1997/11/01
125. zenbakia
eu es fr en cat gl
Aparecerá un contenido traducido automáticamente. ¿Deseas continuar?
Un contenu traduit automatiquement apparaîtra. Voulez-vous continuer?
An automatically translated content item will be displayed. Do you want to continue?
Apareixerà un contingut traduït automàticament. Vols continuar?
Aparecerá un contido traducido automaticamente. ¿Desexas continuar?
Zer egin bihotzekoak eman ondoren?
Jende askok pentsatzen duenaren kontra, bihotzeko atake bat (aurrerantzean “bihotzekoa” soilik erabiliko dugu) prebeni daiteke gaztetatik arreta eta kontu pixka bat hartuta, eta elikadurari, ez erretzeari eta ariketa apur bat egiteari behar eta merezi duten garrantzia emanez gero.
Bihotzekoa (zehazkiago esateko miokardioko infartoa) odol-fluxua eten eta bihotzeko muskulu edo miokardiora behar adina odol iristen ez denean gertatzen da. Hori gertatzearen ondorioz, bihotzaren zona hori hil egiten da, ez oxigenorik ezta elikagairik ere jasotzen ez duelako.
Bihotzekoak eman aurretik, sintoma berezi batzuk agertu ohi dira egun edo baita aste batzuk lehenago ere: bularraldearen erdialdean mina edo zanpaketa-sentsazioa nabaritzen da besoetara, lepora, barailera edo sorbaldara heda daitekeena. Zenbait kasutan izerdialdiak, goragaleak, gorakoak eta zorabioak (edo baita konorte-galtzeak ere) ager daitezke. Kasuen % 25ean, hala ere, abisu hori ez da gertatzen.
Bihotzekoaren arrazoiak
Arteria koronario bat butxatzeko (eta ondorioz odolaren zirkulazioa eragotzi eta bihotzekoa gertatzeko) arrazoirik usuenak hauek dira:
- Odol-hodi baten barruan odol-koagulu bat sortzen da (tronbo bat). Hori gerta daiteke odol-hodi horretan alterazioren bat eman delako edota odolaren konposizioa aldatu egin delako. Bi egoera horretakoren bat gertatzen denean, tronbosiaz hitz egiten da eta tratamendu gisa antikoagulatzaileak (odoleko koaguluak edo odolbilduak ebitatzeko botikak) eta baso-zabaltzaileak (odola pasatu behar deneko arteriaren kalibrea zabaltzeko) erabili ohi dira. Kasurik grabeenetan kirurgiaren premia ere gerta daiteke, tronboa erauzi eta odolaren fluxuak normal jarrai dezan.
- Gorputz arrotzen bat (gantz edo aire-burbuilaren bat, adibidez) odol-hodian enkajatua geratzen da. Butxadura hori enbolo bezala ezagutzen da eta hortik enbolia izena. Gerta daiteke enboloak diametro txikia edukitzea eta odol-hodietan barrena libre eta inolako arazorik eman gabe zirkulatzea orduan ez dago inolako konplikaziorik. Baina enboloaren tamaina odol-hodiarena baino handiagoa denean, arazoak sortzen dira. Tratamendua kirurgikoa izaten da, enboloa erauzi egin behar baita, operazio baten bidez, baina tratamendua medikoa ere izan daiteke botika basozabaltzaileak erabiliz, aurreko kasuan bezala.
- Denbora luzean eta modu etengabean uzkurtzen den arteria baten prozesuari basoespasmoa esaten zaio eta bere iraupena puntu batetik aurrera luzatzen bada, infartua edo bihotzekoa gertatuko dela esan genezake.
Zer egin bihotzekoaren aurrean?
Konorte-galtzea edo bihotz-gelditzea gertatuz gero, bihotzekoa edukitako pertsonaren erreanimazioa saiatu behar da, beti ere 4 minutu pasa aurretik, epe horretatik aurrera garuneko kalteak (atzeraezinezkoak kasu askotan) eta baita heriotza ere gerta baitaitezke.
Eta nola egin behar da bihotzeko berpizte edo erreanimazio hori? Bihotzeko masajea eta arnasketa artifiziala egin behar lirateke, bi metodoak aldi berean, beti ahoaren barruan gorputz arrotzik ez dagoela, eta mihia bere betiko posizio normalean (eta ez atzerantz botea) dagoela ziurtatuz.
Ume bat baldin bada (nahiko arraroa, baina gerta daitekeen kasua zoritxarrez) kontu berezia eduki behar da arnasketa artifiziala egiteko orduan, eta ez sartu aire gehiegi haurrari.
Erreanimazioa nola egin behar den ez badakigu (eta puntu honetan zalantzak guztiok edukiko ditugu, gehiago edo gutxiago) anbulantzia bati deitu berehala edota adituren bat bilatu, ez derrigor medikua, baina bai kontu hauetan esperientzia pixka bat duen pertsona.
Garrantzi ikaragarria duen kontua gaixoa ospitaleren batera berehala eramatea da, zeren eta infartuaren aurreneko sintomak agertu eta hurrengo bi orduen barruan botika egokiak ematen badira, ondorengo sekuelak askoz ere txikiagoak izaten baitira.
Bihotzekoaren ondotik, zer?
Errekuperazio-estatistikak nahiko onak eta pozteko modukoak dira, bihotzekoak emandakoetatik pertsonetan hirutik bi errekuperatzen baitira. Hala ere ez da ahaztu behar gaixoa ahalik eta azkarren atenditu behar dela.
Etxera bidali ondorengo errehabilitazio-programa egoki batek pazientearen ahalmen eta gustuetara egokitutako ariketa fisikoa gomendatu behar du, eta baita laguntza psikologikoa ere, infartu baten ostetik bizimodu normala egin ezinaren beldurra oso zabaldua dagoelako, eta horren kontra, pazienteari esan behar zaio zertxobait zainduz gero, infartua jasan aurretik bezalako bizimodua (edo hobea) izan dezakeela.
Baina zer egin bihotzekoa prebenitzeko? Agian hurrengo puntuak ezagunak izango dituzu askotan aipatu izan baititut Elhuyar-eko orrialde hauetan, baina ekinaren ekinez zerbait lortuko dudalakoan, berriro ere hemen doazkizu bihotzekoak emateko posibilitatea gehitu dezaketen arrisku-faktore nagusienak: - Kolesterol-maila altua
Kolesterol “txarra” deituaren mailak gora egiten duenean, gantz hori arterien paretetan pilatuz doa, eta horien kalibrea estutzen hasten da (arteriosklerosia). Arteria horiek erabat blokeatzen direnean, orduan agertzen da infartua. - Tentsio altua
Edozein arrazoi dela medio arteriak estutu egiten direnean, odolak presio handiagoa egiten du bere pareten kontra eta poliki-poliki pareta horiek gastatu eta higatzen doaz, zimurrak agertu arte. Eta zimur horietan askoz ere errazago pilatzen dira gantz-plakak. - Obesitatea
Pisu-gehiegikeriak kolesterol-maila altua eta baita hipertentsioa ere edukitzeko arriskua gehitu egiten du. Horregatik oso garrantzitsua da sobran dauzkagun kilo horiek galdu eta jan-neurria zaintzea. Ikertzaile italiarrek egin berri duten azterketa batek frogatzen duenez arrainak presio arterial altua “jaitsi” eta odol-koaguluak eratzea ebitatzen omen du, eta horrela gaixotasun koronarioak jasateko arriskua ere gutxitu egingo da. Beste arrazoi bat gehiago bada, beraz, arrainaren kontsumoa ugaritzeko. - Ariketa fisikoaren falta
Esaera zaharrak dioen bezala “hankak mugitzen dituenak bihotza ere mugitzen du”. Izan ere, eta miokardioa muskulu bat izan arren, behar-beharrezkoa du berak ere ariketa-apur bat egitea, indartu eta sendotzeko. Ez da preziso ariketa oso gogorrak egitea, nahikoa da adibidez egunero ordu-erdiz ibiltzea, martxa bizkor samarrean, edota bestela, norberaren gustuko kirolen bat astean pare bat aldiz edo egitea. Kontua sedentarismoari, gure artean hain zabaldua dagoen “geldi-egoteari”, aurre egitea da. - Tabakoa
Faktore honek bere baitan biltzen ditu bihotzekoak emateko arrisku guzti-guztiak. Gehiegi erretzeak (eta zigarro gutxi batzuekin erraz gainditzen da muga) arteriak estutzen ditu eta odolaren zirkulazioa oztopatu, koagulu edo odolbilduen sorrera erraztu eta kolesterol “onaren” eragina anulatu egiten du. Estatistikek ondotxo frogatzen dutenez erretzaile handiek (10 zigarrotik gora egunean erretzea aski da talde horretan sartzeko), miokardioko infartu bat jasateko arriskua lau aldiz handiagoa dute erretzen ez dutenek edo gutxi erretzen dutenek baino. Ospitaleetara bihotzekoak jota iristen direnetatik % 80 erretzaileak dira, bizimodu sedentarioa daramatenak, eta gero eta gehiago emakumeak dira (erretzaileen multzora sartu direlako azken urteotan). |
Proiektu honen laguntzaile izan nahi baduzu,
harpidetu. Urtean 28 € baino ez.