Munduko itsasoek eta ozeanoek biodibertsitate handia eta habitat berezi ugari dituzte, gizakia hainbat zerbitzu eta ondasunez hornitzen dutenak; esate baterako: elikagaiak, mineralak, energia edota aisia. Baina, zoritxarrez, gizakiak baliabide horiek aprobetxatzeko egiten dituen ekintza batzuek itsasoko habitaten degradazio, suntsipen, fragmentazio eta, kasu batzuetan, galera ere eragin dezakete. Hala, gizakiaren eraginik jasaten ez duen ozeanoko eremurik ez dagoela uste da; eta are gehiago, ozeanoen azaleraren % 41ean, gizakiaren eragina oso handia dela uste da. Hori dela eta, itsasoko habitat naturalak mehatxaturik daude, eta orain arte baino hobeto kudeatu behar direla frogatu da.
Zoritxarrez, itsas hondoko habitaten neurri, hedadura geografiko eta funtzionamendu ekologikoari buruzko jakintzak oso murritza izaten jarraitzen du gaur egun ere. Esate baterako, nahiz eta munduko itsasoek eta ozeanoek munduko azaleraren % 71 bete, lurrazalerako dugun informazioaren kalitate bera itsas hondoko habitaten % 5 eta % 10 bitarterako baino ez dugu. Arrazoi horiek argi erakusten dute oso zaila dela baliabide naturalak modu eraginkorrean kudeatzea, habitatak eta biodibertsitatea babesten diren aldi berean.
Oztopo horiek gainditzen laguntzeko, Euskadiko itsas hondoa eta habitatak kartografiatzeko ikerketa-programa diseinatu zen. Itsas hondoko ezaugarriei, prozesuei eta habitatei buruzko jakintza zientifikoa lortzea zen ikerketaren helburu nagusia. Eta, aldi berean, ahalik eta kudeaketa-neurri egokienak proposatzen laguntzeko eta legedi autonomikoak, nazionalak eta europarrak ezartzeko informazio baliagarria sortzea.
Itsasoan erabiltzen diren laginketa-metodo konbentzionalak --hots, urpekaritza, itsas hondoko sedimentuen eta organismoen laginak hartzeko dragak, eta urpeko irudiak lortzeko teknologiak-- mugaturik daude, sakoneraren menpe baitaude. Hori dela eta, zaila da itsas ekosistema aztertzea eta haren konplexutasuna ulertzea.
Zorionez, azken hamarkadetako garapen teknologikoari esker, laginketa-teknika akustikoetan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira; adibidez, ekozundagailuetan eta sonarretan; edota LIDAR laser-tekniketan. Teknika horiek aukera ematen dute lurzoruko irudien analogoak diren eskala handiko itsas hondoko mapak egiteko eta irudiak sortzeko (1a irudia).
Horien artean, Euskal kostaldeko kartografia sortzeko gehien erabili den teknika sorta anitzeko ekozunda izan da (1b irudia). Haren funtzionamendua itsasontzi batetik bidalitako pultsu akustiko bat emititzean eta uhin akustikoak itsas hondoan talka egitean sortzen duen oihartzuna jasotzean datza. Uhin akustikoak joan-etorriko bidaia hori egiteko behar izan duen denbora neurtuz, itsas sakonera eta haren ezaugarri fisikoak azter daitezke.
Euskal kostaldea 100 m-ko sakoneraraino kartografiatzeko (1.096 km 2 ) 181 egun behar izan ziren 2005 eta 2008 artean (2a irudia). Horrez gain, itsas hondoko habitaten ezaugarriak ahalik eta ondoen zehazteko, 2.323 sedimentu-lagin eta 413 lagin biologiko, urpeko bideoak, datu hidrografikoak eta olatuen energiari buruzko datuak ere bildu ziren (2b irudia).
Informazio hori guztia datu-baseetan eta geografia-informazioko sistema (GIS) batean integratu zen, ondoren analisiak eta interpretazioak egiteko. Horrez gain, eredu estatistiko bereziak erabili ziren euskal kostaldeko habitatak ezaugarritzen dituzten itsas hondoko ezaugarri fisikoak eta ozeanografikoak aztertzeko.
Aurretik deskribatu diren datuak aztertzean, ikusi da euskal kostaldea itsas hondo mota eta morfologia batek baino gehiagok osatzen dutela. Ezaugarri horiek historia geologikoan gertatu diren prozesu anitzen elkarrekintzaren ondorio dira; mugimendu tektonikoek, itsas mailaren aldaketek, ibaien sedimentu-ekarpenek eta baldintza klimatikoek eragin garrantzitsua izan zuten, eta gaur egun ere izaten jarraitzen dute. Ezaugarri morfologiko horiei buruzko informazioa erabili zen euskal kostaldeko bereizmen handiko lehenengo mapa morfosedimentarioa sortzeko (2c irudia).
Egin den interpretazioaren arabera, harkaitz eta sedimentuz osatutako itsas hondo mistoek azaleraren erdia hartzen dute, kostaldetik hasi eta 100 m-ko sakoneraraino. Sakonera gutxiko eremuetan, zimurtasun eta malda handiko harkaitza da bereizgarria; aldiz, 40 m-ko sakoneratik aurrera, itsas hondoaren malda txikiagoa da, eta harkaitzen azala leunago bilakatzen da (3. irudia).
Horrez gain, orain arte ezezagunak ziren haitzez eta harkaitzez osaturiko itsas hondoetan prozesu geologikoek sortutako aztarna bereizgarriak identifikatu dira. Haien artean daude antzinako erreken ibilguak (40 baino gehiago) eta urpeko terrazak (9). Morfologia horiek itsas maila orain ezagutzen duguna baino hainbat metro beherago zegoenean sortutako egituren aztarnak dira (4. irudia).
Bestalde, itsas hondo sedimentarioak hondartzetatik eta estuarioen ahoetatik sakonera handiagoetara hedatzen diren hondar-banku gisa azaltzen dira, eta azaleraren % 36 hartzen dute. Itsas hondo horietan, korronteek sortutako dinamika sedimentarioaren ereduei buruzko ideia ematen duten hainbat morfologia topatu dira.
Azkenik, gizakiak sortutako egiturak ere aztertu dira. Haiei dagokienez, urperatutako itsasontziak eta urpeko isurbide eta eroanbideak kartografiatu dira. Haien artean, portuetan eta nabigazio-kanaletan egindako dragatuen isurien aztarnek hartzen dute azalera handiena (% 2).
Aurretik deskribatutako dibertsitate geomorfologikoak eta itsas hondoko ezaugarriek eragin handia dute hainbat espezieren distribuzio geografikoan, habitaten banaketan eta biozenosien ezaugarrietan; hau da, elkarrekin bizi diren landareen eta animalien komunitateetan dute eragina.
Analisiek adierazi dutenez, biozenosietan eta haien banaketa espazialean eragin handiena duten parametroak sakonera, ezaugarri sedimentologikoak eta olatuen energia dira, habitat sedimentarioei dagokienez. Ingurumeneko faktore horien konbinazioak habitaten egonkortasunean eta produktibitatean du eragina, eta, aldi berean, biodibertsitatea, espezie-aberastasuna eta espezieen ezaugarri ekologikoak baldintzatzen dituzte. Esate baterako, egiaztatu da sakonera handiagoan, eta beraz, ingurumen-kondizio egonkorragoak dituzten habitatetan proportzio handiagoan daudela bizitza luzeagoa, heldutasunera iristeko denbora luzeagoa eta hazte-denbora handiagoa duten espezieak. Ezaugarri horiek habitataren sentsibilitatea adierazten dute, eta suntsipen fisikoa gertatuko balitz onera ekartzeko kapazitate mugatua dutela ere bai. Arrunta izaten da habitat horietan esponjak eta koralak topatzea (5. irudia).
Lortu diren emaitzak hobekuntza esanguratsuak izan dira hainbat alorretan. Esate baterako:
- Komertzialki garrantzitsuak diren espezie batzuen habitata ezagutzeko; otarrainarena, adibidez.
- Kontserbaziorako interesgarriak diren espezie batzuen kudeaketarako eta, haien habitat aproposenen ezaugarriak eta banaketa espaziala jakinda, espezie horiek babesteko.
- Olatuen energia sortzeko tresnak instalatzeko orduan, lehen fasean, kokapenik egokiena aukeratzeko ere erabili da.
- Ezaugarri ekologikoak kontuan hartuta, babestu beharko liratekeen itsas eremuak aukeratzeko ere erabilgarria izan liteke.
Ikerketa hau aurrerapauso zientifiko garrantzitsua izan da itsas hondoko kartografian. Alde batetik, azken belaunaldiko teknika berrienak erabili dira; eta, bestetik, datu biologikoak, geologikoak eta ozeanografikoak modu bateratuan aztertu dituenez, itsas zientziaren alor anitz lotu ditu.
Onarturik dago kudeaketa-neurri aproposak ezarri ahal izateko ezinbestekoa dela ezagutza zientifikoa. Ikerketa honetan sortutako jakintza nazioarteko hainbat aldizkaritako 15 artikulu zientifikotan argitaratu da, eta beste azterketa zientifikoetarako oinarria ezarri du. Horrez gain, garrantzi nabarmena du euskal kostaldeko ingurumenaren eta baliabideen kudeaketan laguntzeko.
Eskertzeak
Tesiaren zuzendariei, AZTI-Tecnaliari eta lan hau aurrera eramaten lagundu duen lantaldeari.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari.
MESH Atlantic proiektuari: Atlantic Area Transnational Cooperation Programme 2007-2013 of the European Regional Development Fund.
Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Joxe, Iñigo eta Irantzuri testua prestatzerakoan emandako gomendioengatik.
Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak