Zientzia, teknika, kultura eta gizarteari buruzko II. Jardunaldiak

Martxoaren 9, 10 eta 11n Donotiako Koldo Mitxelena Kulturuneko Areto Nagusian Theoria zientzia-aldizkariak antolatutako II. jardunaldiak ospatu ziren. “Ugaztunak klonatu, gizakiak klonatu? Klonazioaren arazo etikoak” izenburupean 6 hitzaldi eman ziren Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuaren laguntzarekin. Gai, alor eta ikuspuntu ezberdinak jorratu ziren bertan eta gaiak erakarrita aretoa egunero bete egin zen.

EVANDRO AGAZZI
Friburgoko Unibertsitateko irakaslea eta filosofoa


“Zientzia eta teknikaren arazo etikoak” izeneko hitzaldian filosofo italiarrak klonazioaren aurrean sortutako zalantza etikoez hitz egin zuen. Agazzi-ren ustez giza klonazioa berez ez da txarra, baina arazo etikoak manipulazio genetikoaren erabilerarengatik ager daitezke. Filosofoak, bestalde, ez du garbi ikusten gizakiak klonatzeko egon daitekeen beharra. Animalien kasuan, aldiz, aldeko iritzia du, “farmakoen fabrika” bilaka daitekeela pentsatzen baitu.

Oro har, klonazioaren eztabaidan oinarrizko datu bat ahazten dela dio: kloniko naturalak aspalditik ezagutzen ditugula, biki monozigotikoak, alegia. Hala ere, bikiak familia eta eskola berean hazi arren bakoitzak bere gura du eta modu ezberdinean hazten da. Agazzi-k dioenez kopiak ez dira inoiz berdinak izango eta patrimonio genetikoa klonatzen bada ere, berau gizakiaren zati bat baino ez da.

Komunikabideek klonazioaren debatea gehiegizko emozioz puztu dute. Ziurrenik, 15 urte barru ez da inor harrituko eta gaur egun giza klonazioaren aurrean sortutako erreakziorik ez da izango. Era berean, ikertzaile italiarraren ustetan, gizarte osoak inplikatu beharko luke arau tekniko eta zientifikoen eraketan proiektuek ondorio negatiboak izan ditzaketenean. Erabaki moralak hartu behar dira eta gizaki bakoitzak bere erantzukizuna izango du gizartearen mesedetan.

FELIX GOÑI
EHUko irakaslea eta biologoa


Giza klonazioa erabat ezinezkoa zela azpimarratu zuen Felix Goñik “Zientzialariak klonazioaren aurrean” izeneko hitzaldian. Biologo baten ikuspuntu pertsonala eman zuen, organismo klonikoak eta transgenikoak zeintzuk diren argitu ostean.

Klonazioaren inguruko ikerketak ez dira hamarkada honetan hasi. EHUko irakasleak datu esanguratsuak azaldu zituen honen inguruan: Dolly ardiaren aurrekariak aspalditik datoz eta 1952an iada esperimentu batzuk egin ziren. 70.eko hamarkadan ere lan egin zen alor honetan, baina 90.eko hamarkada arte ez da erdietsi Dollyrekin lortutakoa.

Baina ez du Goñik arrakasta handirik ikusten azken lorpen honetan: ardi desberdinen 434 obulu hartu ziren lehendabizi (bidean ardi hauetako asko hil zen), horietatik 277 zigoto lortu zituzten eta zigoto hauetatik 29 enbrioi baino ez ziren gauzatu; ondoren 21 fetu lortu ziren eta hauetatik, 20 aborturen ondoren, Dolly famatua sortu zen. Beraz, arrakasta 434tik batekoa izan zen eta Dollyren originala edo ama aspalditik hila dago. Oraingoz, esperimentu hau errepikatzeko asmorik ez dute gainera.

Goñik aitortzen du, hala ere, animalia kloniko transgenikoak erabilgarriak izan daitezkeela orain lortu ezin diren sendagarriak ekoizteko. Baina gizakia klonatzeak ez luke zentzurik izango.

Bestalde, giza klonazioa ezinezkoa litzateke gizaki bakoitza geneen eta bere ingurunearen arteko elkarrekintzaren ondorioa baita. Gene berdinak edo ia berdinak dituen pertsona bat sor daiteke, hortik aurrera, aldiz, ezer gutxi. Hortaz, klonazioaren inguruan gaur egun zenbait tertuliatan asmatzen diren fantasiak faltsuak eta erabat ezinezkoak dira.

Amaitzeko, Felix Goñik honako galdera hau luzatu zuen: ikerketa biomedikoa oso garestia denez zeintzuk dira lehentasunak, eta merezi al du esperimentu hauetan hainbeste diru xahutzea?

JOSE M. MATO
Nafarroako Unibertsitateko biofisikari eta hepatologoa


“Informazio genetikoaren konfidentzialtasuna” hitzaldian Jose M. Matok ikerketa genetikoaz hitz egin zuen. Gaixotasun genetikoak atzemateko teknikak gero eta aurreratuagoak dira, gen batzuk ezagutuz gaixotasun bat izateko probabilitatea atzeman daitekeelarik.

Genoma proiektuaren bitartez geneei buruzko ezagutza gero eta handiagoa izango da hurrengo urteetan. Etorkizunean zein gaixotasun jasateko arriskua dugun jakiteko aukera izango dugu, prebentzioaren bitartez sendatzeko moduak ere agertuko direlarik. Baina zeinen eskura egon behar du pertsona baten informazio genetikoak? Hor sortzen dira mila arazo. Osasun-sistema publikoa edo pribatua denaren arabera baldintzak ezberdinak dira. EEBBetan, esate baterako, sistema pribatua da eta aseguru-konpainiek beren bezeroen informazio genetikoa eskuratu nahi dute. Horrek, informazio genetikoa diskriminaziorako erabiltzea ekar lezake.

Matoren ustez, giza genoma babestua eduki behar luke gizabanako bakoitzak eta horretarako, osasun-sistema publikoak dira egokienak. Etorkizunean ikerketa genetikoa asko merketuko da, baina lortutako informazioa erabiltzen jakin beharko genuke. Dudarik gabe, informazio genetiko ahalik eta zabalena izatea positiboa da eta bizi-kalitatea hobetuko du, baina babestu egin beharko da.

VICTORIA CAMPS
Bartzelonako Unibertsitateko Etikako katedraduna


Zalantza asko jarri zituen mahai gainean Victoria Campsek “Etika manipulazio genetikoaren aurrean” deituriko hitzaldian. Gai hauen inguruan zientzialari ez garenok informazio gutxi eta ondo informatzeko denbora gutxi dugula aitortu zuen. Komunikabideetan, ordea, hala-hola hitz egiten da klonazioari buruz eta hainbat iritzi sortzen dira.

Etorkizunean “kalitate handiko” umeak egiteko aukera izango da adibidez, eta hor, giza etikak badu zeresanik. Ikerketak aurrera doazen heinean erabilerak ikusi behar dira. Ikerketa genetikoa alor garrantzitsua da; baina gauza bat da giza genoma ezagutzea eta bestea, ezagutza horretaz eginiko erabilera.

Gaur egun dagoen pluralismo ideologikoaren aurrean jarrera oso ezberdinak, eta askotan nahasiak, daude. Ikuspuntu etiko batetik ere, etika batez edo etika askoz hitz egin behar dugu? Erlatibistak izan behar dugu eta bakoitzak bere etika du. Esaterako, pertsona bati bere informazio genetikoa ematea eta zein gaixotasun izateko aukerak dituen esatea positiboa ala negatiboa da? Erantzuna zalantzagarria da, batez ere gaixotasun horiek sendaezinak badira.

Victoria Camps beste lurralde batzuetako ikertzaileekin dihardu bioetika-alorrean. Eta bertan, zientziak eta humanitateak lotuago joan beharko luketela uste du irakasle katalandarrak. Zientzia ez da neutroa eta sakontasunez jorratu behar dira gai hauek. Informazio genetikoa izatea positiboa da eta etorkizunean baliagarria izango da ziurrenik, baina bitartean gaizki erabiltzeko arriskua dago.

Azkenik, komunikabideetan ematen den informazioarekin tentu handiz ibili behar dugula dio Campsek, eta zientzia
fikzioa eginez bide onetik ez goazela ohartarazten du.

PASCUAL SEGURA
Patenteetan aditua


“Genetikoki manipulatutako organismo eta geneak patenta al daitezke?” Baietz dio Pascal Segurak.

Diapositiben bitartez Bartzelonako Unibertsitateko adituak patente bat zer den eta bere alde onak azaldu zituen.

Komunikabideak eta hainbat talde gogor ari dira patenteen aurkako borrokan, gaizki informaturik daudelako, ez baitakite patenteak zer diren. Segurak azaldu zuenez, patenteak garapen teknologikoa bultzatzeko daude, teknologia berria zabaltzeko eta enpresen ikerketa eta garapena (I+D) errazteko. Edozein asmakuntza patenta daiteke, berrikuntza bada eta ordenaren eta moral publikoaren aurkakoa ez bada behintzat.

Geneen patenteei dagokionez, oraindik ez dago bilakaera garbirik. Craig Venter zientzialaria gen baten zati bat patentatzen saiatu zen, baina bere erabilera argi ez zegoenez ez zen onartu. Zerbait patentatzeko bere erabilera zein den jakin behar da. Bestalde, patenteak publikoak dira eta ez dira sekretu. Patenteak, gainera, herrialdeka doaz eta herrialde bakoitzean onar daitezke, ala ez.

Animalia eta landare transgenikoak patentatzen ari dira eta Seguraren ustez horrek mesedea besterik ez dakar; patenteen publikotasuna oso gustuko du. Baina gizakiaz hitz egitean gauzak aldatu egiten dira eta bere ustez enbrioi manipulatuak patenteetatik kanpo leudeke. Patenteak gardenak izanik oso errazak dira kontrolatzen, baina bioteknologia kontrolatzen askoz zailagoa da eta, batzuetan, zer egiten den jakitea ezinezkoa da.

JOSE L. LUJAN
Baleareetako Unibertsitateko irakaslea eta CSICeko doktorea


“Ingenieria genetikoaren eta ernalketa lagunduaren oharmen publikoa” hitzaldian Jose Luis Lujanek ikerketa soziologiko baten azalpena eman zuen, gizarteak zientzia eta teknologiaren inguruan zer ezagutza eta iritzi duen aurkeztuz. Ikerketa hauek nahikoa mugatuak direla aitortzen du Lujanek, batez ere, jendeak pentsatzen duena zergatik pentsatzen duen ez duelako esaten.

Oso zaila da jendearen iritzia ezagutzea, galderak egiteko moduak emaitzak alda baititzake. Gizarteari azken produktua gehiago interesatzen zaio balore moralak baino.

2.700 pertsonen artean eginiko inkesta batean zientziaren inguruko galdera batzuk egin ziren; ezagutza-maila uste baino handiagoa da informazioa eskasa izan arren. Iritzia ematerako orduan, inkestatu gehiagok onartu zuen landareekin manipulazio genetikoa animaliekin baino, eta gehiago animaliekin gizakiekin baino.

Ernalketa lagunduari dagokionez, jendearen gehiengoak begi onez ikusten du teknika hau; baina datuak aldatzen dira norbera egoera horretan aurkitzen bada (% 20 gutxiago, hau da, ez dute gaizki ikusten, baina beraiek ez lukete egingo). Adopzioa edo ernalketa lagunduaren artean galdetuz gero % 50 legoke aukera bakoitzaren alde. Diagnostiko genetikoari dagokionez erabat alde agertzen da gizartea.

Inkesta eta ikerketa hauei buruz interes gutxi dagoela dio Lujanek, baina gizartearen ikuspuntua jakitea garrantzitsua dela uste du. Bukatzeko, gizartearen gehiengoak gai hauetan telebista duela informazio-iturri nagusi esan zuen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila