Txanpona katiluaren hondoan

Esperimentu honetan argi-izpia airetik uretara pasatzean kurbatu egiten dela ikusiko dugu. Horretarako botila, katilu opakoa, 5 pezeta edo liberaren 5 zentimoko txanpona eta ore apur bat behar ditugu

Lehenengo orezko bisorea egingo dugu. Pieza luze samarra egin, 3 bat zentimetrokoa, eta botilaren tapan erantsiko dugu. Ondoren zulotxo bat egin piezaren erdian.

Katiluaren hondoan txanpona jarriko dugu. Ura gehitzean mugi ez dadin orea bolatxo batekin katiluari itsastea komeni da.

Katilua botilaren albo-alboan jarri. Zenbateko distantziara jarri jakiteko, orezko bisoretik begiratu eta, oso hurbil dagoenez, hondoko txanpona ikusiko dugu. Katilua pixkanaka urrundu, hain justu, katiluaren ertzak txanpona ikustea eragozten digun arte.

Egoera honakoa da: botilaren tapoi gainean jarritako bisoretik begiratzean ez dugu txanpona ikusiko (ikus 1. irudia).

Ondoren, katilua urez bete eta berriz begiratzean, txanpona oso ondo ikusten dela konturatuko gara.

Zer gertatu da?

Katilua hutsa dagoela, argia zuzen-zuzen mugitzen da. Eta katiluaren ertzak ez digu txanpona ikusten uzten (ikus 2. irudia).

Katilua urez betetzean, argia errefraktatu egiten da eta, ondorioz, hondoa primeran ikusten dugu, baita txanpona ere (ikus 3. irudia).

Horren inguruan kontu polit bat sortuz gero, magia-truku gisa aurkez genezake lagunen aurrean eta esan: “ba al dakizue urak hondoko txanpona agerrarazi dezakeela?”

Ea arrakastarik baduzuen esperimentuarekin!

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila