Algak eta mikroalgak: etorkizuneko elikagai-apustua?

Helen Carr Ugarte

Nutrizioa eta Obesitatea ikertaldea

Farmazia Fakultatea (EHU)

Itziar Eseberri Baraze

Nutrizioa eta Obesitatea ikertaldea

Farmazia Fakultatea (EHU)

Leixuri Aguirre López

Nutrizioa eta Obesitatea ikertaldea

Farmazia Fakultatea (EHU)

Jasangarritasuna ezinbestekoa zaigu gure planetaren zaintza eta biziraupenerako, eta elikaduraren bidez ekarpen handia egin diezaiokegu. Etorkizunean kontsumi genitzakeen elikagai jasangarrien artean, algak eta mikroalgak ditugu; euren ekoizpenaren inpaktua txikia da, animalia-jatorriko proteinaren alternatiba izan daitezke, eta osasunerako onuragarriak diren konposatu bioaktibo ugari dituzte.

algak-eta-mikroalgak-etorkizuneko-elikagai-apustua
1. irudia: Makroalgen eta mikroalgen sailkapena.

Jakina da populazioa handitzen ari dela urtetik urtera eta geroz eta biztanle gehiago garela munduan (1). Hainbat ikerketek iradoki duten modura, elikagai-iturriak xahutzen gabiltzan honetan, jasangaitza izango da produkzio- eta kontsumo-maila honekin jarraitzea (2,3). Jasangarritasuna hiru puntu nagusitan oinarritzen da (4, 5). Lehenik eta behin, ingurumenaren zaintzan naturak baliabide asko ematen baditu ere, gaur egun baliabide gehiago kontsumitzen ditugu planetak sor ditzakeen baino. Gainera, jasangarritasunak kulturen eta gizatalden gizarte-garapena hartzen du kontuan, eta bizikidetza, osasuna eta hezkuntza bermatzen ditu. Azkenik, hirugarren funtsezko puntua ingurumenari kalte egingo ez dion hazkunde ekonomikoa bermatzea da (6).

Elikadura jasangarriaz hitz egitea konplexua den arren, azken batean gure elikadura-patroiak duen ingurumen-inpaktua murriztea da gakoa. Horretarako, elikagaien ekoizpenetik kontsumora arteko prozesuan, ingurumenean inpaktu gutxien duten elikagaiak kontsumitu beharko ditugu. Izan ere, badirudi animalia-jatorriko elikagaien kontsumoa murriztea dela aldaketa eraginkorrenetako bat; bereziki, haragiaren kontsumoa gutxitzea.

Izan ere, jakina da gure elikadura landare-jatorriko elikagaietan oinarritzea jasangarriagoa dela. Hori dela eta, lekaleak, barazkiak, frutak, zereal integralak eta fruitu lehorrak izan beharko lirateke gure oinarrizko elikagaiak, eta animalia-jatorrikoak neurri txikiagoan. Bestalde, jasangarritasunari mesede egiteko, sasoiko eta tokiko elikagaiak kontsumitu beharko lirateke, euren ekoizpen-prozesuan baliabide gutxiago gastatzen direlako eta garraioak eragindako kutsadura gutxiago izango delako (7).

2019. urtean “Etorkizuneko 50 Elikagaien Txostena” argitaratu zen, elikadura osasuntsuago eta jasangarriagoaren baitan etorkizunean kontsumitu litezkeen 50 elikagaiak biltzen dituen dokumentua (8). Funtsean, 50 elikagaiak aukeratu eta haien kontsumoa bultzatzeko erabili dituzten irizpideak hauek dira: balio nutrizional handia izatea, ingurumenean animalia-jatorriko elikagaiek baino inpaktu gutxiago eragitea, eskuragarriak izatea eta zapore ona edukitzea. Hautatuak izan diren 50 elikagai horien zerrendan, algak daude.

Algak: ezaugarriak, sailkapena eta erabilerak

Algen kontsumoa antzinatik da ohikoa ekialdeko eta hego-ekialdeko Asian, baina, globalizazioaren eta esportazioaren ondorioz, gaur egun munduko gastronomien parte dira. Egun, ezagunenak eta kontsumituenak nori, kombu edo wakame algak dira; gehien bat, sushi, zopa, entsalada edo arrain-plateretan erabili ohi dira. Oro har, alga moduan izendatzen ditugun horiek makroalgak dira; jarraian azalduko dugun bezala, badira mikroalgak ere.

Makroalgak organismo plurizelularrak dira, tamaina handikoak, eta hiru azpitaldetan sailkatzen dira kolorearen arabera; Chlorophyceae (berdeak), Rhodophyceae (gorriak) eta Phaeophyceae (marroiak) (9). Mikroalgak, berriz, organismo eukarioto unizelularrak eta tamaina mikroskopikodunak dira; fitoplankton modura ere ezagutzen dira. Mikroalgen sailkapena hau da: Chlorophyta (berdeak), Rhodophyta (gorriak), Chrysophyta (diatomeoak) eta Pyrrophyta (dinoflagelatuak) (10, 11) (1. Irudia). Horiez gain, badaude zianobakterioak ere (Cyanophyta, zelula prokarioto urdin-berdeak); mikroalgen antzekoak izanik haien baitan sailkatuak izan badira ere, zelula prokariotoak direnez egun ez dira mikroalga gisa sailkatzen (11). Mikroalga ezagunenak espirulina eta Chlorella dira; elikagaiak ekoizteko erabiltzeaz gain, elikadura-gehigarri eta produktu kosmetikoak egiteko ere erabiliak.

2. Irudia: Mikroalgak ekoizteko biofotorreaktore bat. Arg. AJCespedes / Shutterstock.com

Makroalga asko lehortuta komertzializatzen dira, eta, ondorioz, kontsumitu aurretik hidratatu behar izaten ditugu, gordinik edo egosita jateko. Mikroalgak, ordea, ez dira zuzeneko kontsumorako erabiltzen, eta elikagai edo platerei gehituta hartu ohi dira elikadura-osagarri moduan, edo mikroalgekin eginiko produktu gisa; esaterako, ogia edo gailetak. Makroalgak, oro har, itsasoetatik eskuratzen ditugu; mikroalgak, berriz, euren hazkuntza kontrolatua ahalbidetzen duten biofotorreaktoretan ekoizten dira. Biofotorreaktoreetan, kristalezko globoen itxurako ontzi elkartu txiki askotan hazten dira, argi-, tenperatura- eta pH-baldintza aproposak, ura eta elikagaiak dituztela (2. irudia).

Lehen aipatu den moduan, mikroalgek tamaina mikroskopikoa dute, eta ekoizpenetik eskuratutakoa pasta itsaskorraren itxura duen biomasa bat da, zuzenean kontsumitzen ez dena. Biomasatik hasita, mikroalgaren liofilizazioa egin daiteke, elikagaiei gehitu dakiekeen mikroalga osoaren hautsa edo eratorriak lortzeko edo, lehen aipatu bezala, mikroalgekin egindako produktuak ekoizteko (3. irudia). Bestalde, mikroalgak konposatu bioaktiboen erauzketa egiteko erabiltzen dira; giza osasunerako onurak dituzten konposatuak izanik, elikagaien industrian eta industria farmazeutikoan oso erabilgarriak baitira (14).

3 irudia: Mikroalgen erabileraren adibideak; elikadura-gehigarriak eta erauzkina gaineratua duten elikagaiak.

Algak: osasunerako onuragarriak diren konposatu bioaktiboen iturri

Lehen aipatu bezala, makroalgek eta mikroalgek konposatu bioaktiboak dituzte, hainbat gaixotasunen prebentzio zein tratamenduan onurak dituzten molekulak, ikerlan askok aditzera eman duten bezala (15, 16). Konposatu bioaktibo horien artean, florotaninoak, fukoidanoak, alginatoak, laminarinak, karotenoideak (fukoxantina, kasu) eta esterolak (fukosterola) daude, eta, frogatu denez, haiek hartzea onuragarria da hainbat gaixotasun prebenitzeko (17). Adibidez, ikusi izan da florotaninoek 2. motako diabetesaren aurkako aktibitatea dutela, odoleko glukosa-maila jaisten laguntzen dutelako, α-amilasa eta α-glukosilasa entzimen aktibitatea inhibituz (18). Are gehiago, ikusi da algetan dauden konposatu bioaktiboak hartzeak onurak dituela obesitatearen tratamenduan; besteak beste, urdail-hustutzearen atzerapena, hantura gutxitzea eta gantz-ehunaren hedapena murriztea (19). Bestalde, algetan dauden karotenoideek efektu antioxidatzailea dute, estres oxidatiboaren aurka jarduten dute eta endekapenezko gaixotasun kroniko asko prebenitzen laguntzen dute (20, 21). Aipatu beharra dago gaixotasun kardiobaskularrak, minbiziarekin batera, hilkortasun-tasa handiena eragiten duten gaixotasunak direla (22), eta karotenoideek haien intzidentzia murriztu dezaketela hipertentsioa, tronbosia, hiperlipidemia eta ateroesklerosiaren aurka duten efektua tarteko (23). Azkenik, aurreko efektuez gain, algen konposatu bioaktiboek birus eta bakterioen aurkako aktibitatea dute, neuroendekapenezko gaixotasunetan — Alzheimerra, kasu— onurak dituzte, eta ikusi izan da minbiziaren kontrako efektuak dituztela (17, 20, 24, 25, 26).

Etorkizunean algak eta mikroalgak kontsumituko ditugu?

Kontuan hartzen badugu algek  osasunerako efektu onuragarriak dituzten konposatu bioaktiboak dituztela eta konposizio nutrizionala oso aproposa dela —hau da, etorkizunean animalia-jatorriko elikagaiak ordezkatzeko baliagarriak izan daitezkeela—, interesgarria dirudi algak gure ohiko elikadura-patroian barneratzea. Hala eta guztiz ere, kontuan izan behar dugu gure gizartean ez direla egunerokotasunean kontsumitzen, oso zapore bereizgarria baitute. Horrez gain, itsasotik hartzen diren makroalgak neurriz hartu behar dira, metal astunentzat seguruak diren kantitateen mugak ez gainditzeko.

Komertzializatutako alga ugari dago egun, zuzenean kontsumitu ditzakegunak —entsalada edo zopetan gehituta, adibidez— edo haiekin eginiko produktu gisa hartuta. Mikroalgei dagokienean, nahiz eta erabilera apur bat mugatuagoa izan, badira merkatuan haiekin eginiko hainbat produktu. Eta, hurrengo urteetan, mikroalgen merkatuaren gorakada izugarria espero da.

 

Bibliografia:

  1. https://ourworldindata.org/population-growth
  2. Herrero M, Wirsenius S, Henderson B, Rigolot C, Thornton P, Havlík P, de Boer I eta Gerber PJ. 2015. Livestock and the Environment: What have we learned in the past decade? Annual Review of Environment and Resources, 40, 177-202.
  3. Mottet A, de Haan C, Falcucci A, Tempio G, Opio C eta Gerber PJ. 2017. Livestock: on our plated or eating at our table? A new analysis of the feed/food debate. Global Food Security, 14, 1-8.
  4. https://www.fao.org/nutrition/educacion-nutricional/food-dietary-guidelines/background/sustainable-dietary-guidelines/es/
  5. Carr-Ugarte H, Jiménez M, Aguirre L, Portillo MP eta Eseberri I. 2023. Avanzando hacia una alimentación más sostenible. Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, Leioa.
  6. https://www.un.org/es/impacto-acad%C3%A9mico/sostenibilidad
  7. https://municipiods.com/productos-kilometro-0/
  8. Shaver D. Future 50 foods. In: WWF Ka, editor.: Dietitian and Global Knorr Sustainability Lead; 2019.
  9. Montero L, Sánchez-Camargo AP, Ibañez E eta Gilbert-López B. 2018. Current Medicinal Chemistry, 25, 4808-4826.
  10. Ahmed E, Suzuki K eta Nishida T. 2023. Micro- and Macro-Algae Combination as a Novel Alternative Ruminant Feed with Methane-Mitigation Potential. Animals, 13, 796.
  11. Dini I. 2023. The potential of algae in the nutricosmetic sector. Molecules. 28, 4032.
  12. https://www.laopiniondemurcia.es/comunidad/2022/01/09/boom-cultivo-microalgas-region-cubrir-61382658.html
  13. https://ibizabotanicobiotecnologico.com/ibb/
  14. Barkia I, Saari N eta Manning SR. 2019. Microalgae for high-value products towards human health and nutrition. Marine Drugs, 17, 304.
  15. Gómez-Zorita S, Trepiana J, Gozález-Arceo M, Aguirre L, Milton-Laskibar I, González M, Eseberri I, Fernández-Quintela A eta Portillo MP. Anti-obesity effects of microalgae. 2020. International Journal of Molecular Sciences, 21, 41.
  16. Biris-Dorhoi E-S, Michiu D, Pop CR, Rotar AM, Tofana M, Pop OL, Socaci SA eta Farcas CA. 2020. Macroalgae – A sustainable source of chemical compounds with biological activities. Nutrients, 12, 3085.
  17. Kumari A, Garima eta Bharadvaja N. 2023. A comprehensive review on algal nutraceuticals as prospective therapeutic agent for different diseases. 3 Biotech, 12, 44.
  18. Lee S-H eta Jeon Y-J. 2013. Anti-diabetic effects of brown algae derived phlorotannins, marine polyphenols through diverse mechanisms. Fitoterapia, 86, 129-136.
  19. Wan-Loy C eta Siew-Moi P. 2016. Marine algae as a potential source for anti-obesity agents. Marine Drugs, 14, 222.
  20. Silva J, Alves C, Freitas R, Martins A, Pinteus S, Ribeiro J, Gaspar H, Alfonso A eta  Pedrosa R. 2019. Antioxidant and Neuroprotective Potential of the Brown Seaweed Bifurcaria bifurcata in an in vitro Parkinson’s disease model. Marine Drugs, 17, 85.
  21. Chen P, Shang X, Huang X, Zhang M eta Guo J. 2024. Recent advance of physicochemical, structural properties, potential health benefits and application of bioactive macromolecules from Porphyra haitanensis: A review. Internationak Journal of Biological Macromolecules, 279, 135497.
  22. Audicana Uriarte C. 2022. Hilkortasuna Euskal Autonomia Erkidegoan. Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza, osasun saila. Euskal Herria.
  23. De Jesus Raposo MF eta Miranda Bernardo de Morais AM. 2015. Microalgae for the prevention of cardiovascular disease and stroke. Life Sciences, 125, 32-41.
  24. Arvinda Swamy M.L. 2011. Chapter 6 - Marine algal sources for treating bacterial diseases. Advances in Food and Nutrition Research, 64, 71-84.
  25. Sami N, Ahmad R eta Fatma T. 2021. Exploring algae and cyanobacteria as a promising natural source of antiviral drug against SARS-CoV-2. Biomedical Journal, 44, 54-62.
  26. Khotimchenko M, Tiasto V, Kalitnik A, Begun M, Khotimcheko R, Leonteva E, Bryukhovetskiy I eta Khotimchenko Y. 2020. Antitumor potemtoal of carrageenan from marine red algae. Carbohydrate Polymers, 246, 116568.

Idatzi zuk zeuk Gai librean atalean

Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila