Zitrikoak: laranja, limoia, mandarina eta pomeloa

Freskotasuna, usain atsegina eta kolore biziko fruitu hauek, neguko C bitamina-iturri oparoenak ditugu. Izan ere udan barazki freskoen eskaintza handiagoa denez, gizakiaren C bitamina-beharrak errazago ase daitezke; neguan aldiz, zitrikoek betetzen dute eginkizun hori.

Asiako lurraldeetatik (India, Txinako hegoaldea eta abarretatik) ekarritako fruitu hauek, arazorik gabe egokitu ziren Mediterraneoko klima epel eta eguzkitsuetara. Horri esker dira gaur egun gure artean hain ezagunak.

Osaketari dagokionez, osagai nagusia ura da, karbohidrato sinple gutxi batzuk dituzte (azukreak), eta koipe eta proteinarik apenas. Garrantzitsuena beren bitamina eta gatz mineralen kopurua denez, horretan oinarrituko gara.

Arestian esan bezala C bitamina ugari dute eta horri esker gaixotasun infekziosoekiko (arnas aparatuko gaixotasun, bronkitis, pneumonia eta abarrekiko) babesle modura jokatzen dute. Birus eta bakterioen aurkako defentsa eta antigorputzak sortzen dituzte, inmunitate-sistema indartuz. Gainera ezin da ahaztu aipatutako bitaminaren antioxidatzaile-lana. Esate baterako ketutako janarietan dauden nitrito eta nitratoak, oxidatzaile diren nitrosamina bilakatzea eragozten du, horrela minbizi-mota batzuetatik babestuz. Izena ematen dien azido zitrikoak, B taldeko bitamina eta flabonoideekin batera nerbio-sistemari eragiten dio, garuneko funtzio eta erreflexuak bizkortuz. Honez gain, zitrikoetan dauden gatz mineralek (sodio, potasio, fosforo, magnesio, burdina eta manganesoak) gorputza eratzeaz gain, bertako toxinak kanporatzen laguntzen dute, gorputza garbituz. Hori dela medio, kirolari eta jarduera fisiko gogorra duten pertsona guztientzat suspergarriak ditugu, likidoak berreskuratzea erraztu egiten dutelako, egarria txikiagotuz eta errendimendu fisiologikoa areagotuz. Ezagunenak limoia, laranja, mandarina eta pomeloa ditugu.

Limoia: Bere azidotasuna dela eta, osorik baino errazago hartzen da hainbat plateraren lagungarri gisa edo urarekin nahastutako zuku gisa. Baina erabilera anitz ditu: bere usainagatik lurrinak egiteko eta bere osagaiengatik sendagaiak egiteko. Limoia antiseptikoa (infekzioen aurkakoa), lehorgarria eta garbigarria dugu.

Laranja: Limoia baino gozoagoa, bai zukuetan eta bai osorik jateko aproposa. Batzuen iritziz naturak gure eskuetan jarri duen elikagai-sendagarri onena litzateke.

Mandarina: Gainerako zitrikoek baino ur gehiago du. Bere zaporea behar bezala dastatzeko, eragin handia dute, landatzen den lurraren konposizioak, landatzeko moduak eta bilketa-prozesuak. Azpimarragarriena loratzeko lagungarri den beren bromo-kopurua da.

Pomeloa: Batik bat zuku-modura kontsumitzen da fruitu hau. Nahiko garratza da, bere zaporera ohitu gabe daudenentzat. Garraztasun horrek bilisa ekoiztea eragiten du.

Amaitzeko, gogoan izan neguan behintzat komenigarria dela eguneko dietan zitriko bat sartzea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila