Gaur egun, GSN-10 eta DSM-5 dira gaixotasun mentalen sailkapen-sistema nagusiak.
GNS Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapena (ingelesez, ICD, International Statistical Classification of Diseases and Related Health Problems) Nazioarteko Estatistika Institutuak egin zuen, 1893an. Azken bertsioa, GNS-10, 1992an argitaratu zuen Osasunaren Mundu Erakundeak, eta nazioarteko gaixotasunen sailkapena egiten da.
DSM (Diagnostic and Statistical Manual of Mental Disorders) deritzo APAk egindako gaixotasun mentalen sailkapenari. Klinikoek, ikertzaileek, medikuntza eta psikiatriako erregulazio-sistemek, osasun-aseguruen konpainiek, konpainia farmazeutikoek eta mundu osoko politikoek erabiltzen dute. Estatu Batuetan erabiltzen da batez ere.
Lehen esan den bezala, 1952an lehenengoa publikatu zenetik, bost berrikuspen egin dira. Berrikuspen horietan, nahasmendu mentalak gehitu edo kendu dira, beharren arabera. Bosgarren edizioa 2013ko maiatzean argitaratu zen, San Frantziskon, urtero egiten den APAren kongresuan. DSM-5en hirugarren sailean (gaixotasun ikertu gabeen sailean), nortasun-nahasmenduak diagnostikatzeko proposamen berri bat egiten da.
Nortasun-nahasmenduak kultura-espektatibetatik aldentzen diren barne-esperientzia eta jokabide-patroiak dira. Hau da, kognizio-, afektibotasun-, harreman-, bulkada-patroi desegokiak dituzte horrelakoak jasaten dituztenek. Patroi horiek zurrunak izaten dira, eta, batetik, ezinegon kliniko esanguratsua sortzen dute, eta, bestetik, narriadura soziala, laborala ere eragiten dute.
Orain arte, nortasun-nahasmenduak modu kategorialean sailkatu dira.
Sailkatzeko modu horrek entitate patologiko indibidual eta mugatu gisa hartzen ditu nortasun-nahasmenduak. Hau da, nahasmendu bakoitza kategoria bat da, eta asaldura espezifikoak dauzka. Beraz, sailkapen kategorialaren funtzioa da nortasun-nahasmendua “badaukan edo ez daukan” deskribatzea. Baina sailkapen kategorial horrek kritika asko jaso izan ditu beti, besteak beste, pazienteak kategoria batean baino gehiagotan sar daitezkeela eta kategoria batean sar daitezkeen pazienteen artean heterogeneotasun handia dagoela.
Horregatik, eredu dimentsional bat proposatzen da DSM-5en hirugarren sail honetan. Eredu dimentsional horren aldeko argudioak dira, besteak beste, informazio malgu, espezifiko eta ulergarriagoa ematea, diagnostiko desberdinak gutxiago teilakatzea eta terapeutari esku hartzeko esparru zehatzak erraztea.
Eredu horren aldeko argudioak hobeto ulertzeko, bi pazienteren adibideak aurkeztuko dira, eta diagnostikatzeko bi moduen arteko konparazioa egingo dugu. (Adibide horiek errealak badira ere, izenak ez dira benetakoak, pazienteei konfidentzialtasuna bermatzeko).
1. Mariak, 22 urteko paziente batek, ezegonkortasun afektiboa dauka eta antsietate handiko gertakariak bizi ditu. Oso jarrera haserrekorra izaten du askotan, besteen jokabideek min egingo dioten interpretazioa egiten duelako. Besteek baztertuko dutelako sentsazioa izaten du maiz, ez baita haien leialtasunez fidatzen, eta, horregatik, automutilazio-jokabideak izaten ditu. Ez dauka lagunik, ez duelako lortzen denbora luzean harreman egonkorrik izatea eta nahiko mesfidatia delako. Inoiz ez du lortu ikasketaren bat amaitzea, ezta lan batean hiru aste baino gehiago jardutea ere. Jokabide oldarkorrak izaten ditu, gastuei, sexuari eta sustantzia-abusuari dagokienez. Jateko moduarekiko ere ezegonkortasuna erakusten du: batzuetan, betekada handiak egiten ditu, eta, beste batzuetan, ez du ezer jaten. Bost aldiz ingresatua izan da ospitale psikiatrikoan, suizidio-saiakerak direla eta.
2. Aitorrek ere, 25 urteko beste paziente batek, ezegonkortasun afektiboa dauka, eta automutilazio-jokabideak izaten ditu maiz. Jokabide oldarkorrak izaten ditu gastuei dagokienez, eta jarrera haserrekorra kontrolatzeko zailtasuna dauka.
Sufrimendu- eta huts-sentsazioa badauka ere, lana mantentzen du, bikotea eta lagunak dauzka, eta ez da inoiz ospitale psikiatrikoan ingresatua egon.
DSM-IV baliatuz diagnostikatuz:
1. Mariaren kasuan, mugako nortasun-nahasmendua eta nortasun-nahasmendu paranoidea dituelako diagnostikoa egingo litzateke.
2. Aitorren kasuan, mugako nortasun-nahasmendua.
Hala ere, argi dago lehenengo kasua bigarrena baino larriagoa dela. DSM-5erako proposaturiko diagnostiko-eredua baliatuz, paziente bakoitzaren larritasuna espezifikatu ahal izango litzateke, eta paziente bakoitzak dituen ezaugarriak zehaztu. Hau da, ez litzateke bakarrik esango mugako nortasun-nahasmendua daukatela, baizik eta bakoitzaren larritasun-maila eta ezaugarriak ere zehaztuko lirateke; alegia, informazio gehiago izango genuke. Gainera, eredu berri horri jarraituz, Mariaren kasuan, esan ahal izango litzateke mesfidantza-ezaugarriak dituela, eta, hala, ez lituzke bi diagnosiko izango, ez litzateke gertatuko diagnostiko-teilakatzerik.
DSM-5 baliatuz diagnostikatuz:
1. Mariaren diagnostikoan, hau islatuko litzateke:
• Nortasunaren funtzionamendu-maila: muturreko kaltea.
• “Mugako nortasun-nahasmendua: oso ondo egokitzen da horren definiziora; pazientea eredu horren adibidea da.
• Nortasunaren ezaugarriak: agresibitatea, manipulazioa, haserrekortasuna, arduragabekeria, oldarkortasuna, antsietatea, segurtasunik eza beste pertsonengandik banatzean, ezkortasuna, ezegonkortasun emozionala, autolesioak, depresioa eta mesfidantza.
2. Aitorren kasuan, hau islatuko litzateke:
• Nortasunaren funtzionamendu-maila: kalte urria.
• Mugako nortasun-nahasmendua: oso gutxi egokitzen da horren definiziora; pazienteak eredu horren ezaugarri nabarmenak ditu.
• Nortasunaren ezaugarriak: agresibitatea, ezegonkortasun emozionala, autolesioak, haserrekortasuna eta oldarkortasuna.
Gaixotasun baten diagnostiko eraginkor bat egiteko, garrantzitsua da gaixotasunen testuinguru kulturala ezagutzea. Beraz, nahitaezkoa da sortzen diren diagnostiko-eskalak, eremu, herrialde eta kultura desberdinetan balioztatzea. Sentimendu bat adierazteko, kontzeptu desberdinak erabiltzen dira kultura bakoitzean; horregatik da garrantzitsua jakitea nola erabiltzen diren kontzeptu horiek kultura eta hizkuntza bakoitzean. Adibidez, euskaraz, egonezina hitzaren bidez deskribatzen duguna bestela adierazten da beste herrialde batzuetan: ataque de nervios Latinoamerikan, Khyâl cap Kanbodian, Kufungisisa Zimbabwen, Maladi moun Haitin eta Tajin kyfusho Japonian.
Beraz, ikerketa honetan egindako itzulpenetan, euskaldunontzat ulergarriak diren kontzeptuak erabili dira.
Hori dela eta, DSM-5erako egon diren diagnostiko-proposamenak ikusgai egon dira APAren webgunean, 2010etik, herrialdeetan landa-ikerketak egin daitezen. Webgunean daudenez eta munduko profesional guztiek irizpide berriak eskuragarri dituztenez, DSM-5en proposamena dokumentu bizia da.
APAk emandako tresna horiek baliatuz, ikerketa bat egin da Euskal Autonomia Erkidegoan. Euskal Autonomia Erkidegoak badu berezitasun bat, ordea, herrialde elebiduna izatea; hori dela eta, eskala horiek euskarara ere itzuli dira. Bestalde, itzulitako tresna horien erabilgarritasuna eta ulergarritasuna frogatu da, bai eta tresna berrien eta DSM-5eko eskaletako edukien baliozkotasuna neurtu ere. Azkenik, DSM-IVko nortasun-nahasmenduaren diagnostikoak DSM-5ekoekin konparatu dira.
Datu-bilketa egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat instituziotara jo zen. Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko psikiatriako unitatera, AMSAren Indautxuko eta Elkanoko eguneko zentroetara, Basurtuko ospitale psikiatrikora, Gernikako osasun mentaleko zentrora, Bermeoko osasun mentaleko zentrora, Donostiako Bitarte droga-mendekotasunetako osasun-zentrora eta Irungo Bitarte droga-mendekotasunetako osasun-zentrora.
Esan bezala, APAren tresna horiek ingelesez zeuden, eta euskarara itzuli ziren.
Tresnak aplikatzeko, test-retest metodologia erabili zen, test bera bi aldiz eginez. Kasu honetan, lehenengo elkarrizketa bat egin zen, eta hilabete geroago elkarrizketa errepikatu egin zen irizpideen fidagarritasuna neurtzeko.
Hala, frogatu da DSM-5en irizpide berri horiek baliagarriak direla ama-hizkuntza euskara duten pazienteetan.
Ikerketaren emaitzak aztertu ondoren, hainbat ondorio atera ziren. Lehenik eta behin, baieztatu da euskarara itzulitako DSM-5eko tresnek jatorrizkoen esanahi bera dutela. Bestetik, tresna berri horiek guztiz ulergarriak eta erabilerrazak izan dira, bai ebaluatzaile trebatuentzat, bai pazienteentzat. Gainera, edukien baliozkotasunari dagokionez, tresna baliagarriak direla ikusi da. Eta ondorioztatu da, halaber, DSM-5eko hirugarren sailean proposatzen diren tresnak DSM-IVkoak baino askoz zehatzagoak direla.
Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak