Sukarra defentsa-mekanismo bat da, kanpoko (mikro)organismo inbaditzaile baten kontra ‘borroka’ egiten laguntzen diguna. Eta oso altua ez bada, ez da beharrezkoa haren kontra neurri bereziak hartzea, aski da gehiago igo ez dadin saiatzea. Hala ere, sukarra dagoenean medikuari beti jakinaraztea komeni da, litekeena baita hori sorrarazten duen gaitzak tratamendua behar izatea.
Sukarra gure gorputzak duen defentsa-mekanismo konplexuaren osagaietako bat da. Bere zeregina etsaiaren kontra jardutea da, eta horren berri ematea.
Termostato naturala
Garunean, eta zehazki esateko, hipotalamoan, badugu termostato moduko bat, gorputzaren tenperatura erregulatzen duena. Gorputzak eraso bat jasaten duenean, birus bat esate baterako, mekanismo horrek substantzia batzuk jariatzen ditu, eta substantzia horiek gorputzeko tenperatura igoarazten dute.
Zer adierazten digu sukarrak?
Sukarra edukitzeko arrazoi nagusia infekzioak dira, birusek edo bakterioek eragindako infekzioak, baina sukarra beste hainbat egoeratan ere ager daiteke (gaixotasun inflamatorioen, tumoreen edo tiroide guruinaren desoreken ondorioz, esaterako). Emakumeek tenperaturaren igoera txiki bat izan dezakete obulazio-garaian (horrexegatik, tenperatura basala neurtzea oso metodo baliagarria da emakume bat zein egunetan gera daitekeen haurdun jakiteko).
Giza gorputza ez da erloju bat, eta, beraz, ez da hain erraza erabakitzea noiz daukagun sukarra, hau da, noiz daukagun behar baino tenperatura altuagoa. Hala ere, balio edo erreferentzia orokor batzuk lagungarri gerta dakizkiguke.
Tenperatura normala
Gorputzaren tenperatura normala 36,5 °C ingurukoa da. Kontuan hartu behar da, dena den, pertsona bakoitzak bere gorputz-tenperatura duela, eta tenperatura bera izanda, litekeena dela batek sukar-hamarren batzuk izatea eta beste batek ez.
Noiz esan daiteke sukarra dela?
Normalean, sukarra 38 °C-tik gorako balioei esaten zaie. 37 °C-tik 37,9 °C bitarteko balioei febrikula edo sukar-puntua esaten zaie, hau da, itxuraz tenperatura zertxobait igota egon arren, ez da sukartzat hartzen.
Noiz hartu tenperatura?
Unerik onena goizean izaten da, jaiki orduko. Orduantxe izaten dira baliorik fidagarrienak. Izan ere, eguneko beste edozein unetan hartuz gero, saiatu beharko genuke bazkaldu edo afaldu ondoren ez izaten, ezta esfortzu fisiko handi bat egin ondoren ere, bi kasu horietan tenperatura dezente igo daitekeelako. Normala da, bestalde, balioek zertxobait gora egitea arratsalde-partean.
Beti ez da beharrezkoa sukarraren kontra aritzea. Balioak oso altuak direnean bakarrik hartu beharko ditugu tenperatura jaitsiarazteko neurriak.
Noiz da beharrezkoa sukarra jaistea?
Pertsona heldua eta osasun-egoera onekoa baldin bada, ez dago zertan sukarraren kontra jardun, 39 °C edo 40 °C-tik pasatzen ez bada behintzat. Gaixoaren ongizateari begiratzea nahikoa da: ez da komeni arropa gehiegi jaztea, eta, horrez gain, arin jan eta, batez ere, likido asko edan behar du gaixoak. Sukarra altua izateaz gain, hotzikarak, buruko minak, pixa egiterakoan hazkura, etab. agertzen badira, komeni da medikuari abisatzea, hark erabaki dezan.
Sukarraren arriskuak
Sukarra altua denean edo luzeegi irauten duenean, eragin kaltegarriak izan ditzake. Sukarrak bihotz-maiztasuna gehitzen du eta deshidratazioa eragin dezake, batez ere ume txikien, zaharren eta sistema immunitarioa gutxitua daukaten pertsonen kasuan. Ume batzuek, sukar altua dutenean, arazo neurologikoak eduki ditzakete, konbultsioak adibidez. Hori bai, hori medikuari jakinarazi beharreko sintoma da.
Eta botikarik? Sukar-kontrakoak ala antibiotikoak?
Sukarra handia (edo altua) denean, beti erabil daitezke sukarraren kontrako botika bereziak: aspirina (azido azetilsalizilikoa), parazetamola edo anti-inflamatorio ez-esteroideak. Antibiotikoak, berriz, bakterioek eragindako infekzioetan bakarrik dira baliagarriak (pneumonia, zistitisa), eta beti medikuak aginduta hartu behar dira. Infekzioa birus batek sortua baldin bada (gripea, esaterako), antibiotikoak ez dira beharrezkoak. Kasu horretan, gripea bera arduratuko da germenak suntsitzeaz.
Zer egin umeek sukarra dutenean? Umeei sukarra oso erraz igotzen zaie, beren ‘termostato naturala’ ez dagoelako oraindik erabat erregulatuta. Eta, sintoma bat besterik ez den arren, sukarra bereziki zaindu behar da umeetan, arriskuak baztertzeko.
|