Azken urteotako aurrerapen teknologikoak eta astronomiazaleen esperientzia handia eta ahalegin nekaezina direla eta, amateurren behaketa gero eta gehiago erabiltzen dira ikerketa zientifikoetan. Profesionalen eta amateurren arteko elkarlan hori bistaratzea eta sustatzea dute helburu Proam Astronomia Kongresuek. Aurtengoa gurean egingo da, Donostiako Miramar Jauregian, martxoaren 1etik 3ra.
Proam lankidetza, hau da, profesionalen eta amateurren (ezagutza eta esperientzia handiko zaleen) arteko elkarlana, funtsezkoa da astronomiaren arlo askotan: planeten behaketan, asteroideen jarraipen eta detekzioan, beste galaxia batzuetako noben eta supernoben bilaketan, Eguzkiaren aktibitatearen jarraipenean, izar bikoitzen identifikazioan, izar aldakorren neurketetan, exoplaneten behaketetan, argi-kutsaduraren ikerketan…
Astrofisika- eta astronomia-ikerketetan amateurrek egindako ekarpenek gorakada nabarmena izan dute azken urteotan. Hainbat institutu, ikerketa-zentro eta unibertsitatek zuzendutako ikerketa zientifikoetan gero eta gehiago erabiltzen dira amateurren datu eta behaketak. Are gehiago, zenbait kasutan, izar-ezkutaketen kasuan adibidez, zaleen oharrak eta ekarpenak behar-beharrezkoak dira.
Asteroide bat izar baten aurretik igarotzeari izar-ezkutaketa deritzo, eta duela urte pare bat halako gertaera bat behatzeko aukera izan genuen. 2021eko urriaren 1eko goiztirian, 4:23an, Polymele asteroidea Taurus konstelazioko izar baten aurretik pasatu zen. Polymeleren gertaeraren jarraipena egin ahal izateko, teleskopio-sare bat zabaldu zen Iberiar penintsularen iparraldeko zonalde luze eta estu batean; teleskopio bakoitza astronomo amateur talde batek kontrolatzen zuen.
Gertaeraren jarraipena egiteko, kolektibo horren laguntza eskatu zuen NASAk hilabete batzuk lehenago, eta 40 cm-ko 22 teleskopio jarri zituen boluntarioen eskura 4 gauez. Kanpaina horretan parte hartu zuten amateurrek zehaztasun eta mimo handiz prestatu zuten Polymeleren ezkutaketaren behaketa. NASAk koordinatutako taldeaz gain, beste astronomo amateur batzuk ere gehitu ziren ekimenera. Aipatutako zonaldetik kanpo kokatu ziren haiek, eta, izatez, behaketa arrakastatsuagoak egin zituzten.
Izar-ezkutaketen behaketetarako, teleskopio-sarea ahalik eta zabalena izatea komeni da, asteroideak Lurreko zenbait gunetan uzten duen 'itzala' zehatz-mehatz jaso ahal izateko. Teleskopio guztiek bildutako datuak konbinatzen direnean, asteroidearen forma identifikatzeko aukera dago, eta, gainera, haren parametro orbitalak zehaztasun handiagoz defini daitezke.
Polymeleren behaketaren kanpainan 100 pertsona baino gehiago elkartu ziren. Astronomo amateurrak guztiz inplikatu ziren NASArentzat hain garrantzitsua zen behaketan. Izan ere, LUCY misio espazialak, 2021ean Estatu Batuetako Agentziak bidaliak, Polymele asteroidearen gainetik hegan egingo du 2027an, eta Lurretik bildutako datuak ezinbestekoak dira LUCYren hurbilketa arrakastatsua izateko. Gaur egun, behatoki profesionalekin ezinezkoa da ezkutaketa-eremu osoa edo Lurrean utzitako itzal osoa kontrolpean izatea. Horregatik, amateurren parte-hartzea giltzarria da halako proiektuen arrakastarako.
Astronomian proam lankidetzak duen garrantzia eta bilakaera ikusita, Espainiako Astronomia Elkarteak (SEA, gaztelaniazko siglen arabera) badu horri dagokion batzorde berezi bat 2009. urtetik. Proam Batzordearen helburua da astronomo profesionalen eta amateurren arteko harremanak indartzea eta haien arteko lankidetza bultzatzea; horretarako, Espainiako Astronomia Elkarteen Federazioaren (FAAE) laguntza du.
Hala ere, duela gutxi arte, proam lankidetzari buruzko galdera ugari erantzunik gabe zeuden: zenbat zalek hartzen dute aktiboki parte proam proiektuetan? Zenbat profesionalek erabiltzen dituzte lankidetza horietatik bildutako datuak? Astronomiaren zein arlotan da nabarmenena amateurren partaidetzaren eragina? Zer erronkari egin behar diete aurre lankidetza horiek? Amateurren ekarpen zientifikoa ebaluatu daiteke?
SEAko Proam Batzordeak azken urteotan egin dituen txosten eta ebaluazioei esker, badakigu Espainian oso zabala dela astronomian diharduten amateurren taldea. Haietako batzuek aktiboki egiten dute lan ikerketa-talde profesionalen proiektu zientifikoetan; 100 baino gehiago dira profesionalekin lan egiten denbora luzea daramaten amateurrak. Produkzio zientifiko nazionaleko argitalpen ugari izan dira elkarlan horren isla. Amateurren ekarpenek posible egin dituzten 200 artikulu zientifikotik gora topatu ditu Proam Batzordeak, baita 4.800 zirkular astronomiko eta astronomia-kongresuetako aurkezpen asko ere.
Behin egoera aztertuta, zenbait ekimen aktibatu dira amateurren eta profesionalen arteko lankidetza-dinamikak optimizatzeko. Alde horretatik, Proam Batzordeak webgune bat sortu du, proam lankidetza soilik lantzen duen Espainiako webgune bakarra (proam.sea-astronomia.es). Atari hori FAAErekin batera koordinatzen da, eta kongresuei, saioei, sariei, prestakuntzari eta baliabideei buruzko informazioa eskaintzen du, bai profesionalentzat, bai zaleentzat. Gainera, bi erkidegoen arteko topagune gisa funtzionatzea du helburu.
Ekintza aipagarri moduan, hilero antolatzen diren dibulgazio-saioak ditugu. Hileko azken ostegunetan, proam kolaborazioak, estatuko astronomiazaleen emaitzak eta haiek erabiltzen dituzten proiektuak aurkeztu eta nabarmentzen ditugu. Saio horiek aukera ematen dute esperientzia baliogarriak eta paregabeak partekatzeko, eta haien hedapenak lankidetza berriak sustatzeko balio du. Saioak grabatu egiten dira, eta ikusgai jarri FAAEren YouTubeko kanalean.
Lehenengo saioan, adibidez, EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko kide Ricardo Hueso izan genuen, eta erakutsi zigun ezen, planeta-zientzietan, eguzki-sistemako ia planeta guztietan aurkitu ditzakegula proam lankidetza-kasuak. Gaur egungo amateur-teknikekin, Jupiter eta Saturnoren hodeiak ez ezik, Martekoak ere ikus daitezke. Artizarraren azala behatzera ere iritsi dira amateur batzuk, 30 km lodi den hodei-geruza batek estaltzen badu ere. Izatez, kamera azkarrak erabiliz, efektu atmosferikoak ezeztatu eta bereizmen bikaineko irudiak hartzen dituzte.
Irudi horiek oso baliagarriak dira ikertzaile profesionalentzat. EHUko Zientzia Planetarioen Taldeak, esaterako, Jupiterren eta Saturnoren haizeen abiadura neurtzeko erabili ditu behin baino gehiagotan. Baita Artizarraren atmosferan noizbehinka azaltzen den uhin-egitura baten hedapena eta maiztasuna neurtzeko ere.
Testuinguru honetan, SEAk, astronomia-elkarte batekin batera, Proam Astronomia Kongresuak antolatzen ditu aldizka, astronomia amateur zein profesionaleko proiektuen arteko lankidetza sustatzeko. Kongresu horiek aukera bikaina dira proam lankidetza-proiektuetan egindako aurrerapenak aurkezteko, proiektu berriak abiatzeko, parte-hartzaileek elkar ezagutzeko eta esperientziak partekatzeko. Lehenengo biltzarra Kordoban egin zen, 2009an, eta azkena Huescan, 2019an.
Euskal Herrian sorioneku gara aurten, Donostian egingo baita proam komunitatearentzat hain enblematikoak diren kongresu horietako bat, laugarrena hain zuzen (proam.eus). Martxoaren 1etik 3ra izango da, Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik. 2024ko Proam Astronomia Kongresurako, programa zientifiko zabal bat prestatu da, eguzki-sistematik urrunen dauden galaxietarainoko gaietako lankidetzak barne hartzen dituena, baita proam komunitatearentzat oso garrantzitsuak diren beste gai batzuk ere, hala nola argi-kutsaduraren aurkako borroka.
Polymele asteroidea Taurus konstelazioko izar haren aurretik igaro zenetik, proiektu berri asko sortu dira, eta behaketa astronomiko asko egiteko aukera ere izan da. Baina proam komunitateak ez du aukerarik izan elkartzeko, ekimenak partekatzeko edo emaitzak aurkezteko. Donostiako IV. Proam Astronomia Kongresua topagune ezin hobea izango da horretarako guztirako.
Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak
Elhuyarrek garatutako teknologia