Su-gorrina, sagarrondoaren txikizioa

Su-gorrina Erwinia amylovora (Burril) Winslow bakterioak eragindako gaitz izugarria da. Landareei erasotzen dieten gaitzen artean ezagutzen den suntsitzaileenetakoa da. Ipar Amerikan sortua, lehenengoz han aurkitua behintzat, 1922an Zeelanda Berrian eta Europan 1957an, Ingalaterran, atzeman eta aipatzen da. Europa kontinentalean 1966an Holanda eta Polonian, eta ondoren Danimarka, Alemania, Belgika, Frantzia, etab. azaldu zen. Beldurgarri hedatu ondoren 1995ean, iberiar penintsula ez beste Europa osoan aurki daiteke.

Pirinioen muga bere alde ahulenetik igaroa du, dagoenerako, bakterioak eta Gipuzkoa eta Nafarroaren iparraldean zehar zabaldua dagoela esan dezakegu.

Patogenoa

Su-gorrina bakterio batek sortzen du, Erwinia amylovora . Bakterio guztiak bezala zelula bakarrekoa da. Kainabera itxurako zelula txikiek flagelo mordoa dute inguruan, eta hauei esker uretan igeri eginez mugi daitezke. Bakterioak zelulaz kanpo ekoizten duen polisakarido bat dela eta pilatuta aurkitzen dira olio edo lokatzetan baleude bezala. Erwinia generoko beste espezie batzuk ez bezala, E. amylovorak ez du entzima pektolitikorik ekoizten.

Bakterioa landareen gainean, epifitikoki, hazi eta bizi daiteke (hostoetan, pujetan, lore-pipitetan, etab.) eta parenkima sanoetako zelula arteko espazioak koloniza ditzake itxurazko inolako kalterik eragin gabe.

Erasotutako landareak

Su-gorrinak errosazeo familiako espezie eta barietate ugari erasotzen ditu. Historikoki ezagutzen diren kalte nabarmenenak udareondoan – Pyrus generoan – eragin izan ditu. Sagarrondoa – Malus generoa – ere ederki jipoitzen du eta azkenaldi honetan espezie honi eragindako kalteak askoz ere garrantzitsuagoak bihurtu dira, ekonomikoki behintzat. Bakterioa apopilo hartzen duten pipita duten fruta-arbolen artean aipagarriak dira, baita ere, irasagarra – Cydonia – eta mizpirondoa – Mespilus –. Basatiak eta lorategietan apaingarri gisa erabiltzen direnen artean Sorbus genero osoa (otsolizarra, hostazuria, maspila, etab.), elorri zuriak ( Crataegus ) eta Cotoneaster eta Piracantha generoak dira kaltetuenak. Euskal Herrian landare hauek garrantzi handia dute, kalte larrienak paira ditzaketen sagastien inguruetan gaitzaren erreserba eta gordeleku izan baitaitezke.

Errosazeo familiako hezurra duten fruta ematen duten arbolak (aranondoa, muxikondoa, abrikotondoa, gereziondoa, etab.) ez ditu kaltetzen.

Sintomatologia

Su-gorrinaren erasoaren lehen zantzuak udaberrian azaltzen dira. Loraldia amaitu berria denean infloreszentzia bera eta bueltan dituen hostoak arre-beltz kolorea hartuz ihartu eta zapuzten dira. Udaberrian puja edo kimu berriak ihartuta, suak pasata dagoenaren itxura hartzen du landareak. Hortik su-gorrina izena.

Pujetatik beherantz zabaltzen da, arbak, enborra eta sustraiak azkar asko kutsatuz. Infekzioak aitzina egiten duen eran landarearen zatiak zimeldu egiten dira.

Infloreszentzia, hosto eta pujek arre-beltz kolorea hartu eta zapuztu direnean ez dira erortzen, landarean itsatsita gelditzen dira. Hauxe da, hain zuzen ere, su-gorrina gaitza duela igartzeko zantzu adierazgarrienetako bat.

Arba eta enborrean azala zurbildu eta hustu bezala egiten da eta egurrak kolore gorrizta itsusi bat hartzen du.

Infektatutako fruituak urasetu antzeko uneak ditu, gerora beltzak. Ez dira erortzen eta negua zimurtutako momien gisa igarotzen dute.

Bakterioak erasotutako landarearen zatietan erretxin edo lika itsaskor itxurako ttanttak jariatzen dira. Berdosta-horizta kolorekoak dira eta bakterioa eta gaitza zabaltzen dute.

Gaitzak jo eta hilabete gutxi barru, zortzi eta hamabost artean gehienetan, landarea hil egiten da.

Gaitzaren biologia

Historikoki ezagutzen diren kalte nabarmenenak udareondoan izan badira ere, sagarrondoa ere ederki jipoitzen du. Azkenaldi honetan gainera, sagarrondoari eragindako kalteak askoz ere garrantzitsuagoak izan dira. Ezkerraldean, kaltetutako udareondoa eta, eskuinaldean, kaltetutako sagarrondoak.

Gaitza sortzen duen bakterioak enborra eta arbatako zauri, txankro eta zuloetan igarotzen du negua. Udaberrian zauri hauek duten bakterioz jositako izerdi-jariotik euriak eta intsektuek zabalduko dute gaitza. Landare sanoan lorearen pistiloaren estigmatik sartzen da, gehienetan, bakterioa. Gutxi batzuetan estoma, lentizela edo zauriren batetik. Landare gaixo eta sanoak bisitatzen dituzten erleak dira gaitzaren hedatzaile garrantzitsuenak.

Su-gorrinaren infekzioa (kutsadura) gertatzeko 18º eta 30º arteko tenperatura eta airean % 50 baino handiagoko hezetasuna behar da. 21º eta 30º artean, zorriak jo ta ke lanean ari diren egun argiak dira kutsadura gauzatzeko arriskutsuenak.

Loraldian tenperatura edo hezetasuna urriak badira, ekaina eta uztailean barietate batzuk izaten duten bigarren loraldian gauzatzen da kutsadura. Bi loraldi emateko erraztasuna duten barietate hauek (William’s eta Laxton udareak, etab.) dira, beraz, su-gorrinarekiko sentsikorrenak.

Gaitzaren hedapena

Gaitza lehendik gaiso dauden landareetatik zabaltzen da. Eguraldia heze eta epela denean, erasotutako zatietan bakterioz jositako ttantta likatsuak jariatzen dira.

Gaitza hedatzeko bideak:

  • Kutsatutako tokietatik ekarritako landareak
  • Txoriak
  • Euria
  • Haizea
  • Intsektuak
  • Ureztaketa sistemak
  • Inausketa etab.-etarako tresnak

Gaitzaren ugaltze- eta hedatze-abiadura espezieak, barietateak, zaintze-teknikak eta tokian tokiko eguraldiaren araberakoa izango da.

Eragiten dituen kalteak

Euskal Herrian galera nabarmenenak sagastietan eragin ditzake, bai sagardotarako eta bai mahairako sagarrak garrantzi ekonomiko dezentea baitu. Erasotutako landareak, portzentaia handi batean, hilabete gutxi barru hil daitezke. Hiltzen ez direnek ere bere emankortasuna hutsaren hurrengora mugatua izango dute erasoaren hasieratik beretik, loraldia eta puja berriak ia erabat zapuzten baititu.

Lorategietan ere kalte handiak eragin ditzake. Basatietan, ordea, ia neurtezina da, baina gaitza mantendu eta hauetatik besteetara hedatzeko arriskua da beldurgarriena.

Gaitzari aurre egitea

Su-gorrinaren sintomak ikustea irudituz gero, lehenengo egitekoa, nekazaritza-arloan lanean diharduten teknikariak ahal den azkarren jakinaren gainean jartzea da. Euskal Herrian gaitza sartu berria da eta zenbat eta azkarrago kontrolatu eta borrokatu orduan eta hobe.

Su-gorrina eragiten duen bakterioa hiltzen duen bakterizidarik ez da ezagutzen. Beraz, gaitza kontrolatu eta ahal den gutxien hedatzea da egin dezakegun bakarra.

Sagarrondoak landatzerakoan

Elorrio suriaren loreak bakterioak erasotuta.

Gaitzarekiko erresistentzia-maila desberdina du barietate bakoitzak. Gaitzaren kontra, aurrez galduta dagoen borroka batean sartu nahi ez baduzu, erresistentzia handiena duten barietateak aukeratu. Txertu edo mentu-oinak duen erresistentzia-ahalmena eta ipurdiko altsumak emateko gaitasuna ere kontuan hartzekoa da.

Sagastiaren kokapena

Esan dugun eran, tokian tokiko eguraldiak garrantzi itzela du gaitzaren hedapenean. Leku batean, gutxi-gehiago, gaitzari aurre egiteko gai den barietate bat erraz suntsi dezake beste toki batean. Buztin eta tupa-lurrak, drenaje kaskarra dutenak eta lur oso azidoak sagarrondoa su-gorrinarekiko gaitzikorrago bihurtzen dute.

Lurra lantzeko erak eta ongarriketak ere izugarrizko garrantzia du. pH-a 6 ingurura jaisteko lurra karetzeak eta ongarriketa-plangintza orekatu batek, gehiegizko nitrogenoa saihesteko, batik-bat, gaitzari aurre egiten asko lagunduko dio sagarrondoari Beranduko hazkunde edo pujaldiak erabat ekidin beharra, kontuan hartzekoa da, baita ere, ongarriketa plangintzan.

Inausketa eta kimaketa

Inausketa arduratsu bat burutzea nahitaezkoa da. Puja eta altsuma indartsuegiak botatzea eragiten duen gehiegizko inausketa erabat ahaztu behar da. Enborra edo txardango handietatik gertuegi kokatutako fruitu-begiak dituzten arbatxoak kentzea ere gomendatzen da, lore horiek bailirateke bakterioarentzako erasogarrienak.

Saneaketa

Sagarrondo gazte baten enbor izerditua.

Lorea zabaltzen den une beretik lehen pujen hazkundea moteltzen deneraino sagastia goitik-behera maiz ikuskatu behar da. Su-gorrinaren sintomak dituen arbolaren zati guztiak, antzeman orduko moztu eta erre. Sua pizteko edo beste edozertarako ez jaso eta ez lurrean utzi, inolaz ere.

Mozketa guztiak edozein zauri edo txankroren hogei bat cm azpitik egin behar dira.
Inausketan edo edozein eratako lanetan erabilitako lanabesak arbola batetik bestera igarotzean eta moztetik mozterako tarte bakoitzean ehe, lixiba edo alkoholetan desinfektatu behar dira.

Sagastiaren inguruko lorategi eta basoetan dauden errosazeo familiako landareak ere kontrolatu eta gaitzaren zantzurik antzemanez gero, kupidarik gabe landare osoa eraitsi eta erre.

Tratamenduak

Bakterioaren kalteak otsolizarrean, Sorbus aucuparia.

Tratamendu bakterizidak egiteko bi sasoi daude. Lehenengoa neguaren amaian, zauri eta txankroetan negua igarotzen ari diren bakterioak bizitu aurretik, ekoizten duten lika kutsatzaile-kopurua mugatu aldera. Bigarrena lorea puri-purian dagoenean, su-gorrinaz kutsatzetik babesteko, bakterizida den antibiotiko batez (terramizina, estreptomizina…) ihinztatzen da. Tratamenduetan loraldiaren garapena, tenperatura eta hezetasuna kontuan hartzekoak dira.

Bi sasoi hauez gain urte osoan sagastiaren gainean egon beharra dago, baldin eta inguruan dabilen su-gorrinak jo eta txikizioa gauzatzea nahi ez badugu. Kazkabar edo harri-jasaren bat gertatuz gero, 24 ordu baino lehenago antibiotikoz tratatu behar da sagastia. Zorria bezalako intsektu zurrupatzaileen bidezko su-gorrinaren transmisio-arriskua txikitu nahi bada, intsektuon krontrol arrunterako baino arreta handiagoa jarri beharko da.

IKERKETA NONDIK NORA DABIL

Belztu eta momifikatutako fruituak, zintzilik erori gabe. Txortenaren itxura koipetsua nabarmentzen da.

Su-gorrina neurri batean soilik kontrola daiteke egun. Erresistenteak diren genotipoak erabiliz, sagastia lantzeko era egokituz eta bakterizida tratamenduak erabiliz kontrola daiteke. Fitopatologiaren munduan izugarrizko urratsa izan da antibiotikoez baliatzen hastea, bere alde onak eta txarrak baititu.

Hortik aurrerakoa, hau da bakterioa kontrolatzetik gainditzerako bidea luzea da oraindik. Estatu Batuetan eta Europan ikertzaile-talde ugari ari da jo eta su lan horretan.

Frantzian, batik-bat, bakterioaren forma “mantso” edo ez erasokorren erabilera ikertzen ari dira. Hau da, bakterioaren mutante makalek bakterio arrunta erasotzaileak gainditu eta bere bizitza-eremuak murriztuko lituzkete.

Estatu Batuetan antibiotikoen eragina aztertzen ari dira, estreptomizina eta oxitetraziklina, batik-bat. Antibiotikoekiko erresistenteak diren su-gorrinaren bakterioak erraz sortzen direla konturatu dira, ordea, dagoenerako. Beste bakterio aurkari batzuen erabilera, Erwinia herbicola eta Pseudomonas fluorescens adibidez, eta erleen gaitz-hedatzaile eginkizuna ere ikertzen ari dira.

Beste ikerketa-bide batek, Estatu Batuetan hau ere, biokontrolaren bidetik dihardu. Bakterioak hasieran erasotzen dituen lorearen zelula eta ehunetan dauden berezko mikroorganismoak indartzea da helburua. Polinizazioa areagotzeko erabili ohi diren sagar ttikiak ematen dituzten barietate oparoen lore-ehunak dira ikerketa honen oinarria.

Nitrogenoaren forma desberdinen (amoniakoa, urea…) erabilerak eta hauek eragiten duten sagarrondoa bera eta hau dagoen belazeko espezieen hazkundeak bakterioaren erasokortasunean duen garrantzia ere aztertzen ari dira.

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIKO NEKAZARITZA ETA INGURUGIRO DEPARTAMENTUAREN 74/1997 DEKRETUA

1995ean, Lezoko sagasti batean hain zuzen ere, antzeman zen lehenengoz su-gorrina Iberiar penintsulan. Sagasti hau ipurditik atera eta erre egin zen. 1996an gaitza Gipuzkoan barrena zabaltzen ari denaren zantzuak aurkitzen dira eta sagasti, lorategi, etab.etan aurkitu ziren gaitzadun landare guztiak eraitsi eta erre egin ziren.

Gaitzaren jarraipen eta aurkako lan hau ez da nahikoa. Gaitzak erraz kutsa ditzake Gipuzkoan hain garratzitsuak diren sagardotarako sagarren sagastiak eta inguruko lurraldeetara zabal daiteke, bitarteko naturalez –txoriak, intsektuak, euria, etab.– nolanahi hedatzen baita.

1997ko azaroaren 11ko 74/1997 dekretuaren bidez Gipuzkoako Foru Aldundiak gaitzari aurrea hartu nahi dio. Hona hemen dekretuaren puntu garrantzitsuenak:

  • Erwinia amylovora bakterioaren aurkako borroka derrigorrezkoa da.
  • Sagasti eta mintegietan prospekzio-estrategia bat antolatuko da.
  • Nekazaritza Departamentuak gaitzaren sintomatologia ezagutzeko ahalegin berezia egingo du gaitzak erasotzeko gai diren landareekin lan egiten dutenen artean.
  • Gaitzaren zantzurik antzematen duen edonor Aldundiari bere berri ematera behartuta dago.
  • Gaitza dagoela ziurtatzen denean kutsatutako landareak erre egingo dira.
  • Mintegiren batean gaitza antzemanez gero, bi urteko koarentena ezarriko da eta Aldundiaren baimenik gabe ezingo da inolako landare garraiorik gauzatu.
  • Gaitzarekiko sentikorrak diren barietateen ugalketa eta erabilera galarazi dezake Aldundiak, urtero barietate hauen zerrenda bat jakitera emango duelarik.
  • Sagasti osoak eraitsi eta erre behar izanez gero, Aldundiak kalteordainak ordain ditzake.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila