Ume ezkerrak

Agirre, Jabier

Medikua eta OEEko kidea

Ebaluazioa

Ezkerren gaia betidanik izan da interes orokorreko arazo bat. Ezkerrak direnek bereziki jasan edo sentitu dute, noski, horietako zenbaitzuengan problema (handiago edo txikiago) askoren iturri izan delako; batez ere, joera hori haurtzaroan erreprimitua izan denean, umea eskuineko eskua erabiltzera behartzen zenean, idazterakoan eta bere ume-bizitzako beste hainbat ekintzatan (jatea, labana erabiltzea, etab.).

Antezedente historiko eta kulturalak

Garai guztietan egon izan dira ezkerrak, eta Neolitos aroko harrizko tresnetan egindako ikerketek frogatzen dutenez, ezker eta eskuinen kopurua berdin samarra zen garai haietan.

Ondoren armen asmaketa eta erabilerak, lanaren banaketa bat eragin zuen bi eskuen artean. Horregatik esku bat erasorako (eskuina) eta beste bat bularraldeko bihotz-ingurua defendatzeko (ezkerra) erabiltzen ziren.

Ezkerren proportzioa populazio orokorrean aldakorra da, adinen arabera. Kanadako Winipeg-eko Unibertsitatean egindako ikerketan adibidez.

Ezkerrik ospetsuena Leonardo da Vinci izan da agian. Idatzi zuen guztia ezkerreko eskuaz baliatuz egin zuen, ispilu-idazkera deitzen dena erabiliz. Bestalde, ezkerrak izan ziren beste pertsonaia ospetsu batzuk ere: Michel Angelo, Goethe, Nietzsche, Holbein, Beethoven, Schuman, ...

Historian zehar, herrien tradizioetan, bada jadanik lateralizazio sozial bat; eguzkiaren irteera eta sarrerarekin zerikusia duena.

  • Erroman, eta Atenasen, eskuina zen ohoragarriena, eta gonbidatu nagusia beti ere maisuaren eskuinean jartzen zen.
  • Juduentzat ere gauza bera. Beraientzat, Talmud-en (beren liburu sakratuan) eskuinak bihozberatasuna adierazten duen bitartean ezkerra justiziaren eta zehaztasunaren eskua da.
  • Kristauentzat ere antzeko zerbait: Jesukristo Jaungoiko Aitaren eskuinaldean eseria dago, eta lapur ona beti izan da Jesukristoren eskuinean gurutziltzatua dagoena.
  • Txinan, ordea, (nahiz eta jenderik gehiena han ere eskuina izan) tradizioz ezkerra eskuina bezainbat ohoratzen dute, eta beren heroirik nagusienak batzuk eskuinak dira eta besteak ezkerrak.

Hizkera arruntean (espainolez, frantsesez eta ingelesez behintzat, euskaraz ez da hain nabarmena), eskuinak ONGI DAGOENA adierazten du, ZUZENA, EGOKIA. Ezkerra, ordea, traketsaren sinonimoa da; nolabait, baldartasuna, abilezia gutxikoa adierazten duena.

Lateraltasuna

Esku, oin, begi eta beste organo bikoitzetan nabarmentzen den asimetria funtzionala da. Zertan adierazten da? Alde jakin bat nagusitzen da; bapateko edo baita zuzendutako ihardueretan ere.

Ezkerra izatea ez da inolako ohitura txarra; jadanik biologikoki aurrez determinatua dagoen zerbait baizik.

Pertsona baten lateraltasuna gorputzaren eta aurpegiaren asimetrian agertzen da. Adibidez, eskuineko esku-lateraltasuna askotan doa oinetako eta begietako lateraltasunarekin batera, guztiaren oinarrian garunaren ezker-lateraltasuna egonik.

Garunaren ezker-hemisferioa nagusitzera iristen da pertsonarik gehienetan, eta honi esker pertsona horiek eskuinak dira. Ezkerretan, alderantziz, eskuin-hemisferioa da nagusi. Hemisferio batek bestean duen nagusitasun hau hereditarioa da, eta familiaren barruan transmititzen da. Honen alde daude biki unibitelino eta bibitelinoengan egindako ikerketen ondorioak. Baina, bestalde, ezkerra izatea aldagai pertsonal eta indibidual bezala ere agertzen da.

3 urterekin 100 umetatik 61 eskuinak dira, 6 ezkerrak eta 33 oraindik ere definitu gabeak. Gure egungo mundu hau eskuinek diseinatu eta kontrolatua dagoenez, ezkerrak zailtasun bereziak aurkituko ditu. Ez dugu, beraz, eskuina izatera inola ere behartuko.

Bada, gainera, hartutako esku-lateraltasun bat; erditze-unean edo entzefalitis batean sortutako alterazio entzefalikoei zor zaiona. Pertsona hauetan beste zeinu neurologiko batzuk ere ikusi ahal izango dira eta ezker-mota hau izan da ezkerren “fama txar” osoaren erantzule eta nolabaiteko errudun.

Fetuaren hazkundean ikusi da, jadanik, garuneko ezker-hemisferioaren bolumen handiagoaren hasiera. Garuneko asimetria haurdunaldiaren 29. astean ikusten da, dagoeneko.

Esku-lateraltasunak maila ezberdinak ditu, eta beraz ezker-maila diferenteak: hasi ia ezker hutsak direnetik (eskuina ia ezertarako ere balio ez dietenak) eta beste muturreko bi eskuak darabiltzateneraino.

Mintzairaren garapena lateraltasunarekin ia paralelo doa.

Gizakiak zazpigarren hilabeterarte bi mintzaira-zentru POSIBLE dauzka, eta hemendik aurrera eskuin-lateralizazioak (eskuarenak, bereziki) garunaren ezker aldearen garapen handiagoa dakar, eskuineko zentrua “lo” bezala gelditzen den bitartean (dena den, egoerak hala eskatuko balu, zati handi batean berresnatu eta berrindartuko litzateke).

Esku baten nagusitasun funtzionala 2. urtearen hasieran ikusten da.

Mintzairaren bereganatzean detektaturiko atzerapen batek, lateraltasunaz jabetzean ere atzerapen bat egon dela adieraz dezake: atzerapen honek zizakidura handiagotzea dakar, mintzaira beranduago abiatuz.

Ezkerra izateak eta hitz-toteltasunak eduki ditzaketen harremanak eztabaidagai izan dira betidanik, baina gaur egun ez dago erabateko ondoriorik. Itxuraz, ez ezkerra izatea soilik, berrezitako ezkerra izatea (edota oraindik definitu gabeko lateraltasuna) izango litzateke mintzairaren asaldura ezberdinen arrazoia (SOVÁKek dioenez).

Lehengo heziketa-molde derrigorrezkoak, berezko joerak (ezkerra erabiltzeko joerak, kasu honetan) behartzen zituztenak, adibidez, eta bi hemisferioetatik zetozen bulkada nerbiosoak dantzan eta elkarren lehian jartzeak, agian mintzairan, idazkeran eta esku-trebetasunean alterazioak sortzeko gai ziren. Gaur egun, umeak bere esku trebea erabiltzeko duen berezko joera hori errespetatzen denez, akats horien maiztasuna txikiagotu egin da, eta aldi berean sortzen ziren gutxiagotasun-sentsazio eta konplexuak ere bai.

Arazoa noiz agertzen da? Bere bizitzako lehen ekintzetarako (jolasak, janariak, etab.) umea gauzak hartzen hasten denean eta are garrantzi handiagoa du idazteko edo marrazteko umea bi eskuetatik bat erabiltzera behartua dagoenean (lehenago hori, eskolan 5-7 urterekin hasten zen, baina orain dezentez lehenago, eskolaurrean).

Umearen balorazioa

  • Umearen aurrekin familiarrak ikusi (ea ezkerrik dagoen ala ez)
  • Umearen ikerketa neurologiko egokia burutu.
    Normalean estentsioaren (h.d. zabaltzearen) eta balantzeoaren (h.d. zabun mugimenduaren) asimetria bat dago, goiko gorputzadar, burua eta oinen artean. Pertsona eskuinetan ezkerreranzko hiperestentsibitatea dago eta ezkerreranzko zabun-mugimendua (oinetan batez ere) handiagotua dago. Gauza bera, baina alderantziz, gertatzen da pertsona ezkerrengan.
    Mugimendu bereziak aztertzen dira gorputzadarretan (imitaziokoak adibidez goiko gorputzadarretan) edota KONTROL MOTOREA (sudur-punta behatz erakusleaz uki dezala eskatzen zaio umeari).
  • Eskolaurrean probak egin behar dira.
    Badira esku, oin, belarri, eta begien lateraltasuna neurtzeko test-proba bereziak. Normalean esku-ezkertasuna begi-ezkertasunarekin batera doa.

Diagnostikatu aurretik umea askatasun osoz utzi behar da, bere kasa, ongi behatuz eta zehazki aztertuz. Bere ezker izate hori diagnostikatu denean, lateraltasun hori sustatu, bultzatu eta indartu beharra dago, lehen esan bezala; eskuineko eskua erabiltzera egiten den berreziketak irakurketan, mintzairan, idazkeran eta esku-trebetasunean alterazioak sorteraziko bait ditu.

Idazteko, beretzat onuragarrienak diren jarrera edo posturak irakatsi beharko zaizkio.

Bere lateraltasuna, finkatu denean, bai eskuin eta bai ezkerrei beren esku “txarra” trebatzea komeni da.

Bada eskuinezkertasunerako (ambidextrismorako) joera duen zenbait ume, baina frogatua dirudi ez dela hori egoera ideala; ezta gutxiagorik ere. Heziketa horrekin, dirudienez, arazoak sor daitezke mintzairan, idazkeran eta irakurketan.

Ezkerrak, ia lanbide edo ofizio guztietan ari daitezke, horretarako gaitasunik baldin badute, noski. Dena den, eskuinentzat diseinatu eta moldatuta dauden makinak erabiltzen dituztenek arreta eta kontu berezia eduki beharko dute.

Wegener-ek ezker gehiago aurkitu zituen goimailako eskoletako ikasleen artean, baina baita ikasle atzeratuen artean ere, normalki garatu bezala jo zitezkeen ikasleekiko.

Takigrafiari dagokionez, adibidez, gaur egun bada ezkerrentzako takigrafia berezi bat; eskuinetik ezkerrerantz idazten dena (ezkerreko eskua erabiliz).

Ezker eta eskuinaren arteko segurtasunik eza

1. REYren testaren bidez konstatazioa.

Irudian, lerro motz eta bertikal samarren eskuinean dauden zirkulu guztiak tatxatu behar dira.

Lehen saioan eta gero bigarren saioan ongi tatxatutako zirkuluen kopurua. (Zirkulu bakoitzeko minutu bat.)

2. PIAGETen testa.

Testa egiten duena, umearen aurrez aurre eserita dago mahai berean eta galderak egiten dizkio:

  • “Esaidazu, zein da zure eskuineko eskua?”
  • “Zure ezkerreko eskua. Orain, adi egon!”...
  • “Nere eskuineko eskua, nerea, zein da?”
  • Eta, nere ezkerrekoa?”

Orain gurutza itzazu eskuak mahai gainean, eskolan egiten duzun bezala. Oso ongi. Hiru objektu (gauza) jarriko ditut zure aurrean: tintontzia, giltzak, erlojua (15 bat cm-ra). Orain nere galderei erantzun behar diezu, ahalik eta azkarren, besoak eta eskuak mugitu gabe.

  • “Tintontzia, giltzen eskuinean edo ezkerrean dago? Lehen bezala erantzun, zure aldetik begiratuta”
  • “Tintontzia, erlojuaren eskuinean edo ezkerrean dago?”
  • “Giltzak, tintontziaren eskuinean edo ezkerrean daude?”

“Erdian” erantzuten badu, eskuinean edo ezkerrean erantzutera behartu behar da umea.

  • “Giltzak, erlojuaren eskuinean edo ezkerrean daude?”
  • “Ongi. Orain, erlojua, giltzen eskuinean edo ezkerrean dago?”
  • “Erlojua, tintontziaren eskuinean edo ezkerrean dago?”

Esku-ezkertasunerako joera neurtzeko probak

* KRAEMERen probak

  1. Piririka edo bueltaka egingo duen zerbait lurrera erortzen utziko dugu eta umea jasotzeko zein eskuz baliatzen den ikusiko dugu.
  2. Umeak ondoan duen liburu bat ekarri behar du.
  3. Nahasian dauden letrak sailkatu. Ea bi eskuekin egiten duen eta bi eskuetan zein den azkarrena edo trebeena.
  4. Nahikoa fuerte dagoen kaxa baten tapa kendu behar du.
  5. Leihoak edo ateak ireki, eta ondoren berriro ere ixtea.
  6. Arbela borra dezan eskatuko zaio.
  7. Norbere izena idatzi eta azpimarratzea.
  8. Marraztutako karratu bat edo zirkulu bat moztea.
  9. Poxpolu bat piztea.
  10. Arkatz bati punta ateratzea.
  11. Txarro batean ura hartu eta beste ontzi batera botatzea. Edo loreak ureztatu edota txarro bat urez bete.
  12. Elkarri pilota bat botatzen aritzea.
  13. Mutilei erreminta-kaxa bat eman bereziki mailua erabil dezaten. Neskei panpinak eman. Jantzi, erantzi, orraztu ditzatela.
  14. Bi irudietan (ezkerrekoa, eskuinekoa) zein den politena?
  15. Eredua aurrean dutela, plastikozko hari baten kolorezko perlak edo bolatxoak katean jarri.

Horrelako probak egin ondoren, esku-ezkertasunerako joera neurtzen da:

0 = batere ez
1 = oso ahula
2 = ahula
3 = maila ertaina
4 = gogorra (bortitza)
5 = oso gogorra (oso bortitza)

Estrabismo edo begi-okertasunaren diagnostikoa goiztiarra denean (5 urte aurretik bereziki), arazoa ez da hain larria izango.

Kontutan eduki badirela ezker berreziak, eskuin-eskuarekin oso trebeak direla aditzera eman nahi dutenak, edo horren itxurak egiten dituztenak (batez ere egiten ari zaien azterketaren alkantzua eta esanahia ezagutzen dutenean). Horregatik test ezberdinak erabili behar dira. Arreta osoz umeari behatu, eta gurasoei galdetu behar zaie ea eskuin-eskua erabiltzen ohitzea umeari asko kosta zitzaion (denbora luzea edo ahalegin handia).

Begi-ezkertasuna

1 Konprobazioa

  • Bi begiak estaltzen dizkion inbutu batean zehar begiratzen du umeak. Inbutuaren posizioak adierazten dio aztertzaileari zein den benetan ikusteko umeak darabilen begia.
  • Umeak inbutuko zulo estutik begiratzen du. Ea bere kasa, libreki, zein begiz begiratzen duen.
  • Zulo txiki batean zehar (edo sarraila-zulotik) esaten zaio umeari begiratzeko. Ea zein begi erabiltzen duen.

Lan guzti horiek begi berarekin egiten badira, ez da beharrezko beste inolako azterketarik. Horrela ez balitz, distrakzio txiki baten ondoren, komeni da beste proba batzuekin batera errepikatzea.

2 PERRETen ahate/untxiaren testa

Test hau ume txikienentzat da egokia (eta ez oso argientzat). Aztertzailearen galdera: “zein animalia da hori?”, 60 bat cm-ra begiratuz.

Ahate/untxia.

Erantzunak:
Ahatea: eskuina (begi-eskuintasuna)
Untxia: ezkerra (begi-ezkertasuna)
Tartekoek bi animaliak ikusten dituzte

3 ESTRABISMOAren arazoa

Aipatzekoa da, estrabismoa duten gaixoengan aurkitu den ezkerren kopurua (baina ondoren berriro ere berreziak izan dira).

Estrabismoa, beraz, mintzairan, irakurketan eta ortografian akatsak dituztenean, pedagogoarentzat alarma-seinale bat da.

Okulistarengana bidaltzea komeni da.

Oinen ezkertasuna

Ondoren emango ditugu probarik erabilienak. Kramer-en eritziz:

  1. Oin baten gainean salto egiteko esan.
  2. Pilota edo baloi bati ostikada bat eman (ahalik eta urrutien) eta ondoren gelditu.
  3. Abesti bat kantatu edo laralatu, konpasa oinarekin eramaten den bitartean.
  4. Melodia edo doinu baten erritmoa oinarekin markatzea.
  5. Poxpolu-kaxa bat oinarekin bultzatuz metro batzuk harantzago eramatea.
  6. Patinatzea.
  7. Begiak estalirik aurrerantz ibiltzea (zangorik indartsuenak, edo nagusiak pausoa gehiago luzatzen du, eta distantzia handi samarretan kurba bat eratzen da).
  8. Luzera-jauzia (erreten edo luebaki baten gainetik).
  9. Altuera-jauzia (soka baten gainetik salto egitea). Ea abiadako lasterketa zein aldetatik lortzen den ikusi.
  10. Jauzi batez nonbaitetik jaistea.
  11. Oinarekin zirkulu bat edo karratu bat marraztea.
  12. Aulki baten gainera igotzea.

Mihiaren lateraltasuna

Emil Froschels izeneko ikertzaileak New Yorken egindako ikerketa batean zera aurkitu du 400 pertsona baino gehiagotan: %70ek mihia klaskatzerakoan bere esku-lateraltasuna nagusitzen den alde beretik egiten dutela, eta errazago gainera.

Entzumen-lateraltasuna

Ea zein den belarri nagusia, zein aldetakoa nagusitzen den.

SOVÁKen proba egin daiteke. Mahai baten gainean martxan dabilen erloju bat jartzen da, beste gauza batzuekin batera eta guztia oihal batez estaltzen da, pertsonak erlojua belarriaren bidez bilatu behar duelarik. Belarri nagusitzailea da oihalera hurbiltzen dena.

Komeni da proba hori behin baino gehiagotan egitea.

Belarri nagusia pertsonen ia %50ena, esku nagusiaren kontrako aldean aurkitzen da, Sováken datuen arabera.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila