UEU: 25 urte bidean

Mujika, Alfontso

Elhuyar Fundazioa

Lehen aldia: Donibane Lohizune

Jar gaitezen 1970eko hamarkadan. Hegoaldean euskararen aldeko mugimendua —ikastolen mundua, alfabetatze-euskalduntzea, etab.— pil-pilean dago eta diktaduraren aurkako borroka politikoarekin batera doa. Francoren erregimenak bere azken urteak bizi ditu eta etengabe goraka doan euskal kulturaren bultzadari aurre ezin eginik dabil. Iparraldean, berriz, giroa lasaiagoa da eta euskararen aldeko mugimendua, anitzez makalagoa izanik ere, bere bidea egiten ari da. 1970ean hasita, Baionan Kultur Asteak egiten ziren urtero Baionako Erakustokian (Euskal Museoan), Euskaldunen Biltzarra, Ikas eta Fededunak elkarteek antolaturik. Antolatzaileen helburua euskal kultura lantzea zen, erlijio-gaiak ere lantzen bazituzten ere; euskaldunek elkarren berri izatea eta lan-taldeak sortzea ziren beste helburuak. Piarres Xarriton eta Jean Haritxelhar izan ziren Kultur Aste horien antolatzaile nagusietakoak.

UEUko zuzendari ohiak, “dinosauru” nagusiak. Ezkerretik hasita: Martin Orbe, Kepa Altonaga, Inaki Irazabalbeitia eta Baleren Bakaikoa.

Urte batzuk lehenago, katalanek, Rosellò aldean, Universitat D’Estiu izeneko ekimena abiarazia zuten eta Karlos Santamaria euskal pentsalari eta euskaltzale handiak Baionako Kultur Asteari jite berria eman eta Udako Unibertsitate bilakaraztea proposatu zuen, katalanen ereduan oinarriturik. Ideia gogoz hartu zuten Kultur Astearen antolatzaileek eta lanari lotu zitzaizkion. Ikas taldeko Manex Goienetxek bere gain hartu zuen antolakuntza eta egitarauaren ardura. Jean Haritxelharrek, Bordeleko Unibertsitatearen bidez, Frantziako Hezkuntza Ministerioaren baimena lortu zuen eta, Ipar Euskal Herriko kontseilari eta alkateek oniritzirik eta Euskaltzaindiak babesturik, Donibane Lohizuneko Maurice Ravel lizeoan, 1973ko abuztuaren 28tik irailaren 8ra egin zuen Udako Euskal Unibertsitateak bere estreinako ihardunaldia.

Ihardunaldia zortzi arlotan antolatu zen. Esan beharra dago ikastaroak ez eta hitzaldiak izan zirela, euskal kulturako pertsona ezagunek emanda. Guztira laurogei bat partaide, ikasle-irakasleak, izan ziren, Iparraldekoak gehienak. Bere txikian, lehenengo ekitaldi hura euskal kulturaren bilgunea izan zen; han izan ziren, besteak beste, Koldo Mitxelena, Alfonso Irigoien, Jose Migel Barandiaran, Karlos Santamaria, Juan San Martin, Luis Villasante, Jean Haritxelhar, Patxi Altuna, Andu Lertxundi, Joxe Azurmendi, Piarres Xarriton, Txillardegi, Jean Luis Davant, Jose Maria Satrustegi, Jose Ramon Etxebarria, Ibon Sarasola, Gurutz Ansola, Klaudio Harluxet, Joseba Intxausti, etab.

Bigarren ekitaldia ere toki berean egin zen 1974an eta 110 bat partaide izan zituen. Aurreko urtekoaren bidetik joan zen, hau da, hitzaldi-sorta bat izan zen, baina berrikuntza batekin: eskola magistralen eredua aldatu ez bazen ere, bi lan-taldek parte hartu zuten: Leioako Euskal Kultur Mintegiak eta Elhuyar Kultur Elkarteak; biak UEUren dinamizatzaile izan ziren hasieratik bertatik.

Bigarren aldia: Uztaritzeko urteak

Manex Goihenetxe izan zen UEUko lehen zuzendaria; Iparraldeko urteetan (1973-76) berak izan zuen antolakuntza eta egitarauaren ardura.

Hurrengo bi urteetan, 1975ean eta 1976an, Uztaritzeko Landagoien etxea izan zen UEUren egoitza. Talde eragile bat eratu zen, Euskal Kultur Mintegia, Elhuyar, Jakin eta Euskaltzaindiaren ordezkariek osatua, ikastaroak antolatu eta dirulaguntza biltzeaz arduratzeko. Hegoaldeko ikasle anitz joan ziren. Orduan egin zuen UEUk bere lehen manifestua (1975): benetako euskal unibertsitatearen beharra aldarrikatu zuen, garai hartan Euskal Herrian zegoen unibertsitate-puzzleak (Hegoaldean Deustuko Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitatea, pribatuak biak, gehi publikoak: Bilboko Unibertsitatea, Valladolideko Unibertsitatea Araba eta Gipuzkoan eta Zaragozako Unibertsitatea Nafarroan; Iparraldean, Bordele eta Pabeko Unibertsitateak) Euskal Herriaren beharrak eta nahiak ez zituela betetzen iritzita. Eta etorkizuneko Euskal Unibertsitateak beharko lituzkeen hiru ezaugarri nagusiak zehaztu ere egin zituen UEUk: euskalduna (euskaraz arituko dena) izatea, Euskal Herri osoa hartzea eta herritarra (guztiei irekia) izatea.

1976ko ihardunaldian UEUren alde agertu ziren Euskal Herriko hainbat pertsona eta talde, hala nola Julio Caro Baroja, Jose Migel Barandiaran, Xabier Arzallus, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Hego Euskal Herriko Arkitektoen Kolegioa, etab. Ikasle gehiago izan ziren eta espezializazioranzko lehen urratsa egin zen: arratsaldeko mintegietan zientziak eta letrak bereizi egin ziren. Ordu arte antolatzaile-lanetan buru belarri ibilia zen Manex Goihenetxek, lanez gainezka, dimisioa aurkeztu zuen; Manexen mailako arduraduna aurkitzea ez zen samurra eta, kezka horrekin batera, UEU Iparraldetik Hegoaldera eramatearen inguruko eztabaida zabaldu zen: partaide gehienak Hegoaldekoak izatea, euskal kulturaren pisu nagusia eta euskaldun gehienak Hegoaldean izatea eta Franco hil ondorengo giro soziopolitikoa ziren Hegoaldera eramatearen abantailak, baina, bestetik, Iparraldearentzat UEU galtzea kaltegarria izango zela ikusten zen. Azkenik, aldeko eta kontrako argudioak eztabaidaturik, UEU Hegoaldera eramatea erabaki zen azken eguneko bileran. Horrekin batera, Martin Orbe UEUko idazkari berria hautatu zen.

Hirugarren aldia: UEU Iruñean

UEUren bi aurpegiak: ikasgelan serio, ikasgelatik at alai.
ARGIA

Martin Orbek buru-bihotzez ekin zion UEUren egitura Hegoaldean sortu eta sendotzeari, Talde Laguntzailea ondoan zuela. Ekitaldirako baimena lortzea nekeza izan zen (Martin Orbek eta garai hartan Espainiako barne-ministroa zen Rodolfo Martin Villaren arteko eskutitzak lekuko), baina, azkenik, ikastaroak hasteko hilabete baino gutxiago falta zela, Espainiako Ministerio de Educación y Ciencia-tik baimena iritsi zen. Iruñean, Euskal Herriaren hiriburu historikoan, ekin zion UEUk gaur arte iristen den hirugarren aldiari. Hegoaldeko lehen ihardunaldia (1977) oso garrantzitsua izan zen: batetik, lehen aldiz, ikastaldi berezituak antolatu ziren, sailez sailekoak. Bestetik, lehen liburuak argitaratu zituen UEUk, unibertsitate-mailan inoiz argitaratutako euskarazko aurrenekoak hain zuzen. Madrilen zeuden euskal parlamentarien izenean atxikimendu-telegrama bidali zuen Manuel de Irujok; UEU edo, hobeto esan, UEUk adierazten zuen euskal unibertsitatearen nahia euskal gizartean hedatzen eta gorpuzten ari zen seinale. Ongi ulertu behar da hori, UEUk euskal unibertsitatearen ideia zaharrari egin dion ekarri nagusia euskalduntasunaren beharra izan da, UEUk plazaratu eta defendatu baitu —praktika bidez plazaratu, gainera— lehen aldiz euskarazko unibertsitatearen beharra.

UEUren bi aurpegiak: ikasgelan serio, ikasgelatik at alai.
ARGIA

1978an sendotu egin zen aurreko urtean hasitako bidea: partaideak gehitu, espezialitateak indartu eta liburugintzak aurrera egin zuen. Geroztik, UEUk bide horretan segitu du, helduarora iritsi da eta aldaketak izan ditu —partaideak, sailak, arduradunak aldatu dira— baina lan-ildo nagusia orduko bera da. UEUren oinarria euskararen militanteen lana izan zen hasieran eta hala da gaur egun ere. Idazkaritza profesionala du, baina gainerako arduradunek —zuzendariak, Talde Eragileko kideek, sailburuek— ez dute inolako soldatarik jasotzen eta UEUk argitaratzen dituen liburuen egileek ere ez dute egile-eskubiderik kobratzen. Erakunde publikoen dirulaguntza jasotzen du UEUk, eta behar-beharrezkoa du, baina lan militante hori gabe UEUrik ez zen izango.

Iparraldean ere UEU

Hegoaldean finkatuz geroztik, Iparraldeko partaide gehienak galdu zituen UEUk. Horregatik, 1985ean Iparraldeko kultur premiei egokitutako ikastaroak ematen hasi zen Baionan eta geroztik bide bikoitz horri —Iruñea eta Baiona— eutsi dio. Baionako ikastaroen antolakuntza-eredua, iraupena eta bolumena Iruñekoen aldean aski desberdina dira. Hala ere, azken bi urteotan hainbat aldaketa izan dira eta Hegoaldeko ikasleak ere Baionara joaten hasi dira, Baionako eskaintza Hegoaldeko jendearentzat ere interesgarria baita.

Urte osoko iharduera

Edurne Alegria (ezkerrean) izan da Iparraldeko ikastaroen arduraduna urte askotan. (ARGIA)

UEUren lana ez da udan amaitzen; ikastaro nagusiez gainera, dibulgazio-mailako hitzaldi zikloak antolatzen ditu urtean zehar 1985az geroztik: Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean, ... Eta, gainera, liburugintza urte osoko lanaren emaitza da (ia 200 liburu argitaratuak 25 urteotan). Ez hori bakarrik, sailek ikastaroak prestatzeko lan-bilerak izaten dituzte urtean zehar eta aurreko guztiari Uztaro giza eta gizarte-zientzietako lauhilabetekaria gehitu behar zaio 1990az geroztik.

Horrek guztiak UEUren gaurko errealitatera ekarri gaitu. Hogeita bost urte bete dituen honetan atzera so labur bat egin dugu hemen. Baina UEU zer gehiago da? Ikastaro, liburu eta gainerakoez gainera, Euskal Herri osoko unibertsitarien biltokia ere bada, euskal unibertsitatearen nahiaren espazio sinbolikoa (euskal unibertsitate “birtuala” modako hitza erabiliz), garrantzitsua oso. Helburu horri, zuzi horri, tinko eusten dio UEUk, inolako esklusibismo eta protagonismo-nahirik gabe, apal baina sendo, eta beti lanean. Euskal Unibertsitatera iristeko beste hogeita bost urte beharko ez diren esperantzan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila