaren adibide, orain dela 15 urte eraikitako Belagoa-Antxomarro izeneko errepidea da. Errepide honek, bertako paisajea hondatu eta zuahitzak botarazi ezezik, hartzaren bizilekuak erditik ebakita utzi zituen.
Belagoako babestokira ere joan beharko genuke, handik Larrara sartzeko trabarik ez dagoela konturatzeko. Teorian babesguneak ia perfektuak badira ere, bertan horrelakorik ez da izaten. Erreserba naturalak, integrala batipat, jende-kopuru zehatz batek bisitatzeko eratu baziren ere, gaur egun edonor sar daiteke. Gauzak horrela eta Leitzarango politika gertu dugularik, gaur egun inoiz ez bezala ikus dezakegu diru-egarria eta zentzugabetasuna Euskal Herriko narturguneek azken arnasa emateko bidez izan litekeela.