Zer dago urakanaren azpian?

Mujika, Alfontso

Elhuyar Fundazioa

Azken belaunaldiko sateliteek erabiltzen duten teledetekzio-tresneria berriari esker, urakanetako goialdeetako hodeien azpian zer gertatzen ari den jakin daiteke orain.

Urtero-urtero, uda-bukaera aldean, urakanen garaia hasten da. Euskal Herria, zorionez, ez dago urakanen eremuan, baina Estatu Batuetako, Mexikoko eta, batez ere, Karibeko herrialde gutxien garatuetako populazioarentzat garai beldurgarria da. Iaz Mitch urakanak eragin zuen triskantza, adibidez, ez dute luzaroan ahaztuko Erdialdeko Amerikan.

Urakanak naturaren fenomenoak dira eta ezin dira saihestu, ez eragotzi. Gizakiak ezin du urakana desbideratu. Baina ondorioak, heriotzak batez ere, baita kalte materialak ere neurri batean, hain larriak ez izatea lortzea ez da zaila, baldin eta populazioa aldez aurretik eta behar den denboraz jakinaren gainean jartzen bada eta segurtasun-neurriak taxuzkoak badira. Horretarako, lehen-lehenik, urakana non sortuko den, nola higiko eta nola jokatuko duen jakin behar da, haren jarraipena egin eta haren ibilbidea eta bilakaera iragarri egin behar da. Horretan ari dira meteorologo eta zientzialari ugari. Urakanak aztertzen dituen munduko erakunderik ahaltsuena Estatu Batuetako Urakanen Zentro Nazionala da (NHC, National Hurricane Center). Zentroak lehorreko, itsasoko, aireko eta sateliteetako datuak jaso eta analizatzen ditu. Baina ezustekoa, zorioneko ezustekoa, ez da NHCtik etorri: aurten zientzialariak bi ikerketa-satelite erabiltzen ari dira urakanen barnea orain arte ezinezkoa zen moduan behatu ahal izateko.

Hodeiak zeharkatzen dituzten begiak

Izan ere, eguraldiari buruzko datuak jasotzen dituzten satelite gehienek urakanen goialdeko hodeien argazkiak egin ditzakete, baina besterik ez. Orain, ordea, QuickScat eta TRMM izeneko misioen sateliteek mikrouhin-sentsore berriak dituzte: hodeiak zeharkatu eta haien azpian, itsasoaren azalean, zer egoera dagoen -prezipitazioak eta uraren eta haizeen kondizioak- 'ikus' ditzakete. Datu berri horiei esker, zientzialariek lehenago detektatu ahal izango dute ekaitza tropikalen sorrera eta urakanak egingo duen ibilbidea ere zehatzago zehaztu eta iragarri ahal izango dute.

QuickScat satelitea 1999ko ekainean bidali zuen NASAk Lurra orbitatzera. Tresna berezi bat du, radar-difusometroa, mundu osoko itsasoetan ur-azaletako haizeen abiadura eta norabidea batera neurtzen duena. Orain arte, radarra erabiltzen duten beste sateliteek abiadura neur dezakete, baina abiadura eta norabidea batera difusometroak bakarrik neur ditzake.

Difusometroak (barreiaduraren neurgailua) mikrouhin-izpi bat bidaltzen dut itsasoaren azalerantz angelu jakin batean. Izpiak hodeiak zeharkatzen ditu aldaketarik jasan gabe eta uraren azalak barreiatu egiten du. Izpia osatzen duten mikrouhinetako batzuk, errebotez, satelitera iristen dira eta jaso egiten dira. Itsas azal izurtsuak abiadura handiko haizea adierazten du eta erradiazio gehiago islatzen du itsasoaren azal leunak baino.

QuikScat-en datuei esker, zientzialariek uste dute balizko urakanak detektatu ahal izango dituztela gaur egun NHC erakundeak aurkitzen dituen baino egun bat eta hiru bitartean lehenago. NHC erakundeak erabiltzen dituen satelite-argazkiek sortzear dauden urakanen goialdeetako hodeiak baino ez dituzte erakusten, baina haien gainean hodei altuagoak daudenean, horiek urakanaren hodeiak estali egiten dituzte eta, ondorioz, azpiko urakana ezin da ikusi. Horregatik da hobea QuikScat satelitea.

Oskarbi zein goibel, lanean berdin

Bestalde, Estatu batuetako NASA eta Japoniako Espazio Agentzia elkarrekin egiten ari diren TRMM misioak (TRMM, Tropical Rainfall Measuring Mission) eskualde tropikaletako prezipitazioak neurtzea eta haien banaketa geografikoa neurtzea du helburu. Kontua da prezipitazioak zerikusi handia duela urakanekin, ekaitza tropikaletan prezipitazioek nolabait atmosferara zenbat bero ari den askatzen adierazten baitute. Itsasoaren azaleko tenperatura zenbat eta handiagoa izan, itsasoko uraren lurrintzea hainbat handiagoa izango da. Hodeietan kondentsatzen denean, ur-lurrinak beroa askatzen du inguruneko atmosferara eta, ondorioz, aire beroak gora egiten du. Goranzko aireak behe-presioko gunea sortzen du bere azpian eta behe-presio horrek inguruko airea bere inguruan birarazten du. Horrela sortzen dira urakanak.

Prezipitazioaz gainera, TRMM satelitearen mikrouhin-sentsoreek urakanaren azpiko uraren azaleko tenperatura neur dezakete eta, beraz, tenperatura hori jakinda, urakana sortuko den ala ez iragar daiteke, urakanaren sorrera uraren azaleko tenperaturak erabakitzen baitu, besteak beste.

Eguraldi-satelite tradizionalek infragorrizko sentsoreak erabiltzen dituzte eta, beraz, horiek ere itsasoko uraren azalaren tenperatura neur dezakete. Zein da hobekuntza orduan? Infragorrizko sentsoreek ez dituzte hodeiak zeharkatzen eta, beraz, hodeirik gabeko eremuetako ur-azaleko tenperatura baino ezin dute hartu. TRMM satelitearen mikrouhin-sentsoreak, ordea, hodeiak arazorik gabe zeharkatzen ditu. Beraz, TRMM sateliteak ematen dituen prezipitazioen eta itsasoko azalaren tenperaturaren datuak ordenagailu bidezko simulazio-ereduetan txertatu egin daitezke eta, ondorioz, urakanaren jokaera -indarra eta ibilbidea- zehatzago eta lehenago iragarri ahal izango da.

QuikScat eta TRMM misioen jatorrizko helburuetan ez zen aurreikusi urakanak detektatu eta jarraipena egiteko erabiltzea eta, alde horretatik, ustekabe pozgarria izan da meteorologoentzat. Aurrerantzean, urakanak aztertzeko tresna hobea izango dute zientzialariek. Aurrerapen horiek populazioaren aldeko prebentzio-neurri egokiagoak ekarriko ahal dituzte!

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila