Datuak ez dira berdinak probintziatik probintziara, baina esan liteke guztietan kilo bat baino gehiago sortzen dugula egunero-egunero gutako bakoitzak; 1,5 kilo baino gehiago bizkaitar eta gipuzkoarrek. Horretan bai, Europako estatu aurreratuenen pare gaude; buruan.
Hainbat arrazoi aipatzen dira hondakin-kantitate hori guztia sortzeko, baina, oro har, mendebaldeko bizimoduarekin lotu daitezke guztiak. Adibideak asko dira, baina, batzuk aipatzearren, dendetan jada ez dituzte beirazko botilak jasotzen; lehen, berriz, jaso eta dirua itzultzen zuten. Edo, zenbat bilgarri izaten dituzten hainbat produktuk? 12 produktuko kaxa plastikoz bilduta eta kaxa barruko produktuak, era berean, banaka edo binaka plastikoan bilduta.
Horiek kanpotik nolabait ‘inposatzen’ zaizkigun gauzak dira. Izan ere, hainbatetan ez dago erosi edo ez erosi aukerarik ere. Beste batzuetan, adibidez, kristalezko ontzien eta tetra-briken kasuan, prezio-desberdintasuna oso handia izaten da, kristalaren kalterako.
Baina gure jokabideak ere badu eragina. Esaterako, gaur egun jende gutxi ikusten da kalean oihalezko mukizapiekin, gainerako arroparekin batera garbigailuan sartzea lan eta gastu handia ez den arren. Beraz, neurri batean badago gure esku zabor gehiago ala gutxiago sortzea.
1970eko hamarkadaren bukaera arte zaborra non-nahi botatzen zen. Udalen biltze-sistemek zaborra hartu eta kontrol edo jarraipenik gabeko zabortegietara eramaten zuten. Gainera, zabor asko biltze-sistemetara iritsi ere ez zen egiten; norberak leihotik errekara edo baserri ondoko zulora botatzen zuen, baita su eman ere.
80ko hamarkadan, ordea, egoera kontrolatzeari ekin zioten erakundeek. Zaborra gaika banatzeko ontziak ere agertu ziren kaleetan eta zabor-poltsak edonon botatzeri utzi zion jendeak —bide-bazterreko eta aisialdirako guneetako poltsarik gabeko zaborra kontuan hartu gabe—. Halaber, erraustegi txiki batzuk ere sortu ziren, Arrasatekoa, Aulestikoa edo Baztangoa kasu.
90eko hamarkadan bateko eta besteko legediak zorroztu egin ziren, batez ere Europak bultzatuta. Batere kontrolik gabeko erraustegi txiki horiek itxi egin ziren. Bestalde, biogasa ustiatzeko instalazio batzuk egin ziren hainbat zabortegitan —zaborreko gai organikoak usteltzean sortutako metanoa bildu eta energia elektrikoa eskuratzen dute—. Montejurrako mankomunitatean gaikako bilketa eta konpostajea bultzatu zuten, eta hondakinen % 60 baino gehiago birziklatzea lortu dute. Eta Legazpin ere konpost-egiteko instalazioa jarri zen abian. Hala ere, hondakin gehienak zabortegietara eramaten dira oraindik.
Dagoeneko, ordea, zabortegiak estu hartu ditu Europako Batasunak. Oso kontrol zorrotzak bete behar dira, eta, gainera, beste ezer egin ezin zaion hondakina soilik eraman ahal izango da zabortegietara. Alegia, birziklatu, berrerabili, konpost-egin edo nolabait balorizatu ezin dena soilik.
Horren aurrean, probintzietako erakundeek bide desberdinak aukeratu dituzte. Iparraldean, orain arte zabortegiak eta errausketa erabili dituzte, baina Baionako erraustegia oso zaharra da eta 2009an ixteko asmoa dute, ez baititu arau berriak betetzen. Iparraldeko zabor gehienak kudeatzen dituen Bil ta Garbi erakundeak azaroan erabakiko du mahai gainean dituen lau proiektuetatik zein aukeratu, baina horietako hirutan erraustegiez baliatuko litzateke —bitan iparraldean egiteko erraustegiaz eta hirugarrenean Txingudiko mankomunitatearenaz—. Gaur egun hondakinen % 12 birziklatzen dute, eta datozen urteetan % 21era igo nahi dute ehunekoa.
Nafarroan ildo nagusiak hauek dira: hondakinen sorrera murriztea, gaika biltzea eta tratatzea, birziklatzea, konpost-egitea, gai ez-organikoak errekuperatu eta berriz merkaturatzea eta gainerakoa zabortegietan metatzea. 2005. urtean hiri-hondakin solidoen % 65 berrerabili eta birziklatzeko helburua finkatu dute, baita zabortegiak Europako araudietara egokitzekoa ere. Gai organikoentzako ontziak ere jarriko dituzte sortzen denaren % 95 bildu eta ondoren konposta egiteko. Planean ez da erraustegirik aipatzen. Guztira ia 80 milioi ?-ko inbertsioa aurreikusi zuten epe-mugarik gabe indarrean dagoen 1999-2003ko hondakinen kudeaketa integralerako planean.
Araban, 1998-2001 eperako plana egin zuten, eta gaur egun berria aztertzen ari dira. Plan hartan, ontziak biltzeko edukiontziak jartzea zuten helburu nagusia, dirudienez, planaren filosofia hondakinak gaika biltzea eta tratatzea baita. Plana indarrean jartzeak ia 9 milioi ?-ko kostua izango zuela kalkulatu zuten. Gainera, aurrera begira, gai organikoekin konposta egitea aztertu eta indarrean jartzea aurreikusten da. Kontuan izan behar da Araban nekazaritzak garrantzi handia duela eta, beraz, hondakin organiko ugari sortzen dela, eta, era berean, konpost-kontsumo handia egon daitekeela.
Gipuzkoari dagokionez, eztabaida gogorra izaten ari da. Batetik Txingudiko mankomunitateak erabakia zuen erraustegia egingo zuela. Hainbat herritar-talde aurka jarri ziren eta Foru Aldundiarekin ere eztabaidak izan zituzten mankomunitatekoek. Hala ere, azkenean berena lortu eta prozesua aurrera doa. Bestalde, Foru Aldundia Gipuzkoarako plana lantzen hasi zen eta hiru multzotan bildutako zazpi alternatiba aztertu zituen, betiere maila bateko edo besteko errausketa kontuan hartzen zutenak. Azkenean, hirugarren alternatiba-multzoa hobetsi dute, eta, Txingudikoaz gain, Donostian beste erraustegi bat egitea erabaki du Aldundiak.
Azpiegitura horiekin, 2016an Gipuzkoako hiri-hondakinen % 59 erraustu egingo litzateke. Gainerakoa, berriz, % 4 konpost bihurtuko litzateke —gaur egun % 1 inguru egiten da— eta % 37 birziklatu —oraingo % 14,4ren aldean—. Horretarako, gaikako bilketan ahalegin berezia egiteko asmoa dute. Gaur egun hondakinen % 84 tratatu gabe eramaten da zabortegira, eta 2016an % 4 bakarrik eramango litzateke; alegia, errautsak eta bestelako tratamendurik jasoko ez duten hondakinak soilik. Guztira, 143 eta 164 milioi ? arteko inbertsioa aurreikusi dute.
Azkenik, Bizkaian, 1997-2001 aldirako egitasmoa landu zuten, eta horren arabera aritu dira lanean. Orain bigarren fasea idazten ari dira —2002-2007— eta, ondoren, onartu egin beharko dute. Bizkaian ere hondakinen kopurua gutxitzea, gehiago birziklatzea eta balioztatzea dituzte irizpide nagusiak. Eta balioztatze horretarako oraintsu jarri dute abian Zabalgarbiko erraustegia.
1997-2001 eperako egitamuaren balantzean ageri denez, 2001erako aurreikusitakoa baino zabor gutxi gehiago sortu da guztira, baina etxeetako hondakinak aurreikusitakoa baino % 8,44 gehiago hazi dira. Gainera, espero baino gutxiago birziklatu dute, helburua zaborren herena baino gehixeago birziklatzea baitzen, eta ez dira laurdena birziklatzera iritsi.
Planaren bigarren fasean, 2007rako helburu hauek finkatzea ari dira aztertzen: hiri-hondakin solidoen % 47 birziklatzea, % 32 zabortegira eramatea, % 18 erraustegi bidez balioztatzea, % 2 konpost-egitea eta % 1 gasifikazio bidez balioztatzea. Helburu horietarako ez da beste erraustegirik egitea aurreikusten behin-behineko egitasmoan. 44 milioi ?-ko aurrekontua beharko dela kalkulatu dute. Dena den, bigarren fasea onartzear dago oraindik.
Hortaz, lurralde bakoitzak arazoa aztertu du eta irtenbidea ematen saiatu da. Datozen urteotan ikusiko da emaitza zein den.
Eta hemendik kanpo?
Badirudi Europako Batasunaren joera errausketaren aldekoa dela. Dena den, zaila da herrialde bakoitzaren egoera eta joerak laburbiltzea. Horregatik, hainbat erakunderen txostenetatik datuak edo testu-zatiak hartu ditugu; aldekoak eta kontrakoak.
Gipuzkoako hiri-hondakinak kudeatzeko 2002-2016 plan orokorra
“Europako Batasunaren estrategia hau da: prebentzioa —zaborraren ekoizpena murriztu eta zaborra berrerabili—, materiari balioa ematea —birziklatu eta konposta egin—, balorizazio energetikoa, eta, azkenik, balioa eman ezin dakiekeen hondakinak ezabatzea —zabortegietara eraman—. Dena den, gai organikoak tratamendu mekaniko biologikoaren bidez tratatu eta zabortegietara eramateko aukera ere ematen du.”
“Beren kudeaketa zabortegietan oinarritzen duten herrialdeak dira (…) gutxien birziklatzen dutenak.” “Errausketa portzentaje nabarmen batean ( % 20) edo kopuru oso altuan ( % 35) energia berreskuratzeko erabiltzen duten herrialdeak dira gehien birziklatzen dutenak, Frantzia izan ezik. ( % 20).”
Proposal for a directive of the European Parliament and of the Council on the promotion of electricity from renewable energy sources in the internal electricity market. COM (2000) 279 final-2000/0116(COD)
“1. artikulua: Zuzentarau honen helburua hau da: elektrizitatearen barne-merkatuan energia elektrikoa ekoizteko iturri berriztagarrien ekarpena areagotzeko irizpideak bateratzea.
2. artikulua: Zuzentarauaren helburuetarako, 96/92/EE zuzentarauko definizioak erabiliko dira. Baita ondorengoak ere: 1.- ‘energia berriztagarrien iturri’ izango dira jatorri fosila ez duten iturri berriztagarriak (haizea, eguzkia,… eta biomasa, hau da, nekazaritza eta basogintzako produktuak, nekazaritza, basogintza eta elikagai-industriako landare-hondakinak, tratatu gabeko egur-hondakinak eta kortxo-hondakinak).”
A Study on the Econimic Valuation of the Environmental Externalities from Landfill Disposal and Incineration of Waste. Final Main Report-2000. European Commision, DG Environment
“Ohiko iturrietatik sortutako energiari egozten zaion ingurunearen gaineko inpaktua murrizten du errausketaren bidez berreskuratutako energia netoak. Murriztutako inpaktuen artean daude isurtze atmosferikoei egotzitakoak, bai eta aurreztutako erregai fosilak eta ohiko energia ekoiztean sortzen diren hondakinak ere.”
Waste as a Renewable Source of Energy: Current and Future Practices. IMECE2003-55258
“Hiri-hondakin solidoak energia-iturri berriztagarritzat jo dituzte hainbat estatutan.”
Governmental support to Waste-to-Energy. ISWA Beacon Conference, Malmö 2003.
“Baina hondakinen balorizazioa (waste-to-energy; WTE) gehiago ere bada. Zabortegietako gasa ere energia-iturri garrantzitsua da.” “Energia berriztagarrien aldeko politikei dagokienez, hiri-hondakinen errausketa orokorra da balorizazio (WTE) interesgarriena.”
Burn or Bury? A Social Cost Comparison of Final Waste Disposal Methods. Nota di Lavoro 46.2003
“Oso hedatuta dago pentsatzea hondakinak errausteko, eta, bereziki, hondakinetatik energia eskuratzeko (WTE) arrazoi nagusia hainbat herrialdetako lur-eskasia dela. Taulan ikusten denez, ordea, ez dago lotura zuzenik hiri-hondakinen errausketaren eta populazio-dentsitatearen zein landutako lurraldearen portzentajearen artean.”
“Gure analisiak zalantzak sortzen ditu errausketarekiko lehentasuna duten politiken inguruan. Kostu pribatuak eta ingurunearen gainekoak kontuan hartuta, zabortegien aukera errausketarena baino merkeagoa dela ikusi dugu. Berreskuratze-lanei lotuta, ingurunera isuritakoen atalean soilik da merkeagoa erraustea.”
A Waste of Resources? WWF
“Ikatzetik eta beste erregai fosiletatik eskuratutako energia ordezkatu ordez, hondakinetatik eskuratutako energiak benetako berriztagarrietatik eskuratuko litzatekeena ordezkatuko du.”
Waste Working Group; Irlanda
“Adibidez, Alemaniako bilgarriei buruzko ordenantzaren ondorioz, hainbat produkturen bigarren paketatzea desagertu da. Konturatu dira bigarren bilgarrien % 98 —hortzetako orearen hodia biltzeko kaxa, izozkien kaxak biltzeko plastikoa…— ez direla beharrezkoak. Baita ere, oso erraz murritz daitezkeela % 20-50ean bilgarri industrial gehienak eta janarien asko.”