Egonkortasuna altxor preziatua da. Bizitza egonkortasunaren etengabeko bilaketa da: lan finko baten bilaketa, erlazio sendo eta luzearena, eta abarrena. Nahiz eta aldagarriak izan, aldaketa bortitzik ez duten parametroen barnean dagoenari esan ohi zaio egonkorra. Batzuentzat aspergarriaren sinonimo, oro har altxor desiratua.
Oinarrizko fisikan dimentsio bakarreko objektuak (sokak) aipatzean, aukera bat baino gehiago datozkigu burura. Alde batetik, supersokak ditugu. Azken urteetan, fisikariek eta matematikariek lan izugarria egin dute supersoken teoria aztertzen. Funtsezko ideia hau da: oinarrizko partikulak ez dira puntualak, baizik eta dimentsio bakarreko objektu hedatuak. Nolabait esateko, partikulak ez dira "bolatxo" batzuk, baizik eta bibratzen duten "sokatxo" batzuk. Baina, beste alde batetik, zientzialariok beste soka-mota bat ere ikertu dugu: soka kosmikoak. Eta, nahiz eta biak "sokak" izan, ez dute batzuek besteekin zerikusirik. Artikulu honetan, azken soka horiei buruz arituko gara.