Biosferaren zirrikituetara begira

Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren zuzendaria

Modu asko dago ikusteko nola ari garen aldatzen planeta. Lurreko biomasaren azken kalkulutik abiatu gara gu, biosferaren zirrikitu guztietara begira; bestela nekez hautemango genituzkeen xehetasunak azaleratu ditu kalkuluak, datu benetan esanguratsuak. Eskarmentu handiko hiru ikertzailek lagundu digute datuok interpretatzen: Arturo Elosegi Irurtia (EHU), Xabier Irigoien Larrazabal (AZTI) eta Lur Epelde Sierra (NEIKER).

Atsedenari ere egin diogu tartea. Ertz askotatik heldu izan zaio loaren gaiari, baina gaurkotasun betean dago berriz ere, ikusita litekeena dela gaixotasun askok lotura zuzena izatea lo faltarekin. Garunean pilatzen den zaborra garbitzeko tartea da loaldia, literalki. Eta lo faltak eragin asko ditu; immunitate-sisteman eta hormona bidezko erregulazio-sistemetan, besteak beste. Egungo bizimoduak bultzatzen dituen jarduera batzuek, ordea, ez dute askorik laguntzen loa zaintzen.

Giza eboluzioa ere ekarri dugu, berriz. Gero eta argiago dago giza eboluzioa ez dela lerro zuzen bat, adarkatze askoko bidea baizik. Horretaz aritu zen Joseba Rios Garaizar ikertzailea, Ana Galarraga Aiestaranek bere Sapiens ispiluaren aurrean liburuaren aurkezpenean egindako elkarrizketan —Booktegi plataformak antolatutako aurkezpena—. Hemen argitaratu ditugu elkarrizketa luze hartako pasarterik argigarrienak.

Amaitzeko, CAF-Elhuyar dibulgazio-sariak irabazi dituztenen lanak argitaratu ditugu. Ospakizun berezia izan da aurtengoa; mende-laurden daramagu amu txiki bat jartzen, zientzia eta teknologia euskaraz gizarteratzen aritu daitezen ikasleak, ikertzaileak, kazetariak zein artistak. Zorionak aurtengo irabazleei, eta zorionak, bereziki, Jesus Mari Txurruka Argarate EHUko irakasleari, Elhuyarren Merezimendu Saria jaso baitu urte hauetan guztietan zientziaren dibulgazioan eta euskararen normalizazioan egindako lan handiagatik.


Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.