Zer daramazu zabor-poltsan?

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Demagun kontzientzia ekologiko gutxi duzula, gaikako bilketarik ez duzula egiten. Eta etxean sortutako zabor guztia poltsa berean sartzen duzula. Demagun orain, poltsa ireki eta barruan dagoenari gainbegiratua egiten diozula. Zer daramazu zabor-poltsan?
Hondakinen sorrera Barne Produktu Gordinarekin zuzenean erlazionaturik dago; zenbat eta BPG handiagoa izan, orduan eta zabor gehiago ekoizten da. Zifra orokorren arabera, estatubatuar batek egunean bi kilo zabor sortzen ditu, europar batek kilo bat, eta garapen-bidean dauden herrialdeetako biztanle batek, berriz, 100-500 gramo.
E. Carton Virto

Gutako bakoitzak kilo bat inguru zabor sortzen du egunero. Gaur egun, eta gaikako bilketaren laguntzaz, % 20 birziklatu egiten da, baina oraindik orain % 80 zabortegira bidaltzen da. Azken mende erdian gizakiak sortutako zabor-kantitatea (eta etxeetakoaz besterik ez gara ari) ikaragarri hazi da, eta, dudarik gabe, ontziak dira hazkunde horren zati handi bat. Pentsa, ireki berri duzun zabor-poltsa horren erdia ontziak eta bilgarriak dira: mota guztietako plastikoa, latak, papera eta beira, bizitza modernoaren hondakinak.

Plastiko gehiena behin bakarrik erabiltzen diren ontziak eta era guztietako bilgarriak izaten dira: PVC eta PET polimeroez egindako botilak, polietilenozko poltsak, kortxo zurizko erretilu eta kaxa babesleak... Plastikoek bolumen handia betetzen dute zabortegietan eta dozenaka, ehunka edo milaka urte behar dituzte desegiteko. Gainera, konposatu toxikoen iturri izan daitezke.

Duela urte batzuk PVCak eztabaida handia piztu zuen, erretzerakoan edota degradatzerakoan oso toxikoak diren klorodun substantziak askatzen dituelako. Une haietan, oihartzun handia izan zuen Greenpeace talde ekologistak PVCaren kontra abiarazitako kanpainak, baina ez da toxikotasuna hondakin plastikoen arazo bakarra, birziklatzen ere ez baitira errazak izaten. PVCa, adibidez, oso erraz hondatzen da birziklatze-prozesuan. PET polimeroa (plastikozko botila argiak) hobea da birziklatzeko, baina ez da PVCzko botilekin nahasi behar kalitate oneko material birziklatua lortu nahi bada. Eta ez ahaztu plastikoak petroliotik eratorritako produktuak direla. Plastikoa erraz erabili eta botatzen dugu, baina ez da hain erraz sortzen ez desagertzen.

Tetrabrik ontziek ere arazo handiak sortzen dituzte. Aluminio-, zelulosa- eta polimero geruza finez osatutako ontzi horiek erruz erabiltzen dira freskagarriak, zukuak, ardoa, saltsak, esnea, etab. ontziratzeko. Elikagaiak ongi kontserbatzen dituzte, gutxi pisatzen dute, eta biltegiratu eta garraiatzeko forma egokia dute; baina erabili ondoren aluminio- eta plastiko-geruzak banatzea hain da zaila, ezen nekez birziklatzen baitira.

Etxeetako zaborraren % 80 zabortegira bidaltzen da. Birziklatzen den % 20tik, 9 papera eta kartoia da, 5,5 beira, 1,6 ontziak eta 3,9 bestelakoak.

Eta latak! Latak ere ikaragarri kontsumitzen dira: burdinezkoak, latorrizkoak eta batik bat aluminiozkoak. Latak hondakin gisa arriskutsuak dira, metal astunen iturri izan daitezkeelako, baina fabrikazio-prozesuan ere ikaragarri poluitzen dute. Esaterako, bauxita mineraletik aluminioa lortzeko, hondakin ez-organiko toxikoak sortu, energia ikaragarri kontsumitu eta fluoruroak aireratzen dira. Izan ere, zaborra ez da ekoizpen zikloaren amaieran bakarrik sortzen. Nazio Batuen Ekonomia, Lankidetza eta Garapeneko Erakundeak dioenez, zikloaren amaieran sortzen den zabor tona bakoitzeko 5 tona sortzen dira ekoizpen-prozesuan, eta beste 20 lehengaia erauzteko puntuan.

Beira, aldiz, zabor-poltsaren osagai garrantzitsua izan arren, behin eta berriz birzikla daiteke kalitaterik galdu gabe. Horregatik eta korrosioa jasaten duelako, gehigarririk behar ez duelako eta iragaztezina delako, ontziak egiteko materialik egokiena da. Garai batean beirazko ontziak berrerabili egiten ziren. Gaur egun, ordea, behin erabili eta birziklatu egiten dira eta, nahiz eta % 100 balia daitezkeen, birziklatzen energia xahutzen da.

Ontzi guztiak atera ondoren, papera, kartoia eta, azkenik, materia organikoa gelditzen zaizkizu zabor-poltsan. Papera nahiko erraz birziklatzen da, baina plastikoa bezala, kalitatea galtzen du, eta beti gehitzen zaio erabili gabeko zelulosa. Janari-hondarrak, oro har, zabortegian pilatzen dira eta gutxi aprobetxatzen dira. Zenbait zabortegitan materia organikoa usteltzean sortzen den metanoa erregai gisa aprobetxatzen da, eta beste zenbaitetan konposta (ongarria) egiteko erabiltzen da. Baina gehiena galdu egiten da.

Gutxi, baina arriskutsuak

Pilak, koipegabetzaileak, desinfektatzaileak, detergenteak, hodiak libratzekoak, disolbatzaileak, bernizak, kola, intsektizidak, botikak, aerosolak... Horiek guztiek zabor-masaren zati txiki-txikia hartzen dute, baina ez arriskuarena. Botoi-pila bakar batek, adibidez, 600.000 litro ur merkurioz polui ditzake. Konposatu horiek zabortegira iritsi eta bertan kontrolik gabe pilatzen badira, oso posible da inguruko edo lur azpiko urak poluitu eta bizidunengana iristea. Gehienak ezin dira birziklatu, baina oso garrantzitsua da aparte bildu eta tratatzea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila