Zientziaren historia: medikuntza eta astronomia erroman

Erroman jarri zen medikuntza grekoko lehenengo eskola, K.o. 14. urte inguruan agertu zen. Garai hartako sendagilerik onena Celsus izan zen. Honek latinez medikuntza eta kirurgiari buruzko lan bat idatzi zuen eta medikuntzaren historiari buruz daukagun iturririk oparoena da.

Medikuntza

Erroman jarri zen medikuntza grekoko lehenengo eskola, K.o. 14. urte inguruan agertu zen. Garai hartako sendagilerik onena Celsus izan zen. Honek latinez medikuntza eta kirurgiari buruzko lan bat idatzi zuen. Lan hau gaur egun Alexandriako eta Erromako bere garaiko medikuntzaren historiari buruz daukagun iturririk oparoena da. Bertan ebakuntza kirurgiko asko dago garatuta, eta erabilitako teknika batzuk benetan modernotzat jo ditzakegu. Celsusen lana Ertaroan galdu egin zen, baina Errenazimenduan aurkitu eta gero oso eragin handia izan zuen.

Galeno, XVI. mendeko grabatu Veneziar batean.

I. mendearen erdi aldean Dioskoride-k botanika eta botikari buruzko lan bat idatzi zuen. Lan honetan seiehunen bat landareren berezitasunak eta beren medikuntz balioak adieraziko dizkigu. Gizon hau botaniko eta sendagile militar izan zen. Hurrengo mendean, medikuntza grekoa Alexandrian, Erroman nahiz beste lekuetan ezarritako eskoletan izandako garapena dela eta, bere gailurreraino heldu zen. Eskola guzti hauen bitartez, Hipokratesengandik hasi eta haria etengabe jarraituz, garai hartan munduko sendagilerik aipatuena izan zen Galenoganaino iritsi gintezke.

Galeno, Asia Txikiko Pergamo hirian K.o. 129. urtean jaio zen eta 200. urterarte Erroman nahiz beste zenbait hiritan aritu zen. Medikuntza eta anatomiari buruzko ezaguera grekoak sistematizatu egin zituen eta banatuta zeuden eskola desberdinak batu. Animaliatan, eta zenbait kasutan gizakitan, disekzioa erabili zuen eta honela anatomi, fisiologi, patologi eta terapeutika-arloetan gauza berri asko aurkitu zuen. Animalia biziekin ere saiakuntzak egin zituzten, bihotzaren funtzionamendua ikertuz eta bizkarrezurrari buruzko azterketak garatuz. Filosofiaren arloan Jainkoak dena determinatzen zuenaren tesia defendatzen zuen eta gorputzaren egitura Jainkoak helburu ulerkor baterako egin zuela pentsatzen zuen.

Atomisten eta beren jarraitzaileen ideia mekanizisten kontra, Galenok gorputzaren parte guztiak mota desberdinetako espirituz beteta zeudenaren ustetan oinarritu zuen bere medikuntz teoria. Galenoren espiritu hauek ( pneuma psujikon alegia) latinez spiritus animalis itzuli ziren eta berenganako sinesmenak urtetan zehar jarraitu zuen. Galenoren medikuntza hamabost mendetan izan zen nagusi, eta behar bada iraupen honen zergatia bere ikuspegi teistan bilatu beharko da, zeren hau dela eta, bere teoriak kristauen nahiz mahometarren laguntza lortu bait zuen.

Bere gorputz-funtzioei buruzko teoria orokorrak, Harveyk odolaren zirkulazioa aurkitu arte berean jarriatu zuen. Galenoren arabera, elikagaietatik odola gibelean egiten da eta gero spiritus animalis ekin nahastuz propietate berezi batzuk lortzen ditu. Odol honen parte bat, benatatik gorputzera joaten da eta gero hodi berberetik bihotzeraino, fluxu- eta errefluxu-higidura baten bitartez.

Odolaren beste zatia, bihotzaren eskuin aldetik ezkerrera joaten da septum-eko poru ikustezinezkotan zehar, eta hemen biriketara ekarritako airearekin nahastu egiten da. Bihotzaren beroaz, odol hau spiritus vitalis delakoz kargatzen da eta odolaren parterik hoberen hau arteriatatik gorputzaren organoetaraino heltzen da, hauen funtzionamendua posible eginez. Bizi-odol honek garunean spiritus animalis ak sorterazten ditu. Hauek era huts-hutsean eta odolarekin nahastu gabe, nerbiotan doaz gorputzaren higidurak eta funtzio gorenak egin ahal izateko.

Dioskoride-ren liburuaren XVII. mendeko edizio baten orrialde bat.

Deskribapen hau gaur egun ezagutzen dugunez, errealitatetik oso hurbil ez dago, baina Galenoren garaiko ezagumendu-maila kontutan hartuz, nahikoa ona da. Zoritxarrez, urtetan gizonek Galenoren teoria berari bere ikeketarako askatasun-espirituari baino garrantzi handiagoa eman zioten, eta bere itzalak, Harvey etorri arte, fisiologiari bidea itxi egin zion.

Astronomia

Bigarren mende honetan aipatu behar dugun beste gizon handi bat, Ptolomeo dugu. Dirudienez Egypton jaio zen, baina garai hartan Egypto erromatarren lurralde bat baino ez zen. Bere bizia I. mendearen bigarren erdian hasi eta II. menderarte heldu zen. Bere lana Almagesto izenez ezagutzen da, baina bere jatorrizko grekerazko izenak matematikaren sintesia esan nahi du, zeren nahiz eta berez astronomiari buruzkoa izan, garai hartan astronomia matematikaren adar bat bait zen. Lan honen eraginak hamalau mendetan zehar tinko jarraitu zuen; Kopernikok geozentrizitatearen errakuntza demostratu arte (1543) hain zuzen.

Ptolomeoren astronomia, bere behaketetan nahiz usadio greko eta babyloniarrean oinarritzen da. Almagestoa hamahiru liburutan dago banatuta. Lehenengo bietan, sarrera gisa, proposamen astronomikoak eta metodo matematikoak aurkezten dira. Ptolomeok Lurra esferikoa zela frogatu ondoren trigonometria erabili zuen, zeren geometria esferikoa eta metodo grafikoak aski ez zirenaz konturatu bait zen. Esferaren gainean erabilitako distantzia angeluarrak hartu zituen. Horretarako zirkunferentzia 360 gradutan banatu zuen eta Almageston (I, 10) dioenez, zatikien zailtasuna gainditzeko zenbaki hirurogeitarrak erabili zituen. Honela, korden taula bat eraiki ondoren, arrazonamendu geometriko batez Ekuatorearen, Ekliptikoaren horizontearen eta meridianoen erlazioak kalkulatu zituen; baita dagozkien taulak ere.

Hirugarren liburuan urtearen egunez eta Eguzkiaren higiduraz arduratzen da. Laugarrenean, hilabetearen iraupena eta Ilargiaren teoria estudiatzen ditu. Bostgarrenean astrolabioa dakar eta Ilargiaren teoriari jarraituz, Eguzkiaren Ilargiaren eta Lurraren dimentsioak kalkulatzen ditu. Seigarrenean Eguzkiaren eta Ilargiaren eklipseak ikertzen ditu. Zazpigarren eta zortzigarrenean izarrak eta ekinozioen doitasuna dakartza. Bederatzigarrenetik hamargarreneraino, planeten higidurak izango ditugu gaitzat.

Almageston, zientziaren historian ptolomeotar sistema bezala ezagutu izan dena dago. Sistema honen arabera, Lurra eguzkitar sistemaren zentru-zentruan geldirik dago eta bere inguruan zeruetako gainontzeko gorputzak dabiltza. Besteak beste, Almageston gureganaino heldu den izar-zerrendarik zaharrena dago. Bertan mila eta hogeitazortzi izar daude, beren longitude, latitude eta magnitudeak emanik.

Almagesto idatzi ondoren Geografia bat egin zuen Ptolomeok. Hau zortzi liburutan dago banatuta. Lan honetan, informazio matematikoa emateaz gain mapak eraikitzeko behar duena erakusten du. Bere lan hau idazteko Eratostenez, Hiparko, Estrabon eta bereziki Tiroko Marinoren lanak erabili zituen.

Eguzkiaren dimentsioak ere kalkulatu zituen Ptolomeok.

Ptolomeori, optikari buruzko bi lan egozten zaizkio. Lehenengoa latinez Ptolomei de speculis izenekoa eta bestea arabez kontserbatu izan zena eta 1154. urtean latinera itzulitako Optika . Baina bigarren lan hau berak egina izatea zalantzan dago.

Erromatar zientziaren ilunabarra

Bigarren mendetik aurrera, zientziaren gainbeherakada nabarmena ikusten da. Gainbeherakada honen arrazoia, bikoitza dela dirudi: alde batetik, aldaketa ideologiko eta espirituala dugu eta bestetik aldaketa politiko eta etnikoa. Sartonek dioenez: Aro helenistiko osoan zehar hiru erlijio-mota herrikoi garatu ziren elkarren lehian; lehenengoa, antzinako paganismo grekoa; bigarrena, judaismoa, eta hirugarrena, sortaldeko zenbait misterio eta kultu; hala nola, Mitra, Zibeles eta Atis, Isis eta Osirisen kultuak. Baina misterio berri eta ulertezinaren agerpenak, Jesukristorenak alegia, eta bere gorakada gradualak, aro guztiz berri bat dakar.

Herri grekoak egin zuen esfortzu arrazionalistak espiritu zientifikoa sorterazi zuen, baina hau sinesmenaren aurrean amildu egin zen. Erromatar aroak, nolabait, gertaera honi bere laguntza eman zion, zeren presa zela eta, zientziari garrantzia kenduz teknikari edo aplikazioari eman bait zioten, eta honek pentsamenduaren garapenari eten bat sortu zion. Eten honek, ondorio bezala, iluminismoa dakar.

Ezpairik gabe kristau-aroaren hasierarekin indar irrazionalek arnasa handia hartu zuten. Antzinako metodo arrazionalak bertan behera erori ziren eta beren aurrean dogmatismo fislosofikoa agertu zen. Horrela, munduaren adierazpenaren arrazoia eta esistentzia berarena ere, alde mistikotik soilik aztertzen ziren.

Horregatik, II. eta III. mendeetan zientzia gehienetan (medikuntzan eta astronomian, bereziki) alde zientifikoaren eta erlijio-mistikoaren artean gurutzatze arriskutsu bat hasi zen; hala ere matematika, arrisku horretatik at zegoela zirudien. Baina hau ere IV-V. mendeetan amildegira erori zen eta berarekin batera zientzia osoa. Hau da, zientzia grekoaren tradizio ohoretsua bertan behera jausiz mentalitate berriari lekua libre utzi zion.

Hala ere, III. mendearen bigarren aldean bizi zen Diofantoren kasua aipatu behar dugu hemen. Zientzilari greko hau Alexandriakoa zen eta algebrari buruzko antzinako matematikalaririk onena zenaz ez dago dudarik. Diofantoren aurretik problema algebraikoak, geometriaz eta hitz egindako arrazonamenduz ebazten ziren. Beraz, behin eta berriro errepikatzen diren kantitateak eta eragiketak adierazteko laburdurak sartu zituen eta honela ekuazioak sortu eta ebatzi ahal izan zituen. Berak, binomioaren karratua ere kalkulatu ahal izan zuen. Diofanto bere garaiko irla bat bezala ikusi behar dugu.

Matematikaren arlora joera antirrazionalista astrologiaren eskutik sartu zen. Neoplatonismoak eta neopitagorismoak bereziki, sartze honi behar zuen euskarri filosofikoa eman zioten.

Plotinok (K.o. 204-269) gureganaino heldu ez den Astroen eraginari buruz izeneko liburua idatzi zuen. Aurreko mendean ikusi dugun Ptolomeok, bere lan erabat zientifikoekin batera bere Opus quadripartitum lana egin zuen. Honetan zeruetako fenomenoen eta gizakien fenomenoen arteko uztarketak aztertzen zituen. Baina, orain beste urrats bat ematen da: fenomeno fisiko bakoitzaren azpian neoplatonismoak esanahi sinboliko eta espirituala aurkitu nahi du; matematikan bertan, esangura mistikoa badagoela sinesten du.

Ptolomeok lurra esferikoa zela frogatu zuen.

Alexandriako Porfirio eta Teon-ek Ptolomeoren Almagestori buruz astrologiaz betetako komentarioak idatzi zituzten. Ildo beretik doa Hipatiak Diofantori egindakoa.

Era berean Proklok (411-485) Euklidesi egindako aipamenean honen geometriari esanahi mistikoa aurkitu nahi dio. Hala ere, Proklo adimen zorrotzekoa eta nolabait zientifikoa da. Proklorengan, gainbeherakada eta trantsizioaldi baten alderdi desberdinak ilunki nahasten dira: ahalmen abstraktua, jakinduri eta sinesmen-egarria, mistizismoa, sineskeri kultua eta aztikeria. Proklo, hitz batez, pentsakera grekoaren ondorengoa da, baina bere garaiko semea izanik, daukan altxorra gozatzeko ez da gai. Berarekin, pentsakera zientifiko-filosofikoaren historiaren aro ospetsuetako bat ixten da. Baina, aldi berean, beste aro garrantzitsu bati hasiera eman zaio: Kristautasun-aroari, hain zuzen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila