Gizartean, gero eta ozenago entzuten da elikadura osasungarri, seguru eta jasangarriaren aldeko aldarria. Vaste Planak, esaterako, ezinbestekotzat jotzen du haragi gutxiago jatea, trantsizio ekologikorako zein giza osasuna zaintzeko. Herritarren ohiturak aldatzen ari dira. Hala, elikaduraren egungo joerak aztertu, eta ikerketak zabaldu dituen aukera berriez hausnartu dute BRTAko AZTI eta Neiker zentroetako ikertzaileek.
Vaste Planak trantsizio ekologikoa gauzatzeko estrategiak zehaztu zituenean, animalia-jatorriko elikagaien kontsumoa murriztea izan zen elikaduraren alorrean sustatu zuen aldaketa nagusietako bat, ez baita jasangarria egungo haragi-kontsumo globala. “Mezu hori gizartean mamitu da jada, eta asko handitu da proteina begetalak kontsumitzeko joera herritarren artean”, dio Sofia Rocak.
AZTIko ikertzailea da Roca, eta elikaduran dauden joerak aztertzen ditu. Haren ustez, herritarrak ez ezik, poliki-poliki, elikagaien industria ere barneratzen ari da joera bera. Izan ere, funtsezkoa da industria inplikatzea, bideragarria izango bada. “Esnekiak eta haragiak gutxitu, eta landare-jatorriko produktuak sartzen ari dira elikagai industrialetan ere, inoiz baino gehiago. Arazoa da, askotan, produktu beganoa izan bai, baina gehigarri kontserbagarri pila bat dituela. Horregatik, industriarekin lan handia egiten ari gara AZTIn, Vaste Plana ezarri bai, baina gehigarriak murrizteko estrategiak gara ditzaten”.
Industriaz gain, nekazaritzak eta abeltzaintzak ere zeresan handia dute. Izan ere, animalia jatorriko produktuak murrizteko joeraren oinarrian abeltzantza intentsiboak sortzen duen ingurumen-arazoa dago. Alabaina, Roberto Ruiz Santos Neikerreko ikertzailearen ustez, haragiak baditu hainbat mineral eta bitamina ez dituenak dieta begano zorrotz batek erraz asetzen. Hala, haragiaren kalitatea hobetzeko estrategiak garatzen ari dira Neikerren, abeltzaintzaren inpaktu negatiboak murriztu eta zerbitzu ekosistemikoak sustatuz, beti ere.
Perfil lipidikoak
Neguan abereei pentsu osasungarriagoak ematea da kalitatea hobetzeko gakoa, Ruizen arabera. “Gure azken ikerketan, oleaginosoak erabili ditugu pentsuak aberasteko: koltza, lihoa eta ekilorea. Pentsu horiek txerriei eta ardiei emanda, ikusi dugu haien haragiak eta esneak perfil lipidiko osasungarriagoa dutela: azido linoleiko konjugatu gehiago, poliinsaturatu gehiago, eta omega 6/omega 3 proportzio hobeagoa dute, soja edo palma-olioa duten ohiko pentsuen aldean”.
Baina abereen osasuna hobetzeak ere baldintzatzen du haragiaren zein esnearen kalitatea, zuzenean antibiotikoen erabilera murriztea eragiten baitu. Horregatik, abereen immunitate-sistema nola indartu aztertzen ari dira Neikerren.
Abere erresilientegoak
“Gizakietan, esaterako, gero eta garrantzia handiagoa ematen zaio hesteetako mikrobiotari, eta hori erditzean eta edoskitzean jasotzen da, batez ere. Beraz, eragin zuzena dute haurren geroko osasunean”, gogorarazi du Ruizek. “Bada, abereekin gauza bera gertatzen da, eta ezinbestekoa da haien immunitate-sistemaren garapen egokia bermatzea. Horregatik, latxa ardien kalostroa edo oritza aztertzen aritu gara. Lehen uste zen arkumeek nahikoa zutela beren pisuaren % 10 adina oritz hartzearekin, baina ikusi dugu horrela ez dutela nahikoa immunoglobulina sortzen. Gutxienez, % 15 hartu behar dute”.
Gainera, teknika erabilterraz bat sortu dute abeltzainek berek balora dezaten artaldeko amen oritzaren kalitatea. “Oso kalitate onekoa dutenena jaso, eta nahikoa oritz ez duen beste amaren batena osatu ahal izango dute. Horrela, ziurtatuko dugu artaldeak bere osotasunean garapen immunologiko egokiagoa izango duela, eta edozein infekziori aurre egiteko gaitasuna izango dutela ardiek. Antibiotikoen erabilera murrizten da”.
Ruizek argi du bi faktore horiek hobetzea (abereen immunitate-sistema eta pentsuen kalitatea) ezinbestekoak direla giza elikadura osasuntsua, seguru eta jasangarriaren bidean.
Giza immunitatea
Rocak gaineratu du elikadura bera dela gizakion immunitate-sistema indartzeko bide nagusia ere. Eta, hain zuzen, COVID-19aren pandemiaren ondorioz elikaduran nagusitu den bigarren joera bat nabarmendu du: “Immunitate-sistema indartu nahian, elikagaien bidez nahikoa bitamina eta mineral hartzen ote den begiratzeko joera handia sortu da herritarren artean. Jada ez dute nahikoa elikagaiek zenbat azukre eta gantz saturatu duten jakitea; bitamina eta mineraletan zer nolako ekarpena egiten dieten ere jakin nahi dute”.
“Oraindik ere, batzuek nutrazeutikoen bidez asetzen dute immunitate-sistema indartzeko joera hori, baina badago elikagaien bidez asetzeko gogoa gizartean. Horregatik, gero eta gehiago dira produktu naturalak eta begetalak --oro har elikagai freskoak-- kontsumitzera jotzen dutenak. Eta joera hau geratzeko etorri da, zalantzarik gabe”
Teknologia omikoak elikadura pertsonalizatzeko
Elikaduran ikusten den hirugarren joera elikadura pertsonalizatuarena da, Rocaren ustez. Izan ere, ez dago elikadura-patroi bakar bat. Gero eta kontzientzia handiagoa dago dietak pertsona bakoitzaren beharretara eta momentura egokituta egon behar duela. “AZTIn teknologia omikoak erabiltzen ari gara pertsona bakoitzak behar duen elikadura zehazteko. Zehazki, mintzetako lipidomika aztertzen dugu. Alegia, paziente baten globulu gorrietako mintzaren lipido-konposaketa zehaztuta, ikus dezakegu zer nolako egoera metabolikoa duen, eta zehaztu dezakegu zein den harentzako elikadurarik egokiena, haren osasunaren eta egiten duen kirolaren arabera. Esaterako, minbizia duen populazioarekin egiten dugu lan asko. Eta baita kirolari profesionalekin, Athletic de Bilbaoko jokalariekin”.
4.0 Nekazaritza eta Abeltzaintza
Hiru elikadura-joera nagusi horien osagarri, nekazaritzak ere ekarpen handia egin dezake, Neikerreko ikertzailearen arabera. Industrian aplikatzen ari diren teknologia berriak nekazaritzan eta abeltzaintzan txertatzen ari dira orain: sentsoreak, adimen artifiziala, dronak, ikuspen artifiziala… Nekazarien bizimodua erraztu eta sektorearen iraunkortasuna hobetzeaz gain, tratamendu fitosanitarioen erabilera murrizteko aukera ekar dezake.
Besteak beste, ikuspen artifizialaren aukerak aztertzen ari dira Neikerreko laborategietan: argi-espektro jakin batzuk erabilita, landareen gaixotasun batzuk oso goiz detektatzen saiatzen dira (giza begiak oraindik hauteman ezin duenean), gaitza zabaldu aurretik aplikatu ahal izateko tratamendua. Helburua: tratamendu fitosanitario lokalizatuak eta minimoak egitea.
Honek Osasun Bakarra (One Health) kontzeptuan murgiltzen lagunduko du, Ruizen esanean, beharrezkoa baita aintzat hartzea pertsonen osasuna, animalien osasuna eta ingurumenarena ere, elikagai-sistema jasangarria izango bada.
Elhuyarrek garatutako teknologia