Euskal Herriko hiru kobazulo ikusgarri: Pozalagua, Arrikrutz eta Mendukilo

Irazabal Tamayo, Nagore

Alfonso Antxia Espeleologi Zientzien Elkartekoa. Biologian doktorea

Lurpeko munduaren ezaugarriak direla eta, mundu horrek jende gehienarentzat ezezaguna izaten jarraitzen du. Lur azpia ikertu gabeko "seigarren kontinentea" dela esaten da. Koba turistikoek hutsune hori konpon dezakete, ingurumen-heziketari buruzko gidoiekin eta ongi dokumentatutako gidekin, eta, horrela, "seigarren kontinente" hori nahi duen guztiaren esku jarri. Horrela, lurraren erraiak modu kontrolatuan erakusten dira, jendearentzat gune bat ezarrita (Pozalagua, Arrikrutz eta Mendukiloko kobak, adibidez) eta gainerako leizeak itzalean mantenduta. Hiru koba horiek zoragarriak dira, baina zeharo desberdinak; eta gaur egun edozein bisitarik dauka haien ikusgarritasunaz gozatzeko aukera. Horrez gain, lurralde baten eta lurralde horretan bizi direnen historia ezagutzeko aukera ematen dute.
euskal-herriko-hiru-kobazulo-ikusgarri-pozalagua
Mendukilo kobazuloko Laminosin gela. Arg. © Jabier Les

Pozalagua (estalaktita eszentrikoen koba)

Pozalagua Karrantzako Ranero mendian dago (Bizkaia). Bizkaia osoan dagoen ikusgarriena da: hogei edo hogeita hamar metroko altueran dauden sabaiak, kaltzitazko zutabe erraldoiak, lurzoruaren bila dabiltzan estalaktitak, "gours" edo putzutxoak, ikustekoak diren harrizko errezelak, eta, oro har, kobaren edertasuna, hona hemen urte askoan lotan egon den kobazuloaren ikusgarritasuna.

Bertan, gainera, estalaktita eszentrikoen --lurrera artez zuzendu beharrean, norabide guztietara zabaltzen diren estalaktitak-- munduko multzorik ederrenetako bat dago.

Mendez mende eta isiltasun osoan, urak, kaltzio karbonatoak eta magiak estalaktita eszentrikoen oihan kiribildu bat sortu dute. Estalaktita eszentrikoei buruz (ezaguna den fenomenoa izan arren) oraindik oso gutxi dakigu eta exotikotzat eta ezohikotzat hartu izan dira beti. Kobazulo honek, daukan estalaktita eszentrikoen kopuru ikaragarriagatik baino ez bada ere, bisitatzea merezi du. Ikertzaileek ez dakite mineral-metaketa horiek nola bilakatu ziren, baina jakin badakite naturak milaka urtean sortu dituela egitura horiek. Norbaitek esan zuen noizbait Pozalaguako eszentrikoei begira: "Hau neguko jauregia da, Versalles dela dirudi". Naturak bere baliabide guztiak erabili ditu mendiaren erraietan halako altxor bitxi bat sortzeko. Ordutik aurrera koban Versalles izeneko gela bat dago.

Pozalagua Armañongo Parke Naturalaren barruan dago. Bertan, baso autoktono zabalak daude, hala nola artadiak, hariztiak eta pagadiak, baita hostozabalen baso mistoak ere ibarren hondoetan eta mendi-hegaletan. Hortaz, bisitariek ibilbide atseginak ere egin ditzakete inguruan.

Mendukilo (lakuen koba)

Mendukiloko koba Larraungo bailaran dago (Nafarroa), Astitzeko Kontzejuaren herri-lurretan; hain zuzen ere, Aralarko mendilerroaren magalean, 750 m-ko altueran. Artzainek oso aspalditik erabili dute; izan ere, egokia da mendiko babesgune gisa erabiltzeko, bi ezaugarri hauek direla eta: sartzeko aho handia, iparralderantz begira dagoena; eta lehenengo gela zabala, erraz iristeko modukoa eta argi naturalak ondo argiztatua. Leizearen izenak horretan du jatorria, hots, Mendukilo mendi-ukuilu izan zen. Sarrerako gelan (Artzainzulo) aurkitutako aztarnategi arkeologiko txikiak erakusten digunez, inguruko artzainek gela hori Burdin Aroan (800-300 K.a.) ere erabiltzen zuten. Gaur egun, turistak eta eskola-umeak hartzeko egokituta dago. Kanpoan aparkalekua, harrera-etxea eta ibilbide botaniko txiki bat dauzka.

Kobazuloak lurpeko gauza miragarriak erakustea du helburu, bisitariak gauza horiek zaintzeak eta babesteak duen garrantziaz kontzientzia har dezan. Kobazuloaren gaikuntzak bi helburu izan ditu: bata, leizeari lehentasuna ematea, eta bestea, ahalik eta inpakturik txikiena eragitea. Lehenengo helburuari erantzuteko, leizeak dituen sei geletatik bi jendearentzat egokitu gabe geratu dira; izan ere, gela horietako sarbideak oso estuak dira, eta bisitariak sartu ahal izateko asko zulatu behar dira. Horrez gain, daudenetan utzita, hango fauna eta kobaren kalitatea errespetatu dira. Bestalde, gaikuntzak ahalik eta eragin txikiena izateko, azpiegitura desmuntagarriak jarri dira eta gaur egun Artzainzulo, Laminosin eta Herensuge gelak bisita daitezke.

Urtean zehar, bisita gidatuak egiten dira eta gidoia ingurumen-heziketako printzipioetan dago oinarrituta. Horrez gain, ikasturtean zehar, eskola-umeei zuzendutako programak ere burutzen dira, betiere ingurumen-heziketan oinarrituta. Programa horien helburua sentsibilitatea eta kontzientzia piztea da; izan ere, ezagutza errespetuaren oinarria da. Unitate didaktikoak maila bakoitzeko eskola-curriculumera egokituta daude, eta klase teorikoetan landutakoaren osagai praktikoa izatea dute helburu.

Kanpoaldeari dagokionez, mendilerro guztian monumentu megalitiko ugari izateak (lehenak, duela 4.000 urte baino lehenago eraikiak) artzaintza historiaurretik han egon dela adierazten du. Aziendak eskatzen dituen larreek eta artzainen bizimoduak, hau da, gizakiaren eraginak, mendilerroen egungo itxura taxutu dute neurri handi batean, eta hango ekosistema artzaintzaren eta basoko bizitzaren arteko urte luzeetako elkarbizitzaren fruitua da. Basorik gabe, ezin hobeto ikus ditzakegu karstaren kanpoko hainbat formazio: dolinak, lapiazeak, amildegiak...

Pozalaguako estalaktita erromboedriko berezi bat. Arg. © Jabier Les

Mendukilo Proiektua, mendiko ukuilu izatetik ekoturismo-ekipamendu, lurpeko laborategi eta ingurumen-heziketako gela izatera igaro da. Kobazuloa erabili zuten lehen artzainen filosofiari jarraikiz, gaikuntza arduratsua planteatu da, ekoturismorantz bideratutako kudeaketa ardatz hartuta.

Ekoturismoak garaleku duen naturagunea berreskuratzea eta mantentzea du helburu. Hau da, naturagunea lehengoratzeko tresna baliagarria izan nahi du, hurrengo belaunaldiek hartaz gozatzea ziurtatzen duena; izan ere, naturagune errentagarri bakarra belaunaldiz belaunaldi osorik irauten duen hura da. Horrela, naturagune batean garatzeaz gain, inguruneagatik eta ingurunerako ere garatu behar du. Etekin ekonomikoak tokian tokiko populazioaren onurarako izango dira. Baina bisitariei ere, aisialdiaz modu osasungarrian gozatzeko eta naturari buruzko ezaupideak zabaltzeko aukera eskaintzen zaie.

Hori horrela, ongi bideratutako eta planifikatutako ekoturismoak eta landa turismoak Larraungo bailararen eta inguruaren garapen orekatua ekar dezakete. Zonaldeko turismo baliabideak bildu eta bultzatzeko helburuz, Plazaolako Turismo Partzuergoa eratu zen 1994an. Hori dela eta, jarduera osagarri hauek jarri dira martxan:

- Plazaola pasaportea . Turismo Partzuergoak bultzatutako proposamenean, hainbat landetxe, jatetxe, jardueren enpresa eta baliabide turistikok hartu dute parte. Ekimen horretan, pasaporte zigilatu batek hainbat deskontu eragiten ditu establezimendu parte-hartzaileetan.

- Mugarik gabeko Lurpea . 6 kobazulo turistiko senidetu dira (Mendukilo, Arrikrutz, Pozalagua, Ikaburu, Sara eta Zugarramurdi), lurpeko munduaren bisitariari sarbidea erraztu eta bisita saritzeko. Ekimen horretan senidetutako leize bakoitzari buruzko informazio guztia duen sustapen-liburuxka sortu da. Liburuxka hori koba bat bisitatzen denean zigilatzen da eta horrek eskubidea ematen du tarifa indibidualaren deskontu bat izateko beste kobazulo bat bisitatzen denean. Liburuxka guztia zigilatuta, opari bat jasotzen da bisitatutako azken leizean.

Arrikrutz-Oñatiko kobak (mitologia eta kondairak)

Gipuzkoako barnealdean, Oñati inguruko paisaiak kalitate handiko elementu interesgarriak ditu. Besteak beste, kareharri bikain ikusgarriak daude Aizkorri mendiaren magalean, Arantzazuko Santutegitik gertu; eta lur azpian, Gesaltza-Arrikrutzeko karst-sistema konplexu eta itzelak hartzen dituen 14 kilometroetan, espeleologia-fenomeno eta -gune konplexuak, hala nola Arrikrutz haitzuloaren barrunbea.

Lur azpiko erreka eta estalaktita izugarriz betetako galeriak dira haitzulo horren osaera geologikoaren eta aberastasunen erakusgarri.

Proiektu turistikoak natur eta kultur ondarearen balioa handitzea du helburu. Arrikrutz Euskadiko aitzindarietako bat da espeleologia-, arkeologia- eta paleontologia-azterketetan. Lehen lanetan, hainbat arkeologia-aztarna aurkitu zituzten, hala nola haitzuloetako lehoi baten eskeleto osoa; horrelako lehen aurkikuntza izan zen Estatuan. Horrez gain, panteren eskeleto-atalak eta burezurrak, eta hartz-aztarnategi ikusgarria ditugu bertan.

Mitologiaren alorrean, aipatzekoa da duela ehunka urte Oñatiko, Deba Garaiko eta Arabako biztanleak Sandaili haitzulora joaten zirela peregrinazioan, soloetarako euri eske. Bestalde, emakume antzuek bainua hartzen zuten Sandailiko uretan, emankorrak izateko. Milaka urte lehenago --jentilen garaian-- sortutako ohiturei eusten zieten horrela. Horiek guztiak kontuan hartuta, Oñatiko Udalak bertako natur eskaintza hobetzea eta osatzea erabaki zuen aho batez, eta ondorioz, Oñati-Arrikrutz haitzuloa bisitariak hartzeko prestatzea.

Pozalagua koban, aragonitozko estalagmita berezi batzuk aztertzen. Arg. © Jabier Les

Haitzulo barruko ibilaldiak duen sistemari esker, gai ugari lantzen dira ikuspegi pedagogikotik, eta erabat modu interesgarrian landu ere; besteak beste, urak eta hidrologiak haitzuloa nola zizelatu zuten, nola sortu zen mineral-unibertsoa, Arrikrutzeko aurkikuntza arkeologikoak eta paleontologikoak, Sandailiko mitologia eta Arrikrutzek espeleologiaren historian duen garrantzia.

Hizkuntza-aholkularia: Agurtzane Urrutia.

Eskaintza

Iñakiri

Te vas, te venís, y dejás anillos en mi imaginación (G. Belli)

Asierri

La justicia es como las serpientes, solo muerden a los descalzos (E. Galeano)

Asier 2008. urteko abenduaren 1ean hil zen, Bilboko hegoaldeko saihesbidean (Supersur) gertatutako lan-istripu batean, laneko segurtasun-neurriak ez zirelako bete (horrela dago ebatzita Bilboko 9. Gizarte Epaitegiaren 2011ko martxoaren 18ko 131. sententzian. Hala eta guztiz ere, bide penala deuseztatu egin ziguten. (asierirazabal.wordpress.com).

Bibliografia

Zubia, B.: "Pozalagua, lur azpiko laborategi", in Elhuyar, 233 (2007), 18-22.
Euryale 1. zenbakia. Espeleologi ikerketen aldizkaria. (2006) BI-1502-06 ISSN: 1886-4309. Alfonso Antxia Espeleologi Zientzien Elkarteko ikasketak. Bilbao.
Euryale 2. zenbakia. Espeleologi ikerketen aldizkaria. (2009) BI-1502-06 ISSN: 1886-4309. Alfonso Antxia Espeleologi Zientzien Elkarteko ikasketak. Bilbao.
www.sociedadalfonsoantxia.org.
Pozalagua, Arrikrutz eta Mendukilo: lur azpiko laborategiak
Kobazulo hauen sorrera eta bilakaera ezagutu, gaur egungo egoera aztertu eta etorkizunerako babesteko bidea aurkitu nahi izan dute ikertzaileek, betiere, ingurunearen babesa eta bisitarien ikustaldiak uztartzea posible egingo dituzten neurrien bidez; izan ere, lehen hipotesien arabera behintzat, ez dago bisiten ondorioz desager daitekeen ezer. Baina, horretarako, babestu egin behar dira, eta Euskal Herriko Unibertsitateko eta beste unibertsitate batzuetako hainbat sailek eta Alfonso Antxia Espeleologia Zientzien Elkarteak diziplina arteko ikerketa bat jarri zuten martxan. Pozalagua, Mendukilo eta Arrikrutz, besteak beste, munduko lur azpiko laborategi garrantzitsuenen artean kokatu dituzte egindako lanek.
Lurpeko laborategietan azterketa hauek egiten dira: klima-azterketa (orduro-orduro eta besteak beste, haitzaren eta airearen tenperatura, hezetasuna, atmosferaren presioa, karbono dioxidoaren kontzentrazioa); uraren azterketa hidrokimiko eta mikrobiologikoa; eta faunaren (ornodunak zein ornogabeak) eta mikrofloraren azterketa; horrez gain, erradioaktibitate naturala neurtu, eta aire-korronteak eta tanta-jarioen ur-ekarpena neurtzen dira. Halaber, urtero azterketa geoteknikoak egiten dira.
Pozalaguako estalaktita eszentrikoak. Arg. © Jabier Les
Bisiten jasangarritasuna bermatzeko, estazio klimatikoak ezartzen dira barnean (eta kanpoan beste bat), bisita daitezkeen geletan. Estazioetan jasotako emaitzak eta egindako bisita-kopurua alderatuta, kobazuloen karga-ahalmena zehaztu ahal izaten da. Azterketa klimatikoak amaituta (gutxienez bost urteko datu-bilketa), emaitzak kudeaketan integratu dira.
Diziplina anitzeko ikerketak egin dira kobetan. Ez da emaitzarik espero epe laburrean, baina lur azpiko laborategi hauetan bildutako ezagutzak epe ertainean koben kudeaketa-metodo bat osatzeko balioko duela espero dute ikertzaileek. Horrez gain, koba turistikoetako klima-aldagaiak aurreikusteko eredu informatiko bat diseinatzen ari dira Alfonso Antxiako partaide batzuk.
Koba turistikoen gaitzak
Pertsonen gorputz-masak ingurugirora kaloria-kopuru jakin bat transferitzen du, eta bertako tenperatura igotzea errazten du horrela. Kobazuloak jende-multzo handiek bisitatzen badituzte, gertakari hori askoz era nabarmenagoa da.
Aipaturiko karga termiko horrez gain, transpirazio-prozesua dela eta, ur-lurrun kantitate bat ere botatzen dute bisitariek, bai azaletik edo bai arnastean botatako airearen bitartez. Horrek atmosferako lurruna gehitzea eragiten du, eta, ondorioz, supersaturazioa eta kondentsazioa areagotu litezke.
Bisitariek kobazuloan daukaten eragina aztertzeko unean, faktorerik garrantzitsuenetako bat karbono dioxidoa, CO 2 , da. Bigarren mailako formazioetan eragiten du bereziki, eta deskaltzifikatzea eta suntsitzea eragiten ditu. Pozalaguan bereziki, kontu handiz jarraitu beharrekoa da hori.
Mendukilo kobako Laminosin gelako lakua. Arg. © Jabier Les
Kobazuloa eder eta erakargarri mantendu nahi izanez gero, eta gehiago hondatzea ekidin nahi izanez gero, beharrezkoa da bisita-kopurua mugatzea eta zenbait arau behar bezala betetzea. Arau horiek ez dira nolanahi ezartzen; horretarako, beharrezkoa da kobazuloaren azterketa mikroklimatiko sakona egitea eta sistema solido, likido eta gaseosoen arteko eta kanpoko nahiz barruko sistemen arteko energia- eta masa-trukaketa posible egiten duten mekanismoak ezagutzea. Adibidez, Pozalaguan, kobazulo barrura sartu daitekeen jende-kopurua 80 lagunera murriztea proposatu zen, Mendukilon 50 lagunera eta Arrikrutzen 25 lagunera. Eta haitzulo barruko ibilaldiak Mendukilon eta Arrikrutzen, gehienez, 60 minutu irautea proposatu zen, eta Pozalaguan, berriz, 45 minutu.
Gaitz berdea
Pozalaguako ikustaldiak duela bi hamarkada hasi ziren. Bisitariek kobazuloa ikusi ahal izateko, argiztapena jarri zuten barruan, eta horrek gaitz berdea eragin zuen. Hau da, landareak koba kolonizatzen hasi ziren: goroldioa, likenak eta iratzeak aurkitu izan dira barruan. EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Sailekoek beren gain hartu zuten Pozalaguako landarediaren katalogazio-lana. Landaredia katalogatzen ez ezik, landare horiek hazteko baldintza egokienak zein ziren aztertzen ere aritu ziren. Izan ere, landareek argiaren beroa eta erradiazio zati bat bakarrik erabiltzen dute. Landareak hazteko beharrezko diren baldintzak zein diren jakinez gero, baldintza horiek aldatuta (uhin luzeko argia jarriz, adibidez) posible izan daiteke bisitekin jarraitzea eta landaretzaren hazkundea saihestea. Gaitz berdea ekiditeko argiztapena arreta handiz zaindu behar da ibilbidean zehar, eta argi hotzagoak erabili. Beraz, ikertzaileen lana, katalogazioa eta gaitz berdea desagerrarazteko proposamenak egitea ez ezik, landareak ugaritzea posible egiten duten baldintzak aldatzeko proposamenak egitea ere bada. Egun, Pozalaguan eta Mendukilon argi hotzak jarrita daude eta soilik bisita-taldea dagoen tokia argiztatzen da, hau da, sinkronizatuta daude argiztapena eta bisita-taldea.
Pasabide desmuntagarriak Arrikrutz koban. Arg. © Jabier Les
Ikerketa-taldeko kimikariak ere oso lagungarriak izan ziren gaitz berdea garbitzen laguntzeko. Espeleotemei kalterik egin gabe landaretza kentzeko enplastu moduko bat asmatu zuten. Ioi-trukean oinarritzen zen enplastuaren probek emaitza ezin hobeak eman zituzten. Horrez gain, espeleotemen konposizio zehatza ezagutzea ere haien ardura izan zen.
Kaltetutakoa ezin da berreskuratu, baina kalteak ez areagotzeko modua aurkitu nahi dute beti ikertzaileek. Hori dela eta, diziplina anitzeko ikerketak abian jarri ziren.
Alderdi biologikoa
Arrikrutz koban aurkitutako leize-lehoi baten hezurrak. Arg. © Jabier Les
Aintzat hartu dira kobazuloetako bizidunak, eta atontze lanak egin aurretik bertan dauden izakiak aztertu eta deskribatu dira. Saguzarrez gain, Mendukiloko haitzuloan dagoen izakietako bat, troglobioa da, artropodo bat, kobazuloaren baldintzetara egokituta dagoena eta jendearentzat zabaldu ez diren geletan soilik bizi dena. Pozalaguan ere zenbait artropodo bizi dira, eta haien artean koba horretan lehen aldiz deskribatutako kolenbolo bat.
Atonketa, zuhurtziaz
Mendukilon, besteak beste, biziki arduratu dira lur azpiko altxorrak ez hondatzeaz. Azterketa geoteknikoak ere egin ziren Mendukiloko koba egokitu aurretik; garrantzitsuena, ibilbide turistikoan erabiliko ziren sabai, horma eta gelen egonkortasuna ebaluatzeko egin zena. Horren ondorioz, lehenengo gelan jaisteko arrapala, hartxintxar nahiz hareaz bete eta galtzadaz egokitu da, hormigoizko zerrenda batez mugatuta (mugi ez dadin). Antolamendu horrek ura bere jatorrizko bidetik iragaztea ahalbidetzen du, eta beheko geletako konkrezioak haztea. Barneko gelak pasabide flotakor, metaliko, galbanizatu eta desmuntagarriz gaitu dira. Sarrerako burdinsarea, saguzarretan espezialista batek diseinatua, inguru honetan bizi diren espezie guztientzako iragazkorra da. Barra horizontalak ditu haiei igarobidea uzteko, hegaldietan barra bertikalek derrigortzen dizkieten maniobrak saihesteko.

Idatzi zuk zeuk Gai librean atalean

Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila