Zigarro elektronikoa: zalantzak lurrun artean

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Zigarro elektronikoarekin, tabakoa kontsumitzeko beste modu bat azaldu da, eta kontsumo-mota horrek izan ditzakeen eraginak ikertzen ari dira orain, neurri eta arau egokiak ezarri ahal izateko. Oraindik, ordea, goizegi da ebidentzia zientifikoetan oinarritutako ondorioak ateratzeko, eta, bitartean, eztabaida puri-purian dago.
zigarro-elektronikoa-zalantzak-lurrun-artean
Arg. © Nathan King/123RF

"Ez dakigu, baina, behintzat, badakigu ez dakigula". Francisco Javier Ayestaren aitortza da. Ayesta farmakologia-irakaslea da Kantabriako Unibertsitatean, eta tabakismoan aditua. Zigarro elektronikoari buruz Deustuko Unibertsitateak antolatutako jardunaldian esan zituen hitz horiek, eta gainerako adituak ados ziren harekin.

Azkenaldian ikertzaileak eta profesionalak egiten ari diren jardunaldietako bat izan zen Deustukoa. Zigarro elektronikoa arazo ala irtenbide ote den aztertzeko, Ayestarekin batera, Kataluniako Generalitateko eta Gasteizko udaleko osasun publikoko adituak (Esteve Saltó eta Joseba Zabala), Kataluniako Onkologia Institutuko epidemiologo bat (Esteve Fernández) eta Galdakaoko ospitaleko Tabakismo Unitateko arduraduna (Juana Umaran) bildu ziren.

Hasieratik onartu zuten galdera gehiago zituztela erantzunak baino. Izan ere, ikerketa gutxi egin dira orain arte zigarro elektronikoaren eraginei buruz, eta horietako askok akats metodologikoak dituzte. Gogorarazi zutenez, produktu berria eta oso heterogeneoa da, eta horrek asko zailtzen du ikerketa onak egitea, ebidentzietara iristea eta ondorio sendoak ateratzea.

Oinarrian, antzeko funtzionamendua dute zigarro elektroniko guztiek. Erresistentzia eta bateria baten bidez, nikotina duen likido bat berotu eta lurruntzen dute, eta lurrun hori da kontsumitzaileak inhalatzen duena. Hon Lik farmazialari txinatarrak patentatu zuen sistema hori 2003an, eta, Europako merkatuan sartzeko denbora pixka bat behar izan bazuen ere, azken urteetan azkar hedatu da. Hala, 2012an 500 milioi euroko irabaziak lortu zituzten zigarro elektronikoen saltzaileek.

Jakina, arrakasta horretan eragin handia izan du tabako-industriaren ahaleginak. Izan ere, harentzat aukera paregabea da tabakoaren neurriak zorroztearen ondorioz galdutako merkatua berreskuratzeko. Horregatik, lehenik, tabako-konpainiak zigarro elektronikoak ekoizten hasi dira, edo ekoizleak bereganatu dituzte, eta, gero, publizitatea egitean, indar berezia jarri dute ohiko zigarroaren ordezko osasungarri gisa agerrarazten.

Bestelakoan, saltzeko erabiltzen dituzten estrategiak eta ikonografia duela 50 urte erabiltzen zituzten berberak dira: zigarro elektroniko kontsumitzeak gizonezkoen gizontasuna (gizonkeria) nabarmentzen du, emakumezkoei glamourra ematen die, eta gazteak heldu bihurtzen ditu.

Berez, osasungintza-arlokoak ez lirateke zigarro elektronikoa hain erakargarria izateagatik kezkatu behar, ez balu inolako ondorio txarrik osasunean. Alabaina, Osasunaren Mundu Erakundeak berak 2013ko uztailean ohartarazi zuenez, "nikotina emateko gailu elektronikoen segurtasuna ez dago zientifikoki frogatuta. Erabiltzaileen osasunean izan ditzaketen arriskua zehaztu gabe dago oraindik. Are gehiago, proba zientifikoek erakutsi dute produktua oso aldakorra dela ematen duen nikotinaren eta beste gai kimikoen kantitatean, eta kontsumitzaileek ez dutela aukerarik jakiteko zehazki zer ematen duen erosi duen produktuak".

Eraginak aztertzen

Deustuko jardunaldian parte hartu zuten adituak bat zetozen OMEren jarrerarekin. Haien ustez, ebidentzia sendoak izan arte, funtsezkoa da zuhurtzia-printzipioari eustea. Baina harago joan ziren, eta hainbat galdera eta zalantza plazaratu zituzten. Adibidez, egia bada erretzeak baino kalte gutxiago egiten duela inhalatzeak, zigarro elektronikoa izan daiteke aukera ona tabakoa uzten laguntzeko, edo tabako-erretzaile borrokatuei ordezko ez hain kaltegarria eskaintzeko?

Gai horrek eztabaida handia sortzen du, oraindik ez dagoelako garbi zenbateraino den zigarro elektronikoa ohikoa baino hobea osasunerako. Ayestak gogorarazi zuen edozein substantziaren eragina hartzeko bidearen araberakoa dela. Horren adibidetzat jarri zituen koka-infusioa, kokaina klorhidratoa eta craka; lehena edan egiten da, bigarrena esnifatu, eta hirugarrena erre eta inhalatu. Hiru horietatik, hirugarrena da gogorrena, eragin azkarrena eta handiena duena.

Tabakoaren kasuan, ohiko zigarroekin, eraginkorrena inhalatutako kea dela esan zuen Ayestak; eta eragina askoz ere apalagoa dela ez bada inhalatzen. Tabakoa hartzeko beste sistemetatik, berriz, spraya da gogorrena (erretzean kea inhalatzearen parekoa), eta txaplatak arinenak. Bada, Ayestaren esanean, zigarro elektronikoaren eragina sprayaren parekoa da.

Hala ere, Ayestak gogora ekarri zuen zigarro elektronikoek duten likidoaren konposizioa asko aldatzen dela batetik bestera, nahiz eta, nikotina-kontzentrazioan, behintzat badagoen arau bat. Hain justu, Europako Batasunak gehienezko nikotina-kontzentrazioa 20 mg/ml-ko muga ezarri du duela gutxi. Ayestak, dena den, jakinarazi zuen kontzentrazio hori nahikoa zela mendekotasuna eta nikotinaren beste ondorioak eragiteko.

Ezkerrean, Francisco Javier Ayesta, Kantabriako Unibertsitateko farmakologia-irakaslea. Eskuinean, berriz, Juana Umaran, Galdakaoko Ospitaleko Tabakismo Unitateko arduraduna. Biek parte hartu zuten Deustuko Unibertsitateak zigarro elektronikoaren inguruan antolatutako jardunaldian. Arg. Ana Galarraga/Elhuyar Zientzia

Sendagileak gehien kezkatzen dituena arrisku kardiobaskularra da. Izan ere, bihotzekoa izateko arrisku-faktore nagusia hipertentsioa da, eta haren atzetik dator tabakoa erretzea. Gainera, arriskua ez da areagotzen dosiarekin batera: egunean zigarro bakarra erreta ere, 20 urtez errez gero, arrisku kardiobaskularra % 30 areagotzen da. Orain arteko datuetan oinarrituta, zigarro elektronikoek ohikoek baino arrisku txikiagoa sortzen dutela iritzi dio Ayestak, "gutxi gorabehera, haiek sortzen dutenaren erdia", zehaztu zuen.

Ohiko zigarroaren beste ondorio batzuk, baina, ez daude nikotinari lotuta. Eta horietan badago aldea zigarro elektronikoarekiko. Horri esker, zigarro elektronikoaren toxikotasuna ohikoarena baino dezente txikiagoa da. Ayestak ñabardura bat gehitu zuen, hala ere: "Kontuz ibili behar dugu horrelakoak esatean, ezin baitugu ziur baieztatu. Baina zaila da zigarro elektronikoa ohikoa baino toxikoagoa izatea, hura oso baita toxikoa".

Esaterako, biriketako minbizia izateko arriskua areagotzen duten substantzia asko ditu ohiko zigarroak, eta badirudi zigarro elektronikoek erabiltzen duten likidoan ez daudela hainbeste substantzia kartzinogeno, edo ez behintzat aintzat hartzeko kantitatetan, denek baitituzte nitrosaminak eta propilenglikola, baina oso kontzentrazio txikietan.

Aldiz, likidoek gehigarri pila bat izaten dituzte, 600 baino gehiago oro har. Gehigarri horiek elikagai-industrian erabiltzen dira, eta jateko seguruak dira; alabaina, ez dago frogatuta ez dutela kalterik sortzen berotu eta inhalatzen direnean. Alderdi horretan ere, berriro etorri ziren bat guztiak: "Ikerketa gehiago egin behar dira".

Ingurukoengan, gutxiago

Eztabaida handia pizten duen beste gaietako bat ingurukoengan izan dezaketen eraginari buruzkoa da. Esan ohi da ur-lurruna baino ez dutela isurtzen, baina Deustuko jardunaldian Esteve Fernándezek uste hori okerra dela erakutsi zuen.

Kataluniako Onkologia Institutuko epidemiologoa da Fernández, eta hark zuzendutako ikerketen emaitzek erakutsi dute zigarro elektronikoak ohikoak baino askoz ere nikotina gutxiago askatzen duela airera (gutxi gorabehera,10 aldiz gutxiago). "Baina askatu, askatzen du", azpimarratu zuen Fernándezek. Eta oso erraz hedatzen dela gehitu zuen "Jendeak tabakoaren kearekin eta usainarekin lotzen du tabakoa erretzeak askatzen dituen substantzien hedapena, baina nikotina kea eta usaina baino askoz ere gehiago hedatzen da. Egin kontu: klausurako mojen ilean ere topatu dugu, eta ziur gaude ez dutela inoiz tabakorik erre".

Kearekin batera isuritako partikulei begiratuz gero ere, zigarro elektronikoak askoz ere gutxiago isurtzen ditu ohikoak baino. Hala ere, esperimentuetako bat auto baten barruan egin zuten, eta ikusi zuten zigarro elektronikoak askatutako nikotina-kantitateak eta partikula-kopuruak OMEak segurutzat jotako mugak gainditzen zituztela.

Horrenbestez, ondorioztatu zuen zigarro elektronikoaren erabiltzaileen ingurukoek esposizio pasiboa jasaten dutela; ohikoarekin baino askoz ere txikiagoa, baina nahikoa ezeztatzeko ur-lurruna baino ez duela askatzen.

Uzteko edo kalte txikiagoa sortzeko?

Erretzeari uzteko terapia aproposa izan ote daitekeen ere gai eztabaidagarria da. Publizitatean ideia horren alde egiten badute ere, Deustun bildutako adituentzat erabilera hori ez da gomendagarria, inondik inora ere ez.

Gaiaz gehien hitz egin zuenetako bat Juana Umaran da. Kardiologian espezializatuta dago Umaran, eta Galdakaoko ospitaleko Tabakismo Unitateko arduraduna da. Haren esanean, gero eta erretzaile gehiago ari dira erabiltzen zigarro elektronikoa, erretzeari uzteko, edo kontsumoa gutxitzeko. Baina ez haiek bakarrik: erretzaile ohiak eta ez-erretzaileak ere hasi dira kontsumitzen. "Horrek kezkatzen nau gehien", aitortu zuen Umaranek. "Kontsumitzaileek uste dute zigarro elektronikoak ez duela eragin kaltegarririk, edo, izatekotan, hutsala dela. Baina ez dakigu hori horrela ote den".

Arg. © Ambelrip/123RF

Umaranen esanean, gero eta pertsona gehiago ezagutzen du, erretzeari uzteko helburuarekin, zigarro elektronikoa erabiltzen hasi dena. "Eta horiek baztertu egiten dituzte bestelako terapiak. Eta gero zer gertatzen da? Bada, askok eta askok, biak kontsumitzen dituztela. Izan ere, zigarro elektronikoak mendekotasun fisikoa ez ezik, keinuena ere indartzen du, eta baita soziala ere. Hortaz, oso-oso zaila da zigarro elektronikoa kontsumitzen hasten den erretzaile batek tabakoa uztea".

Horrez gain, Tabakismoko Unitatean erretzeari uzteko erabiltzen dituzten terapiak ez bezala, inolako kontrolik gabe hasten direla aipatu zuen. "Horrela, haien ahaleginak nekez izango du arrakasta, eta, gainera, osasunerako arriskutsua ere izan daiteke. Ohiko zigarroak baino arrisku txikiagoa duela? Seguru asko hala da, baina ez dago frogatuta zenbateraino".

Zenbaitetan arriskua handia izan daitekeela ere ohartarazi zuen, eta zigarro elektronikoa erabiltzearen ondoriozko pneumonia lipoideoaren bi kasuak gogoratu zituen Umaranek. Bat 2012an diagnostikatu zuten, Estatu Batuetan, eta bestea Galizian, aurten bertan. Pazienteak hamar hilabete zeramatzan zigarro elektronikoa kontsumitzen, erretzeari uzteko helburuarekin.

A Coruñako ospitalean artatu zuten, eta, medikuak azaldu zuenez, ez dago zalantzarik zigarro elektronikoaren erruz sortu zitzaiola gaitza. Hain zuzen, biriketan glizerina metatzean azaltzen da pneumonia mota hori, eta glizerinaren jatorria zigarro elektronikoaren likidotik zetorkion. Pazienteak bost edukiontzi husten zituen egunean (egunean bost zigarro-pakete erretzearen parekoa).

Osasun publikoa aintzat hartuta

Zigarro elektronikoaren eraginei buruzko ondorio garbirik ez dagoenez oraindik, zaila da osasun-arduradunek jarrera bateratuak eta zalantzagabeak hartzea. Oro har, bi jarrera ari dira nagusitzen nazioartean. Batetik, kontrakoa erakutsi arte, kalterik ez duela egiten arrazoitzen dutenak daude; malgu jokatzearen aldekoak dira horiek. Bestetik, zuhurtzia-printzipioan oinarritzen direnak daude; horiek nahiago dute arautu eta mugatu, balizko kalteei aurre hartzeko.

Bi jarrera horien artean, Kataluniako eta Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-arduradunek, besteak beste, zuhurtzia-printzipioa babestea erabaki dute. Hortaz, bat egiten dute OMEren ikuspuntuarekin. Eta ez bakarrik norbanakoen osasunarengatik, baizik eta, bereziki, gizarte osoa kontuan hartuta.

Josu Zabala Gasteizko Udaleko Osasun Publikoko medikuak, esaterako, Deustuko jardunaldian garbi esan zuen ez dagoela zigarro elektronikoa debekatzearen alde, baina beharrekotzat jotzen duela arautzea.

Zabalaren iritziz, zigarro elektronikoaren erabilera ez litzateke tabakoa uzteko terapiekin lotu behar, baizik eta aisialdiko kontsumoarekin. Alde horretatik, kontsumo ez-arduratsua bultza dezaketen zenbait puntu aipatu zituen, hala nola gazteengan izan dezakeen erakarmena. Izan ere, ez du ohiko zigarroak batzuentzat duen irudi txarra, eta haien gustuko zaporedunak saltzen dira, edozein dendatan (marrubizkoa, txokolatezkoa...).

Bestalde, aditu gehienak beldur dira zigarro elektronikoarekiko lauso jokatzeak leku publikoetan ez erretzeko debekuan atzera egitea ere ekar dezakeela. Hala adierazi zuten Deustun bildutakoek. Zabalak berak kerik gabeko espazioak "lurrunik gabeko espazio" ere bihurtu behar direla adierazi zuen.

Ez Zabalak ez beste adituek ez zuten zalantzarik zigarro elektronikoarenzat berariazko araudia sortu eta ezarri behar dela, osasun publikoa babesteko. Zabalaren ustez, araudi horrek, produktua bera ez ezik (osagaiak eta abar), kontuan hartu beharko lituzke publizitatea, marketina, paketatzea, salmenta-lekuak...

Horrenbestez, zigarro elektronikoaz "erantzun baino galdera gehiago" izanagatik, adituek adostasun zabala dute zuhurtzia-printzipioan oinarritzearen eta arautu beharraren gainean, eta espero dute Europako Batasuneko arduradunek zein Estatu Batuetakoen (FDAk) laster aterako dituztela araudiak. Bitartean, galderek airean diraute.

Nola funtzionatzen du zigarro elektronikoak?
Zigarro elektronikoak itxura askotakoak izan badaitezke ere, oinarrian antzeko funtzionamendua dute. Kontsumitzaileak inhalatzen duen lurruna kartutxo batetik dator. Kartutxoak likido lodi bat du, propilenglikolez (% 70 inguru) eta glizerinaz (% 20 inguru) osatua, eta bertan daude disolbatuta nikotina, zaporea eta usaina emateko substantziak eta bestelako gehigarriak.
Arg. Samsha, Verispan
Modelo batzuek sakagailu bat dute martxan jartzeko, eta beste batzuek, berriz, inhalatzean sortzen den aire-fluxua detektatzen duen sentsore bat dute. Era batera edo bestera, mikroprozesagailu batek lainoztagailu bat aktibatzen du: likidoa berotu egiten da, eta tanta ñimiñoak lurruntzen dira. Aldi berean, LED bat pizten da, ohiko zigarroaren sua imitatzeko. Horrez gain, bateria bat izaten dute, sistema elektronikoa elikatzeko.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila