Emakumeek joera handiagoa dute gizonezkoek baino bena edo zainetako gutxiegitasuna jasateko (haurdunaldiak, hilekoaren inguruan gertatu ohi diren hormona-desorekak eta antisorgailuak hartzea dira joera handiago horren arrazoi nagusiak). Eta, horren kontra, odolaren zirkulazioa bizkortzea da soluziorik onena. Horrela, zangoak puztea ekiditeaz gain, likido gutxiago atxikiko dugu, zelulitisaren kontra babestu eta barizeen aurrean hesi edo traba moduko bat eratu.
Gehiegizko beroa ez da batere ona odol-zirkulazioarentzat, beroak basodilatazioa eragiten duelako. Horregatik ez da komeni eguzkitan denbora gehiegi ematea; hobe da aldian behin hankak freskatzea. Kontuz dutxatzerakoan edo bainua hartzerakoan uraren tenperatura beroarekin, hobe da ur beroa hotzarekin txandatzea. Gainera, hankak argizariarekin depilatzen badituzu, aukeran hobe argizari epela edo hotza erabiltzea.
Aldaka eta izterretan arropa estuak eramateak ez dio odolari libre zirkulatzen uzten. Gauza bera gertatzen da oina estutzen duten zapatekin, takoi oso altuekin edota zola eta oin-bular zurrunak dituzten sandaliekin ere. Oinaren zatirik minberena oinzola da, oina lurrean jartzen dugun bakoitzean ponpa-moduan jokatzen baitu, odola gorantz bultzatuz, eta zirkulazioari eraginez.
Soberan dauzkazun kilo horiek ere ez diote batere laguntzen odol-zirkulazioari zure beheko gorputz-adarretan. Gainpisuak odol-hodien lana oztopatzen du eta ez dio odolari gorputz osoan libre korritzen uzten.
Ura, ezinbestekoa
Ura da hankak arintzeko edaririk onena. Likidoak eta toxinak kanporatzen lagunduko dizu. Egunean pare bat litro ur edatea gomendatzen da, odolak bizkor korritu dezan zain eta arterietan.
Janari diuretikoak
Uraz gain, edan zuku naturalak, eta baita giltzurrunen lana errazten duten bestelako elikagaiak ere (patatak edo tomatea, adib.). Kontuz gatzarekin, eta ahal izanez gero ez edan kaferik, ezta terik ere.
Zenbat eta gantz gutxiago, hobe
Silizio asko duten jakiek (tipula eta baratxuria, esaterako), E bitamina dutenek (oliba-olio birjina), eta C bitaminan aberatsak direnek (zitrikoak) odol-zirkulazioa aktibatzen dute. Ez jan haragi gorririk, enbutido eta hestebeterik, ezta frijiturik ere. Hobeak dira arrain urdina eta entsaladak.
Zuntza idorreriaren kontra
Idorreriak zangoetako nekea ekartzen du, hesteek beheko gorputz-adarren goraztapenaz arduratzen diren odol-hodien gain egiten duten presioagatik. Presio hori saihesteko, hesteei beren lana normal egiten lagundu behar zaie, janari integralekin, fruta eta barazki freskoekin eta lekaleekin.
Kirola oso egokia da gorputza arintzeko. Muskuluak mugitzen direnean, zainei eragin eta odola gorputz osoan barrena hedatzea lortzen da. Astean ordu-pare bateko ariketa nahikoa izan daiteke. Baina egunero-egunero bizpahiru kilometro ibiltzea baino gauza hoberik ez da.
Ibili, ibili, ibili
Kontua ez da gustuko dendetako erakusleihoak ikusiz poliki-poliki paseatzea. Odol-zirkulazioa hobetzeko, pauso bizkorrean ibili behar da, eta horretarako oinetako erosoak behar dira. Hondartzan ibiltzeko aukera edukiz gero, ez alferrik galdu. Itsasoko urarekin eta hondarrarekin, zangoetako tentsioa deskargatzea lortzen da. Itsasoaren faltan, belarretan ibiltzea ere ona da, edo baita etxeko moketaren gainean ere, baina oinutsik.
Jarri hankak goian
Hori baino gauza errazagorik, gutxi: atseden hartzerakoan, edo baita lo egiterakoan ere, hankak maila horizontala baino hamar bat zentimetro gorago jarriz gero, bihotzaren maila berean geratuko dira.
Postura txarrak saihestu
Denbora luzean zutik egotea, edo baita eserita ere, hankak gurutzatuta, ez da batere egokia. Saia zaitez noizean behin paseotxoak egiten. Telebista ikusterakoan ere, oinak pixka bat altxatuta edukitzea komeni da, oin-euskarriren bat erabiliz, adibidez.
Terapiarik onena, prebentzioa Zirkulazio-arazoak dituzten emakumeen % 30ek azkenean barizeak edukitzen dituzte zangoetan. Beste kasu askotan bezala, prebentzioa da biderik onena, behin barizea sortu ondoren, tratamendu medikoa behar baita arazoa konpontzeko.
|