Sortu berri den zientzia eta teknologiaren atariak Zientzia.net du izena. www.zientzia.net helbidean aurkituko duzu eta euskarak informazio-teknologia berrietan oraindik duen hutsunea betetzen lagunduko du.
Zientzia.net edukiz betetako gunea da eta zientziaren inguruko azken berriez gain kontsultarako hainbat informazio historiko biltzen ditu.
Egunero-egunero zientziak eta teknologiak munduan eman dituen albiste nagusiak Zientzia.net -en aurkituko dituzu.
Alde batetik, Elhuyarko lan-taldeak aukeratutako berririk interesgarrienak euskaraz izango dituzu. Era askotako gaiak eta gaurkotasunez beteak, azken ikerketa eta berrikuntzek ekarri dutena modu ulergarri eta atseginean landuta aurkituko duzu.
Gainera, informazio eguneratuaren eskaintza aukeratutako erdarazko (ingeles, gaztelania zein frantsesa) web guneek eskaintzen duten azken informazioetarako estekez osatzen da.
Eguneroko albisteei ez ezik, sarri buruan dabiltzan gai nagusiei ere erantzuna eman nahi die Zientzia.net -ek. Behi eroak edo espazio-estazioen historia modu egituratu eta ulergarrian eskaini du, eguneroko bizitzan zientzia oztopo gerta ez dakigun.
Bi astetik behin, gaurkotasunezko gaiak hobeto ulertzeko dosierrak egingo dira, gai nagusien oinarria, bilakaera eta azken joerak azalduz.
Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariaren zenbakiak on line kontsulta daitezke. Dagoeneko 1998tik aurrerakoak eskuragarri dituzu eta urte-bukaerarako 1995etik aurrerakoak egongo dira; hainbat zientzia-alorretako 2.300 artikulu baino gehiago kontsulta ditzakezu jada Internet bidez.
Azken bi zenbakietako artikulu laburrak ere kontsultatu ahal izango diren arren, artikulu nagusietako informazioa mugatuta agertuko da bi hilabetez, eta berauek irakurtzeko, paperean argitaratutako aldizkaria izango da bide bakarra.
Aurkezpen-moduei dagokienez, artikulu bakoitza bi era desberdinetan kontsulta daiteke:
Zientzia.net -en dagoen informazio guztia erabilgarria izateko, informazio hori bilatzeko sistema ona izatea ezinbestekoa da eta horregatik bilatzaile-sistema ahaltsua jarri dugu martxan.
Bilatzaileak bila dabilen hitzaren lema bereko hitzak (hau da, hitz bera deklinazioa kontuan hartu gabe) zein dokumentutan aurki daitezkeen adierazten du. Nahikoa du, beraz, ‘genoma’ idaztea, ‘genomek’ ‘genomaren’ edo beste edozein aldaera duen artikulua aurkitzeko.
Gainera, bilaketa aurreratuaren aukera ere eskaintzen da. Bilaketa aurreratuan bilaketa-data, egile edo/eta gaiaren arabera muga daiteke.
Horrez guztiaz gainera, artikuluak gaika sailkatuta daude: Biziaren zientziak, Espazioa, Osasuna, Lurraren zientziak, Informatika, Teknologia, Ingurugiroa, eta Fisika, Kimika eta Matematika. Gai zehatz bakoitzaren inguruko jakin-mina asetzeko aukera eta Aurki bilatzaileak erabiltzen duen ODP proiektuan oinarritutako hainbat esteka interesgarri ere bertan izango dituzu.
Elhuyarren beste asmo handiko proiektu bat ere martxan dugu: Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa. Irudiz hornitutako 25.000 kontzeptuko hiztegi entziklopedikoa egin nahi dugu, euskarazko definizio eta artikuluez gain erdal ordainak (ingelesa, gaztelania, frantsesa) ere izango dituena.
Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoaren esparrua zabala eta diziplina artekoa izaki, harekin lotutako hainbat jakintza-alorretako kontzeptuak lan batean biltzeak lan handia eskatzen du. Horregatik, bost urteko muga jarri diogu proiektuari, baina proiektua garatzen doan neurrian ere beti izango da kontsultagarri Internet bidez. Jadanik 15.000 termino kontsulta daitezke euskarazko oinarrizko definizioekin.
Aurrekoaz gain, web guneari bizia emango dioten hainbat atal aurkituko dituzu: eguneko argazkia dagokion azalpenarekin, Euskal Herrian emango diren ekitaldi, azoka, hitzaldi, etab.en agenda, eguneko esaldi eta efemeridea, zientziaren eta teknologiaren inguruko galderak egiteko aukera, harpidetza-sistema —asteak eman duena posta elektroniko bidez etxean jasotzeko aukera— jada Zientzia.net -ek martxan dituen aukerak dira.
Laster liburutegi birtuala ere martxan egongo da, hots, zientzia eta teknologiaren inguruko euskarazko liburuak doan jaisteko aukera.
Interneteko beste guneek bezala Zientzia.net -ek ere bizia izan nahi du, eta horretarako, etengabe aldaketak, gehikuntzak eta hobekuntzak sartuko dira. Badakizue, bada; murgil zaitezte Zientzia.net -en eta bidali zuen iritziak. Pozarren jasoko ditugu.