2019ko abenduan, koronabirus-pneumonia berri bat agertu zen Wuhan hirian (Hubei, Txina)[1]. 2020aren hasieran, gaixotasuna (COVID-19) Txina osoan zabaltzen hasi zen. Kasuen eta heriotzen gorakada azkar horrek hainbat arazo psikologiko sortu ditu, hala nola estresa, antsietatea eta depresioa, [2]. Baieztatutako kasuen eta heriotzen gorakada azkar hori mundu osoan zehar azkar hedatu zen, eta Europa oro har eta baita Euskal Herria ere pandemiaren gune garrantzitsu bihurtu ziren.
Arrisku medikoetatik haratago, pandemia horren eragin psikologiko eta soziala eztabaidaezina da. Txinatik (kaltetutako lehen herrialdea) heltzen diren ikerketen arabera, ezezagunarekiko beldurrak eta ziurgabetasunak buruko gaixotasunak eragin ditzakete, hala nola estresa, antsietatea, depresioa, somatizazioa eta alkoholaren eta tabakoaren kontsumoa areagotzea[3].
2020ko urtarrilean Txinako 194 hiritan 1210 pertsonari egindako galdeketa batean, depresioa, antsietatea eta estresa neurtu ziren DASS-21 eskalaren bidez. Azterlan horren helburua zen COVID-19aren agerraldiaren hasierako etaparen inpaktu psikologikoa aztertzea. Parte-hartzaileen % 16,5ek sintoma depresiboak agertu zituzten, moderatuak edo larriak; % 28,8k antsietate-sintoma moderatuak eta larriak; eta % 8,1ek estres-maila moderatu eta larriak aipatu zituen. Gainera, norberaren osasun-egoera txarra eragin psikologiko nabarmenagoarekin lotu zen. Halaber, osasun psikologiko txarra izateak, osasun fisikoan ere eragina izan zezakeela ondorioztatu zuten. Edozein hondamendi biologikotan, beldurra, ziurgabetasuna eta estigmatizazioa ohikoak dira, eta, horregatik, garrantzitsua da esku-hartze psikologiko egokiak egitea ere[4].
Laburbilduz, bizi duguna bezalako nazioarteko osasun publikoko larrialdi batean, garrantzitsua da pandemiak populazio jakin batzuetan duen eragin psikologikoa ikertzea, krisiaren inpaktu psikologikoa murrizteko estrategiak garatu ahal izateko[5]. Hori dela eta, azterlan honetan Euskal Autonomia Erkidegoko lagin bateko estres-, antsietate- eta depresio-mailak neurtu genituen, krisia hasi zenean bertan, herritarrek dituzten behar psikologikoak aztertu ahal izateko.
Ikerketa honetan Euskal Autonomia Erkidegoko 976 pertsonak parte hartu dute. Estres, antsietate eta depresio mailak neurtu ziren, parte-hartzaileen aldagai soziodemografikoekin lotutako itemekin batera.
Emaitzei dagokienez, EAEn jasotako laginaren estresaren, antsietatearen eta depresioaren maila larriak eta oso larriak Txinan egindako azterketan jasotakoak baino txikiagoak izan ziren. Deigarria da datu hori, kontuan hartuta galdetegia COVID-19ko agerraldiaren hasierako fasean egin zela. Horrek hainbat azalpen izan litzake; batetik, izan liteke EAEn birusari buruzko informazio gehiago zutela, Txinara baino hilabete eta erdi beranduago iritsi baitzen, eta pandemiaren ezagutza horrek azal lezake estres, antsietate eta depresio mailak txikiagoak izatea. Bestalde, baliteke, halaber, lagina jaso zenean, Espainiako epidemiaren lehen egunetan, biztanleriak oraindik ez ikustea pandemiaren irismena bere lurraldean bertan, oraindik ere epidemia beste batzuei eragiten dien urruneko arazo bati lotzen baitzioten [6,7].
Bestalde, nabarmentzekoa da lagin honetan batez besteko handiagoak aurkitu direla hiru sintomatologia-mailetan (estresa, antsietatea eta depresioa), martxoaren 14tik aurrera, hau da, itxialdia hasi zen unetik aurrera. Hori dela eta, agian biztanleei oraindik denbora falta zaie aurre egin behar duten krisia onartzeko eta prozesatzeko. Gainera, maila horiek handitzea espero da, konfinamendu- eta isolamendu-denbora luzatu ahala; beraz, interesgarria litzateke bilakaera horren prozesua ere progresiboki aztertzea[8].
Gainera, emaitzek erakusten dute, espero bezala, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonek batez besteko handiagoa erakusten dutela antsietateari, estresari eta depresioari dagokienez, inolako gaixotasun kronikorik aipatzen ez zuten parte-hartzaileen aldean. Emaitza horiek bat datoz gaixotasun larriak edo gaixotasun anizkoitzak dituzten pertsonek krisi-egoera horren aurrean sintoma psikologikoen maila handiagoak izatearekin [9].
Azterlan honen emaitzetan, eta espero zenaren kontra, estresari, antsietateari eta depresioari dagokienez batez besteko handiagoak aurkitu dira 18-25 urte bitartekoen artean 26-60 urtekoen artean baino, eta, azkenik, hiru dimentsioetako batez bestekoa txikiagoa da 60 urtetik gorakoen artean. Deigarria da pertsona nagusiek dimentsio hauetan sintomatologia baxuagoa izatea. Honek azalpen anitz izan dezake. Hasteko, gazteek beraien ikasle roletik bizitako antsietatea; gogora dezagun klaseak bertan behera geratu zirela itxialdia ezarri baino lehen, eta baliteke horrek krisiaren kontzientzia handiagoa sortzea ikasleengan. Bestalde, krisi honetan bereziki aipatua izan da sare sozialetatik jasotako bonbardaketa mediatikoa, bereziki lehenengo egunetan fake news-ak izugarri ugaritu ziren. Baliteke, gazteak sare sozialetan aktiboagoak izaki, bonbardaketa horrek haien egoera psikologikoa kaskartu izana. Aldagai horiek guztiak ikerketa-lerro berriak lirateke.
Egoera berri honen aurrean, Liu et al.-ek [24] adierazten duten bezala, beharrezkoak dira estrategia goiztiarrak COVID-19 bezalako pandemia batek sor ditzakeen ondorio psikologikoen prebentziorako eta tratamendurako. Ildo horretan, profil sozio-sanitarioa, administratiboa eta hezkuntzakoa duten erakundeek, hala nola akademiak, estresari aurre egiten laguntzeko planak eta programak diseinatu ahal izango lituzkete; hala egin zen Pekinen. Hain zuzen ere, Pekingo Unibertsitateak buruko osasunari buruzko eskuliburu bat prestatu zuen, COVID-19 [25] agerraldiaren ondorioz sortzen ziren estresari eta bestelako arazo psikologikoei aurre egiteko argibideak emateko. Halaber, ospitale psikiatriko, aholkularitza psikologikoko zentro eta unibertsitateetako psikologia departamentu ugarik telefono linea espezializatuak jarri zituzten martxan aholkularitza psikologikoko zerbitzuak emateko[10].
Artikulu honen egileak EHUko Hezkuntza Fakultateko Bilakaera eta Hezkuntzaren Psikologia, Didaktika eta Eskola Antolakuntza eta Hezkuntzako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodo sailetako irakasle eta ikertzaileak dira.
1. Chen Q, Liang M, Li Y, et al. Mental health care for medical staff in china during the COVID-19 outbreak. The Lancet Psychiatry. 2020.
2. Liu S, Yang L, Zhang C, et al. Online mental health services in china during the COVID-19 outbreak. The Lancet Psychiatry. 2020.
3. Shigemura J, Ursano RJ, Morganstein JC, Kurosawa M, Benedek DM. Public responses to the novel 2019 coronavirus (2019‐nCoV) in japan: Mental health consequences and target populations. Psychiatry Clin Neurosci. 2020.
4. Xiang Y, Yang Y, Li W, et al. Timely mental health care for the 2019 novel coronavirus outbreak is urgently needed. The Lancet Psychiatry. 2020;7(3):228-229.
5. Wang C, Pan R, Wan X, et al. Immediate psychological responses and associated factors during the initial stage of the 2019 coronavirus disease (COVID-19) epidemic among the general population in china. International Journal of Environmental Research and Public Health. 2020;17(5):17-29.
6. Idoiaga N, De Montes LG, Valencia J. Understanding an ebola outbreak: Social representations of emerging infectious diseases. Journal of health psychology. 2017;22(7):951-960.
7. Joffe H. Public apprehension of emerging infectious diseases: Are changes afoot? Public Understanding of Science. 2011;20(4):446-460.
8. Brooks SK, Webster RK, Smith LE, et al. The psychological impact of quarantine and how to reduce it: Rapid review of the evidence. The Lancet. 2020.
9. Dong XC, Li JM, Bai JY, et al. Epidemiological characteristics of confirmed COVID-19 cases in tianjin. Zhonghua Liu Xing Bing Xue Za Zhi. 2020;41(5):638-642. doi: 10.3760/cma.j.cn112338-20200221-00146 [doi].
10. Bao Y, Sun Y, Meng S, Shi J, Lu L. 2019-nCoV epidemic: Address mental health care to empower society. The Lancet. 2020;395(10224):37-38.
Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak