Bazka lortzeko harrapakinaren aurkako eraso eraginkorra besterik behar ez duen animaliarentzat, artega ibiltzea eta urrutira joatea energia xahutzea litzateke. Narrasti hauek ohitura etxekoiak dituzte, eta, bizitzeko duten erritmo mantsoarekin bat eginez, lurralde txikien jabe izaten dira. Gutxi jatekoak dira, gainera. Betiere eguraldiaren arabera, gai dira animalia bakan batzuk harrapatuta (batzuek hiruzpalau harrapakin urtean) otsail-martxotik urri-azarora bitartean esna egoteko (negualdiko atsedena edo hibernazioa alde batera utzita).
Harrapatutako gutxi horri etekin handia ateratzeko gaitasuna eman die eboluzioak. Hartutako jaki urriek bizirik irauteko eta, espeziearen arabera, 60-80 cm luze izateraino hazteko beste ematen diete. Aitzitik, sugegorrien biologiak haien ugalketa-gaitasuna mugatzen du, eta 2-3 urtetik behin soilik sortzen da belaunaldi berri bat: 10 sugegorrikume inguru. Eta ez dira berehala iristen heldutasunera: arrak lehenago iristen dira, baina emeek 4-6 urte behar izaten dituzte. Horregatik, ohikoa da 10 urte baino gehiago dituzten aleak topatzea.
Hala ere, zaila da sugegorrien populazioei dagozkien estatistikak lortzea. Beste askotan bezala, kasu honetan ere ez dugu datu historikorik, eta egun martxan dauden jarraipen-ikerketak oso urriak dira. Hala ere, gizakiak eragindako hainbat desagertze-kasu dokumentatu dira, Lataste sugegorriarekin, esaterako; eta ez da iraganeko gauza, espezie honen geroa arriskuan jartzen duen gaur egungo errealitatea baizik.
Sugegorriek oso ondo banatuta dute eremua. Narrastien artean ez dugu aurkituko eremua horren zehaztasun handiz eta hain modu eraginkorrez partitzen duen beste animaliarik. Inguruko beste sugegorri-espezieen lehia saihestearren egiten dute. Portaera hori, gainera, ohikoa da Europako gainerako sugegorri-espezieen artean ere. Izan ere, guztiek jarraitu duten lerro ebolutiboa dela eta, berdintsuak dira espezie batzuen eta besteen beharrizanak, elikadura, gordelekuak eta, oro har, ohiturak.
Esaterako, ahalik eta energia-gastu txikiena izateko ereduan oinarriturik, ehizarako sistema aurrerakoia garatu dute: eraso bakarraren bitartez sartzen diote pozoia harrapakinari, eta joaten uzten diote. Gero, haren aztarnei eta askatzen duen beroari jarraituz, harrapakina aurkitu eta jan egiten dute. Horretarako, organo oso konplexu bat erabiltzen dute, orientatzeko ere balio diena. Hain justu, eboluzio-gertaera erabakigarri horrek azaltzen ditu sugegorriaren egungo morfologia, ezaugarri anatomiko zein fisiologikoak eta portaera.
Euskal Herrian hiru sugegorri-espezie iberiarrak daude: aspis sugegorria, Lataste sugegorria (muturluzea) eta sugegorri kantauriarra. Guztiek aipatutako banaketa-ereduari eusten diote, eta guztien artean partitzen dute lurraldea.
Aspis sugegorria mendiko espeziea da, eta hartxingadi nahiz harritzak ditu gustuko. Isurialde mediterraneoko mendietan bizi da, Nafarroako Pirinioen eta Valderejoren artean, eta sastrakaz gainezka dauden heskaiak eta baso-ertzak bilatzen ditu. Sugegorri kantauriarrarekin bat egiten du zenbait zonaldetan, hala nola Gorbeiaren oinean, Aralarren, Ultzama eta Basaburuako haranetan, Orreagan eta Sara-Donibane Lohitzun arteko lerroan. Kasu horietan guztietan, habitata hertsiki banatua dute.
Sugegorri kantauriarra eremu freskoago eta hezeagoetan egoten da, hau da, sasietan eta baso- zein larre-ertzetan dauden sastraketan, eta aspis sugegorria, berriz, harkadietan ikusi ohi da. Bestalde, sugegorri kantauriarra arrunta da oso isurialde atlantikoan, eta itsas mailaraino hel daiteke.
Sugegorria animalia lasaia da, eta, horrez gain, haren hozkadak ez gintuzke larritu behar. Euskal Herri industrializatu eta teknologiko honetan, oso zaila da sugegorri batek hozka eginda hiltzea. Beste garai bateko kontuak dira horiek, nahiz eta ezustekoak urtero gertatu.
Hozkada horiek, baina, zerbaiten seinale dira: alde batetik, adierazten dute oraindik badaudela sugegorriak dagozkien tokietan; bestetik, agerian uzten dute gizakion artean, beti bezala, ezjakintasuna dela nagusi. Izan ere, trakets samarrak gara animaliak
ezagutzeko, eta horri ingurune naturalean mugitzean dugun harrokeria eta arduragabekeria gehituta, emaitza arriskutsu bilaka daiteke.
Hain justu, animalien bizimodua eta ohiturak ezagutzea da arriskua saihesteko modurik onena. Sugegorrien kasuan, interesgarria da jakitea non bizi diren eta zein den haien banaketa geografikoa. Mendira egun-pasa goazenean, kontu izan beharko genuke jaso nahi dugun harri horrekin, edo mugitu nahi dugun beste harekin. Landa-ingurunean bizi den jendeak jakin beharko luke segatu ostean lehortzen ari den belar-meta sugegorrien gogoko tokia dela. Eta denok, baserritarrak edo kaletarrak izan, oinetako egokiak jantzi behar ditugu mendira joateko, hau da, botak. Ez dago mendiko boten materiala zeharkatzeko gai den sugegorriaren hortzik.
Hala ere, urtero gertatzen dira istripuak, batez ere udaberri aldera. Eta istripuak direla esan dugu, zeren eta ez dago gizakia harrapakintzat duen sugegorririk. Alderantziz, gu gara haren harrapari, eta, ondorioz, aurrez aurre topo eginez gero, sugegorriak ziztu bizian ekingo dio ihesari. Hozka egiten badu ustekabean harrapatu eta enbarazu egin diogun edo min egin diogun seinale da. Horrelakoetan, beraz, erasoa babes-neurria baino ez da.
Hozkada jasoz gero, jakin behar den lehenbiziko gauza da zerk egin duen. Batzuetan ez gaude ziur, animalia ezagutzen ez dugulako edo bat-bateko gertaera izan delako. Horrek zaildu egin dezake gero osasun-zentroan izan beharreko arreta. Izan ere, maiz, sugegorrien haginkadak sortzen dituen antzeko sintomak edo infekzioak sortzen dituzte beste animalia batzuen hozkadek, harramazkadek, ziztadek edo, erle eta liztorren kasuan, eztenkadek. Edonola ere, gogoratu ornogabeek normalean ziztada ematen dutela, eta sugeek eta beste ornodunek, aldiz, hozkada.
Aukera bada, zauria garbitzea komeni da, eta, aldamenean aditurik egon ezean, ahaztu torniketeak. Ez saiatu sekula pozoia ahoz xurgatzen, edota labana bat erabiliz hozkadaren inguruan ebakiak egiten, egoera asko oker baitaiteke. Lehenengo kasuan, ohikoa da ahoan zauri txikiak izatea, eta, ondorioz, pertsona hori ere pozoi daiteke; bigarrenean, berriz, pozoia atera ez baizik zabaldu egin dezakegu. Kontuan izan egoera horretatik onik irteteko nahikoa dela gaixoa ospitalean zaindu eta kontrolatzea, dagozkion neurriak han hartzea eta behaketan egun batzuk egotea.
Ezin bukatu penintsulan zein Europako hainbat tokitan, baita Euskal Herrian ere, nahita zabaldutako gezur handi bat aipatu gabe. 1980. hamarkadaz geroztik landa-inguruneko bizilagunekin harreman gatazkatsuak dituztenen aurkako gezurra da, hau da, administrazioko ingurumen-sailen eta talde ekologisten kontrakoa.
Gezurrak dio helikopteroz eramandako sugegorri pila bat askatzen direla mendian. Ideia horrek ez du ez hanka eta ez bururik; gainera, animalia horiek pixka bat ezagututa, berehala ohartzen gara zorakeria dela. Barre egiteko modukoa litzateke, sugegorrien gaia ez balitz hain korapilatsu eta sentikorra, eta sortu dituen liskarrak sortuko ez balitu.
Hala eta guztiz ere, argitu beharra dago sugegorriak itxian haztea oso zaila dela, ezaugarri biologikoak eta portaera ez baitira horretarako aproposak. Argi utzi behar da, era berean, inongo erakundek edo gobernuk ez diola sekula ekin haztegiak jartzeari, eta animaliak mendian harrapatu eta pilatzeari. Gezurra biribila dela begi-bistakoa da. Beraz, sugegorri hegalariez ahaztu, eta argi eduki lurrean bere borondatez higitzen diren animaliak direla. Zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta eragozpen gutxiago jarriko dizkiegu sugegorriei, eta, era berean, ezusteko gutxiago hartuko ditugu guk.