Sugegorriaren hozka

Sugegorriaren kasuan ezin ninteke ohizko artikulua idaztera mugatu. Izan ere, sugegorriari buruz idatzi behar nuela esan nien lagun guztietatik bakar batek ere ez zidan galdetu zer jaten duten, nola ugaltzen diren edota Euskal Herrian zein espezie dauden. Ez horixe! Kontu hauek gustuko ditugun piztizale xelebre batzuk kenduta, gehiengoak gauza bakarra jakin nahi zuela konturatu nintzen: “zer egin behar da sugegorriak helduz gero?”. Irakurri ohizko artikuluaren osagarri modura idatzi dudan artikulu hau eta ea erantzunik aurkitzen duzun.

Sugegorriak barrutik zulatutako letagin mugikorrak ditu.
M.M. Elosegi

Suge pozoitsuen hozkek arazo mediko larriak sortzen dituzte eta horien eraginez, munduan urtero 40.000 lagunetik gora hiltzen dira. Kasu gehienak India, Birmania, edo Brasil bezalako lekuetan ematen diren arren, Espainiako Estatuan urtero 3-7 lagun hiltzen direla estimatu zen 1982an. Heriotz hauek, pozoiaren eraginez ezezik, pozoiaren aurkako sueroak eragindako erreakzioaren eraginez gertatzen dira. Euskal Herrian suge pozoitsuek hozkatutako pertsonen kasu mordoa aztertu baldin badugu ere, heriotz-kasu bakarraren berri izan dugu eta ez dugu baieztatzerik izan, gainera. Heriotz-kasurik ez topatzearen arrazoia gertatuta ere guk ez aurkitzea izan daiteke edo, aurreko artikuluan idatzi den bezala, baliteke hemengo sugegorrien pozoia hain eraginkorra ez izatea.

Lehenik eta behin, hozka eginez gero eta hortzen kokapena dela eta, inguruotan pozoia sartu dezaketen suge bakarrak sugegorriak direla esan behar da. Montpellierko sugea (Malpolon monspessulanus) pozoitsua den arren, hortzak oso atzean ditu eta pozoia sartu ahal izateko behatza ahoan sartu beharko genioke eta, noski, ez da espezie honen pozoitze-kasu asko ezagutzen. Sugegorriei dagokienez, jadanik aipatu dugu ez direla animalia erasokorrak eta hozka defentsa modura erabiltzen dutela. Aztertu diren pozoiketa-kasu gehienak nekazari, onto-biltzaile, mendizale edota mendian jostaketan zebilen jendearenak ziren eta martxoa eta urria bitartean gertatu ziren. Hona hemen adibide pare bat, hozkak nola gerta daitezkeen ikusteko:

  1. Jabier Zubillaga leitzarra goiz batean onto-biltzera joan zen. Kotxea utzi eta giltzak gordetzeko poltsarik ez zuela ikusirik, giltzak harri baten azpian gordetzea pentsatu zuen. Bat-batean, eskua harripean sartzearekin batera behatz-puntan sekulako ziztada sumatu zuen eta sugea ikusi zuen. Errepidean zegoenez, lehen kotxea geldiarazi eta beste eskuarekin odolari eutsiz, Iruñeko eritetxera eraman zuten. Ospitalean suero-ziztada batzuk jarri ondoren ongi zegoenez oso, Leitzara itzuli zen eta arratsalde hartan bertan futbol-partidu bat arbitratu zuen.
  2. Juan Inazio Elosegi tolosarraren kasua larriagoa izan zen. Mendian sandaliak jantzita onto-bila zebilelarik eta ziurrenik zapaldu ondoren, sugegorriak oinean heldu zion. Torniketea egin eta lasterka laguntza bila abiatu zen errepidera. Auto-gidari batek gelditu eta Tolosako klinikara heldu zenerako denbora dezente pasa zen. Botaka, zorabiatuta eta hanka arras hazita sartu zen eta 8 egun eman behar izan zituen osatu zen arte. Urtetan nabaritu zuen hazkurea hozka pairatutako lekuan.
Mendian berarekin topo eginez gero hoberena bakean uztea da. Hozka egiten badigu, berehala eritetxera joan eta sugeen aurkako sueroa sartu behar dugu.
R. Erce

Aztertutako beste kasu asko ere azaldutakoen antzekoak ziren eta gorputz-enborreko pozoitze-kasuak erabat ezinezkoak ez badira ere, guk ikusitako hozka guztiak gorputz-adarretakoak dira: esku eta oinetan. Hortaz, pozoitzeari aurre hartzea posible da; galtza luzeak, oinetako altuak eta eskularru lodiak erabilita, ia ezinezkoa da gorputzadarretan pozoitzea.

Bestalde, kasu batetik bestera ondorioak oso desberdinak direla ikus dezakegu. Sugegorriek lehendik hozkarik egin baldin badute pozoi gutxiago sartzen dute eta, beraz, eragina ere txikiagoa da. Kontuan hartu behar da ere, hozka pairatu duen pertsonaren sasoia, adina, medikuarengana iritsi arte pasatako denbora, eta abar. Eta orain, irakurle, zure eta nire lagunen galdera erantzuten saiatuko naiz.

Zer egin sugegorriak helduz gero?

Sugearen pozoiaren aurkako tratamendua sueroa da eta lehenbailehen hau sartzen saiatu behar dugu. Aipatutako sueroa, zaldien hiperinmunizaziotik sortzen da sugegorri-espezie desberdinen pozoiak gero eta dosi handiagoetan sartuz eta Pasteur Institutuak ekoizten du. Sueroa sartzeaz gain, infekzioa ekiditeko, antibiotikoak sartzea komeni da; tetanoaren aurkako txertoa aspaldi hartu ez bada ere bai. Bestelako tratamendurik (kortikoideak, analgesikoak...) behar den kasuetan besterik ez da erabiliko. Garai batean sendabelarrak erabiliko zirela uste da, baina zoritxarrez, ez dugu sugeen aurkako belarren berririk jasotzerik izan.

Pozoiketa kasu ikusgarria. Sugegorriak besoan hozkatutako mutila.
R. Erce

Normalean, hozka pairatzen duen pertsonak sueroa gainean ez daramanez, lehenbailehen eritetxera eraman beharko dugu. Komenigarria da hozka egin digun sugea identifikatzea eta kontuan izan sugegorriek letaginen bi zulotxoren marka uzten dutela (batzuetan bat besterik ez) eta marka asko uzten dituzten hozken seinaleak pozoirik gabeko sugeenak izaten direla. Medikuek, bestalde, hozka egin digun animalia eramatea eskatzen dute, baina askotan hau ezinezkoa denez, kasu horietan nola jokatu behar duten ere argi eduki beharko lukete (banaketa-mapen arabera, zein espezie izan den jakin liteke, adibidez).

Torniketea egitea egokia izan daiteke, baina gehiegi estutzearen arriskua hozka berarena baino handiagoa da; iskemia edota edema sor litekeelako zainetako zirkulazioa eragozteagatik. Era beran, letaginen inguruan ebakuntzak egin eta pozoia xukatzea ere arriskutsua izan daiteke, ahoko mukosetatik edota zauri txikietatik zurgatzen ari denak pozoia barnera dezakeelako.

Kasu guztietan hozkari behar bezalako garrantzia ematea eta denbora pasatzen ez uztea beharrezkoa da ondorio larririk ez izateko. Gaixoa urduri jartzea, ordea, ez da komeni eta behar ez diren mugimendurik ez egitea hobe, odolaren abiadura ez azkartzeko.

Bukatzeko, egoera traketsena planteatzea bururatzen zait. “Zer egingo zenuke sueroa sartzerik ez bazenu, Piriniotako mendi-punta batean, bakarrik, eta inork topatzeko esperantzarik gabe sugegorriak helduko bazintu?” Ez dakit, agian goitik behera laguntza bila jaistea izango litzateke zuzenena, beti ere, urduri jarrita eta lasterka eginez pozoia odolean azkarrago zabaltzen dela kontuan hartuz. Dena den, norberak pairatzea baino, hobe izango da hau filmeren batean ikustea, ezta?

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila